Teknologia albisteak
34

Beloaren ondoren: ez dago debekatu beharreko beste jantzirik?

Erabiltzailearen aurpegia
Elena Laka
2010-06-08 : 09:06

Espainiako lurraldean azken konstituzioa indarrean dagoenetik, sekula ez zaio inolako arroparik debekatu herritarrari. Orain erakundeak beloa galarazi nahian dabiltza. Duintasun pertsonala, askatasuna eta erlijio-askatasuna babesten ditu Konstituzioak. Horien izenean debekatuko omen dute beloa. Pertsonaren duintasuna jantziaren araberakoa izango balitz bezala. Duintasuna alde batera utzita, osasuna ere izan daiteke arropen erabilera arautzeko irizpide bat. Hona hemen ideia batzuk herritarrotaz horren beste kezkatzen den Estatuarentzat, osasun publikoaren izenean, kontutan har dezan zenbait jantzi debekatzeko aukera:

  1. Zortzi zentimetrotik gorako takoiak. Azken bi urteotan modan ipini direnetik, neska gazte asko bizkarreko lesioekin edo elbarri geratzeko zorian daude. Gainera beren mugikortasuna murrizten da, eta mugatuta geratzen dira kirol oinetakoak erabiltzen dituzten mutilen aurrean.
  2. Ume jaioberrien angorazko eta zintadun jertsetxoak, zorionez gero eta gutxiago ikusten diren arren. Angoraren ilea irenstearekin eta sorbaldan zintak eramatearekin, umetxoak itotzeko arrisku larrian jartzen dira.
  3. Ume jaioberrien praka bakeroak. Pertsona heldu osasuntsu bat sekula ez litzateke oheratuko praka bakeroak jantzita. Ostera, kuman doazen umetxoei oihal bakerodun galtza gogorrak ipintzen zaizkie, “xalauak” daudelako. Norberarentzako nahi ez, eta zelan izango da ona jaioberriaren osasunerako.
  4. Gizonen tirantedun kamisetak pintxo- tabernetan. Plasta! botatzen dute ukondoa barra gainean, eta besazpiko ile guztietako izerdia eta kiratsa pintxoetara doa. Okerrago oraindik kamisetarik barik. Horrela datoz gero salmonelosis eta enparauak.
  5. Belaunetik beherako gomadun galtzerdiak. Gomak sakatu egiten du, eta marka utzi. Egun osoa galtzerdi horiek jantzita benetako tortura da bernetarako.
  6. Bizkarrean botoiak dituzten soineko edo alkandorak bakarrik bizi zaren emakumea bazara. Ez dago botoi horiek norbere bizkarrean arazo barik lotuko dituen amaren alabarik, beti bikotekidearen laguntza behar duzu horretarako. Ezagutzen dut lan horretan sorbaldan tirakada jasan eta egun batzutan minak egon denik.
  7. Crop kamisetak tenperatura 10ºtik beherakoa bada. Zenbat neskatilak ez ote du katarro galanta harrapatu kamiseta hauek eramateagatik!
  8. %100 likrazko slip estuak. Barrabilak berotu eta espermatozoideak akabatzen ditu, gizonak antzutuz.
  9. Tangak almorranak badituzu. Gizon zein emakumeentzako, tanga erabiltzeko moda berri honek ikaragarriko tortura eragiten die ipurtzulo aldeko almorranei.
  10. Aizpea Goenagaren orrazkera, lehen Susan Sontag, Arantza Urretabizkaia eta Cruela Devillek erabilitakoa. Ez da jantzia, baina soinean eramaten da. Ikusi eta bi urtetik beherako ume guztiak negarrari ekiten diote, beldurraren beldurrez. Krudela da umetxoak horrela sufriaraztea.

Erantzunak

Jozulin
2010-06-08 : 11:17

Ba, ez dakit nik; ni ez nago hain seguru... Beloa erlijio sinbolo bezala erabiltzen da eta erlijioa -denak- eskolatik kanpo laga behar direlakoan nago ni. Eta erlijio kontuekin uste dut nasaiegi jokatzeko joera daukagula, askatasuna aitzaki. Zer du ba erlijioak bestelako uste eta gustu pertsonalek ez dutena?

Demagun institutoko gelan belodunak, kipa-dunak...; ematen dit arazo iturri izan litekeela.

Bestalde, euskaldunon artean, oraintsu arte behintzat, txapela jantzita zeramaten gizonek kendu egiten zuten leku itxietara sartzean, etxean, elizan, zineman... Institutuetan ez nabilenez ez dakit, baina bisera jantzita egoten al dira gazteak ikasgelan?

leire narbaiza
2010-06-08 : 13:07

Gizonezkoek, tradizonalki, txapelak eta kapelak erantzi behar dituzte toki itxi batean sartzean. Ez, ordea, andrazkoak. Buruan eroan den edozen emakume-buruko (zapi, kapelu, pamela,...). Institutuetan gorra horiek kenarazi egiten diete, baina neskak paainelua badaramate (orain urte batzuk modan egon zena, adibidez) ez diete kentzeko esaten. Gizonezkoetan errespetua kentzean datza, eta emakumezkoetan burua estaltzean (ez ahaztu gure amen mantelinak).

problema inposaketa da: erlijioen inposaketa (burua eta abarrak estaltzekoa) eta orain estatuarena (ilea erakustea)

matx
2010-06-08 : 13:18

Ni ere ez nago hain seguru. Jozulinekin ados nagoela bai. Zapateroren alaben kontura hamaika eztabaida izan ziren, baina kontua beloa bada ez dugu berdin jokatzen. Zergatik, erlijioagatik?

Nik dakidala biserak klasean kendu egin behar ziren. Baina ez nago ziur, "kontuak ez zaizkit ateratzen ongi".



Joseba E.
2010-06-08 : 14:13

Elenak aipatzen duen arropa absurduen zerrendari zerbait gehitzekotan, belaunak ezkutatzen dituzten (edo ia) mutilen bainujantzien kasua gaineratuko nuke. Eta hara, horren irudi baten bila nenbilela, True Religion izeneko bainujantziekin egin dut topo. Beraz, inposaketa erlijioarena edo estatuarena ote da bakarrik?, modarena ez? Gure artean esango nuke modak dituela fededun gehien eta indartsuenak, dudarik gabe.


Nahiaetaezina
2010-06-08 : 14:19

Institutuetan, nik ezagutzen ditudanetan behintzat, biserarik ezin da eraman baina neskek, baita irakasleek ere zapiak buruan eraman ditzakete... eta horrekin zer? Beloa debekatzearen aurka ni, beloa ez den beste zapi bat eraman daitekeen bitartean behintzat....



Beste debeku proposamenak oso onak. Batez ere 4.

Betikoak
2010-06-08 : 16:17

... 11. Gure belo tradizionalak ezin zerrendatik kanpo utzi!


Abd alRahman Ibn Amzer
2010-06-08 : 16:58

Ez naiz polemika honetan sartuko, nahikoa izan dugu Madrilgo Institutukoarekin.

Bakarrik esan nahi dut bat natorrela Elena Lakarekin, hau da, badirela beste jantzi edo "osagarri" askoz kaltegarriagoak osasunerako.

Eta jende askorentzat erlijioa zerbait kaltegarria dela argi dagoen horretan, pertsona erlijiosoei galdetu behar zaie zergatik eramaten duten jantzi horiek, emakume musulmanen kasuan, behintzat, ia gehienek gauza bera esango dute: "nahi dudalako" eta gehituko lukete ez dutela inolako inposiziorik onartuko.

Gauza da afera honetan ere fede kontua da, beraiek esaten dutena egia dela sinesten dugunetz.



Bestalde Madrilgo neskarena gertatutakoan behin baino gehiagotan nahasten dira, maltzurki, jantzien izenak eta batez ere jatorriak.

Orain badirudi, emakume musulmanek eramaten dutena "burka" dela, eta jantzi islamikoak direla ere esaten da. Burka Afganistango Paxtun herriko jantzi tradizionala da, Islama baino askoz zaharragoa dena. Hijab ere burua estaltzeko modalitate bat da, niqab eta xador bezalakoak, baino guztiz ezberdinak. Hemen ere herri kulturen araberakoak izaten dira. Islamak moral zuzenaren araberako jantziak erabili behar direla esaten du, baina ez du inoiz esaten nolakoak diren arropa horiek eta norberaren irizpidetan oinarritzen da jantzien hautua.

Musulmanen artean ere badaude "graduak" eta batzuk muturrekoak dira, fundamentalistak direnak, eta beste batzuk, berriz, askoz "moderatuagoak".

