Teknologia albisteak
3

Arnaldo Otegik 4.000 zale ditu Facebooken, baina nola jakin bera benetan atzean ote dagoen?

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-04-30 : 13:04

Arnaldo Otegi izeneko Facebook orri bat dago iaztik. Ez dakigu nork sortu duen orri hori, fikziozko zenbait pertsonaia ere baitaude Facebooken (Barbie borroka edo Señoras eibarresas adibidez) lehen pertsonan idazten. Arnaldo Otegiren izenean Garako artikuluak sartu izan dituzte orain arte orri honetan, baina oraingoan espetxetik bidali omen duen mezua zabaldu dute Facebook-eko horma horretan:

Ilusioz eta esperantza osoz jarraitzen ditut E.Abertzalearen azken ekarpenak. ANTOLAKUNTZA eta BORROKA!

Urriaren 27koa da Facebook orrialde honetan aurkitu dugun mezu zaharrena. Arnaldo Otegiren aldeko orria dirudi, Otegirena berarena baino... baina argitaratu duen lerro horiei sinesgarritasun osoa eman diete hainbat komunikabidek, Otegirenak direlakoan. EITBk adibidez atzoko teleberrietan atera zuen, eta honako hau hau sareratu du:

Bere Facebook-eko profilean iragarri duenez, ezker abertzalearen azken adierazpena "ilusioz eta esperantzaz" hartu du.

Sinesgarritasuna baita gaztelaniazko egunkari batzuetatik:

Otegi defiende desde Facebook el impulso de la izquierda abertzale por la vía política. Arnaldo Otegi utiliza las nuevas tecnologías...

Otegi expresa en Facebook su apoyo al último manifiesto de la izquierda abertzale

Otegi defiende desde la cárcel el impulso de la izquierda abertzale por la vía política. Suscribe a través de la red social Facebook la declaración que insta a ETA a asumir la carta de Bruselas.

Baina egiazki, oso zaila da jakitea ea Arnaldo Otegi den, bere ordezkaritza lana egiten lagun batek idazten duen, edo Otegiri babesa emateko norbaitek sortutako orria den. Gaizki pentsatzen hasita, izan daiteke kontra dabilen baten bat, bazterrak nahastu nahi dituena, disimuloan Otegiren aldeko mezuak zabaltzen, ea amuari nork koska egingo.

Ezker abertzaleak Interneten darabilen EzkerAbertzalea.info webgunean ez daude Otegiren ustezko adierazpen hauek. Eta Garak gaur adierazpenen berri eman duenik ere ez du ematen, gutxienez zuhurrago jokatu dute beste medio batzuek baino.

Otegiren ustezko mezu osoa honela agertu zen, herenegun, bi horma-mezutan:

(1.zatia)Aupa zuek! Momentu bereziak bizitzen ari gara EHn. Bide honen bidez eskerrak eman nahi dizkizuet guztiei, bidaltzen dizkidazuen animoengatik.Kartzelatik ere neure animoak bidali nahi dizkizuet, Euskal Herrian,Katalunian,Galizian,Kuban... eta mundu guztian askatasuna eta justiziagatik borrokan zaudeten guztiei.
(2.zatia)E.Abertzaleak berriz ekimena BERE ESKU HARTU DU, eta gure babes osoa behar du. Ilusioz eta esperantza osoz jarraitzen ditut E.Abertzalearen azken ekarpenak. ANTOLAKUNTZA eta BORROKA! irabaziko dugu!Arnaldo Otegi, Matuteneko espetxetik, 2010.eko Apirilaren 28an.

Gero gaztelaniazko itzulpen bat ere azaldu zen, "Viva vosotros" hasten zena.

Erantzunak

aitzela
2010-04-30 : 14:58

Estatu Batuetako Chuck telesaileko atal batean, protagonistak aurre egin beharreko gaiztoari Juan Diego Arnaldo izena jarri diotela konturatu da ikusle bat, eta egin dioten fikziozko fitxan, Elgoibarren.net-en
agertu den argazkian, gainera, Elgoibarren jaiotakoa dela jarri dute. Norengan oinarritu ote dira gidoilariak?


chuck norris
2010-04-30 : 15:21

Eta ez hori bakarrik, Aitzela. Juan Diego Arnaldo delako pertsonaia horrek, antza denez, filosofia ikasketak egin omen ditu :-)

Mikel
2010-05-01 : 00:03

Eta euskaraz ez daki!!!!

Erantzun

Sartu