|
Itzuli orri nagusira Bidali hau Tweet Euskaltel penagarri© cc-by-sa Iñigo Fernandez Ostolaza ¦ 2009-12-28 ¦ 08:14 ¦ marketina
Euskaltelekoa dut telefonoa. Ez galdetu niri zergatik, ez baitaukat oso argi: dagoeneko ez duelako kobertura txarra; merkeenen artean ez dagoen arren, hemengo jarduera ugari babesten dituelako; euskaraz egiten didalako... Blogean askotan autozentsuratzen dut neure burua. Lehiakideei zor zaien begiruneagatik, bezero izan nuenak haserre idazten dudala pentsa ez dezan, bezerogai izan daitezkeenak ez uxatzeko, euskalduntze bidean urratsen batzuk ematen ari direnak ez desmotibatzeko… Baina pazientzia galarazi dit Euskaltelen azken iragarkiak. “Llámala din don, llámala din din don…” Nola eman daiteke euskaraz iragarki hori?… Publizitatea euskaraz egitea al da, mezuaren zati bat gazteleraz eman ostean, iragarki amaieran euskarazko errotuluak eta lokuzioa jartzea?… SOS freaks kanpaina hura ere, iragarki osoan zehar gaztelera hutsean jardun ostean (hemen letra), amaieran euskarazko errotulu eta lokuzioa sartuta, euskarazko publizitatea al zen? Erantzun dezagun argi eta garbi: ez, hori ez da euskarazko publizitatea. Publizitate diglosikoa da hori. Euskara erdararen menpe jartzen duelako, eta iragarkiaren “euskarazko bertsioa” ulertzeko gaztelera jakin behar delako derrigorrez. Joera handia du Euskaltelek bere iragarkietan kanten letrekin jolasteko. Ez da hori hemen salatzen ari garena. Bai, ordea, hori beti gazteleraz, eta gazteleraz bakarrik egitea. Las Grecas taldearen kanta bat oinarri hartuta egin zuten “Ná de ná de ná, ná de ná de ná…” iragarki haren “euskarazko bertsioak” ez du funtzionatzen. “Me estoy volviendo loco” kanta oinarri zuen iragarkia ere batez ere gazteleraz eman ziguten euskaldunoi. Berdina egin zuten baita ere “¡Únete a la banda!” iragarkiarekin. “Ti llamo” iragarkiko hitz-joko italiar-espainiarra ere ezin itzuli euskarara. Eta “¿Olentzero o Reyes?” telebista saio itxura zuten iragarki haiek, aurkezle lanetan Carlos Sobera zutelako-edo, gazteleraz bakarrik egin eta eman zituen Euskaltelek. Kanpaina horien atzean dauden erreferente kulturalei erreparatu gabe ere, zeharo salagarria da Euskaltelek bere publizitate kanpaina gehienetan euskarari eta euskaldunoi eskaintzen digun tratamendua. Euskaltelentzat lan egiten duten kreatiboak, edo publizitate agentzia, izan daitezke euskal herritarrak, espainolak, suediarrak, marokoarrak edo beste edozein lekutakoak. Baina Euskaltelek jakin behar luke haiei irizpide argiagoak finkatzen. Multinazionalek beren publizitate agentziekin egiten duten bezalaxe, nazioartean egingo duten kanpaina batek hizkuntza bat baino gehiagotan inolako arazorik gabe funtziona dezan bermatuz. Euskaltelen “publizitate-kanpainek elebidunak izan behar dute”, hala dio enpresak berak bere webgunean, “hizkuntza-politika” atalean. Baina hori ez da nahikoa, jarri ditugun adibideek argi erakusten dutenez. Euskaltelek jakin behar luke bi hizkuntzetan sinatu eta zabalduko dituen publizitate kanpainak, ele bietan “egon” ez ezik, ele bietan “funtzionatu” ere egin behar dutela. “Estoy on line” behin eta berriz zioen iragarki hura, adibidez, “on line nago” entzun genuen euskaraz, eta bi hizkuntzatan ondo funtzionatu zuen iragarkiak. Baina salbuespena izan zen hura, erregela tristea berresten duen salbuespena. Atera ditugun adibide horiek berak bakarrik nahikoak baitira Euskaltelek publizitatean hizkuntza-politika onik ez duela agerian uzteko. Euskara Plana du Euskaltelek, eta bertako langile asko ari da ahaleginak egiten euskara ikasi eta erabiltzeko. Nire txalorik zintzoenak haientzat guztientzat. Lan hori guztia ezertan geratzen da, ordea, publizitate kanpainetan, -kanpora begira enpresa batek egin ditzakeen komunikazio ekintzarik ikusgarrienetan-, horrela jokatzen badu Euskaltelek. Gazteleraz pentsatuz beti, gero kanpainak euskaraz ere funtzionatu behar duela kalkulatu gabe gainera, eta azkenean, euskara menpekotasun erabatekoan zabalduz gehiegitan. Ez al da harrigarria publizitatea ele bietan egiten hamar urte baino gehiago daramatzan enpresa batean oraindik halakoak gertatzea? Euskara Planek ez al dute kontuan hartzen enpresak egiten duen publizitatea? Euskararen presentzia bermatzera mugatzen al dira Euskara Planak? Zilarrezko Bikain ziurtagiria atera daiteke publizitatean hala jokatuta? Hain zaila al da iragarleek beren publizitate agentziei hizkuntza-irizpide argiak finkatzea?… Jatorrizkoa: © Iñigo Fernandez Ostolaza; Euskara eta publizitatea. Sustaturako, cc-by-sa baimenarekin. Erantzunak#1. Re: Euskaltel penagarriikatza ¦ 2009-12-28 ¦ 08:48Euskalteleko iragarki bat ikusten dudan bakoitzean burutik pasatzen zaidana. Benetan elebidunak diren kanpainetan ere asko igartzen zaie kontzeptua gaztelaniaz otu zaiela, gaztelaniaz grabatu dutela eta euskarara itzuli besterik ez dutela egin. #2. Re: Euskaltel penagarriKarloto ¦ 2009-12-28 ¦ 09:13Enpresa batzuen erdipurdikotasunak, axolagabekeriak, utzikeriak edota sustraigabekeriak "Ardanza satia" merezi dute (egun, Lopez Sari Normal Nagusia). Badirudi lehian dihardutela Eroskik, Euskaltelek, Fagorrek eta EITBk (txantxangorriak ere klake egitea... Euskal Herrian dantzarik ez dagoenez...). #3. Rama Lama Ding DongLuistxo ¦ 2009-12-28 ¦ 09:25Publizitate oso hispano-zentrikoa egiten du Euskaltelek, bai. Baina, off-topic bada ere komentatu beharrekoa: benetan, oraingo jingle honetarako aukeratutako kantu orijinala ona da gero, 20. mendeko harribitxietako bat, Rocky Sharpe & the Replays, Rama Lama Ding Dong, hemen Top of the Pops-en. bn #4. Re: Euskaltel penagarriAgur ¦ 2009-12-28 ¦ 11:13Itzulpengintzan dihardut, eta artikuluak salatzen duena egunero ikusten dut egia dela. Nik lan egiten dudan erakundean ere gaztelaniaz pentsatzen dira komunikazio kanpaina guztiak. Egindakoan ekartzen dizkigute euskaratzeko; eta ezinezkoa dela esanez gero, gu geu, itzultzaileok, leloak bagina bezala begiratzen digute. Komunikazio kanpainak pentsatzeko orduan, erreferenteak euskararako eta erderetarako balio behar du, bestela, gaizki gabiltza. Baina hori ulertuko duen agintaririk ez dut uste Euskal Herrian, behintzat, aurkituko dugunik. Hau da desgrazia!! #5. Re: Euskaltel EZ DA penagarrilagun, euskaraz jardun ¦ 2009-12-28 ¦ 18:37Euskaltel-ek euskararen alde egiten duena ez du beste telekomunikazio konpainia bat bera ere egiten. Konparatu besterik ez da egin behar Movistar, Vodafone, Orange...-ekin. Euskara mesprezatzen dute! Euskaldunak, ordea, ez dira euskaltelen bezero euskararen alde egiten duenagatik. Hau da, euskaltelek diru pilo inbertitzen du euskararen alde (publizitatean, ibilaldia, kilometroak, euskaltzaindian...) eta oso gutxi lortzen du trukean. Egia esan ez dut ulertzen nola jarraitzen duten politika honekin, euskaldunek beraiek ez dutelako apreziatzen Euskaltel-en ahalegina. Gainera, euskaltzale erradikalenak -ni ere Euskaltzale erradikala naiz- iragarki hau aprobetxatzen dute kritikatzeko. (bai, gaztelaniazko hitz jokoan oinarritua dago eta euskarara literalki itzultzeak ez du zentzurik, baina lelokeria hutsa da!!) Pe-na-ga-rria! #6. Euskaltel bai, televodaoran euskararen alde zerosapi ¦ 2009-12-28 ¦ 19:05Ni, euskaltzale erradikal naizen honek, eta Ardanza eta enparauekiko sentitzen dudan higuina patrikan gorderik, Euskalteleko bezeroa naizela aldarrikatzen dut, eta behin ta berriz esaten diot entzun nahi duenari Euskaltelekoa izateak Euskaltelek babesten duen hori guztia babestea dela, beste konpainia guztiek euskaldunekiko mezprezu osoz jokatzen dute eta gure dirua beste leku batera eramaten dute. #7. Re: Euskaltel EZ DA penagarriSustatu ¦ 2009-12-28 ¦ 19:22#5. komentarioko anonimo horri: artikulu hau ez du Sustatuk sinatzen, Iñigo Fernandez Ostolazak baizik, eta edozeinek ikusten duen bezala, zeuk baino ganora gehiagorekin, aurpegia emanda izen-deiturekin. Sustatun zerbait interesgarria argitaratu nahi baduzu, Euskaltelen alde edo espiritu santuaren kontra, zeuk