Beraz ezin esan hau edo beste denik Islamak agintzen duen jantzia edota hau edo beste jantzi islamikoa denik. Edozein ohial zatia baliogarria da burua edo bestelako gorputz atalak estaltzeko.

hitaz gogait
2010-06-08 : 17:57

Beloa debekatu egingo nuke eremu publikoetan.



Eta ez ikur erlijioso bat delako. Niretzat zilegi izan beharko luke bakoitzak nahi duen ikus erlojiosoa ematea (gurutze bat, zernahi ikur islamiko, Daviden izarra, Zeusen tximista, Belmezeko aurpegiak...).



Baina beloa debekatuko nuke, ez ikur erlijiosoa delako, emakumearen (hots, pertsonaren) askatasunaren kontrako pentsakera baten erlijioso bat delako: beloaren funtsa da emakumearen ilea bekatu-iturri dela (Koranak horrela diolako: ez lepoa, ez eskotea, baizik ilea), eta hartaz, emakume batek ilea erakuts diezaioke soilik bere aitari eta anaiei, eta, ezkontzen denean, bere senarrari soilik. Ondo irakurri berriro: emakume batek ilea erakuts diezaioke soilik bere aitari eta anaiei, eta, ezkontzen denean, bere senarrari soilik.



Pentsamolde horrek ondorio den janzkera bat EZ da onargarria nire ustez, eta ez dut uste defenda daitekeenik erlijio askatasunaren izenean. Ez eta "nahi dudalako" erantzuten den kasuetan.

Elena
2010-06-08 : 18:26

Nik ez dakit beloa erabiltzen utzi behar den ala galarazi egin behar den, ez daukat argi, eta "Elurra" irakurri ondoren, oraindik gutxiago.

Atentzioa ematen dit nola tematzen den debekua emakumeekin, eta bakarrik jantzi horrekin. Beste arropa guztiak libre dira, euren esanahia edozein dela-eta, asko oso deseroso eta baita osasunaren kalterako direla. Zilegi dira amona euskaldunen buruko zapiak, umeek erabiltzen dituzten bufak, neskatilen udako bandanak, biserak, turbanteak, txapelak, diademak, ileko txirikordak, txurroak, dena da libre, kenduta, emakumeen zapi islamiarra. Esanahi jakin bat duelako diote. Eta zein esanahi dauka gaur egun ia ezinezkoa izateak errelleno bariko bularretako bat erostea? Titi handiak modan daudela, iragarki horrek dioen moduan, gizonei dena handia gustatzen zaielako. Baina errellenodun bularretakoak fashion dira, eta buruko zapia, emakumearen duintasunaren mugatzaile.

hitaz gogait
2010-06-08 : 18:42

Elena,



neska batek (modagatik edo edozergatik) zapi bat buruan jartzea erabakitzen du...edo ez.



Beste batek ez du zapia buruan jarriko duen erabakitzerik, ze ez jartzea BEKATU nazkagarria da... nahiz eta berak hala "nahi izan".



Diferentzia ikusten ez baduzu, nik ezin dut ezer gehiago esan.

martix
2010-06-08 : 20:01

hitaz gogait,

Hainbat tokitan Erlijioak edo Tradizio kulturalak zehazten du zer den bekatua edo zer den nazkagarria.

Gure gizartean, berriz, Modak zehazten du zer den bekatua edota zer den nazkagarria.



Nik, funtsean, askatasunaren kontrako pentsaera bat ikusten dut bataren (Erlijioa) zein bestearen (Moda) oinarrian, batez ere, emakumearen askatasunaren kontrako pentsaera bat.



Eta, Elenak esan duen bezala, Modak zehazten dituen arau batzuk askoz ere kaltegarriagoak dira, osasun aldetik, zapi islamiarra eramatea baino.



Portzierto, nik errelleno bariko bularretakoak ibiltzen ditut, errelleno, apaindura eta batere arorik gabekoak gainera. Erosi behar ditudanean, zoratu ondoren azkenean topatzen ditudanean, hainbat ale erosten ditut kolpean, hainbat urtetan izateko lain

Beatriz
2010-06-08 : 20:09

Hitaz gogait:

Pentsatu pixka bat.

Haien erlijiorako ilea erakustea BEKATU delako debekatu behar duzu beloa kalean eta toki guztietan? Eta besteren batek erlijio bat asmatu eta braga eta kaltzontzilorik ez erabiltzea BEKATU nazkagarria dela esaten badu, bragak eta kaltzontziloak ere debekatuko dituzu?



Ez al zara izango Francorekin hobeto bizi ginela dioten horrelakoren bat, ez? Zergatik ez duzu besterik gabe korana debekatzeko eskatzen?



Kristauentzako ipurdiko zulotik jaso eta ematea BEKATU delako apaiz eta monja guztiak lau hanketan jarriko dituzu? ("tori bekatua!")

hitza gogait
2010-06-08 : 21:22

Martix, diozu "Nik, funtsean, askatasunaren kontrako pentsaera bat ikusten dut bataren (Erlijioa) zein bestearen (Moda) oinarrian, batez ere, emakumearen askatasunaren kontrako pentsaera bat."



Lehen esan bezala, nik argi ikusten dut bien arteko diferentzia. Nik ez nuke SEKULA onartuko leku PUBLIKO batean (adibidez, eskola batean) garizumako ostiralean haragia jateko debeku katolikoa edo zerria ez jateko debeku ez dakit zer erlijiokoa. Eta berdin dit moda batek zer dioen une bakoitzean elikadurari buruz.

Bestalde, emakumearen askatasunaren kontrakoak salatzen dituzunez, oso arraroa egiten zain beloarekin duzun jarrera friboloa (modarekin konparatzea oso friboloa baita).



Beatriz,

nik emakumeak ilea erakusteko duen askatasuna defendatzen dut, edo hobe esan, eta ondo irakurri (ez esan nik esaten ez dudanik): uste dut ilea erakusteko debekua debekatu egin behar dela leku PUBLIKOETAN. Zuk erlijio aldetiko txorradak, askatasunaren kontrakoak, ez debekatzeko jarrera hartzen baduzu, ba oso ondo. Nik argi dut ez zaiela terrenoa utzi behar. Leku PUBLIKOETAN ari naiz, betiere.

Beatriz
2010-06-08 : 22:25

Hitaz gogai:

Ilea erakusteko debekua? Nork debekatu dio ilea erakustea emakume bati? Mesedez, genero indarkeriaren kontrako legea aprobetxa dezala senarra (hura izan bada) gartzelan sartu eta gainera (zergatik ez?!) milaka euro batzu ateratzeko trukean. Baina ez debekatu beloa, beloak ez du ezer debekatzen eta...



Benetan erlijioak debekatu nahi dituzu? Eta zergatik ez ditugu Reikia eta Yoga ere debekatzen?

hitaz gogait
2010-06-08 : 23:24

Beatriz,

berriro diot, ondo irakurri esaten ez dudana eta, bereziki, esaten EZ dudana. Nik ez dut erlijiorik debekatu nahi, ez yoga, ez kristautasduna, ez reikia, ez islama, ez Tutatisen gurtza, ez eta Maradonaren eliza argentinarra: debekatu nahi dudana da (publikotasun eremuan, betiere) pertsonaren askatasunaren kontra doazen erlijio errito ...



Emakume batek pentsatzen badu ilea gizon bati erakustea pekatu dela, ba oso ondo, baina balore anakroniko eta misogino hori EZIN da adibidez eskola publiko batean onartu (ze gizonek bai erakuts dezakete ilea, ze guaia); ostiralean haragia ez jatea bezalako txorrada galanta sustatu ezin den bezala: eskolako jangelan ostiralean haragia badago ba haragia dago, eta nahi ez baduzu, eraman umea horrelako sineskeria erridikuloak onartzen dituzten beste ikastetxe batera...



Gero, kalean eta etxean norberak egin dezala nahi duena.

