Teknologia albisteak
1

Eremuak zinemaldia gogoan, azpitituluak eremu urriko hizkuntzetako filmeentzat

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2010-02-18 : 10:02

1990eko hamarkadan saio bat izan zen Euskal Herrian zinemaldi berezi bat aurrera ateratzekoa: Eremuak, eremu urriko hizkuntzen zinemaldia. Euskara bezala gutxitutako hizkuntzetan entzuten genituen filmak, euskarazko azpidatziekin. Indigenismo erromantikoa irudituko zaio baten bati, baina 15 urte geroago Berlinalen Magaly Solier kitxueraz entzutea, hunkigarria izan zen niretzat.

Eremuak hil zen, baina La Teta Asustadako kitxuerazko pasarteak, euskarazko azpidatziekin ikusi berri ditut. Eta baita film australiar bat, aborigenoen hizkuntzan.

EKBk eta Zarauzko Udala ziren antolatzaile besteak beste, Eremuak Zinemaldian. Uste dut Euskaldunon Egunkariak ere babesten zuela. Hizkuntza gutxituak entzuteko aukera bat izaten zen Zarautzen, eta azpitituluak izaten ziren euskaraz, oker gogoratzen ez banaiz.

Hura antolatzeko diru asko behar zen, eta ez zen egon ez baliabide propioekin aurrera egiterik, ezta erakundeen babes nahikorik. 1994. urtetik 1997ra iraun zuen esperientzia hark. Gaur, 2010. urtean, Eremuak egitea, ordea, ez dago dirulaguntzen mendean; geuk euskaratu ditzakegu filmak, eta zinemaz disfrutatu.

Ten Canoes

Lima izeneko erabiltzaileak kargatu ditu honentzako azpidatziak Azpitituluak Euskaraz webgunean.

Australiako film bat da, 2006koa, eta bertako urteko zinemaren sarietan nagusitu egin zen urte hartan. Narratzaileak ingelesez egiten du, eta pertsonaiek Yolŋu Matha hizkuntzak erabiltzen dituzte.

Basati zintzoaren inguruko istorio ekologiko bat espero nuen ikusi aurretik, eta hori ere bada, baina ez da guztiz topikoa: kontaketa interesgarria da, baditu gauza berritzaileak filmak, eta pertsonaia/aktoreak faszinanteak dira.

La Teta Asustada

Ten Canoes eta Limaren lana ikusi-irakurrita, animatu nintzen beste lantxo batekin. Egia esanda, La Teta Asustada filmerako azpitituluak euskaratu ditut, baina partzialak dira: filma gaztelaniaz da nagusiki, eta pasarte batzuk dira kitxueraz bakarrik (pasarte esanguratsuak, dena den). Hemen dago Torrent-filmaren torrent-a eta hor, filmarekin baterako. gaztelaniazko azpitituluen fitxategi bat dator, kitxuerazko zatientzako. Horixe da euskaratu dudana.

La Teta Asustada istorio gogorra da. Peruko indigena pobreen bizimodua, emakume gazte baten egoera latza. Claudia Llosa da zuzendaria. Iaz, EKBk eta Zarauzko Udala ziren antolatzaile besteak beste. Uste dut Euskaldunon Egunkariak ere babesten zuela. Hizkuntza gutxituak entzuteko aukera bat izaten zen Zarautzen, eta azpitituluak izaten ziren euskaraz, oker gogoratzen ez banaiz. Hura antolatzeko diru asko behar zen, eta ez zen egon ez baliabide propioekin aurrera egiterik, ezta erakundeen babes nahikorik. Gaur, 2010. urtean, Eremuak egitea, ordea, ez dago dirulaguntzen mendean: lehengoan hizkuntza aboriginal batean mintzatutako filma batentzat aurkitu nituen azpitituluak euskaraz. Eta kitxuerazko beste azpititulu batzuk ere sortzera animatu naiz.

Berlingo zinemanldian, Urrezko Hartza eman zioten. Hunkigarria izan zen Magaly Solier aktore protagonista saria jasotzera irten, eta kitxueraz aritu zenekoa. Blog honetan jakin nuen horren berri. Han desagertu egin da bideo orijinala, baina hor goian itsatsi dut pasartea.

Orain, aurtengo Oscarretarako dago nominatua. Zaila izango du, ze oso film onekin lehiatuko da: El Secreto de sus Ojos, Das Weisse Band eta Un Prophete (azken honetan, kortsikeraz eta arabieraz dihardute protagonistek, Frantzian espetxeratutako presoek; hortaz, Eremuak eraberritu moduko batentzat ere izan zitekeen hori akaso).

Elkarlana

Limak edo neuk euskaratu ditugun lerroak ez dira oso audientzia zabal batera iritsiko. Nik uste dut lau txoro besterik ez gabiltzala azpititulu edo azpidatzien (zuzen-zuzen horrela omen: azpidatziak). Webgune horretan neu hasi nintzen, eta orain Zutagu komunitatean beste foro bat ere sortu da.

Alderdi praktikotik, lana da itzulpenak egitea. Film batek 1.000 edo 1.200 lerro izan ditzake. Lana da hori. La Teta Asustadan, pasarte batzuk besterik ez ziren, eta 150 lerro bakarrik euskaratzea ez zait asko kostatu.

Nola egin film gehiagorekin? Azpitituluak Euskaraz osatugabeen zerrenda bat osatu da, baina inork ez du hartzen lana. Okurritu zait, akaso, merezi duela saiatzea beste metodo batekin. Boluntarioak banan-banan eskatu edo aurkitu, film zehatz bat itzultzen saiatzeko, 3-4 lagunen artean banatzeko lana. Hortaz, hasteko, hemen proposatuko dut lantxo bat, eta boluntariorik azaltzen bada, ondo; bestela, ez naiz deprimituko. Twitterren ere botako dut, #azpitit gakoa jarrita.

Saiatzeko bada, horra nire proposamena.

Atanarjuat

Kanadako film bat da Atanarjuat edo The Fast Runner: Azkar dabilena. Inuit komunitatearen Inuktitut hizkuntzan grabatua, 2001ekoa da produkzioa, eta 2002ko Kanadako film ikusiena izan zen.

Informazio gehiago, Wikipedian eta webgune ofizialean.

Hemen dago torrent fitxategia, ingelesezko azpitituluekin.

Film hau euskaratzeko, 785 lerro euskaratu behar dira. Boluntariorik lana partitzeko? Nahi duenak erantzun beza mesedez mezu honetan bertan, Zutagu-n, edo Twitterren #azpitit idatzita. Eskerrik asko.

Erantzunak

Luistxo Fernandez
2010-03-02 : 16:35

Atanarjuat euskaratzeko ez dira azaldu boluntarioak trumilka, baina agindu bezala, ez naiz deprimitu. Gainera, bakarrik ere ez naute utzi, Facebook-en bi lagun elkartu eta hiruon artean hasi gara itzultzen.


La Teta Asustada ikusteko, aukera telebistan gaur asteartea hilak 2, gauez TVE2/La 2 katean.


Horrez gain, ikusten joan naiz azken aldi honetan Oscarretara izendatutako zenbait film, eta La Tetan kitxuera entzun dudan bezala, korsikerazko dialogoak daude Un Prophete bikainean, eta yiddisherazkoak Coen anaien A serious man filmean.


Erantzun

Sartu