|
Itzuli orri nagusira
Bidali hau
Tokitan.tv 1x02: Lafitenia
© cc-by-sa Haritz Rodriguez | Tokitan.tv ¦ 2010-06-21 ¦ 10:41 ¦
tokitan
Lafitenia Getari eta Donibane-Lohizune artean dagoen hondartza bat da (Lapurdi). Jende ugari elkartzen da bertan surfa egiteko, olatuak "world class" bezala sailkatuak baitaude. Tokitan.tv itsasoan murgilduko da gaur.
Erref.:
Tokitan.tv 1x02: Lafitenia (tokitan.tv)
Erantzunak
#1. Tokitan.tv-ren kapituluak
haritz rodriguez ¦ 2010-06-21 ¦ 11:02
Gehientsuenek jakingo duzuen bezala, telebistako telesailak Internet bidez deskargatzerako orduan erabiltzen den forma darabil Tokitan.tv-k: 1x02= Lehen denboraldiko 2. kapitulua.
Bale, Tokitan.tv ez da "Lost" telesaila, baina hainbat denboraldi izango ditu. Lehenengoa amaitua dago (32 kapitulu ditu) eta bigarrena dagoeneko grabatzen ari gara.
Orain arte lehenengo denboraldiko bi atal argitaratu ditugu: Berrea (1x01) eta Lafitenia (1x02). Horrela joango gara osatzen astelehenero 1x32 kapitulura iritsi arte.
Akaso "Lost"-en azkeneko atala, uhartearen misterio guztiak argitzen omen dituena, ez zaizue gehiegi gustatu. Bada, espero dugu Tokitan.tv-ren azkeneko kapitulua gehiago gustatzea, hor ere suspentse pixka bat eragin nahi izan dugu eta. "Terrorea" du izenburu, baina ikusi ahal izateko 8 bat hilabete itxoin beharko dituzue. ;)
#2. Re: Tokitan.tv 1x02: Lafitenia
Karlott ¦ 2010-06-21 ¦ 16:04
Lafitenia zer da, Lafitte Enea?
Ez dakit ezjakitearren edo kalte egiteagatik, baina geroz eta urrutiago omen gabiltza euskaratik, ezta?
Aurrekoan, ustezko euskal telebista ofizialean ilunabarreko albistegia aurkezten duen emakumeak "zi bo u re" ahoskatu zuen, hots, frantsesez ez dakien espainol batek frantsesez irakurriko lukeen bezala.
Tipa horri nork piztuko ote dio interesa, Ziburu herri izena Zubi-buru konposiziotik datorrela esanez, eta Zubi Buru hori zela Lohizune eta aldameneko herrixka lotzen zituena, etc., etc...
Ez dakit, Calvo abizena Kalbo idazten dugu, adibidez, ez dugu euskaraz ikasten eta, gainetik, Echavacoiz edo Recondo batekin (adibidez, berriro) konforme geratzen gara.
Gu baino astakiloagorik? Nekez!
#3. Re: Tokitan.tv 1x02: Lafitenia
haritz rodriguez ¦ 2010-06-21 ¦ 20:36
Ez dut oso ondo ulertu zure ezinegonaren arrazoia, Karlott. Ez dakit ari zaren Lafitenia hondartzaren izena idazteko moduaz, edo hori bera ahoskatzeko moduaz. Argitu iezadazu mesedez, interesekoa baitzait oso.
Egia esatea nahi baduzu, bideoa editatu baino lehen hondartza horren euskarazko izenaren bila aritu nintzen, Lafitenia frantsesezko aldaera izan zitekeelakoan. Ez nuen besterik aurkitu (ez du esan nahi ez dagoenik). Zuk ezagutzen duzu hondartza horrek euskaraz beste izenik ba ote duen?
Bestalde, ahoskatzeko moduaz ari bazara, arrazoi duzu, ez dakit frantsesez gehiegi, eta nire ahoskera hizkuntza horretan negargarria da zoritxarrez. Aspalditik ikasteke dudan zerbait...
Baina, zuk diozun bezala, Lafitenia "Laffite enea" hitzetik badator, zer dela eta orduan ezinegon hau? Frantsesez "lafiten" (edo horrelako zerbait) ahoskatzen da Lafitenia. Baina euskaraz, "enea" atzizkia "enia" ahoskatu izan da maiz eta, beraz, euskaraz ahoskatzen ariko nintzateke oker ez banago, ezta?
Alegia, Ci-bou-re frantsesez ahoskatzearen aldeko al zara, "zibur" esanez, euskarazko Ziburu esan beharrean?
Edozein kasutan, eskertuko dut argitzerik, esan bezala, ez baitizut ondo ulertu.
Bidenabar, zuk idatzi duzun "etc", "etc" hori ere erdarakada hutsa da, euskaraz "eta abar" esaten da, ez "etzetera".
#4. Lafitenea Vs. Lafitenia
haritz rodriguez ¦ 2010-06-24 ¦ 12:27
Gaur "Berria" egunkariko hondartzen inguruko informazioaren mapari begira ari nintzela, bertan ikusi dut hondartza honen izena euskaraz "Lafitenea" dela. Euskal toponimoa, dudarik gabe.
Erantzun (klik zabaltzeko)
|
Tokitan.tv Haritz Rodriguezen bidaia bideobloga da. Bertan ikusi ahal izango dituzunak ez dira muturreko bizipenak, edonork izan ditzakeen abenturak baizik. Bidaiari txikientzako abentura handiak dira.

Kontakturako: info@tokitan.tv
tokitan gaia duten albiste gehiago
Erantzun gehien izan dituzten albisteak
|