Teknologia albisteak
22

Gezurra da: euskara ez da munduko hizkuntza zailena

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-11-18 : 09:11

Blogari batek nonbaitetik ateratako zerrenda bat kaleratu du sarera: ikasteko zailenak diren hizkuntzak. Eta euskara omen da lehena, munduko hizkuntzarik zailena. Blogariak aipatzen duenez, Erresuma Batuan egindako azterketa edo inkesta ofizial baten emaitza da hori, baina azterketa horren estekarik ez du ematen: ez dirudi inkesta hori egiazkoa denik. Eta euskara ere ez da munduko hizkuntza zailena: Larry Trask zenaren euskarari buruzko FAQ-a gogora dezagun Buber orrietatik berreskuratuta.

Lexiophiles blogean agertutako zerrendaren arabera, hau da ikasteko zailtasunaren eskalan, munduko hizkuntza zailenen sailkapena:

  1. Euskara
  2. Hungariera
  3. Txinera
  4. Poloniera
  5. Japoniera
  6. Errusiera
  7. Alemana
  8. Koreera
  9. Ingelesa
  10. Swahili

Blogariak dioenez, zerrenda honen jatorria zera da: a survey conducted by the British government. Erresuma Batuko gobernuak egindako inkesta bat. Baina ez du ustezko ikerketa horren berri ematen, eta zalantzazkoa dirudi egia denik. Inork aurkitzen badu, esan dezala. Erresuma Batuko Foreign Office edo atzeri ministerioak egin zuen azterketa bat diplomatikoen artean, eta horren berri aurkitu dugu hemen. Zerrenda konpletorik ez da ageri hor, baina diplomatikoen artean Hungariera da zailena, eta gero japoniera.

Eta euskararen zailtasunari buruz, gogora ekar dezagun Larry Trask hizkuntzalariak Interneten duela dozena bat urte jarri zuen FAQ edo galdetegia, euskararen inguruko zalantza eta mito batzuk argitzeko modukoa. Trask hil ondoren, Blas Uberuaga Buberrek berreskuratu zuen material hura eta bere webgunean dago orain. FAQeko zortzigarren puntuan, hain zaila da euskara ikastea?

Q8. Is Basque exceedingly difficult to learn?
A8. Not at all. Today thousands of people speak Basque as a second language; among these are native speakers of Spanish, French, English, Dutch, German, Japanese, and other languages. In fact, Basque is a rather easy language to pick up, while mastering it is no more difficult than mastering any other language. The pronunciation is easy, the spelling is regular, there is no grammatical gender, there are no noun-classes or verb-classes, and there are no irregular nouns and hardly any irregular verbs.

Ez, euskara ez da zaila. Bigarren hizkuntza gisa milaka lagunek ikasi dute. Izatez, euskara harrapatzen hastea nahikoa erraza da, eta ondo jakitea, ez beste hizkuntza batzuk ondo jakitea baino zailagoa. Ahoskatzea erraza da, ortografia erregularra, ez dago genero gramatikalik, izen edo aditz klaserik, ez dago izen irregularrik eta apenas aditz irregularrik.

Erantzunak

ikatza
2009-11-18 : 10:39

Izan ere, grazia egiten didate "euskara ikastea zaila da ordea!" esan eta aldi berean frantzesa edo alemaniera ikasten ari direnek. Euskararen zailtasunarena gehienbat aitzaki bat dela iruditzen zait niri.

Karloto
2009-11-18 : 12:01

Hizkuntzarik zailena ikasi nahi ez den horixe da. Besteak zioen modura, euskaldunak omen gara munduko azkarrenak, frantsesez edota espainolez ikasi dugulako eta espainolek eta frantsesek euskaraz ikasi ez dutelako, bi punturen arteko desberdintasuna A-tik B-ra edo B-tik A-ra berdina izanik. Espainol eta frantses diogun horretan kabitzen dira katalanak, gailegoak eta enparaua. Horren erantzuna izango du, seguruenik, Julen Retegi erdaldunari Julian Retegui euskaldunak euskaraz irakatsi ez dion aita eta maisuak.

Ideolojia
2009-11-18 : 12:15

Euskara hizkuntza zailtzat jotzea euskararen kontrako ideolojia da.


Hona Juan Antonio Moreno Cabrera hizkuntzalariak gaiaren inguruan emandako hitzaldi baten laburpena.


Aritz
2009-11-18 : 13:29

Edozein hizkuntza ikastea zailea da arrazoi batengatik: ehunka orduz ikasi behar dugu ondo ezagutzeko, ondo erabiltzeko. Beraz, azken batean, motibazioa gakoa da. Besterik ez.

Benito
2009-11-18 : 13:41

Euskararen (eta beste hizkuntza askoren) zailtasunaren inguruko topiko hauek ez dira ez berriak, ez desinteresatuak, aspaldian ari gara entzuten eta batzuk behin eta berriz zabaltzen.
Baina uste dut kontu honetan galdera beste bat dela. Nolatan agertu da euskara zerrenda horretan "top dog", ikerketa edo inkesta horren berri ematen duten beste iturrietan aipatu ere egiten ez den bitartean?
Inork aurkitu du diplomatiko britainiarrei egindako inkesta horren datu fidagarriagorik?
Edonola ere, inkesta hori diplomatiko britainiarrek hizkuntzei buruz dituzten pertzepzioen batez bestekoa baino ez litzateke izango, eta EHn Erresuma Batuak kontsulatu bat baino ez dauka, Bilbokoa hain zuzen ere (edo ez dut besterik aurkitu behintzat).


