Teknologia albisteak
2

Net Neutrality kontzeptua auzitan, Google-Verizon akordioaren argitan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-08-11 : 10:08

Googlek eta Verizon telefono konpainiak lortutako akordio batek hautsak harrotu ditu, Interneten izaeraren kontrako mehatxu larria izan daitekeelakoan. Sarearen neutraltasuna edo Net neutrality kontzeptua dago jokoan. Alegia, konektibitate enpresek (telefono konpainiak eta enparauak) ea beren sareetan dabiltzan bit edo informazio paketeekin neutral izango diren, edo dirua edo beste motibo batzuk direla medio, pakete eta bit batzuen garraioa hobetsiko duten.

Sarearen neutraltasunaren azalpen on bat Igor Leturiak egin zuen Elhuyar aldizkarian eta bere blogean, duela aste batzuk. Azalpen teknikoak luzea dirudi, baina ondo dator ulertzeko auzia.

Sarearen neutraltasunaren kontzeptua hobeto ulertzeko, beharrezkoa da Interneten funtzionamenduaren oinarrizko gauza batzuk ezagutzea. Elkarri konektatutako milioika sarek (pribatu nahiz publiko, akademiko nahiz enpresarial, handiago nahiz txikiago) osatzen duten sare erraldoi deszentralizatua da Internet. Maila fisikoan azpiko sare horiek teknologia oso ezberdinak erabiltzen badituzte ere, maila logikoan guztiek TCP/IP protokolo-familia erabiltzen dute, eta, horrela, sare bakar bat bezala funtzionatzen du praktikan. Protokolo horietan (eta, beraz, Interneten), helbide batetik bestera helarazi behar den edozein informazio (posta-mezu bat, eskaera bat, web-orri bat, irudi bat...) paketetan banatzen da; gero sarea osatzen duen nodo bakoitzetik hurrengo nodora bideratzen dira paketeak, hainbat parametro kontuan hartuta (trafikoa, nodo eroriak...), helmugara ahalik eta ondoen eta azkarren irits daitezen; eta, bertan, informazioa berriz osatzen da, (pakete batzuen birbidalketa eskatuta, beharrezkoa bada). Beraz, edozein informazio ahalik eta modu eraginkorrenean bideratzeko pentsatuta dago sarea.

Sare horretara konektatzen dituzte enpresa zerbitzu-emaileek euren zerbitzariak, eta bezero edo erabiltzaileek (telekomunikazio-enpresa baten bidez) euren ordenagailuak. Eta bezero batek zerbitzu bat erabili nahi duenean, horren abiadura baldintzatuko duten parametro bakarrak amaiera-puntu horien ezaugarriak izango dira (bezeroak kontratatua duen abiadura, enpresa zerbitzu-emaileak jarri duen zerbitzariaren ahalmena...), guztiz logikoa dena; baina Internet sarean beste edozeinen tratamendu bera jasoko du informazio horrek, edozein delarik haren sorburua edo helmuga.

Aldiz, sarean ez badago neutraltasunik, telekomunikazio enpresek garraiatzen dituzten bit edo paketeetan bereizketa egiteko modua badago, honako kasuak gerta daitezke:

  1. Google eta Verizon ados jartzen badira, Verizonen bidezko konexioetan azkarrago kargatu eta ikusiko dira Youtubeko bideoak (Googleren produktua) Vimeorenak baino. Edo Blogspot-eko blogak (Googlerenak hauek ere) azkarrago ibiliko dira, Wordpress-ekoak baino.
  2. Sustatu.com azkar samar kargatzen bazaizue, baliteke egunen batetik aurrera askoz geldoago kargatzen hastea; Telefonicak baldintzak aldatu dituelako, eta ordainketa extra bat eskatzen digu zuengana gure webgunea arin iristeko. (ikus beherago)
  3. Interneteko trafikoaren parte handi bat, demagun BitTorrent protokoloaren bidez dabiltzan fitxategien partekatzea, edo Skype bidez garraiatzen den ahotsa, blokeatzea erabaki dezake konpainia batek.

Azken urteotan, Googlek neutraltasunaren printzipioaren alde egin izan du adierazpen publikoetan, baina azken egunotan jarrera hori zalantzan geratu da. Kontua AEBetan guztiz arautu gabe dago, eta hango erakunde publiko batek, Komunikazioetarako Batzorde Federalak (FCC) araudi horren idazketan saiatu izan da. FCCren baitako negoziazioetan, nonbait, Google eta Verizon akordio batera iritsi dira ordea (beherago itsatsi dugu ingelesezko dokumentua), sarearen neutraltasuna zer den adierazteko.

Google eta Verizonen artean adostutakoa

Lehen filtrazio batek zabaldutako kezken ondoren (akabo Internet orain arte ezagutu izan dugun bezala), akordioa bere osotasunean zabaldu da. Eta horrek ez ditu kezkak txikitu.

Akordioa gainbegiratuta, honako puntu batzuk nabarmentzen dira:

  • Bezeroen aldeko neutraltasun adierazpen batzuk ageri dira, baina hari bidezko komunikazioetarako dira bakarrik.
  • Trafikoa bideratzeko neurri teknikoak baimentzen zaizkie garraiatzaileei, zerbitzua hobetzekotan. Ez dira neurri ekonomiko edo politikoak izango, baina "teknikoak" zer diren, auskalo.
  • Neurri teknikoak hartzen diren horietan, gardentasuna ezinbestekoa izango da. Hau da, telefonia sare batean arrazoi teknikoengatik ez badago BitTorrent, informazio publikoa eman beharko du telefono konpainia horrek hori hala dela adierazten duena.
  • Sareko zerbitzu gehigarriak edo aditional online services batzuk posible izango dira. Sarearen bidez, Internet ireki eta ohikoa eskaini dezakete telekomunikatzaileek, baina atea era arriskutsuan irekita geratzen da zerbitzu gehigarri horiek eskaintzeko. Zer adibidez? ba bideo sistema paralelo bat ez doana Internetetik baizik eta beste modelo ekonomiko itxiago baten bidez antolatutako sare horretatik...
  • Garrantzitsuena beharbada: hari bidezko komunikazioei dagokio hau guztia. Haririk gabeko wireless sareetan (3G telefonian adibidez), dena libre nonbait, salbu eta gardentasunarena.

Azken bi puntu horietan arriskua dago. Zerbitzu gehigarrien tranpan, neutraltasunaren aldekoek salatzen duten Internet2 esklusibista sarrarazteko atea ikusten dute batzuek. Pentsatu kasu honetan: "Bideo geldoak Interneten? kontratatu Internet2 Verizon-Telefonicarekin eta Youtube hiper-abiaduran izango duzu" (zuk gehixeago ordainduta, eta baita Youtubek garraiatzaileei ordainduta, bestela ez baitira egongo Internet2 delako horretan).

Haririk gabeko sareen neutraltasun falta ere kezkatzekoa da. Pentsatu, Googleren Android sistemako telefono asko Verizonekin dabiltza AEBetan, eta haietan sartuko da ba... Googlek eta Verizonek nahi dutena, ez besterik. Etorkizunera begira, hari fisikoekin barik, 3G edo aire bidezko are konexio indartsuagoak ezartzen direnean, horixe izan daiteke Internetera konektatzeko modu nagusia. Telefono konpainien mendean egongo ginateke guztiz, zer ikusi eta nola, zer ez atzitu.

Izatez, beste batzuek era horretako ekosistema itxiak sortzen saiatzen ari dira: Apple bere iPhone eta iPad-entzako asmatutako sistema super-itxian, dena iTunes-etik bideratzen da. Hortik kanpo, ez aplikazio, ez deskarga... Itxitasun hori, diseinu eta marketin ahalegin handia duen hardware eta software produktu oso itxi, bikain diseinatu eta kontrolatuen bidez lortzen saiatzen ari da Apple; baina neutraltasunik gabeko sare batean, telefono konpainiek di-da batean sortuko dituzte halako ekosistema itxiak, ordaintzeko prest dauden enpresekin akordioak eginda.

Telefonicaren gogoa Espainian

Azken egunetako hau guztia AEBetan da komentagai. Verizon bertako konpainia da, eta FCCren arau-esparrua ere huraxe da, noski. Baina han ezarritako printzipioak erabakigarriak izan daitezkeela susma daiteke. Espainian, Telefonicak neutraltasunik gabeko sare bat nahi duela ez da sekretua. Izan ere, Euskal Herrian egindako agerpen batean utzi zuen hori argi Cesar Alierta Telefonicako nagusiak:

Es evidente que los buscadores de Internet utilizan nuestras redes sin pagarnos nada, lo cual es una suerte para ellos y una desgracia para nosotros. Pero eso no puede seguir, las redes las ponemos nosotros (...), lo hacemos todo. Eso va a cambiar, estoy convencido.

Ikus Aliertaren adierazpenei buruzko albiste bat, eta bideo bat, musika satirikoz hornitua.

Alegia, Telefonicaren sareengatik ordaintzen ez duten zerbitzuena, akabo. Nonbait ez da nahikoa bezeroek banda-zabalera ordaindu eta finantziatzea, beste aldetik ere ordaindu beharra dago. Gorago aipatu dugun Sustatu.com bat-batean geldotzearen arriskua agerikoa da.

Eta gainera, Telefonicak ez ditu negozioak ekuazioaren alde bakarrean, bietan baizik. Espainian gehientsuen erabiltzen den sareko zerbitzua, Tuenti (gazte euskaldunen artean ere gehien erabiltzen dena) Telefonicak erosi berri du. Telefonicaren sareetan arin ibiliko da Tuenti, pentsa daiteke. Gainerako aukeren kaltetan? Oso posiblea, sarearen neutraltasunik ez badago.

Erantzunak

Luistxo
2010-08-11 : 11:34

Googlek don't be evil (gaiztakeriarik ez) leloari agur esan diola eta, Wired aldizkariak analisi interesgarria dakar Verizon akordioari buruz, neutraltasunari nola esan dioten agur.


Telefoniaren kontuari ematen dio garrantzia Wiredek, Android sistemaren historia eta garapenari. Nola sistema librea izan arren, hor ere esparru itxiak (sub-internet kontrolatuak) hobetsi dituen Googlek. Hala gertatzen zait neuri Orange-k zerbitzatzen didan nire HTC Tattoo Android telefonoarekin. Datu tarifak hainbeste jaisten uzten dit, baina aplikazio batzuk ezin ditut instalatu ez bada ingurabideak hartzen. Musika lortzen badut ere, ezin diot doinu gisa nahi dudana jarri telefonoari (Orangek bakarrik bere dendako ordainpeko doinuak uzten dizkit). Ezin dizkiot aplikazio nekagarri batzuk kendu. Eta halako zenbat.


iPhonearen eredua errepikatzera dator Google. Irekitasunak balio die, neurri batean bakarrik. Eta telefonia konpainiak aliatuak izango ditu horretan.


e-gor
2010-08-11 : 12:31

Nik ere Android bat daukat eta egia da aplikazio jakin batzuekin kristoren zailtasunak jartzen dituztela, tethering egitekoak adibidez, eta hori amorragarria iruditzen zait.


Musikari dagokionez, nik lortu dut nik nahi dudan musika tonu gisa jartzea: fitxategiak kudeatzeko aplikazio bat behar da (nik AndroZip doakoa jaitsi nuen) eta hori erabiliz SD txartelean "media" izeneko karpeta bat sortu behar dua, gero horren barruan "ringtones" izeneko beste bat; eta horra mugitzen dudan musika uzten dit tonu gisa jartzen. Hori bai, nik Euskaltel-eko Android-a dut baina pentsatzen dut Orange-koan ere funtzionatu beharko lukeela...


Erantzun

Sartu