Beatriz
2010-06-08 : 23:52

Kalea leku publikoa da.

hitaz gogait
2010-06-09 : 00:29

Barkatu publiko adjetiboarekin ondo ez banaiz esplikatu: publikoa diodanean ez naiz kaleaz, hondartzaz edo mendiaz ari, baizik eta eskola publikoak aipatu nahi ditut, piszina publikoak, liburutegi publikoak, eta abar..

oier
2010-06-09 : 00:53

Oro har estatuaren gehiegizko interbentzionismoa bizi dugula iruditzen zait, eta horrek gai honetan zalantzak areagotzen dizkit. Baina funtsean estatuak norbanakoen askatasuna bermatu beharko lukeela iruditzen zait. Beraz, erantzun beharko genukeen galdera zera da, emakume musulmanak aske dira buruko zapia jarri ala ez jarri erabakitzeko? Maila horretan, iruditzen zait hemen jarritako adibideak ez direla maila berekoak. Egia da modak eta bestelako tabuek gure askatasuna mugatzen dutela, dendara joan eta modatik kanpoko produktuak aurkitzen ez ditugulako, edo modatik kanpo janztea sozialki penalizatuta dagoelako. Baina ez dut uste maila bereko kontuak direnik. Nire ustez estatuak ez luke buruko zapia jartzea debekatu beharko, baina emakume musulmanak buruko zapia jarri ala ez erabaki ahal izateko aukera bermatu beharko luke. Hori nola egiten den? Hortxe dugu erronka.

patakon
2010-06-09 : 10:14

«Beloaz, izaera berresten dute emakumeek; zergatik ez dute txapela debekatzen?»


Horrela zioen joan zen astean BERRIAn . Hemen duzue elkarrizketa:


Angele Etoundi Essamba argazkilariak (Douala, Kamerun, 1962). Europa, Afrika eta Ameriketan erakutsi du bere lana. Herbehereetan bizi da aspaldi. Emakumeen beloak Afrikako kulturan duen eginkizuna azaltzeko erakusketa zabaldu zuen atzo Bilbon. Tamaina handiko irudiak dira, eta Guggenheim museoa eta Euskalduna jauregia lotzen dituen pasealekuan daude, Abandoibarran.


Beloaren gaia pil-pilean dago gaur egun Europan. Horregatik erabaki duzu lan hau egitea?


Beloaren gaia guztiz bat dator argazkilaritzan egiten dudan lanarekin. Izan ere, nire helburua beti izan da estereotipoak haustea. Hori da lan honek egiten duena, hain zuzen ere. Gonbidatzen duen belo bat erakusten du, eta ez atzera botatzen duen belo bat. Belo irekia da, sentsuala, ederra eta elegantea. Beloak ez du zertan gogoaren beloa izan. Zapi horien atzean badago zerbait itxiduraz eta zapalkuntzaz Europan dugun irudi hori gainditzen duena. Beloa eramanez, nortasuna berresten dute emakumeek.


Zer deritzozu azken hilabeteotan Europako hainbat herrialdetan beloa eraikin publikoetan eramatea debekatu izanari?


Duela 50 urte emakumeek zapia eramaten zuten buruan; moda zen. Jacqueline Kennedyk eramaten zuen, esaterako, baita margolarien modeloek ere. Zergatik da orain onartezina? Zenbat emakumek eramaten dute burka? Oso gutxik. Beraz, neure buruari galdetzen diot zer ote dagoen debeku horren atzean. Beloa galaraziz, gazteak bultzatu egiten dituzte eramatera, haserrea erakusteko. Aukera librea den unetik, norberaren erabakia da. Nik ez dut inoiz eraman, eta ez dut eramango.


Zergatik?


Ez naiz horrekin hazi, hasteko. Eraman nezakeen, egun baterako, txapela edo kapela bat eramatea erabaki nezakeen bezala. Nik erretrataturiko emakumeek aukeratu egin dute, eta dotoreziaz eta sentsualitatez janzten dute.


Gauza bera adierazten al dute zuretzat belo guztiek: burua soilik estaltzen duen hijaba, aurpegirako nikaba eta gorputz osoko burka?


Ez dut gustuko jendea burkarekin ikustea, eta harrituko ninduke Amsterdam burkadun emakumez beteta ikustea. Baina zapia debekatu dute Herbehereetan. Hori da larria! Zergatik ez dute txapela debekatzen? Gizakien nortasunarekin dago lotuta, eta kontuz ibili beharra dago. Askatasuna dago jokoan. Inposaturiko beloaren kontra nago, noski.


Zertan bereizten da beloaren erabilera zuk erretataturiko Afrika beltzean eta herrialde arabiarretan?


Afrika oso handia da, eta herrialde bakoitzean ezberdin erabiltzen da. Beraz, ezin da orokortu. Kamerungo iparraldeko musulmanek daramate euren kulturaren partea delako. Beste lekuetan dotoreziaren eremuan sartzen da. Nire lanean hainbat belo mota erakutsi nahi izan ditut, eta denetatik dago: zapiak, oihalak... Ez da soilik Mendebaldean itxikeriarekin lotzen dugun hori.


