|
Itzuli orri nagusira Bidali hau Tweet Baltasarren dilema: beltza ala belztua?© cc-by-sa Oier Araolaza ¦ 2009-12-29 ¦ 11:15 ¦ jaiakErrege eguna hurbil da eta plaza publikora haserre itxuran agertu dira etorkinen zenbait elkarte. Baltasar erregearen paperean jaiotzez beltzak ez direnak aurpegia baldarki belztuta agertzea burla, gutxiespen keinu eta irain arrazistatzat jotzen dute. Herri guztietan larruazal beltz jatorrizkoak auzokide ditugun garaiotan hobe genukeela “bertsio originalak” egokitzea Baltasarren larruan, eta ez pintura merkez belztutako zurien pantomima sineskaitzak.
Beltz autentikoaren aldeko aldarrikapenak lehendik zetozen. Azken urteotan, Baltasarren aurpegi kolorearen faltsutasuna salatu da zenbait herritan: “Margotuta dagoela antzematen da! Hobe litzateke benetako beltza jartzea”. Badirudi Baltasarren beltztasun jatorrizkoa aldarrikatzen dutenek itsu-itsuan sinesten dutela Santa Klausen bizar zuriaren sortze naturalean, horren inguruko kezkarik ez baita entzun. Folkloreak ez ditu natur zientziek balioesteko moduko egitateak bilatzen, iruditeria propioa du eta mitoekin jolastuz gure kultur tradizioarekin bat egiteko aukera ematen digu. Baltasar beltza da, baina ez Afrikatik etorri zaizkigun lagunen tankerakoa, gure irudimen kolektiboak eraikitako “beltza” baizik. Baltasarren belztasuna kulturala da, ez fisikoa. Baltasarren larru beltza, Meltxorren bizarra, Gasparren koroa edo pajeen arropak bezain faltsua zein egiazkoa da. Olentzero lanetan aritzeko inori ez zaio eskatzen curriculumean ikazkina dela frogatzea, eta sumatzen dugu aurpegia zikin itxurakoa izan arren ez duela sekula txondorrik ikusi ere egin. Inauterietako hartzak ez dira National Geografic-en dokumentaletan ikusten ditugunen modukoak, maiz ardi-larruz eginak daude, eta gainera, batzuk adarrak dituzte! Arizkunen edo Antzuolan hartza agertzean herritarrek badakite inauterietako hartza dela hori, zooan dagoenarekin zerikusirik ez duena. Iruditeria mitikoak ihes egiten dio egiantzekotasunari, baina horrek ez dio benetakotasunik kentzen. Etorkinak integratzeko errege kabalkadan parte hartzea urrats garrantzitsua dela iruditzen bazaigu bikain, ni ere horren alde. Baina aurpegi zurbildun batek Baltasarrena egiteko aurpegia belzteak ez du zerikusirik gutxiespen, trufa eta irain arrazistekin, ez ditzagun gauzak nahasi. Afrikatik etorritako bizikide berriak prest badaude errege lanetan aritzeko fenomeno, baina, izan dezatela, hala nahi badute, Meltxor, Gaspar edo Olentzero izateko aukera eta eskubidea ere, beraien larruaren koloreari zein generoari begiratu gabe. Jatorrizkoa: Argia aldizkaria eta cc-by-sa © Oier Araolaza, Dantzing Erantzunak#1. Re: Baltasarren dilema: beltza ala belztua?Karloto ¦ 2009-12-29 ¦ 13:16Benetako beltzak, Bakearen Nobel saridunak, Yemen inbaditu behar du aurki. Biba Baraktasar! #2. Re: Baltasarren dilema: beltza ala belztua?Cadizeko Olentzero ¦ 2009-12-29 ¦ 14:23Aupa Oier. Bai ni naiz Cádizen jaio den Olentzero. Bertakoa izaki, orain dela 13 urte etorri nintzen Euskal Herrira eta bistan denez euskaldundu naiz. Euskara jakiteak, bizar iletsua eta luzea izateak eta tripadun izateak lagundu naute Olentzerorena 8. urtez Iruñeko ikastola batean egiteko. #3. Re: Baltasarren dilema: beltza ala belztua?bufffffffff ¦ 2009-12-29 ¦ 23:54Eta euskaldunok ondo baino hobeto ezagutzen dugun beste Balta-txar horri Solamiako beltz pare bat eskatuz gero? Ikusiko duzue zein arin ekarriko dizkigun gure Olentzaro batzuen truke. Hauxe duk hauxe gure baltasar petrala hauxe! #4. Baltasar swahilierazGari Araolaza ¦ 2010-01-05 ¦ 07:40Oraintxe bertan Radio Euskadin entzundakoa. Hiru hereje magoek hitz egin dute.
Argi dago Meltxor eta Gasparren egoera "normalizatua" dagoela. Baltasar oraindik paperak ateratzen ibiliko da. ;-) Erantzun (klik zabaltzeko)Itxi |
Albiste gehiagojaiak gaia duten albiste gehiago Portadan orain
Pil-pilean!Erantzun gehien izan dituzten albisteak
|