idatzi. #8. Viva Francisco...Ugaitz ¦ 2009-12-28 ¦ 19:39...alde honetatik begiratuta, gure Govierno Vasco maiteak egin du trafiko kanpaina ona... euskara eta gazteleraz, euskaldun eta españoletan, bietan pentsatu du behintzat. #9. Sapi-ri erantzunalagun, euskaraz jardun ¦ 2009-12-28 ¦ 23:27Erabat nator zurekin. Euskaltel kalitate aldetik (Zuntz Optikoa batik bat) nahiko ona da eta segituan ematen dizute arreta 1717an (eta euskaraz!). #10. Re: Euskaltel penagarrizigor ¦ 2009-12-29 ¦ 04:03Bale, ados. #11. Re: Euskaltel penagarriJon ¦ 2009-12-29 ¦ 08:32"lagun euskaraz jardun", sapi, zigor... Euskalteleko propagandistak sartu dira Sustatun hala? "Erradikal batzuk"??!! Espainiar erradikala Euskaltelen publizitate hori guztia da. Ezin da itzuli ez euskarara eta ez inglesera eta ez txinerara itzuli ezin diren kanpainak dira eta!! BMWkoa baino askoz espainolagoak denak, BMWrenak itzul daitezke!! #12. Re: Euskaltel penagarriJabi ¦ 2009-12-29 ¦ 11:13Mitoak apurtzearren: Euskaltelen webgunean irakurtzen dudanez, langileen %30ek dakite euskaraz (zenbatek dagiten ez dakigu). Artatu nauten guztietan, lehenengo telefonistak beti gaztelaniaz hasten diren arren, denek euskaraz dakite, baina departamentu tekniko batera pasatu eta beti erdaraz egiten amaitu behar duzu. Duela hiru urte, dibortzioa egin zutenean agur esan nion Euskalteli eta Orangera pasa, "hemengo" bandera laranja eta ekipo ziklista (ezta ikurriña ere) astintzeaz haragoko abantailarik ez zidalako eskaintzen. Orduan behintzat hutsaren hurrengo ziren Ardanzaren enpresak euskarazko ekimenak laguntzeko gastatzen zituen sosak (ez daukat datu zehatzik egungoez, baina gustora irakurriko nituzke). Llamala din-don horretan sartu barik, abantaila ekonomikoei erreparatu nahi nieke: eskaintza kutrea da, urria, eskasa. Askoz tarifa lau eta modulo gehiago daude beste konpainia gehienetan. Telefonoa "oparituta" permanentziaren amarruan jausi nahi ez dutenentzat, terminal arrunt batekin konformatu eta soilik tarifetan fijatzen garenontzat, une honetan estatu osoan dagoen tarifarik onena Eroski Movil-en contigo dugu. Euskaraz dagien enpresa bat, kooperatiba gainera (ez daukat inolako harremanik Eroskirekin, ojo!). Orangerekin dudan permanentzia amaitu bezain laster pasatuko naiz bertara, ta gero aurreztutako dirua nahi dudan bezala gastatuko dut. #13. Iñigorekin adosAlber Agirre ¦ 2009-12-29 ¦ 17:09Ez nahastu kontuak. Nire amaren kuleroak laranjak dira eta horregatik ez naiz Euskaltelekoa. Txirrindularia naiz eta hemengo txirrindularien alde nago baina horregatik ez naiz Euskaltelekoa. Publizitatea kutrea da eta kitto. Hemen ez gaude aztertzen presidentea nor den edota euskarari egin dizkioten ekarpenak. Eta zer da euskalzale erradikala izatea? Nik ez dakit zer den baina hemengo iritzi batzuk ikusita prakak erraz eransten dituzte horiek kantzontzilo laranjak erakusteko. #14. Re: Euskaltel penagarriIñigo Fernandez Ostolaza ¦ 2009-12-29 ¦ 23:02Aurreneko gauza, eskerrik asko Sustatu, nire artikuluari oihartzuna emateagatik. #15. Re: Euskaltel penagarriAsier ¦ 2010-01-02 ¦ 14:00Zenbat publizitate kanpaina egin ditu euskaraz L'Oreal-ek? #16. Re: Euskaltel penagarriEneko ¦ 2010-01-04 ¦ 00:29Berez, uste dut "Rama lama ding dong" kanta The Edsels taldearena dela, 1957 aldera sortu eta 1961ean New Yorken zabaldu zena. #17. Re: Euskaltel penagarriIon ¦ 2010-01-05 ¦ 13:07Argi dago, Asier, ez duzula tutik ere ulertu. L'Órealek agian ez du euskarazko iragarkirik egin orain arte, baina bere iragarkiak (edo Coca-colarenak, edo Adidas-enak, edo Phillips-enak...) oso modu errazean itzuli daitezke edozein hizkuntzara, baita euskarara ere. Esportagarriak dira. Euskaltelekoak, aldiz, ez. Eta nik uste, askoz gehiago eskatu beharko geniokeela Euskalteli, euskararen normalizazioaren arloan, L'Óreali baino. Diot. Erantzun (klik zabaltzeko)Itxi |
Albiste gehiagomarketina gaia duten albiste gehiago
Portadan orain
Pil-pilean!Erantzun gehien izan dituzten albisteak
|