Hainbat lekutan erakusten ari zara lan hau, beti kalean. Zer-nolako iritziak jaso dituzu?


Oso zuzenak eta onak, oro har. Orain arte ez da inoiz erakutsi beloa testuinguru honetan. Orain arte, arazo bakarra Madrilen egon da; margotu egin zituzten irudiok, baina bandalismo kontua izan da, jende ezjakinaren lana. Hala sinestu nahi dut.


Jozulin
2010-06-09 : 11:01

Agian arroparen kontuak ez du laguntzen absurdoa esplikatzen. Esan nahi dut helduko dela eguna -agian heldu da- eskoletako jantokietan urdaiazpiko edo solomorik ez jartzeko eskatuko dutena, hori bai, erlijio askatasunaren izenean. Edo akaso langile batek esango du larunbatetan ezin duela lan egin, izaki fantastiko batek hala agindu ziolako duela milaka urte.

Gari Araolaza
2010-06-09 : 11:22

Egun hori heldu da Jozulin, aspaldi, guk igandetan jai hartzeko ohitura hartu genuenetik.



Jozulin
2010-06-09 : 11:38

Bai, Gari, touché. Baina oraindik ez diot entzun erizain bat, esaterako, ezin duela ligandeetan lan egin erlijio kontuengatik. Eta gaur egun, 2010ean, eskoletako jantokietan ostiraletan, baita garizumakoetan ere, okela jan daiteke. Eta txorizoa.

Gari Araolaza
2010-06-09 : 12:14

Ba Nafarroan bertan ezin omen da abortatu erlijio edo etika kontuak direla eta.


Nire ustez, frogatu behar bada emakume islamiarrak zapalduta daudela, ez da hijab-arengatik izango. Frogatu beharko dugu etxetik ezin direla nahi dutenean atera, edo ezin dutela nahi duten lana hartu.


Bestalde, hauek lehenengo belaunaldien arazoak dira. Bi (edo X) kultura elkartzen ari gara orain, beraiek gure mundura ohitzen ari dira eta gu beraienera. Hurrengo belaunaldietan askoz normalizatuagoa egongo da gaia. Ezin dut imajinatu hemendik 10 urtera bere gizonak zapalduta daukan emakume islamiar bat gure herrian normal bizitzen. Hori gertatzen bada, esan nahiko du gizarte isolatuan bizi garela.


Nire semearen ikaskide baten ama beti zebilen hijab-a jantzita, eta azkenaldian gabe dabil. Niretzat orain ez da arrotza hijab bat ikustea eta berarentzat ere arrunt bihurtu da ilea libre eramatea. Ez badugu kontra edo aldeko legerik ezartzen, gauzak lasaiago joango dira. Pazientzia alde guztietatik beraz.


hitaz gogait
2010-06-09 : 12:42

Gari,

nik ez dut arazorik jaieguna astelehenera pasatzeko, edo Aste Santu ordez Elurraren astea ospatzeko (nahiago nuke gainera), edo urriaren 25eko Euskadiren Egunaren ordez Kosmosarena ospatzeko. Erabaki bedi eta kitto.



Baina behin kontua erabaki ondoren, eta, esaterako, astelehenetan geratzen bada jaia, EZIN DA onartu sineskera batean oinarrituz eskola publiko batean adibidez norbaitek igandea jai egin nahi izatea, ostiralean haragia ez jartzeko eskolari exigitzea onartu ezin den bezala, edo zerria ez jartzea onartu ezin den bezala.... edo ilea erakusteko debekua onartu ezin den bezala.

Betikoak
2010-06-09 : 13:41

Ba nire ustez onartu ahal da, eta gainera munduan zehar leku askotan jada onartuta daude, eta gainera ona da onartzea. Aurretik Kanadan edo Britainia Haundian holako gauzak onartu diren bezala hemen ere onartu beharko dira, baldin eta beste gauza batzutarako erabiltzen ditugun argudioak (diferentziarako eskubidea, uniformitatearen eta hegemoniaren kontra existitzeko eskubidea, gure hizkuntza erabili eta aldarrikatzeko eskubidea...) besteentzat ere onartzen baditugu.

eneko
2010-06-09 : 13:41

Gai hau benetan konplexua da baina nik nahiko argi dut debekuak ez diola batere onik egingo eta arrazoi gehienak dagoeneko azaldu diren arren laburbiltzeko:

- Benetan zapiarena ilea erakusteko debekua da emakume islamiarrentzat? Pentsa dezagun gure edozein hondartzetara goazela eta emakume gehienek toplessean ari direnez erabakitzen dugula toplessa egiten ez duena bere sinismenengatik egiten duela eta ez bere borondatez, beraz bikiniaren goiko partea debekatuko dugu. Zer egingo luke gehienon amon edo amak? Hondartzara ez joan noski!

- Zergatik ez debekatu monjen trajeak burutik behera?

- Zergatik ez debekatu opuseko gurasoak dituen alabak soinketa txandal osoarekin egin behar izatea 30 graduko egunean hankak ezin dituelako "erakutsi"?



Pentsatu nahi dut aur egun dugun jendarteak nahikoa baliabide dituela edozein gazte edo helduri (emakume zein gizon) jakinarazteko nahikoa askatasun duela nahi duen bezala jantzi edo biluzteko (zergatik dago debekatua biluzik joatea kalean?). Eta baliabide horiek ez baditugu horretan jarri behar dugu indarra, ez dadin neskarik egon zapia jantzi "beharra" izango duena, ez takoiak jantzi beharko dituena, ez bere gustuko arropa aurkitzerik izango ez duena. Horretan eragin behar du administrazioak ez debekuetan.

hitaz gogait
2010-06-09 : 14:00

Nonbait irakurria dut Frantziako hainbat piszina publikotan egun eta ordutegi konkretu batzuk erreserbatzen direla emakumeentzat bakarrik... Alegia, gizon batek ezin du ordu konkretu batean erabili instalazio publiko bat, emakumea pekatu-iturritzat duen sineskeria konkretu baten inposizioz.

Hori ez da multikulturalitatea, hori da lortu ditugun aurrerabide askotan (adibidez, emakumearen duintasunean) ATZERA egitea, eta terreno hori ez luke galtzen utzi behar gizarteak. Aitzitik, aurrera egin beharko genuke...



OPUSekoak, monjak, toplessa eta abar aipatzen dituenari... Berriro errepikatu behar badut, beloaren debekua eskola publikoetan ari gara tratatzen, ez kalean edo hondartzan,



Jakina, OPUSeko guraso batek ez badio alabari besoa eta izterra erakusten, ba nik uste dut eskola publiko batetik kanpo dagoela guraso horien hezkuntza-eredua, ez litzateke permititu behar.



M
2010-06-09 : 14:02
Abd alRahman Ibn Amzer
2010-06-09 : 21:57

Esaiguzue, mesedez, Koranaren zein suratan eta zein aleiatan irakurri duzue ilea erakustea bekatu nazkagarria dela.



Eta Hitaz Gogait, esaidazu, mesedez, zenbat musulmanekin hitz egin duzun.



Nik uste dut guztiok, ez bakarrik emakume musulmanek, guztiok badugula eskubidea janzteko edo eransteko nahi duguna. Eta egia da oso kasu gutxitan emakume musulmanek janzten dutela hijaba familiako presioagatik, baina oso kasu gutxitan gertatzen da eta ez gaude ados horrekin. Gainontzeko emakume guztiek NAHI DUTELAKO jazten dute, ez bekatu nazkagarria delako.

hitaz gogait
2010-06-09 : 23:49

Abd,

nik hiru musulman ezagutzen ditut hizketan aritzeko moduan, baina bakarrarekin hitz egin dut honetaz. Ez dakit zenbateraino daude islam korronte desberdinak honen harira, baina hark esaten zidana (irakiarra da bera) honakoa zen gutxi gorabehera: beloak nolabait seinalatzen eta definitzen du emakume musulmana, emakume errespetagarria; hainbat alderdi, ilea barne, estaltzen dituen emakumea babestuta geratzen da gizonen asmo txar eta lizunetik.



Berak emakumearen aldeko zerbait gisa hartzen zuen; nik ordea guztiz kontrakoa intepretatzen dut. Minigonaren sententzia famatu haren modukoa iruditzen zait nire lagunak egiten zuen interpretazioa. Eta ez dut uste oso defendagarria denik halakorik gaur egun.



Eta Koranaren pasarte konkretuari buruz, ba ez naiz aditua; Biblian ere ez naiz aditua eta ez dakit non esaten duen ostiralean haragia jan ezin denik... baina debeku hori existitu zen, eta hala praktikatzen dute hainbatek oraindik.

Abd alRahman Ibn Amzer
2010-06-10 : 00:22

Guztiz ados Hitaz Gogait, egia da zure lagun/ezagun irakiar horrek esan zizuna, aski zabalduta dagoen iritzia da.

Hori bai, jakin beharko zenuke gaur egungo gazte musulmanek zer pentsatzen duten horretaz eta norantz ari dira begira, iraganerantz edo etorkizunantz. Bigarrena delakoan nago, eta ez bakar batekin mintzatu naizelako, baizik eta beraien artean, beraiekin bizi naizelako.

Egia da ere erlijioa eta kultura (ohiturak, tradizioak) nahastu egin dira mendetan zehar eta orain oso zaila da banatzea edo esatea nondik datorren joera bat edo iritzi bat, erabat zabalduta egon arren.

Horregatik galdetu dizut zein suratan dagoen zuk arestian aipatutakoa, hots, emakumezkoen ilea erakustea bekatu nazkagarria dela.

Berriz irakurtzen baduzu nik eztabaidaren hasieran idatzitakoa, konturatuko zara zertaz ari naizen.

Ez dakit hau foroa den, baina jakin Europan bizi diren musulmanen ikuspunta edo iritzia eta beste herrietan daudenena ez direla berdinak. Interpretazio kontua dela esango nuke nik. Musulman guztientzako Korana, Sunna eta Hadizak berdinak eta bakarrak dira, beste kontua da nola interpretatzen diren orain dela 1431 urte idatzitakoa.

Azken urte hauetan indarra hartzen ari den korronte bat zabaltzen ari da islamiar munduan. Azken finean VII. mendeko gizartea eta gaur egungoa zeharo ezberdinak dira eta egokitu egin beharra, goian esandako zutabeak bota edo galdu gabe.

Dena dela, gaia oso korapilotsua da eta Islamaren inguruan dagoen jakin ezak, ezjakintasuna ez esatearren, ez du batere laguntzen. Sinestuko didazu esaten badizut gauzak aldatzen ari direla eta musulmanak ez direla arerioak, batzuk desatseginak izango dira, beste batzuk gorrotagarriak, baino ezin esan musulmana delako,ezin musulman guztiak zaku berean sartu.

Luistxo Fernandez
2010-06-10 : 10:00

Musulmanak era askotakoak izango dira, baina denak daude oker, ez baitago jainkorik, eta fede absurdoen sinesdunen zakuan daude beraz, Munilla, Ratzinger, Pagola eta koadrila osoarekin. Korana eta Biblia eta abarrak modu bakarrean interpreta daitezke: gezurra dira.


Gari Araolazak dio gorago hijab arazo hauek agian gehiago direla lehen belaunaldikoak... ez dakit bada: Eibarko kasua Garik nik bezalaxe ezagutzen du, eta Eibarko musulmanen lehen belaunaldian ez zegoen zapirik. Etorri zen haien abade edo dena delako bat, eta tapatu ziren adatsak.


Josu Mendicute
2010-06-10 : 13:53

Ni ez nago ados beloa debekatzearekin. Uste dut Estatuak bermatu behar duela emakume hauen askatasuna beloa ez eramateko, nahi ez baldin badute. Baina jantzi nahi baldin badute, jantzi dezatela.


Ez dut ulertzen batzuen askatasunaren izenean hain zuzen ere beraiei eskubideak murrizteko mania hori. Burura datorkit Egunkaria itxi zutenean zer esan zuen Angel Acebes (PP) Barne ministroak:


Se trata de una operación en defensa de la lengua y la libertad de los vascos

Ba, hau ere antzera.


burka ere bai
2010-06-15 : 15:49

Ni ere askatasunaren alde.

Horregatik beloaz hareago, ez nago ados burka debekatzearekin. Uste dut Estatuak bermatu behar duela emakume hauen askatasuna burka ez eramateko, nahi ez baldin badute. Baina jantzi nahi baldin badute, jantzi dezatela.



Pozik nago ni bezala pentsatzen duen hainbeste jende dagoela ikusita.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago