|
Itzuli orri nagusira Bidali hau Tweet Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity hori© cc-by-sa Luistxo Fernandez ¦ 2010-08-31 ¦ 09:27 ¦ politikaIndependentista sentitzen naiz, Euskal Herriaren independentzia nahi dut. Eta independentziaz argi hitz egiteko garaia iritsi dela pentsatuz, iritzi artikulua bidali dut Berriara (gaur argitaratu didate): Aukeraren leihoa. Hemen ere itsatsi dut testua, eta ohar gehigarri batzuk jarri dizkiot. Interesa baduzue eztabaidarako... nik badut! Aukeraren leihoaIndependentista sentitzen naiz, Euskal Herriaren independentzia nahi dut. 2003an Euskaldunon Egunkaria ixten ikusi nuenean iritsi nintzen konklusio honetara, Espainiari lotuta bizitzen jarraitzea kalamidadea dela euskaldunontzat. Baina etsita sentitzen naiz, ez baitut inon ikusten independentziarako plan sinesgarririk. Eta kezkatua nago, unea iristen ari delako. Kataluniak markatuko du une hori: haiek badoaz, eta gu hemen, kieto. Historiara begiratuta, independentzia gauzatzeko prozesuetan, herri-borondatearen gauzatze legala baino gehiago, istripu historikoak daudela uste dut. Sobiet Batasuna desagertu zelako gehitu ziren 20 bat estatu berri mapara. Jugoslaviaren inplosioak (nazionalismo serbiar itsuak lagundua), beste estatu batzuen sorrera ekarri zuen, gerra odoltsuak tarteko. Estatu nagusien trauma eta krisitik sortzen dira estatu txikiagoak. Eta horregatik, uste dut Espainiaren haustura izan daitekeela gakoa. Hautsi? Nondik? Kataluniatik. Katalanak badoaz. Gehienek ez dute Espainian gehiago nahi, hori erakutsi du Estatutaren krisiak, eta gogo hori politikoki egituratzeko hikamikak daude, baina zabaldua dago susmoa, gurutzebide historiko bat zeharkatu dela. Bada negozioetan erabiltzen den termino bat, Aukeraren leihoa, Window of opportunity, bereziki inportantea abiadura handiko Interneteko garai hauetan. Produktu edo ideia bat merkaturatu edo garatzeko, aukera leiho zehatz bat irekitzen da, epe jakin bat, non zirt edo zart egin behar den, egin behar dena egin, edo aukera pasatzen utzi. Ez dago epe-luzapenik, orain edo sekula ere ez. Euskal independentziaren Aukeraren leihoa Kataluniak irekiko du. Katalanek hautsiko dute Espainia, eta zirrikitu hori irekitzen dena, horixe izango da Window of opportunity hori. Leihoa noiz irekiko den ez dakit, baina ireki ondoren, izan seguru, itxi ere egingo da. Une horretarako, zer dugu hemen? zer dute indar abertzaleek? Ezer ere ez. Aralarrek argi esan du (Jon Abrili elkarrizketa, Berria), ez dela euskal estatuaz hitz egiteko unea. Eusko Alkartasunak dokumentu garrantzitsu bat kaleratu zuen iaz; epe labur eta ertaineko politikaz da mamia, baina independentziarako urratsen aipamenik ez dago batere. EAJ ez dirudi independetziaz berba egiteko gogoz dabilenik: beren gazteriak, EGIk, Euskal Estatua Eraikitzen izeneko kanpaina bat jarri zuen martxan aurten, baina egiazki, euskalestatua.eu webgunean, ez dago eraikuntza horren aztarrenik. Argiagoa izan da, alderdi horiekin alderatuta, Ezker Abertzalea, etorkizun politikorako ibilbide orri bat marrazten saiatu delako, behinik behin. Bada zerbait. Baina, Zutik Euskal Herria dokumentua irakurrita, susmoa dut bere funtzio nagusia dela ETAri desegiten laguntzea, independentziarako bide bat marraztea baino. Bereziki analisatuko ditut dokumentuko hiru esaldi, inportanteak direlako, erakusten dutelako ez bakarrik Ezker Abertzalearen pentsamendua, baizik eta abertzaletasun osoaren sintomatika, ezinezko independentismoaren drama. Hasieran, ematen du gauzak argi samar daudela: Orain dela 50 urte Euskal Herria hilzorian zegoen eta denbora tarte honetan, borrokari esker, Euskal Estatua eratzeko aukera irekitzeraino ibilbidea egin dugu. Baina aurrerago, gauza korapilatu egiten da apur bat, Maltzagan edo, hortxe bertan zegoena, puf, Saturnoren orbitan gutxienez! Arretaz irakurri mesedez: Fase politiko honen helburua Euskal Estatuaren sorrerako bidea egiteko oinarri nahikorik eskainiko duen eremu demokratikoa erdiestea da. Aho korapiloa da, bai; baina dokumentuan aurreratu eta eremu demokratiko hori ere deskribatzen zaigu: Erabakitzeko eskubidea jasoko lukeen lau herrialdeetako autonomia lortzeko ahalegina, Anaitasuneko proposamenaren bidetik Hego Euskal Herrian, eta Uztaritzeko proposamenaren haritik hiru herrialdeetarako autonomia erdiestearen helburua Ipar Euskal Herrian. Ibilbide orriaren helburua da autonomismo bikoitz bat. Iparraldekoa ahal bezalakoa, eta Hegoaldekoa erabakitzeko eskubidea barne hartuko lukeena. Bai. Horixe da koxka. Autonomismoa. Independentzia? Halakorik balego ibilbide horren amaieran, esan ere ez zaigu esaten zeren independentzia den: 7 probintziena? ala Hegoaldeko 4ena soilik? Estatuaren egituraz, Aralarrek duen posizio indefinitu berbera, finean. Horixe da panorama. Indenpendentziaz mozorrotutako egitasmo horien atzean, autonomismoa besterik ez, lurraldetasunaren dogma astunak ez baitu besterik permititzen geure errealitate demografiko-politikoarekin. Klaro, ez da polita egiak esatea. Ez da erraza Kataluniara begiratu eta independentismo katalanaren egia geurearekin alderatzea. Katalanek badakite zeren independentzia aldarrikatu: Bartzelonan biltzen den Parlamentaren lurraldea estatu bihurtzera doaz. Herri Katalanen partizioa asumituta dute, badakite-eta Estatu katalan bat dela lehentasuna, baita haren mugetatik harantzago identitatea eta hizkuntza defenditzeko aukera egon behar bada. Partizioa, horixe da koxka. Estatua lehentasun bihurtu, lurraldetasunaren gainetik. Hemen tabu larria da hori. Lurraldetasuna sakrosantua da, dogma ortodoxoa. Baina lurraldetasuna da, noski, independentzia per saecula atzeratuko duen kontzeptua (bide batez, Loiolako negoziazioa zapuztu zuena, Nafarroako sozialisten gogoa behartzeko Ezker Abertzaleak ezarritako baldintza ezinezkoa tarteko). Ibilbide orri ezin luzeagoak amestera garamatza lurraldetasunak. Lau probintzia hemen, eta hori, ba auskalo, bi edo hiru belaunalditan? (nola?!) eta Iparraldea gero, beste hiru belaunalditan? (re-nola?!!) Gero denok batera, zazpiak ala inor ez? Politika-fikzio sinestezina: inork uste du demografiak eta soziolinguistikak zazpi probintzia nagusiki abertzaletara garamatzala? Egia balitz ere, berandu izango da, abertzaleen autonomismo berrien gauzatze aukerak posible bihurtu baino dexente lehenago izango da Kataluniakoa, Window of Opportunity horren irekiera, eta itxiera. Aukeraren leihorako prestatu behar dugu. Independentismoa behar dugu orain hausnartu, serioski. Epe labur eta ertaineko planak behar dira, ez du balio Jon Abrilek sine die atzeratutako estatuaren eztabaida. Independentismo benetakoa behar dugu, lurraldetasun eredu desberdinez eta partizioaz hitz egingo duena. Ez dut esaten denen artean adostu, baina hasteko, gutxienik, norbaitek aipatu, gaur hori tabu baita. Independetismo erradikala behar dugu urgentziaz, katalanak badoazelako. Alferrik zaizkigu 2040. urterako plan autonomista txepelak. Luistxo Fernandez Abiapuntua, KataluniaHonaino gaur Berrian argitaratu didaten artikulua. Bertsio luzeagoa nuen, baina paperak neurri bat du, eta moldatu dut. Hala ere, puntu gehigarri batzuk argitu nahi nituzke. Lehena, abuztuan izandako Aralarreko buruzagi Jon Abrili egindako elkarrizketarena. Abuztuaren azken egunean dator neurea, baina artikulu hau ez da, inolaz ere, Abrili edo Aralarri zuzendutako artikulua, ezta elkarrizketa horrek eragindakoa. Abiapuntua, neure hausnarketak, Katalunian du. Haiek badoaz, eta gu hemen kieto. Eta badoazelako zantzuak ez daude bakarrik Katalunian, kanpoan ere konturatuta daude. Oso esanguratsuak iruditu zaizkit, bereziki, bi analisi hauek: Manuel Castells pentsalariarena (Murtziakoa da Castells), eta Suso de Toro idazle galiziarrarena. Eta hemen? Martxa honetan, Kataluniako Parlamentuan independentzia aldarrikatzen duten goizean inprobisatuko dut zerbait baten batek. Ezker abertzalearen autonomismoaKatalunia bada abiapuntua, korapiloaren muina ezker abertzalearen jarreran dagoela uste dut. Zutik Euskal Herria dokumentua irakurri nuenean duela zenbait hilabete, ikusi nuen estatu egiturarena zein etorkizun hiper-urrunean jartzen duten. Esaldi parea nabarmendu dut goian, eta benetan uste dut antologikoak direla. "...borrokari esker, Euskal Estatua eratzeko aukera irekitzeraino ibilbidea egin dugu / Fase politiko honen helburua Euskal Estatuaren sorrerako bidea egiteko oinarri nahikorik eskainiko duen eremu demokratikoa erdiestea da." Hasieran, beraz, "Estatua eratzeko aukera irekia" dago. Baina gero, irakurri berriro arren, sorrerako bidea egiteko oinarriak eskainiko dituen eremu demokratikoa erdiesteko fase politiko berri baten aurrean gaude. Puf. Zerbaiten aurrean gaude, baina ez barruan, eta zer da? Fase politiko berri bat. Fase hori zertarako? Eremu demokratiko bat erdiesteko. Eremu horretan zer aurkituko? oinarri batzuk. Zertarako oinarriok: Euskal Estatuaren sorrerako bidea egiteko. Kontxo! Arrazoibide logiko korapilatsu horren ondoren, puntu berean gaude, sorrerako bidean!!! Bide bukaezin horren helmugan, gainera, Hego Euskal Herrirako autonomia da saria. Loiolako Hegiak liburuan ere ikusten da hau. Imanol Muruak su-eten garaiko elkarrizketen zapuzketaren deskribapen zehatza egiten du, eta Muruaren eskutik, protagonistek ere bai. Urkulluk eta Egigurenek diote ETAk agindu zituela azken orduko baldintza haiek. Baina Arnaldo Otegik dio ezetz, ezker abertzalearen hausnarketa propioa izan zela. Urkulluri eta Egigureni baingo gehiago, Otegiri sinesten diot nik, Zutik Euskal Herria dokumentuarekin guztiz kontsekuentea delako Otegik esana, ezker abertzalearen izenean Loiolan jarritako azken baldintza hura: Nafarroa eta EAEren arteko batasun baterako konpromisoa ager zezatela sozialistek. Eta guztiz logikoa da, ze sozialisten gogorik gabe ez dago modurik 4 probintzien autonomia hori gauzatzeko. Aralarren bideaAralarrek ere, funtsean, antzeko zerbait planteatzen duela uste dut. Jon Abrilek Facebooken komentatu zuen bere elkarrizketa, eta erantzun nion, Aralarrek ez duela independentziarako ibilbide orririk. Beste aralarkide batek erantzun zidan han. Facebook erdi pribatua da, eta tira, ez dut testu guztia ekarriko, baina hauxe zioen Aralarko lagun horrek, ibilbide orria bazutela esplikatzeko: Aralarrek argi ditu pausuak. Iparraldean, apika euskal nortasuna sendotuz eta bidea eginez joango den departamentua, Nafarroan, hainbeste urtetan gure kontra joan den eredu EAE zentrista zokoratu eta eredu integratzaile baten bitartez, gehiengoa lortu. Nafarroan eta EAEn bertan, gehienoak osatu, ahalik eta zabalenak (ezinezkoa da Gipuzkoan bertan ere EAJrik gabe gehiangoa lortzea, ahaztu baduzue) eta erabakitzeko eskubidea barne hartzen duen markoa eraikia. Horretarako, ahalik eta jende gehien batu, hauteskundeetan multzo bakarrean agertu beharrean, gai honetan gutxieneko akordio sendo bat eratuz. Lau probintzien autonomismo plus hori, eta Iparraldeko ahaldenismoa. Ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria testuan marraztutako amets berbera da, azken batean. Okurritzen zait hurrengo urrats logikoa, akaso, Hegoaldearen indepedentzia dela... baina nola ez diguten esaten, ezin jakin asmatu ote dudan. EAkoen independentismoaIndependentziarekin jo ta fuego dauden besteak Eusko Alkartasunakoak dira. Oporretako itzulerarako, Pello Urizar idazkari nagusiak argi aipatu du: "Independentziarako bideak ez du atzera bueltarik." Eta beren dokumentuaren gogoratu digu Urizarrek, nire artikuluan zeharka aipatu dudana; Eusko Alkartasunaren oinarrizko proposamena Euskal Herriaren independentziaren aldeko akordio subiranista sustatzeko. Izenburu luzea, eta biziki independentista nahi bada, baina, ze independentzia eta nola... horren aipurik ez dago, horixe da egia. Gainera, Espainiako Estatuaz eta Hego Euskal Herriko egoeraz bakarrik hitz egiten da argi dokumentu horretan. Lau probintzien independentismoa ote berriz ere? Ez digute esaten. EAko beste partaide batek (Txetxu Aurrekoetxea), zazpi probintzia aipatuz halako iritzi artikulu epiko samar bat ere argitaratu du abuztuan, Independentzia Aldarrikapen posible bat, gaztelaniaz. Puntuetako batek dio: Euskal Herria mantendrá sus fronteras internacionales delimitadas en la actualidad, por Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa y respetará en su totalidad la soberanía y la integridad territorial de todos nuestros vecinos. Ze guay! Con todos sus complementos! geypermanak bezala! Baina, ai ene!, Ipar Euskal Herriko gehiengo politiko, soziologiko eta linguistikoaren nahia Hegoaldeko espainolon gurarietara nola makurraraziko den ez du azaltzen Aurrekoetxeak (Frantziako bosgarren errepublikaren egitura ez aipatzeagatik). Magiarekin ez bada, ez zait beste modurik bururatzen. Erantzunak#1. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiNazioen Mundua ¦ 2010-08-31 ¦ 10:04Alderdi politikoen lana beharrezkoa da, baina bada beste bide bat horren osagarria dena: herri ekimena. #2. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiXabier Eskisabel ¦ 2010-08-31 ¦ 10:19Hirekin ados, Luistxo. #3. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiAsier Sarasua ¦ 2010-08-31 ¦ 10:56Ados mezuaren %90rekin. Baina oinarri-oinarrizko kontu batekin ez: Katalanak badoazela? Noiz eta nora? Ez dut uste nahiko dutenik; are gutxiago utziko dietenik. #4. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiOier Araolaza ¦ 2010-08-31 ¦ 11:01Indendentziaren aldeko jarrera izanez gero oinarrizkoa iruditzen zait bakoitzaren borondatea errespetatzen jakitea. Eta orain eta hemen Iparraldeak eta Nafarroak bere gogoa ez dute Frantzia eta Espainiatik kanpo, beraz, hori onartu eta errespetatu beharra dago. #5. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horixme ¦ 2010-08-31 ¦ 11:01Gogoratzen "Sophieren erabakia", William Styron-en nobela hura, gero Alan Pakulak zinemara eraman zuena, Meryl Streep-en antzezpen gogoangarriaz? Sophiek bi seme-alaba dauzka, eta Auschwitz-era iristean bietako bat gas-ganberara bidaliko dutela esaten diote: berak aukeratzeko. #6. Katalanak badoazela etaLuistxo Fernandez ¦ 2010-08-31 ¦ 11:05Twitter bidez lagun batek eta beste batzuek pribatuki antzekoa esan didate, Asier: katalanak badoazelako hori zalantzazkoa dela. Bai, segurua izatetik urrun dago. Baina Suso de Toro eta Manuel Castellsek ikusi duten inflexio puntu hori gertatu delakoan nago ni ere, optimista izanda. Nolanahi ere, ireki edo ez, leiho hori da aukera... geuretzako ez dut besterik ikusten, hori da kontua. Eta ireki edo ez, gutxienez horretarako prestatu behar dute, neure ustez, hemengo abertzale eta euskaltzaleek. Katalunia da gakoa. #7. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiJozulin ¦ 2010-08-31 ¦ 12:03
Lagunok, burutazio batzuk independentziaz: #8. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiJOXE ¦ 2010-08-31 ¦ 13:40Ba ni ez nago ados esan denarekin. #9. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiAberri ¦ 2010-08-31 ¦ 15:31Lehenik eta behin, ikusteke dago Catalunya izango ote den independentziaren aitzindari... agian bertako hikamika guzti hori EAEko estatutu akordio antzeko batekin luzatu dezakete (behintzat urte askotarako) eta ERC eta Barçako presidente ohia besterik ez dira kexatutzen. Jakintzazu! #10. Lurraldetasuna kaka bat daMatematikaria ¦ 2010-08-31 ¦ 21:02Lau/zazpi herrialde batera eta independentzia eskuratzea ezinezkoa da. Garbi esanda. Normala ikusten dut psoeak "lurraldetasun" hori hala nola onartzea horrekin independentzia zapuzten bada. Eta gainera, zer lurraldetasun? ze Nafarroa ez da sartuko autonomia batean Hegoaldeko beste hiru lurraldekin batera. Azkenean psoeak onartuko lukeena da a) Nafarroa aparte, baina b) Nafarroa erabakigarri independentzia (ez) eskuratzeko orduan. Lurraldetasunaz aditzen dudanean adarra jotzen didatela igartzen dut. Asmo handi-handiak ahoan, ezinezkoak, gero askoz gutxiagorekin konformatzeko, paper batean inoiz gauzatuko ez den hipotesi larros bat agertzearen truke. Putza! Serioak izanda, independentzia gura dugu? ba orduan garbi jakin dezagun bere lurraldea oraingo EAEa izango dela, eta baliteke ere ez osorik. Hortik gorako lurraldetasuna kate bat da, autonomismoa belaunaldiz belaunaldi ad eternum luzatzeko, ezinezkoa bihurtzeko. Ipuin gutxiago. #11. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiJosu ¦ 2010-08-31 ¦ 23:20Luistxoren artikuluaren ideia nagusiekin bat etorri arren (Lurraldetasuna ezin dela independentziarako gala izan eta Katalanak gu baino eraginkorragoak direla) hainbat ñabardura egingo nituzke:
"Aralar alderdi independentista da, baina independentziarako bidea urratsez urrats egin behar dugula onartzen dugu, gehiengo demokratikoen babesa bilduz erabakitzeko esparru bakoitzean. Hori dela eta, lortu beharreko lehenengo urratsa egungo EAEko Estatutua eta Nafarroako Foru Hobekuntzako Legea erabakitzeko eskubidea jasotzen duten beste arau batzuen bitartez ordezkatzea da. Bide horretan egin behar da bide horren alde gaudenon indar metaketa eta ondoren, gainontzekoekin elkarrizketa eta akordio politikoa." Independentziarako bidea ez duela inork zehazten aipatzen du Luistxok, daudenak kritikatu eta plan erradikal bat aurrera eraman behar dela dio, baina berak ere ez du zehazten hori nola eramango lukeen aurrera. Proposamenik?
"Independentzia lehenesten dugunean ere, argi esan behar zaio herritarrari independentzia horrek guztioi egingo digula onura, abertzale izan zein ez izan. Independentzia, Europar Batasuneko erabakitze-guneetan ordezkaritza zuzena izan dezagula bermatuko baitu: Bruselara joateko Madrildik zertan igaro ez dagoelako. EBren barruan mugak kentzea helburu duen herria garelako. Demokrazia parte-hartzailea bultzatuko dugulako, Espainiako arauei men egin beharrik izan gabe: herri galdeketak lasaitasunez antolatu ahal izango direlako, gaia zeinahi dela ere. Armadarik izango ez duen herria izango garelako. Zerga-politika eta eredu ekonomiko sozietatean oinarriturikoa egin ahal izango dugulako. Independentziak pertsonak lehenesten dituen eredu ekonomikoa gauzagarri bihurtuko digulako, guztioi. Beldur barik esan beharra dago independentzia hobeto bizitzeko tresna bat dela: onura ekonomiko eta politikoak ekarriko dizkigula herritar guztioi, abertzaleak izan zein ez. Horrez gain, gure proiektu politikoa defendatzerakoan, independentziaren defentsan, argudio klasikoei bestelako arrazoi pragmatikoak gehitu behar dizkiegu, baldin eta proiektu honen onurak abertzale ez direnek ere ikustea nahi badugu: gure gizartea hurbiletik kudeatzeak guztiontzat dituen abantailak azpimarratu behar ditugu. Edo eta balioan jarri Europan erabakigune guztietan subjektu izaerarekin parte hartzeak dituen onurak, eta abantaila ekonomikoak. Independentzia da egun subjektu izateko eredua munduan eta baita Europar Batasunean eta hori beraz, gure kultura eta nortasuna, baina baita gure egunerokoari lotuta dauden interesak defendatzeko eredurik onena herri kide guztiontzat." Argudio horien oso antzekoak erabiltzen ari dira Katalunian eta hemen duzue horren argigarri Ezkerraberri Fundazioak gonbidatuta Carod Rovirak emandako hitzaldia
Horietako bat CIU-rena:"... utilizar el sentimiento nacional catalán como arma de negociación de autonomía alternativamente con PSOE y PP como se hizo anteriormente"
#12. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiXabi ¦ 2010-09-01 ¦ 10:32Nahiko ados artikuluarekin, pragmatismoa behar dugu, eta independentismo serioa, ganorazkoa eta "transbersala", independentziaren hautua erromatizismotik aterako duena. Katalanek horretan ureetako abantaila daukate gurekiko. Kontua da hemen gehiago gustatzen zaigula Nafarroako Erresumaren antzinako mugekin ametsetan ibiltzea. #13. Irlanda ereduZaldieroa ¦ 2010-09-01 ¦ 12:19Ados Luistxoren iritzi artikuluarekin. #15. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiAntton Lesaka ¦ 2010-09-01 ¦ 12:45Ez dakit bada, ez dakit. Eta norbaitek argi nazala. #16. Re: Luistxo gure Michael Collins!Luistxo Fernandez ¦ 2010-09-01 ¦ 12:50Ez, ni ez naiz Michael Collins. Ez naiz politikaria, ez naiz inongo mugimenduren buruzagi, eta gutxiago izan dut harremanik borroka armatuarekin. Aritz anonimo horrek egindako konparazio honek ez dit batere batere graziarik egiten, zein asmorekin egina den ezin asma dezakedan arren. #17. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiXabi ¦ 2010-09-01 ¦ 13:00Ba hala da, Antton. Independentzia abantaila gisa saldu behar da, erakutsi espainaren parte izateak ez dakarrela onurarik hiritarrontzat. Baina erromantizismotik ihes eginez lortu behar da hori, bestelako kontuetan indar eginez (batez ere ekonomian, baina ez bakarrik horretan, baita hirigintzan, gizarte-zerbitzuetan, kulturan edota parte-hartze ereduetan). #18. Barka ba!aritz ¦ 2010-09-01 ¦ 13:04Ez zen nire intentzioa holako haserraldia sortzea ba, barka!. Eta ez dago inongo asmo txarrik. Garai hartako Irlandan lurraldetasuna eta independentziaren arteko debatea zegoen eta Collins-ek bigarrenaren aldeko aldarrikapena egin zuen. Horraino nire "grazia". #19. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiIndependentzia festa izan dadila! ¦ 2010-09-01 ¦ 14:37xme-k oso paralelismo tragikoa egin du, eta nik uste dut saihestu beharreko lehen gauza horixe dela. Gauza hauek hil ala biziko gauza bezala tratatzen ditugu eta ondorioz batzuk literalki inplementatzen dute modu horretan. #20. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiAntton Lesaka ¦ 2010-09-01 ¦ 15:02Ados, Xabi, ados. Ekonomia eta hirigintza eta gisako bizi baldintzetan indar eginez "saldu" behar dugu independentziaren abantailak. Ados. #21. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiGorka Bereziartua ¦ 2010-09-01 ¦ 15:51Zaldieroari: #22. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiAberri ¦ 2010-09-01 ¦ 19:20Honen harira Joxerra Bustillok artikulu interesgarria idatzi du Catalunyako egoeraren inguruan: #23. Neuk ere horiengandik dibortzioa gura nuke! (edo Independentziarako beste bide orri bat)gorkaazk ¦ 2010-09-02 ¦ 08:40Neuk ere zenbait espainiarrengandik dibortziatzeko behar gorria sentitu dut noiz edo noiz. Luistxok Egunkaria itxi zutenekoa aipatzen du. Horrelako besta hamaika ere gogoratu ahal genitzake eta ez Graznarren garaikoak bakarrik. COPE entzuteko, Jiménez Losantos gogoangarria, esaterako; TeleCinco ikusteko ariketa masokista egin izan dudan bakoitzean horrelakoengandik dibortzioa non eskatu behar den galdetu diot beti neure buruari. Neuk ere Loiolako Hegiak irakurtzeko lana hartu nuen. Narrazioaren hasieran, independisten ikuspegitik, kontua ez zirudien hain zaila. Oraingo marko juridikotik abiatu, oraingo joko arauak errespetatuz, "demokratikoki" onartzen zena onartzea eta aurrera. Independentistek, baina, badirudi ez dituztela oraingo joko arauak ondo ezagutzen edo gutxienez ez dakitela oraingo marko demokratikoari etekin osoa atertzen behintzat.
