Teknologia albisteak

Laranjak Interneten, Valentziatik etxera 24 orduan

Erabiltzailearen aurpegia
Josu Mendicute
2010-02-10 : 13:02

Ez da kontu berria, duela 5 urte pasatxo azaldu zen gaia Sustatun bertan, baina azkenaldian moda-modan jartzen ari omen da. Gure etxean azaro-abenduan hasi ginen laranjak Internetetik erosten. 15 kilo laranja, txartelarekin ordaindu eta etxean dituzu 24 orduren bueltan.

Pasa den astean lagun batek esan zidan azken hilean 4 pertsona diferenteri entzun diela, hasi direla laranjak Internetetik erosten. Gabonetan familian ere komentatu genuen, eta gu ere ez ginen familian bakarrak.

Zergatik funtzionatzen du merkatu honek? Frutadendek saltzen dutenarekin balio erantsi bat dutelako. Edo hori esaten dizute: zuk laranjak eskatu eta egun horretan, edo hurrengoan segun zein ordutan egin duzun eskaria, eta orduan hartzen dituzte laranjak arbolatik. Kaxan sartu eta Seur edo dena delako garraio-zerbitzuaren eskutan jarri. Eta horrek 24 ordutan zure etxera eramaten dizkizu.

Frutadendetan eta supermerkatuetan saltzen dituzten laranjak, berriz, honako prozesua jarraitzen dute, lamejornaranja.com-en azaltzen dutenez:

  • Valentzian, arbolatik hartu
  • Dendari maioristak
  • Kamara frigorifikoak
  • Kontserbante eta koloranteak
  • Almazena
  • Supermerkatuak
  • Supermerkatutik etxera eraman behar

Internetetik erositakoek prozesu hori saihesten dute: eskaera egin eta hurrengo goizean arbolatik jaso eta garraio-enpresa baten esku uzten dute zure laranja-kaxa. 24 orduan etxera ekarri dizute.

Frigorifikoetan almazenatze horrek, ba ote du eraginik frutaren kalitatean? Ez dakit, baina badirudi funtzionatzen duela merkatu honek. Erosten dutenek diote laranja hobeak direla, zuku gehiago ematen dutela, etab.

Internetetik laranjak saltzen dituzten bi webgunerekin probatu dut nik: naranjaslola.com (15 kg, 33 euro) eta lamejornaranja.com (15 kg, 27 euro). Ez dira batere webgune txukunak, baina funtzionatzen ari dira, eta ondo, dirudienez.

Gainera, laranjak etxera iritsi baino apur bat lehenago, sms bat bidaltzen dizute zure mugikorrera, etxean egongo ez bazara abisua eman dezazun. Gure kasuan atezaina daukagu eta ez baldin bagaude berak jasotzen ditu.

Gure etxean, laranjen kalitateagatik baino gehiago, etxera pisua ez eramateagatik egiten dugu. Egunero 2 kg laranja kontsumitzen ditugu laranja-ura egiteko. Hortaz, astebete irauten digu laranja kaxa batek, eta komodoa zaigu.

Erantzun

Sartu