Teknologia albisteak
5

Sustatu "orrialdea" izango da aurrerantzean Facebooken, eta ez "adiskide" bat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-06-23 : 14:06

Sustatuk orain arte pertsonalitate bikoitza izan du Facebook-en. Zaletuen orri bat geneukan, baina profil pertsonala ere sortua geneukan, Sustatu Adiskidea. Bigarren profil horrek lagun edo jarraitzaile gehiago egin ditu, eta izatez, zaletuekin kontaktuan egoteko erraztasun batzuk eskaintzen dizkio webgune, talde edo erakunde bati. Euskal Herrian (eta kanpoan ere bai noski), talde edo erakunde asko dira profil pertsonala dutenak. Hala ere, profil pertsonal hori ezabatzea erabaki dugu: Sustatu Adiskideak bere buruaz beste egingo du uztailaren 1ean. Hiletarekin batera, migrazio eguna antolatu dugu, adiskide izan zaretenoi, gonbidatzen zaituztegu Sustatu.com orriaren jarraitzaile izatera.

Zergatik suizidio eta migrazio hau:

  • Batetik, erakunde baten izenean orri pertsonala izatea Facebook-eko arauen kontra doa. Zerbitzuaren arauak ez bazaizkizu gustatzen, onena da zerbitzua ez erabiltzea eta Facebook-i agur esatea; baina arauak bihurritzea: arriskuan zaude sortu duzun komunitatea egun batetik bestera galtzeko, eta hori gertatutakoan, kexatzeko eskubiderik ere ez.
  • Profil pertsonaletik adiskide izan zaretenon profiletara sartzen ahal gara. Mezu trukeak eta komunikazioa erraztu digu horrek, baina beste alde batetik, pertsonala edo pribatua izan daitekeen informaziora sarbidea daukagu. Sustatu editatzen dugunak zintzo jokatu dugula esan diezaizukegu, baina are seguruagoa eta zintzoagoa da aukera hori eskura ez izatea.
  • Orrialdeen kudeaketa ereduak hobekuntzak izan ditu Facebook-en. Profil pertsonaletara sartu gabe, erabiltzaileen estatistika orokorrak lortzen dira (adin taldeen arabera, adibidez), eta marketin aldetik abantaila hauek areagotu daitezkeela uste dugu. Webgune baten kasuan, gunerako trafikoa monitorizatu eta areagotzeko bideak ugalduko direla uste dugu.

Zergatik ez dugu lehenago egin?

  • Erosoa zen, eta gure albisteak jarraitzaileen profiletan agertzeko modurik eraginkorrena zen. 2009an, honekin hasi ginenean, orrialde batek besteen profiletan agertzeko zeuzkan aukerak oso murritzak ziren.
  • Adiskideak egiteko politika zurrun batekin egin dugu aurrera, iristen ziren eskaerak baieztatu izan ditugu (ez denak), eta oso gutxitan eskatu diogu inori adiskide egiteko. Intrusiboak ez izaten saiatu gara eta spam ez egiten.
  • Nola egin eta komunikatu tentu apur batekin pentsatu dugu.

Nola egin migrazioa

  • Kendu Sustatu Adiskidea: profil pertsonala; ezabatzekoa. Facebook.com/sustatucom da helbidea, eta ikonoa du une honetan pantaila-irudi bat, bi aurpegirekin. Orri honek funtzionatzeari utziko dio, baina nahi baduzu, eten dezakezu jada adiskidetasuna, sar zaitez orrian, eta ezkerreko aukeretan Lagunen artetik kendu klikatu.
  • Gehitu Sustatu.com, orrialde gisako presentzia. Hemendik aurrera garatuko dugun bakarra. Facebook.com/sustatu da helbidea eta ikonoa du gure kolore berdearekin osatutako irudi bat. Sartu orrian, eta ez bazara jarraitzaile, izenburuaren ondoan Atsegin Dut aukera izango duzu bistan. Hor klikatu, eta listo. Dagoeneko jarraitzaile bazara, aukera izango duzu jada gure horman mezu bat uzteko.

Ez bazara jarraitzaile, honela ikusiko duzu Sustatu.com orrialdea.


Argazkiak.org | Sustatu.com orrialdea Facebooken © cc-by-sa: sustatu

Bat egiteko, Atsegin dut klikatu behar duzu. Ondoren, Sustaturen horman mezuak uzteko aukera ere izango duzu, honela ikusiko duzu:


Argazkiak.org | Sustatu.com orrialdea facebooken © cc-by-sa: sustatu

  • Data bat jarri dugu, uztailak 1, migraziorako, eta gertakari bat antolatu dugu horrekin Facebooken. Kontuaren gainean arreta deitzeko da, ez besterik. Hori baino lehenago egin daiteke migrazioa, eta ondoren ere, Adiskidearen profila hor geratuko da egun batzuetan, baina kasurik ez diogu egingo eta halako batean ezabatu egingo dugu besterik gabe.

Erantzunak

Sustatu
2010-07-01 : 10:45

Gaurdanik, Sustatu Adiskidearen Facebook-eko orrian ez da mezu edo interakzio gehiago izango. Hil egingo da profil pertsonal hori (tira, koma egoeran utziko dugu, bat-batean lurperatu barik).


Aurrerantzean, orrialde bat gara Facebook-en: facebook.com/sustatu


Dagoeneko, 570 zaletu ditu orri horrek. Adiskideak sekula edukitako lagunak baino gehiago. Azken astean, eraldaketa hau iragarri genuenetik, 150 zaletu gehitu zarete orrialdera. Eskerrik asko denoi.


Sustatu
2010-07-01 : 11:54

Uste dugu beste erakunde batzuek ere hartuko dutela Sustaturen norabidea. Akaso Sustatu.com izan zen euskaraz halako profil instituzional-pertsonal bat lantzen lehenetarikoa Facebook-en (2009ko otsailean), eta gero beste mordo bat etorri dira. Hortaz, nolabaiteko erruduntasun sentimendutxo horrekin egiten dugu atzera orain.


Horra, lagunak egiteko iradokizun orri bateko irudia:



Argazkiak.org | Euskal profil instituzional pertsonalak Facebooken © cc-by-sa: sustatu


Herri-erakundeak, mugimendu politikoak, hedabideak... Denak pertsonak bagina bezala, halaxe ibili gara. Ez da, seguraski, luzaroan agoantatzeko moduko politika komunikatiboa sare sozialen aro honetan.


Sustatu
2010-07-01 : 12:29

Neurria gogoko duen irakurle batek, Beñat Altunak, galdera bat ere zuzendu digu Twitter bidez. Hona erantzuna:


Zaletu izanda (edo zaletu izan barik berdin), orri baten zaleen zerrenda osoa ezin duzu ikusi, ez. Bakarrik ikusiko duzu zure lagunen artean, nor diren zaletuak. Horrez gain, ausaz Facebook-ek beste sei pertsonaren ikonoak erakusten dizkizu (marketin keinu bat dirudi).


Orri baten administratzaileek, zerrenda osoa ikus dezakete, baina murriztapenekin. Kasu honetan, Sustatu orriaren administratzaileak gara Josu Mendicute eta Luistxo Fernandez. Ehundaka lagun horien izen eta irudiak zerrendatuta ageri zaizkigu, baina orriz orri aurrera egin beste modurik ez dago denak ikusteko, bilaketa aukerarik ez da azaltzen. Hala ere, pertsona horietako bakoitzaren profila pribatua bada, pribatua izaten jarraitzen du administratzaileontzat. Interakziorako geratzen den modua da: zaletuek gure horman mezu bat utzi, eta tira, erantzuten saiatuko gata.


Badugu sarbidea, ordea, beste datu sorta batera: estatistikak. Horra bi irudi.



Argazkiak.org | Sustatu orriaren estatistikak FBn © cc-by-sa: sustatu



Argazkiak.org | Sustatuzaleen profila FBn © cc-by-sa: sustatu


Estatistika hauek astero berritzen ditu Facebookek. Hor ageri diren zaletuei beste 50 gehitu zaizkie hau idatzi orduko. Era berean, Sustatuko mezuak gure Facebook-eko orrian itsasteko aplikazioak, Social RSS delakoak, beste estatistika gehigarri batzuk ere ematen dizkigu: zenbat klik egin duen jendeak gure albisteetan.


baltuna
2010-07-01 : 13:00

Eskerrikasko erantzunagatik! Orrialde baten kuadeatzaleak ze ikusteko aukera duen jakitea ere interesgarria iruditzen zait, kuadeatzalea nor den ez dakizun kasuetan batez ere.



Argi geratu zait dena!

Ustekabe fanfarrea
2010-07-01 : 13:12

Perfil pertsonala erabili izan dugu denbora luzez gure txarangarentzat eta guk ere aldaketa egitea erabaki dugu. Hemen emandako azalpenak fanfarrearen blogera eraman ditugu.


Erantzun

Sartu