Teknologia albisteak
2

Non dago auziaren jatorria? (1)

Erabiltzailearen aurpegia
imanol murua uria
2009-12-01 : 09:12

Guardia Zibilaren txosten batean dago auziaren jatorria. Egunkaria itxi baino ia bi urte lehenago, euskalgintzako eta euskal kulturako hogeitik gora enpresei buruzko txostena egin zuten Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuek, eta Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileari aurkeztu zioten, 2001eko ekainaren 6an. 09/2001 txostena zen. Izenburua: Sobre la presunta vinculación de un entramado empresarial con financiación de la banda terrorista ETA.

14 egun falta dira epaiketarako.

Txosten horretan, enpresa horiek ETAren sare ekonomikoaren parte izan zitezkeela zioten Guardia Zibileko ikerlariek, inolako zantzurik edo frogarik eman gabe, susmo hutsean oinarrituta. Enpresa horien eta enpresa horietako hainbat pertsonaren aurkako salbuespen neurriak baimentzeko eskatu zioten epaileari, lotura ekonomiko horiek ikertzeko. Eta epaileak baimena eman zuen.

Horrela hasi zen auzia, inork ezer ez zekiela, Egunkaria itxi baino bi urte lehenago.

Zer gertatu zen ikerketa horrekin? Telefono entzuketak egin zituzten, diru kontuak arakatu zituzten, Ogasun eta Gizarte Segurantzara jo zuten datu susmagarrien bila� baina ez zuten ezer aurkitu, ikerketak ez zuen eman Guardia Zibileko Informazio Zerbitzuetako ikerlariek espero zuten emaitzarik.

Orduan, ikerketari beste norabide bat eman zioten, enpresa horietako bakarrean jarri zuten arreta: Euskaldunon Egunkaria.

Biharko galdera: Zertan oinarrituta itxi zuten Egunkaria?

Egunkaria kasuko FAQ edo galdetegia.

Erantzunak

Sustatu
2009-12-01 : 15:47

Gaurtik aurrera atal berria du Sustatuk, bistan denez: Egunkaria libre!. Egunkariaz jardun izan dugu lehenago ere, baina epaiketarako bi aste baino falta ez direla, merezi zuen zerbait berezia gai honek.


Egunez egun Egunkaria auziaren nondik norakoak gogoratuko ditu Sustatuk. Imanol Murua Uriaren eskutik, 14 edo 15 galderako FAQ bat osatuko dugu: egunero auziari buruzko galdera bati erantzun diogu, epaiketa hasi bitartean. Muruaren argibide hauez gain, beste albiste batzuk ere sar daitezke atal honetan, noski, eta epaiketa hasten denean haren jarraipena egiten saiatuko gara halaber.


Sustatu
2009-12-01 : 16:45

Era berean, auzi honen inguruan argitaratu izan diren artikuluak Egunkaria libre gaira ekarri ditugu. Zaharrena, itxieraren berri latza, 2003ko otsailekoa.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago