Teknologia albisteak
2

Aukera bat Usurbilentzat, aukera bat Gipuzkoarentzat

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mikel Errekondo, Usurbilgo Alkatea
2010-02-15 : 10:02

Hondakinen kudeaketa dela-eta, zabortegiak behin betikoz baztertu behar dira. Horretarako atez ateko bilketa-sistemak hondakinen kudeaketarako sistema integral baten zutoin nagusia da, konpostatze eta birziklatze programa zabalago baten barruan. Usurbilen urtebetean pasa gara %28 birziklatzetik %82ra. Gipuzkoa osoan gisako programa integratu bat ezartzea oso bidezkoa da, Gipuzkoa konurbazio bezala antolatu baitaiteke logistikoki. Horrela, gainera, ez dugu errauste-plantarik beharko, eta Gipuzkoa jasangarri bat lortzeko bidean urrats ederra emango genuke. Atez ateko sistemarekin ez dago errausten-plantaren inolako beharrik, eta, horrenbestez, gainetik kenduko dugu eskatzen duen odoluste finantzarioa eta osasun-mehatxua. Horregatik eskatzen diot 6 urteko moratoria Gipuzkoako Diputazioari.

Usurbilek eta munduko hiri txiki eta handi askok erakutsi dute hau dela bidea. Errauste-planta gelditzea aginpide morala da. Eman diezaiegun aukera bat Gipuzkoari eta Usurbili.

Alkate zoriontsua naizela esan dezaket. Alkate batentzat, herritarren bizimodua hobetzeko ekimena abiatu, eraginkorra dela ikusi eta hauen babesa izatea bezalakorik ez dago. Otsailaren 27 eta 28an Usurbilen egingo dugun herri-galdeketa 2008ko urritik udaleko talde politikoek herritarrekin batera arduraz osatutako tartari ginda jartzea izango da niretzat. Usurbilgo atez atekoa etorkizunera egin dugun urratsa da. Gipuzkoa jasangarriagora eraman behar gaituen bide-orriaren abiapuntua. Horregatik, Zubietan eraikitzeko asmoa dagoen erraustegiarentzat sei urteko luzapena eskatzen dut.

Azkar eta ondo

Martxoaren 16an atez atekoak urtebete egingo du Usurbilen, eta urtebete eskas batean, sortzen ditugun hondakinen %82 birziklatzen ari gara. Hau da gure eguneroko egia. Bildutako gaien purutasun-maila ere oso altua da: organikoaren %1-2 eta ontzi arinen %5-10ek besterik ez digu egiten ihes.

Lehenik, osasuna

Izan gaitezen zintzo: administrazioak ezin dio inoiz herritarren osasunari kalte egin. Are gutxiago horretarako beharrik ez denean. Atez atekoak, konpostatzearekin eta birziklatzeko beste neurri osagarri batzuekin, herritarren osasunari kalte egin gabe, hondakinen arazoari irtenbide bideragarria ematen dio. Ikerketa berriek erakusten dutenez, erraustegiek isurtzen dituzten mikropartikulak kaltegarriak dira: minbizia eta bihotzeko gaixotasunak eragiten dituzte. Mikropartikula horientzat ez dago filtro egokirik eta, zientifikoki berriak direnez, legeak ez die mugarik jartzen. Nola justifika daiteke osasunari kalte egin eta beste irtenbide bat aurkitzen ez saiatzea?

Herritarrak gakoa dira, ez arazoa

Erraustegiak ez dira saihestezinak. Zabortegien aroa amaitu dela eta jendeak ez duela arazoaren kontzientziarik hartzen ematen zaigu aditzera, eta, beraz, erraustegia egin beste erremediorik ez dagoela. Buztanak buruari iseka egitea bezala da hori. Noiz galdu zuten agintariek jendearenganako fedea? Usurbilen ikusi bezala, informazioa garden emanez jendea arazoaz ohartarazten denean, kontzientziatu eta inplikatu egiten da. Horretarako, benetako eta gertuko komunikazio zuzena behar da, ez propaganda zuria. Usurbilen herritarren %77 ongi edo oso ongi moldatu dira atez ateko bilketara; %12k soilik diote arazoak dituztela. Eta herritarren %68 atez atekoaren alde daude. Administrazioak herritarrengana hurbildu behar du: horretan datza Usurbilgo atez atekoaren arrakastaren sekretuak.

Aurrekontuak izerditan

Zubietako errauste-plantak 400 milioi euroko aurrekontua du. Onartezina da berez, baina areago sasoiotan. Atez atekoa teknologia bikain, ziur eta merkea da, eta aukera ematen digu hondakinen tratamenduan aztertzen diren eta pertsonen osasunarentzat kaltegarriak diren zabortegien eta erraustegien aukerak saihesteko. Garestia delako, eraginkorra ez delako, osasunari kalte egiten diolako eta, gainera, sortzen dituen errauts toxikoak gordetzeko zabortegiak behar dituelako, ezin da erraustegirik onartu. Udalarentzat atez atekoa merkeagoa da: paper eta ontzi arinak gehiago eta garbiago biltzen direnez, diru-sarrerak handitu egiten dira; udalerrian lanpostuak sortzen ditu eta ez dio errauste-plantaren ikaragarrizko finantziazioari aurre egin behar.

Birziklatu eta konpostatu errausketarik gabe

XXI. mendean nekez hartzen du aintzat pertsona zentzudun batek erraustegiaren diru-xahuketa. Erraustegiak inork nahi ez dituen hondakin toxikoak sortzen ditu; atez ateko bilketak, aldiz, birziklatutako materiala birsortzen eta hezkuntza zibikoa sustatzen du.

Energia erre?

Erraustegiarekin sor daitekeen baino energia gehiago aurrezten da birziklatuz eta konpostatuz. Esaterako, 26 aldiz energia gehiago aurrezten da PET botilak birziklatuta, erreta baino. Birziklatzearekin erreketarekin baino 5 aldiz energia gehiago berreskuratzen da, eta ingurumenari lehengai gutxiago kendu behar zaionez, honi egiten zaion kaltea nabarmen txikiagoa da. Hala ere, erraustegiarentzat egiten den inbertsioak ez du bertako ekonomia suspertzen. Hiri handietan ere gauza bera gertatzen da. San Frantziskon (Kalifornia, AEB) atez ateko bilketan oinarritzen den zero waste programari esker, hondakinen %72 birziklatzen ari dira.

Entzun

Horixe egingo dugu Usurbilen otsailaren 27 eta 28an hondakinen kudeaketarako herri-galdeketarekin. Errauste-plantaren inguruan, aitzitik, ez dago horrelako jarrerarik, nahiz eta Eusko Legebiltzarrean 35.000 sinadura aurkeztu ziren. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bizkarra eman die herritarrei, Gipuzkoa Sarean-ek berriki egindako ikerketak erakusten duen bezala. Gipuzkoarren %44 ezer gutxi fidatzen dira Aldundiaz, eta %41 pixka bat fidatzen dira. Herritarrek egungo politikak zuzentzen dituzten baloreak aldatzea eskatzen dute behin eta berriz. Nire ustez, gipuzkoarron balore nagusiek bat egiten dute atez atekoarekin, zarata gutxi egin eta emaitza onak lortzen dituzten eta herrian herriko eta auzoan auzoko lan txiki ondo egindakoak maite baititugu guk.

Sei urteko luzapena

Honen guztiaren ondorioz, Gipuzkoako Aldundiari erraustegia egiteko asmoa sei urtez atzeratzeko eskatzen diot. Aukera bat eskatzen dut: aukera bat usurbildarrentzat, aukera bat gipuzkoar guztientzat. Seattle-ko (AEB) eredua baliagarri izan dakiguke; bertako alkateak luzapena onartu eta zero waste programa jarri zuen abian. Egun, Seattlen hondakinen %50 birziklatzen dira, eta erraustegiaren proiektuak tiraderan dirau. Gipuzkoa hiri handi bat bezala kudeatu daitekeen lurraldea dela kontuan hartuta, lurralde osorako birziklatze eta konpostatze programa zabal bat abiarazteko ere eskatzen dut. Usurbilen lortutako emaitza onekin bizi dugun euforiak bezala, bizilagunek erraustegiari dioten izuak bultzatu nau artikulu hau idaztera. Gure lurra maite dugu, gure familiak maite ditugu eta gure planeta maite dugu. XXI. mendean gaude eta joko-arauak aldatzeko garaia da. Aukeran gaude eta horixe eskatzen dut.

Erantzunak

www.dudipe.info
2010-02-15 : 13:05

Herritarren ahotsaren eredu bat atzo bizi genuen Usurbilen. Hainbat eta hainbat eragile elkartu baitziren Atez atekoaren alde aurpegia eman eta argazki bat ateratzeko. Mila esker!


Eragileak

Joseba Barandiaran
2010-02-15 : 19:15

xabier mikelen argudioek xume bezain sendoak dirudite. berak eskatu aukera ukatzeko argudioak plazaratuko al dira?

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago