Itzuli orri nagusira Bidali hau

Tangak eta gangak: lagun faltsuak

© cc-by-sa  Maite Goņi ¦ 2010-02-17 ¦ 10:27 ¦ letrak-sare-kantoitik

Izenburuko lehen hitz horiek irakurrita, zein hizkuntzatan ari garela esango zenukete? Ziur nago guztiok gaztelaniaren aldeko apustua egingo genukeela lehenik. Bigarren aukera emanda, euskaraz ere badirela pentsatuko al genuke? Bada...

  • TANGA: iz. 1. Bereziki metalezkoa izan ohi den ontzi txikia, hainbat zereginetarako erabiltzen dena. 2. Tanta. Euri-tanga. 3. Unea, bereziki laburra. (4) iz. Slip txiki baten itxurako bainujantzia, ipur-masailak agerian uzten dituena. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)

 

Publizitatea

Eta beste hitza ere, ganga...

  • GANGA: ARKIT. Bi horma edo zutabe batzuen arteko espazioa estaltzen duen egitura, hainbat forma izan ditzakeena, baina betiere ebakidura bertikalean lerro kurbatuak dituena. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)

 

Txikitatik deigarriak gertatu zaizkit hizkuntza ezberdinetan formaz berdinak baina esanahi oso ezberdinekoak diren hitzak, hau da, ingeleseko eskola partikularretan gure irakasleak false friends deitzen zien horiek: red, embarrassed, carpet, library...

Euskara eta gaztelaniarekin, ordea, ez dut inoiz lagun faltsu horien kontzientzia izan. Gerta liteke bai ni eta baita nire ikasleak ere elebidunak garelako izatea hori, eta, beraz, ondo baino hobeto bereiztea euskarazko baso (euskaraz, zuhaitzez edota zuhaixkaz jantzitako lur-eremua, bereziki gizakiak landu ez duena) eta gaztelaniazko baso edo edalontziaren artean, esaterako.

Azkenaldian, baina, zoriak behin baino gehiagotan ekarri dizkit horrelako adibideak Gaurko hitzara: arestian aipatutako tanga eta ganga, malo, total...

Gauzak horrela, ikasleei ea bakarren bat bururatzen zitzaien galdetu nien aurrekoan, eta hainbat bildu genuen denon artean: galera, uso, alta, isla, lelo, beso, oro, arte… Hitz kontuetan ere, antza, gauzak ez dira diruditena edo, hobeto esanda, zuri guztiak ez dira irinak. Zuei gertatu al zaizue inoiz horrelako nahasteren bat, edo ezagutzen al duzue adibide gehiago?

Irudien lizentziak:
Slip tanga ©cc-by-nd: Manel
Euri tanga © cc-by-nd: Kailash Naik
Sofak ganga edo thrift dendan © cc-by: Chris Dlugosz
Ganga arkitektonikoa, baimenarekin, © Pernan Goņi

ganga300.jpg 16KB (17156 byte)

Erantzunak

#1. Txori izen lizunak

asier ¦ 2010-02-17 ¦ 11:10

Txorien artean ere badira adibide parea: "potorro" (Alca torda) eta "txitxi" (Anthus sp.). Ez dut argazkirik erantsiko.



#2. Re: Tangak eta gangak: lagun faltsuak

Sustatu ¦ 2010-02-17 ¦ 11:14

Ingelesezko false friend gaia bilatuz gero Wikipedian, horra adibide grafikoa: beheko iragarkian ama, horixe, horixe! irakur daiteke holandesez, baina ingelesez, ama hil! hil! hil! jartzen duela ematen du.

#3. Re: Tangak eta gangak: lagun faltsuak

Nerea ¦ 2010-02-17 ¦ 11:19

Woloferaz "tanga"-k beroa esan nahi du...

#4. Re: Tangak eta gangak: lagun faltsuak

Jatsu ¦ 2010-02-17 ¦ 11:36

Euskarazko, hats on bat, ingelesez, txapelak saguzahar gainean

#5. Re: Tangak eta gangak: lagun faltsuak

Beņat ¦ 2010-02-17 ¦ 13:22

Ingeleseko (edo frantseseko) "bizarre", arraroa esan nahi duena. Entzun izan dut euskaratik datorrela hitz hau, "bizar" hitzetik, noski.

#6. Re: Tangak eta gangak: lagun faltsuak

edorta amurua ¦ 2010-02-17 ¦ 13:28

Farregarria izaten da etxean telebistaren "mandoa" galtzen denean, denak hasten gara mando bila! Bilintxek entzungo balu...

#7. Re: Tangak eta gangak: lagun faltsuak

Josu Mendicute ¦ 2010-02-17 ¦ 13:45

Beraz, batzutan tangak goitik behera jausten dira (2)... baina beste batzuetan (4), guk jeisten ditugu.

Bestalde, orain bigarren beherapenak direla eta... kontuz gangekin: lurrikara baten ondorioz ganga behera etorri ezkero, akabo!

#8. Re: Tangak eta gangak: lagun faltsuak

Jozulin ¦ 2010-02-17 ¦ 14:08

Ingelesez play music esaten da musika jo esan nahi dugunean. Nire AEBetako senide batek "jugar la guitarra" esaten du gaztelaniaz-edo ari denean.
Bestalde, potorro eta txitxien ondoan gaztelaniazko "chochín", txepetxa, jarriko dugu. Argazki barik.

#9. Re: Tangak eta gangak: lagun faltsuak

Maite Goņi ¦ 2010-02-17 ¦ 14:13

Aurreko iruzkina Facebook Connect-en bitartez egin dut, baina ez dakit horrekin ez ote den erantzunen haria eteten... Badaezpada ere, hementxe doa berriz.

Esaten nuen izugarrizko parrak egin nituela "tanga" hitza prestatzen ari nintzela, adibide hau ikusi nuenean:

"Zatoz hona tanga batean!"

Irudimenak asko laguntzen du kasu hauetan... ;-)

#10. Re: Tangak eta gangak: lagun faltsuak

Anttonio ¦ 2010-02-17 ¦ 22:24

Ez ezazue ahaztu euskerazko izenik bitxiena duen hegaztia:

Marikoi isatslaburra (Stercorarius parasiticus)

Ez dakit nork jarriko zion euskarazko izena, baina, benetan, originalitate faltarik ez zuen izan.

#11. Azkoitiarren txistea dirudi

Joseba ¦ 2010-02-17 ¦ 23:15

Mama die, die, die ! horrek, barkatu baina azkoitiarren txiste (lizun) baten amaieraren oihartzuna ote duen...

#12. Re: Tangak eta gangak: lagun faltsuak

Benito ¦ 2010-02-18 ¦ 04:35

Lagun faltsuen asunto hau bereziki arriskutsua izaten da pertsona izenekin. Lagun italiar batzuk barre eta barre hasi ziren Euskal Herriko bertsolari txapeldunaren izena entzunda. Hemen arrazoia.

#13. Re: Tangak eta gangak: lagun faltsuak

k.b. ¦ 2010-02-18 ¦ 23:32

izan ere wikipedian sasilagunen zerrenda luzea duzu eus eta esp artean. baita esp eta beste hizkuntza askoren artean ere

http://es.wikipedia.org/wiki/Anexo:Falsos_amigos#Euskera_o_vasco

#14. Re: Tangak eta gangak: lagun faltsuak

mitxel ¦ 2010-02-19 ¦ 08:30

Geitu bokata hitza: Lisiba, arropa lisibatan garbitzeko ekintza; garbitutako arropa-multzoa. 2. (hed.) (Ipar.) Na ...

#15. Re: Tangak eta gangak: lagun faltsuak

Koko ¦ 2010-02-19 ¦ 19:09

Inmigrazioaren garaian, gure aiton-amonak Euskal Herrira etorri zirenean, amonak kontatzen zidan bere herrikide batek honakoa esaten zuela (extremadurako azentuarekin irakur bedi):

"Estos vascos son la hostia; el hijo se mea, la hija lava..."

Ez dakit pare faltsuen sailean sartzen den, baina euskaltegiko ikasleei kontatzen diedanean halako enpatia sortzen laguntzen dit...

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

Letrak Sare Kantoitik

Letrak Sare Kantoitik Anjel Lertxundiren ideia bat da, 1996an idatzi zuen Letrak kale kantoitik liburuaren jarraipen digitala, jendearen ekarpenekin osatu nahi duena. Bere blogean ekin dio lan horri, eta hemen ere osatuko du. Baina sare kantoi honetan beste osagarri batzuk ere badira, Maite Goņi eta Markos Gimenorenak.

Gaurko Hitza: Maite Goņi irakaslearen blog-ideia, egunero euskarazko hitz bat aipagai. Ekarpenak: gaurkohitza@sustatu.com

#Hitzokei: Markos Gimenoren jokoa, asma ditzagun berbak denon artean. Ekarpenak: Twiterren #hitzokei etiketa jarrita edo hona idatzita: hitzokei@sustatu.com

 

 Nabigatu euskaraz