Banaketa handiagoa, besterik ez dugu behar. Lehen urratsa. Lurralde Banaketa handiagoa behar dugu. Nola lortu: Independentistek pare bat lege-dekretu edo delako zerbait aurrera atera beharko lituzkete Vitoria-Gasteizko parlamentuan. Gizonezkoei belarrikoak, arrakadak eramateko debekua eta sokamuturretan kalimotxoa edanda korrika egitea debekatzen duten dekretuak esate baterako. Horrek, automatikoki lurralde batzuen desanexioa ekarriko luke, Bizkaitik eta Gipuzkoatik alde egiteko eskaera formal eta atzera-ezina ekarriko luke. Ondo aztertu beharko genuke zer debekatu boto abertzalea nagusi duten udaletan Bizkaia eta Gipuzkoari agur esatea lortzeko. Bigarren urratsa. Demagun bene-benetan behar genuen lurralde banaketa lortu dugula. Euskal Herriak orain sei-zazpi herrialde beharrean hamaika: Bermioko Errepublikie, Ondarruko Estatú Librí ta-ez-asoziatí, Azpeitiko Udal-soziedade gastronomikoa, Lea-Artibai, Urdaibai, Goierri, Deba Goiena, Oñati, Bizkaia Batua, Gipuzkoa Batua eta Araba, hamaikagarren alaba. Hirugarren urratsa. Berriro batasuna lortze aldera bi dekretu horiek lurralde independienteetan aplikatuko ez direla ziurtatu eta Vitoria-Gasteizko parlamentuan ORAINGO JOKO ARAUEKIN lekutxo bat egin artaldetik ihes egindako separatisteei, hau da, hogeita bosna parlamentario eskainita. Edozein independentistek onartzeko moduko baldintzak besterik ez ordainetan, kostaldeko azpi-euskalki pare baten ofizialtasuna (pare bat itzultzaile-interprete lanpostu sortu eta kitto) eta Vitoria-Gasteizen jarleku gehiago, txikiagoak baina. (Ohar bedi irakurlea, parlamentario berriak langabeen artean erreklutatuz gero, zenbat egingo lukeen atzera gure langabezi tasak). Mapa politikoan honek guztiak ekarriko lukeen iraultza ez dugu hemen deskribatuko. [Sakana eta Araitzen, esaterako, desanexioa eta berranexioa baldintza horietan lortzea konplikatutxoagoa iruditzen zait, dena esan behar]
D'Hondt legeari etekina ateratze aldera, beraz, independentistek lehen urratsa eman beharko lukete. Espainiar unionista-konstituzionalisten arteko liskarrak ezkutuan sustatu eta independentzia asmorik txikiena ere inoiz aipatu duen alderdi edo alderdi-izateko proiektu daukaten talde guztien arteko batasun monolitikoa ahalik eta azkarren lortu behar. Ezinbestean. Horrek, esate baterako, ezker abertzaleko zenbait militanteri sakrifizio handiak eskatuko lieke, Euzko Abendaren Ereserkija mitinetan abestu eta antzekoak, baina gose grebatan zaildutako jendea, hori eta handiagoak egiteko prest ikusten ditut aberriaren independentzia amestua lortzearen aldera, hamarkada luzeetako borroka baketsua ez da erraza izango, kamaradak.
#24. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiGorka ¦ 2010-09-02 ¦ 13:24Eskuin-eskuineko mugimendu independentista sortu ezean oso gaitza eta oso epe luzerako kontua izango da, temati jarraitu behar dugu euskal hedabideen eta “euskal guztiaren” alde eta apurka bilduko da jende gehiago. #25. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiberrotza ¦ 2010-09-02 ¦ 13:53Interesgarria da independentziaz eztabaidatzea. Independentziaz naturaltasunez hitz egiteko eta batez ere independentziaren kontzeptua herritarren arteko joan dadila zabaltzen. #26. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiInjer ¦ 2010-09-07 ¦ 22:00berrotza: #27. Katalunia independentziarantz? Bai, antzaJoxe Aranzabal ¦ 2010-09-12 ¦ 19:41Gaur, urriak 12, La Vanguardia egunkariak elkarrizketa bat dakar **Bernaldo de Quirós** batekin, berau federalista, liberal eta PPren aldekoa. Elkarrizketa interesgarria da, oso, eta hemen duzue elkarrizketatuaren esaldi bat, adibide gisa:
#28. Aukeraren leihoa: azken gogoeta batzuk partizioazLuistxo Fernandez ¦ 2010-09-19 ¦ 18:01Igaro dira hiru aste ia artikulua idatzi nuenetik, eta bueno, egin du bidea honek. Ez dirudi inora iritsi denik. Iruzkin eta kritika batzuk jaso ditu Sustatun, atsegin dut mordoxka bat Facebook-en, eta ezer gutxi gehiago, katalanez Toni Strubellen blogean eta gaztelaniaz Deian zabaltzen saiatu naizen arren (mila esker RePrint-agatik Iturri). Espero nuen eztabaida piztea, baina ez da gertatu eta hortaz nire artikulua frakaso txiki bat izan da. Ez du mereziko eztabaidarik gaiak, hori izango da; edo, bestela, neure tesiaren puntuetako zuzenegia dela: tabu erabatekoa da lurraldetasunaz hitz egitea, eta heresia ez da onartzen. Kito. Idatzizko erantzun bakarra jaso dudana izan da irailaren 12an Serio Demonio atalean Juan Kruz Lakastak idatzitakoa Berrian. Sasoi batean sareratzen zituzten artikulu horiek, baina ematen du erdi abandonatua dagoela orain Euskalerria Irratiaren twitter kontua eta webgunea. Zioen Lakastak hartan neure tesia dela, Independentismotik Euskalautonomiaerkidegotasunerantz. "Araba, Bizkaia, eta Gipuzkoak aurrera egitea; Nafarroa eta Ipar Euskal Herria gibelean utzita". Hori esatearekin batera, dena den, onartzen du Lakastak: "Ez du horrela formulatu, baina..." Hor dago koxka, ba. Ez badut horrela formulatu, ez dut horrela formulatu, eta ez dut nik horrelakorik esan eta sinatu (irakurri bestela berriro goikoa). Onartzen dut hori uler daitekeela testuan, izan ere, probableena, gertatzekotan, hori izan daiteke, eta gainera, paralelismorik gertatzen bada Kataluniarekin, horixe suerta daiteke formula Aukeraren Leihoa irekitzen denean, batez ere eztabaidari uko egiten badiogu aldez aurretik eta dena Parlament-eko bozketa erabakigarriaren bezperako inprobisaziora uzten badugu. Batez ere kurtsibaz idatzi dut, badaezpada. Izatez, nik partizioa eztabaidatu behar dela diot, ez partizio jakin bati ameto eman. Eta, pertsonalki, aukera demokratikoak gauzatzeko modu errealik balego (istripu historiko hutsekin konformatu barik), nik neuk, beste erabaki-unitate batzuen gaineko burujabetza ariketa bat proposatuko nuke: udalerrien araberako erreferendum eta partizio posible bat. Bera eta Sunbilla independente ikusten ditut horrela, Irun edo Donostia ez dakit (Trebiñun ere egin bedi, arren, gauzak eskatzen hasita...). Nik onartuko nuke emaitza, eta maparen eraldaketa, agian lagun batek sujeritu duen moduan. Akaso Nafarroaren partiziorik ez zaio bururatu Lakastari. Beste tabu bat izango da, auskalo; baina tira, nahi badu eztabaidatu, nik jarraitzen dut eztabaidarako prest. Bitartean, dena den, proposatuko nioke igandeetako komentaristari beste ariketa batekin entretenitzea: EAJ, EA, NaBai, Aralar, EH Zutik eta gainerakoen egitasmo eta dokumentuetan, independentziaz zer esaten den inferitzea. Abisatu nahi nioke, formulatu, "horrela formulatu", ez duela inork independentzia eredu jakin edo zehatz bat formulatzen, baina neure testuaren gainean irakurketa sakona egiteko gauza izan den bezala, seguru sekretuak aurkitzen dituela haien idazkietan ere. #29. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiJosu Mendicute ¦ 2010-09-20 ¦ 09:19Luistxo, Igor Leturiak Twitterretik bota duzuna uste dut nik ere. Goiz da frakaso bat izan dela esateko. Hauxe Leturiaren tuita: Ez dut uste artikulua frakasoa izan denik, gauza hauek denbora behar dute, partiduetan pribatuan eztabaida ekarri du ziur #30. Re: Aukeraren leihoa, katalanek independentziarako irekiko duten Window of opportunity horiLakasta ¦ 2010-09-20 ¦ 21:17Ni ere gaiak eztabaida merezi duelakoan nago. Horrexegatik aipatu genuen Serio Demonion. Gurea umore tartea da, eta zenbait gauza "inferitu" egiten ditugu, txisteak errazago egin ahal izateko, baina -gehienetan- intentzio txarregirik gabe. Ez dut uste zure diskurtsoa gehiegi behartu genuenik. Bestalde, partizioa herrialdeka ez ezik herrika, auzoka, atarika egin zitekeela bururatu zitzaigun, bai, baina ez genuen aipatu ez genuelako zure diskurtsoa erridikulizatu nahi modu merke samarrean, eta horretan ari ginela eman zezakeelako. Berriz diot, niri gai interesgarria iruditzen zait, gogoeta serioa merezi duena -guk eginen ez duguna, arestian esan bezala, gurea umore tartea da eta-. Bidenabar, argi gera bedi guretzako Nafarroa zatitzea ez dela inolako tabua, baizik eta interes handiz aztertuko genukeen aukera. Gustura oparituko genuke Tafallatik beherako guztia -PSNren boto poltsa nagusia- eta Mendialdeko hainbat herri zein Iruñeko zenbait auzo -UPNren babesleku kutunak-. Agian kontua da gustura biziko ginatekeela Nafarroatik kanpo. Edo ez; izan ere, orduan ezinen genuke euskaldun periferiko negartiarena egin. Amaitzeko: gaur hasi dugu denboraldi berria Euskalerria Irratian, eta webgunea berriro martxan jarri dugu. Adiorik ez. Edo bai: atzean utzi eta segi aurrera. jkl Erantzun (klik zabaltzeko)Itxi |
Albiste gehiagopolitika gaia duten albiste gehiago
Portadan orain
Pil-pilean!Erantzun gehien izan dituzten albisteak
|