Luistxo Fernandez
2009-11-18 : 13:52

Nik ez diot tankera fidagarria hartzen Lexiophiles horri. Kaleko seinale elebidunei buruzko artikulu honetan ikusten zaio jitea, dena frantsesez balitz zein argia litzatekeen... Badirudi ozta-ozta duela frantsesak presentzia Euskal Herrian. Eta eskerrak, dio, bestela zein ulergaitza litzatekeen paisaia linguistikoa.


Irudika ezazue, Kanbo idatzita kartel elebakarrean, zein gogorra ulertzeko eta zein diskriminatorioa azpiratuta bizi den beste hizkuntza horrentzat, frantsesarentzat...


Fakun
2009-11-18 : 15:37

Gezurra galanta, gaztelania edo frantzesa zailagoak baitira.

Hurbil
2009-11-18 : 17:21

Hizkuntza bat zaila dela esatea, leku bat urrun dagoela esatea bezala da. Kontua da nondik abiatzen den.

ADos nago, kontrako ideologia hutsa.

Bestalde, zergatik ez dira frantzesa, espainiera, serbokroaziera, edo hopi hizkuntza agertzen, esaterako?

Zeinentzat da zailagoa ikasten poloniera japoniera baino?

Benito
2009-11-18 : 20:12

EITBk ere horrela dio: Euskara da munduko hizkuntza zailena


Sinistu egin beharko dugu azkenean.


Borja Ariztimuño
2009-11-18 : 20:21

Oraintxe ikusi dut EITBko albistea. Hori da hori euskara ikasteko motibazioa galarazi nahia! Erresuma Batuak dioelako izango da orain zaila euskara? Ez, barka, 23 herrialdetako diplomatikoek diote... Zein 23 herrialde? Zein diplomatikok? Mayor Oreja diplomatikoen taldean sartu dute? Horietako zenbatek nahi izan du euskara (eta beste bederatziak) ikasi eta zein saiatu da?...psss.. ¬¬'

Jozulin
2009-11-18 : 22:24

Ba nik inkesta bat egin dut eta diplomatiko britainiarrak dira lerdoenak. Egia izango da, beraz.

Ideolojia gehiago
2009-11-18 : 23:40

Hemen kontrakoa dioen beste hizkuntzalari bat. Durk Gorter, Ikerbasqueko hizkuntzalari eta ikerlari frisiarra:


Saihesten ari naiz euskara zaila dela esatea. Euskara ezberdina da, Europako beste hizkuntzekin konparatuta. Kexa hori darabilten erdaldunek nik baino abantaila handiagoak dituzte: ahoskera, soinuak berberak dira, hizkuntzaren alderdi pragmatikoa... Euskara oso logikoa da; ez daukazu ia salbuespenik, arauak oso finkoak dira.

Argian elkarrizketa osoa.


Sustatu
2009-11-19 : 11:55

Interesgarria bai, Argiako Gorterrena. Eta Argia.com-en baita ere, Gorka Bereziartuaren iruzkina kontu honetaz, bereziki nola EITBk eman duen albistea, informazio objetiboa bailitzan.


Jozulin
2009-11-19 : 14:28

Ba sentitzen dut, esan behar baitut euskara benetan zaila dela. Bestela ezin ulertuko genuke euskal irrati telebista izeneko leku batean "hungariarra, japoniarra edo errusiarra" idatzita ikustea hungariera, japoniera edo errusieraren lekuan. Are gutxiago ulertuko genuke "hizkuntza sailenen (sic) zerrenda"-z hitz egitea. Benetan zaila behar du...

Mattin
2009-11-19 : 16:41

Urrutira joan gabe, Euskadiko Hezkuntza sailburua ere iritzi berekoa da (Noticias de Gipuzkoa, 2009-06-11)



«La nueva consejera de Educación, Isabel Celaá, reivindicó ayer "el importante esfuerzo" que el colectivo de euskaldunberris ha venido realizando durante los últimos años en la escuela y se atrevió a relacionar los malos resultados obtenidos por los alumnos vascos en Ciencias (según los datos del informe Pisa) con el euskera. "No es que nuestros estudiantes sean más tontos, sino que el euskera es una lengua muy difícil: no es como el catalán, que se aprende en tres meses", aclaró la titular de Educación.»

Berdin dio nor naizen
2009-11-19 : 18:18

Hizkuntza guziak dira originalak.

Hizkuntza guziak dira bereziak.

Eta edozein hizkuntza da zaila... ez dakienarentzat edo ezin ikasiz ari denarentzat.

Sustatu
2009-11-23 : 09:17

Doako 20 Minutos egunkariak ere argitaratu du gezurrezko albiste hau, inondik ageri ez den ikerketa britainiar ustezkoaren berri emanez.


Luistxo
2010-09-03 : 22:47

Iazko gezur hau, berriz errepikatu du ETB1ek gaur gaueko albistegian: Foreign Officeren bidez, nonbait enbaxadore britainiarrei galdetuta, jakin dutela euskara dela munduko hizkuntza zailena. Dani Martirena kazetariak eman du albistea.


2012-10-23 : 16:50

Bai, eta frantsesa maitasunerako hizkuntza, alemana filosofiarako... Eta X ooooso urrun dago eta Y ooooso gertu eta Z oooooso polita da. Mesedez, ze ergelkeria. Dena dela, poztu gaitezen, EHn bereziki azkarrak garelako. Beitu zenbat euskaldunberri

2012-10-23 : 16:58

Gure alabaren ustez, aldiz, zailena gaztelera da.

2012-10-23 : 17:00

Bai, eta a ze argiak gure haurrak, hizkuntzarik zailena ikasi behar badute ere munduko gainerako haur guztien adin berean hasten dira hizketan.

2012-10-24 : 02:15

Zaila? Zaila da nahi izaten.

Eta askok nahi ez.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago