Teknologia albisteak
6

Mediku batzuentzat derrigorrezkoa izango da gaztelaniazko hizkuntza-eskakizuna

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-04-30 : 10:04

Aste honetan komentagai izan den Patxi Lopezen elkarrizketa horretan, Osakidetzako hizkuntza eskakizunez ere mintzatu zen lehendakaria:

El cirujano al que se le puntúa más por saber euskera que por saber operar. Bueno, todo eso va a desaparecer, para que lo que de verdad puntúe sea la profesionalidad.

Ba ez, hori guztia ez da desagertuko. Izatez, Espainiako Gobernuak dekretua onartu du apirilean hizkuntza eskakizunak ezarriko zaizkiela atzerriko zenbait medikuri, lan egin nahi badute; derrigor gaztelania jakitekoa, eta erkidego autonomoen esku utzita ea euskara, katalana eta galiziera ere eskatu behar den.

Europako Batasunetik kanpoko medikuek Espainian lanik egin behar badute, hizkuntza gaitasuna frogatu beharko dute. Horixe da Espainiako Osasun Ministerioraren proposamenez Gobernuak apirilaren 16an onartu zuen dekretuak dioena.

Los solicitantes de Estados cuya lengua oficial no sea el castellano tendrán también que acreditar su conocimiento suficiente.

Orduan, Argentinako mediku bati ez du ezagutza ziurtatu beharko, baina Indiako batek bai.

Neurriaren arrazoiez ez dago aipurik prentsa-oharrean, baina hau tramitera eraman zutenean, duela zenbait hilabete, orduan bai, Espainiako Osasun Ministerioak eman zuen azalpena:

El proceso prevé la acreditación del conocimiento del castellano, debido a la importancia que tienen las habilidades comunicativas en el ejercicio de la prestación sanitaria.

Alegia, hizkuntza gaitasun komunikatiboa inportantea dela osasun zerbitzuak eskaintzerakoan, Espainiako Osasun ministerioaren aburuz.

Izatez, dekretuak aipatu egiten ditu beste hizkuntza batzuk ere, eta autonomi erkidegoen esku uzten du horien inguruan arautzea:

Las CCAA que tengan reconocida otra lengua oficial, además del castellano, podrán adoptar las medidas necesarias para asegurar el conocimiento de dicha lengua entre quienes obtengan el reconocimiento a efectos profesionales de su título de especialista.

Dekretuaren gainerako alorrak, titulu eta ezagutzak balioztatzeko prozedurei dagozkie.

Rafel Bengoa Osasun sailburuaren adierazpenak

Erret-dekretu honetakoa Anjel Lertxundik aipatu zuen zutabe batean duela gutxi. Lertxundi zain geratu zen ea Rafael Bengoak, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, ezer esango ote zuen, baina oraingoz ez dugu horren berririk.

Iaz, kargua hartu zuenean, Bengoak elkarrizketa batean baino gehiagotan azpimarratu zuen euskararen kontua:

La interconexión profesional en España y en Europa se debe enriquecer y no nos debemos encerrar en nosotros mismos debido al idioma. En las futuras OPE, el euskera no tendrá el rango que ha tenido hasta ahora.

Elkarrizketa horretan bertan, aipatu zuen berak ezagutzen dituela bi lagun aukera profesionalak hizkuntzaren kontuagatik ezin garaturik, Euskal Herritik joan behar izan direnak.

Handik gutxira, Legebiltzarrean ere agerraldia egin zuen Rafael Bengoak, eta matraka horrekin jarraitu zuen:

El derecho a expresarse en cualquiera de las dos lenguas oficiales, debe ser compatible con la capacidad de retener y atraer a los mejores profesionales para hacer medicina de calidad.

Adierazpen horiek iaz izan ziren. Patxi Lopezena, berriz, joan den igandean argitaratu zen gehigarri batean.

Erantzunak

Mikel
2010-04-30 : 12:55

Gaztelania frogatu beharra beti dago, atzerritarra izanez gero, baldin eta atzerriko herri horretan gaztelania hizkuntza ofiziala ez bada. Derrigortasun hori ez da bakarrik Europar Batasunetik kanpoko medikuentzat: munduko pediatrarik onena lapurtar elebiduna balitz, euskaraz eta frantsesez egiten duena, ezin izango luke Osakidetzan edo Osasunbidean plazarik izan.

Gauza bera gertatzen da irakasleekin ere: Hizkuntza Eskola Ofizialetan aleman-irakasle titular izan gura duen alemaniarrak gaztelaniaz badakiela erakutsi beharko du.

Horregatik, euskararen pribilegioez berba egiten dutenean, nahikoa da gauza bakarra eskatzea: euskarak gaztelaniaren tratamendu bera izatea. Funtzio publikoan behar egiteko derrigorrez jakin beharreko hizkuntza bakarra dago, eta hori ez da euskara.

Tolo
2010-04-30 : 14:44

Donostiako Antiguako Osasun-etxean ez dago euskaraz dakien pediatra bakar bat ere.

Gure seme-alabekin elkar-ulertzeko modurik ez dute, beraz.



Eta normalean medikuek haurrengan sortarazten duten sentsazioa bildurarrena bada, harrotza egiten zaien hizkunzta batean zuzentzen zaien bata-zuridunarena biderkatu besterik ez da egiten.



Xabi Martinez
2010-05-03 : 13:14

Antiguako lagun horren erantzunean hitztripu interesgarri bat dago: euskara mediku askorentzat "harrotza" dela aipatzen du.

Xuxen-ek h gabe, "arrotza" idatzi beharko genukeela esango liguke. Zenbait medikuren jarrerari begiratuta, neologismo polita eta egokia dela harrotza iruditzen zait hala ere:



Harrotza: Harroa + arrotza

Anton
2010-05-04 : 12:10

Mediku guztientzat da ezinbestekoa gaztelania menderatzea, ez batzuentzat soilik, goiburuak aditzera ematen duen bezala. Beste lanbideetan ere berdin. Euxkal Herrian euskaldun (eta ez exkaldun) izateko kontzientzia dugunok edukazioz bai baina duintasunez ere (ez begiratu politikari abertzale gehienen jokabideari adibidez) jokatuko bagenu, alferrik arituko lirateke Bengoa, Azcuna, Lopez, Basapizti edo Mayor zangotrabaka.

Gure burua euskalduntzat dugunok euskarazko arreta exijituko bagenu zerbitzu publiko guztietan, edukazioz baina irmo, ipurditxoak mugitu beharko lituzkete arduradunek eta bestek.

Hori baina, zaila da gertatzea ia guztiz akulturizatuta dagoen herrian.

Haurrek eta txakurrek salbatuko bide gaituzte. Lendacari honek ez, bistan da.

patxi lurra
2010-05-04 : 20:31

Rafael Bengoa EAEko osasun sailburua bete-betean eztabaida manikeo honetan sartu da hasikeratik, "profesional onak > profesional euskaldunak" tesia defendatuz.



Beste alde batetik hasikeratik harria botatzen eta eskua ezkutatzen dabil: Osasun sistema publikoa sakon aldatu beharra dagoala, planteamenduak aldatu, bideragarritasun ekonomikoa bilatu,... Alkarrizketa batean eta bestean holan dabil, amagau eta amagau baina gauzak zehaztu barik: Soldatak murriztuko deuskuz? Pazienteek kopuru txiki bat ordaindu beharko dabe larrialdietan atendituta izateagaitik, ospitaleratuta egoteagaitik, probak egiteagaitik...?



Bestela, Donostia Ospitalean aspalditik lan eta lan txingurri batzuk dabilz Medikuntza egiteko ikuspegi barriagaz, Ebidentzian Oinarritutako Medikuntza izenekoa, itzalean eta modu apalean. Ikuspegi hori aplikatu nahi izan dabe azkenean eguneroko lan jardunaldian, eta bidenabar nahikoa ondorio onak ikusi dituzte ikuspegi ekonomikotik, dirua aurreztearena alegia.



Bengoa jauna ei dabil Joxe Artetxe eta bere lankideen eredua goraipatzen, euren emoitzek haren ikuspegi ekonomikoagaz. Eta ez da harritzekoa, profesional onak baitira, Bengoa jauna, oso onak. Eta euskaldunak, euskararen praktikanteak alegiak.

Borda
2010-05-06 : 13:20

Hemen gure sasi-lehendakariaren "sentzudun" hitz batzuk, bere euskarafobia garbian.



Patxi Lopez: "que a un cirujano le puntúe más el euskera que sepa operar va a desaparecer, por sentido común. Ciertas coasa sólo generan rechazo a la lengua"



1) Zirujau batek operatzen badaki, zirujaua da eta. Enuntziatu hori kontraesankorra da beraz.



2) Mediku batentzat, euskeraren ezagutza oposizioko puntu guztien %9 da, baina politiko batzuek hitz jakin gabe hitz egiten dute, edo asmo txarrez



3) Hamaika aldiz entzun dugu, mediku falta dagoela, eta zer esanik ez, zirujauak ez dira sobran egongo. Ez dago kalean geratzen den zirujaurik.



4) Zirujau batek gaztelania jakin behar du nahitaez, bestela derrigorrezko azterketa bat gainditu behar du gaztelania dakiela frogatzeko. Munduko zirujaurik onenak ez du lanik Osakidetzan gaztelania ez badaki, eta berdin da pazienteekin hitz egiten duen ala ez.



5) Beraz, politikari batzuen ikuspegitik, alderantziz jarrita, badirudi zirujau batek, gaztelania badaki, Osakidetzan lan egin dezakeela, operatzen ez badaki ere.





Arrazonamendu mota horri, logikan, Reductio ad absurdum deritza, eta faltsua bada, abiapuntua ezin da egiazkoa izan, alegia, egon daitekeela operatzen ez dakien zirujaua (hau hasieratik dakigu, logikaren premiarik gabe, baina balio du erakusteko munduan nolako astoak dauden).

Erantzun

Sartu