Teknologia albisteak

Matxin gaztelania-euskara itzultzaile automatikoaren bertsio hobetua

Erabiltzailearen aurpegia
Eleka Ingeniairtza Linguisitkoa, S.L. ; Ainhoa Salegi
2009-12-16 : 09:12

Eleka enpresak Matxin gaztelania-euskara itzultzaile automatikoaren bertsio hobetua garatu du. Elhuyar Fundazioarekin eta EHUko IXA taldearekin elkarlanean garatu da.

Bost urte pasa dira Eleka Ingeniaritza Linguistikoa, SL Galiziako eta Herrialde Katalanetako enpresa eta unibertsitateekin batera Opentrad kode irekiko itzulpen automatikorako plataforma garatzen hasi zenetik (www.opentrad.com).

Matxin gaztelania-euskararen bertsio hobetua Opentrad plataformaren parte da, eta bertan itzulpen automatikoko teknika ezberdinak erabili dira.

Koldo Mitxelena Kulturunean atzo egin zen jendaurreko aurkezpenean Elekako kudeatzaile Inaki Irazabalbeitia, Elhuyar Fundazioko proiektu kudeatzailea Josu Waliño eta IXA taldeko Iñaki Alegria izan ziren. Adierazitakoaren arabera, aurrez zegoen gaztelania-euskara itzultzaile automatikoaren bertsioaren eboluzioa da aurkeztu dena.

Matxin kode irekiko aplikazioa da, eta Opentrad plataformaren parte da. Gaur aurkeztu den bertsio berrituan bi ezaugarri nabarmen daitezke. Alde batetik, gaztelaniatik euskararako itzultzailea hobetu da. Hau da, gaur aurkeztutakoa 2006an aurkeztu zen prototipoaren bertsio berritua da, eta itzulpenen kalitatean nabarmen hobetu da. Beste alde batetik, euskaratik gaztelaniarako Matxin itzultzailearen lehen prototipoa sortu da. Bi itzultzaileak www.opentrad.com web-orrian erabil daitezke doan.

Itzulpen automatikoaren munduan itzulpenerako bi metodo erabiltzen dira: erregeletan oinarritutakoa eta estatistikoa. Erregeletan oinarritutako sistemak informazio linguistikoarekin funtzionatzen du, alegia, informazio horren araberako erregelak sortzen dira. Estatistikoa, aldiz, lehendik egindako itzulpenetan oinarritzen da, eta jakintza hori erabiltzen du hurrengo itzulpenak egiteko garaian. Gaztelania-euskara itzultzaile automatikoaren kasuan bi teknikak garatu eta Matxinen integratu dira. Euskara-gaztelania itzultzailearen kasuan teknika estatistikoak bakarrik erabili dira.

Matxin gaztelania-euskara sistemaren balio erantsi garrantzitsuena da Opentrad kode irekiko sistemaren barruan dagoela. Ondorioz, gaztelania-euskara motorra behin garatu ondoren, komunitatearen esku geratzen da. Horrela, edonork bere beharretara egokitu dezake lizentzia ordaindu beharrik gabe.

Aurkezpenean esker oneko hitzak izan zituzten Donostiako, Gasteizko eta Arrasateko Udalentzako, IVAPentzako, Eroskirentzako, EiTBNETentzako eta Aldaketa 16 aldizkariarentzako, beraiek lagatako itzulpen-memoriak oso baliagarriak izan baitira sistema estatistikoaren entrenamendurako. Ekimen honek Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren, eta Espainiako Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren laguntza izan du, Gaitek eta Profit deialdien bidez, hurrenez hurren.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago