Teknologia albisteak

Mintzola.com webgunea aurkeztu da

Erabiltzailearen aurpegia
Mintzola Fundazioa
2010-07-20 : 12:07

Mintzola Fundazioak bere webgunea aurkeztu zuen atzo prentsa-aurrean, Mintzola.com. Ahozkotasunaren behatokiaren inguruko informazio guztia eskura jarriko digun ataria izango da. 2010-2011rako egitasmoaren ildo nagusiak ere aurkeztu ziren prentsa-aurrekoan.

Mintzola.com pantaila-irudia

Ahozko tradizioan sakonduz gizartearen premia berriei erantzun egokia eman nahi dien erakundea da Mintzola. Ahozkotasunaren ikerketa da bere zeregin nagusia, eta ondorengo bi egiteko ditu zehaztuta:

  • ahozko tradizioaren behatoki dinamikoa izan,
  • eta ahozko komunikazio beharrei erantzun.

2009. urtean eratu zen Fundazioa eta atzo bertan aurkeztu zuen prentsa-aurrekoan bere webgune berria, bere mezua eta helburuak sarean zabaltzeko asmoarekin. Aurkezpena Villabonako Subijana etxean izan zen (Mintzolaren eta Bertsolari Elkartearen egoitza dena) eta hantxe izan ziren Josune Zabala (Mintzolako zuzendaria), Estibalitz Alkorta (Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria) eta Asier Sarasua (webgunea egin duen Codesyntax enpresako ordezkaria).

Mintzola.com aurkezpena

Mintzola.com webgune berriak lau atal nagusi ditu oraingoz: Fundazioaren aurkezpena, Egitasmoak, Dokumentazio egitasmoa, eta Aretoen erabilera. Horrez gain, kasu honetan garrantzi berezia izango du albistegiak, Mintzola Fundazioaren inguruko berriak eta ahozkotasunaren inguruko informazioa argitaratuko dituena. Buletin batekin lotuta egongo da eta albisteak e-postaz jasotzeko aukera ere emango du (RSS bidez ere bai, noski).

Gainera, webgune malgua behar zuen izan. Oraindik lehen urratsak ematen ari da Mintzola Fundazioa, baina etorkizun hurbilean asko zabalduko da bere jarduna eta egitasmoa. Horregatik, webgune malgua behar zuen, bai diseinuan, zein eduki-kudeaketan eta antolaketan, oro har. Hori dela eta, Plone plataforma aukeratu zen webgunea sortzeko, oraingo beharrak ez ezik, datozen hilabeteetan sor daitezkeenak ere aseko dituelako.

Plone CMS bat da (Content Management System; edukiak kudeatzeko sistema bat), Zopen dago oinarrituta eta kode irekikoa da. Codesyntaxek hainbat erakunderentzako eta elkarterentzako lanak egin izan ditu Plonen oinarrituta, besteak beste, Anesvad.org, Zumaia.net, Ulmapackaging.com, Egoibarra.com, Hotsak.com, Debabarrena.net,...

Helburua, beraz, hasieratik, Mintzolak zituen behar eta premiei erantzutea izan da, betiere webgunea erabiliko duten bisitariengan pentsatuta. Webgunea irisgarria da, nola ez, eta erabilgarritasunari ere garrantzi berezia eman zaio, erabiltzaileek informazioa azkar aurkitu dezaten. Informazioa da helburu nagusia: edukiaren antolaketa egokia, albistegia eta buletina, bilatzaile arina, eta abar.

Mintzolaren Egitasmoa

Mintzola Fundazioa sortu zenetik euskararen ahozkotasuna ikertu eta gizarteratzeko hainbat egitasmo gauzatzen ari gara: ikerketaren esparruan, formazioan, jardunaldiak antolatuz...

Orain arte egiten ari den lanaz gain, datorren urteari begira, euskararen tradizio generoen diagnosia egiteak du lehentasuna une honetan Mintzolaren egitasmoan. Beharrezko ikusten dugu euskararen ekosisteman ahozko generoen egoera zein den jakitea, hortik etorriko baitira etorkizuneko ikerketa eta egitasmoak. Horretarako, beraz, ikerketa beka bat, gutxienez, aurkeztuko dugu 2011n.

Aurtengo egitasmoei jarraituz, Zumaian eta Azpeitian gazteen jardunean hitanoa sustatu eta bideratzeko lanean jarraituko dugu, eta baita Tolosan DBHko gazteen hizkuntza jarrera, erabilera eta konpetentziak jorratzeko ikerketarekin ere.

Ikerketaz gain, hainbat formazio ikastaro antolatu dira irakasle, hizkuntza normalizazio teknikari eta ahozkoan interesa dutenentzat. Aurtengo udan sortu berri diren AHOA BETE HOTS jardunaldiek ere jarraipena izango dute datorren urtean, eta ahozko komunikazioaren gaineko argitalpen lan bati ekingo diogu une honetan dugun ezagutza gizartean zabaltzeko asmoz.

Hedapenari dagokionez, Mintzolak hilean behin ahozko generoei lotutako hitzaldi, mahai-inguru eta mintegiak antolatuko ditu bere egoitzan (Subijana Etxea). Beti ere ahaleginduko da kanpotik datozen egitasmo esanguratsuekin bat egiten, elkarlana bultzatuz.

Erantzun

Sartu