Itzuli orri nagusira Bidali hau

Euskaltzaindiaren Erlea aldizkaria egin den modua salatu du Amaia Markuletak

© cc-by-sa  Sustatu ¦ 2009-11-11 ¦ 11:49 ¦ liburuak

Euskaltzaindiak Bernardo Atxagaren zuzendaritzapean berriki kaleratutako Erlea literatur aldizkariari kritika gordina egin dio Amaia Markuleta itzultzaileak Gara egunkarian. Asmoari egoki iritzita, egin den moduan "adiskidekeria" dagoela dio Markuletak:

Euskal musikarien artean Kepa Junkerari emandako dirulaguntzaren aurrean eman zenaren antzeko erantzunen bat sortuko zela uste nuen. Bistan da ezetz. Ustel usaina dago gure letren errepublika -edo oligarkia?- txikian.

Erref.: Euskaltzaindiaren Erlea aldizkaria egin den modua salatu du Amaia Markuletak (www.gara.net)

Publizitatea

Erantzunak

#1. Re: Euskaltzaindiaren Erlea aldizkaria egin den modua salatu du Amaia Markuletak

xabier mendiguren elizegi ¦ 2009-11-12 ¦ 14:57

Ez nator bat Amaia Markuletarekin, eta publikoki nahi dut esan. Herri honetan trebeago baikabiltza inork egiten duena egurtzen eta lurperatzen, animoak ematen baino.

Literatur aldizkari bat ez da herri-kontrata bat, papera non erosi ere lehiaketa publikoz erabakitzeko. Talde trinko bat behar da, homogeneoa eta elkarren konfiantza duena, lana behar bezala egingo badu. Bernardo Atxagak hartu du bere gain "Erlea" aurrera ateratzeko ardura, eta normala iruditzen zait bere inguruko jendearekin jardun nahi izatea.

Hori baino inportanteagoa: "Erlea" hartu dut esku artean eta, bistarako gauza ederra izateaz gainera, zer irakurri asko eta ona du. Beraz, Bernardo eta lagunak: ez egin jaramonik maiseatzaileei, eta segi zeuen bidean.

#2. Re: Euskaltzaindiaren Erlea aldizkaria egin den modua salatu du Amaia Markuletak

Aitor Elgezabal ¦ 2009-11-12 ¦ 15:26

Tira, nik esango nuke kritikatzen dena ez dela "Erlea" bera, baizik eta egiteko modua.

Euskaltzaindiaren aldizkaria hurbilago beharko luke deialdi publiko batetik talde jakin batetik baino, ezta?

Gainera, Euskaltzaindiak badu argitalpen zerbitzu finko eta trinko bat, ez dut ulertzen zertara datorren egiteko modu hau (hor dago talde-lanean egindako "Literatura terminoen hiztegia" zoragarria, kasu).

Eskutitza ez zait debaldekoa iruditzen ezta maiseaketa hutsarako egina ere. Ondo dago horrelako gaiak mahaigaineratzea, eztabaidatzea edo, beharrezko ikustekotan, salatzea

#3. Re: Euskaltzaindiaren Erlea aldizkaria egin den modua salatu du Amaia Markuletak

Eneko Zuloaga ¦ 2009-11-12 ¦ 15:34

Xabierrekin guztiz ados, bere lehenengo esaldiarekin batez ere. Bestelakorik nahi duenak ere erraz dauka: egin dezala berea, nik pozik irakurriko ditut biak.

#4. Re: Euskaltzaindiaren Erlea aldizkaria egin den modua salatu du Amaia Markuletak

Miriam ¦ 2009-11-12 ¦ 15:50

Hori ez da guztiz zintzoa, Eneko. Bestelakorik egin nahi duenak ez du debalde bat egitea. Euskaltzaindiak dirua, baliabideak e.a. eman ezkero ziur beste askok ere pozik egingo dutela literatur aldizkari bat, ezta? Eta kasu horretan, ados, guztiok ere gustura irakurriko ditugu.

#5. Re: Euskaltzaindiaren Erlea aldizkaria egin den modua salatu du Amaia Markuletak

Eneko Zuloaga ¦ 2009-11-12 ¦ 16:22

Aitzaki merkea da hori. Euskaltzaindiaren baliabiderik ez zituen Atxagak berak Pott sortu zuenean. Bide batez, ez dut uste erakunde horren babespean egin izanak gauzak debalde utzi dizkionik Atxaga zein kudeaketan dabilen beste inori.

#6. Re: Euskaltzaindiaren Erlea aldizkaria egin den modua salatu du Amaia Markuletak

Xabier Etxaniz Erle ¦ 2009-11-12 ¦ 16:38

Nik dakidanez, eta prentsaren bidez dakit, Atxagak ideia bat proposatu zion Euskaltzaindiari (honelako aldizkaria, honelako jendearekin, honela egituratuta,...) eta Euskaltzaindiak onartu egin zuen.
Amaiaren artikuluan kontu asko iradokitzen dira, badirudi Atxaga aberasten ari dela Pamielan (ni eta ni bezalako beste milaka batzuk Berria egunkariarekin bezala????), badirudi Maria Garikanoren balioa emaztea izatea dela eta ez berez duen esperientzia, badirudi kolaboratzaileen artean batzuk falta direla (ez zaiela utzi? boikotatu???),...
Niri, artikulu mingarria suertatu zait, malaletxerekin idatzia eta kontuak argitu beharrean (proposamenak egin beharrean) kakaztu egiten dituena.
Xabier Mendigurenekin guztiz ados nator ni ere.

#7. Nor da Amaia Markuleta?

Sustatu ¦ 2009-11-13 ¦ 13:44

Zurrumurru batzuen arabera, salaketa libelo anonimo bat da. Gorka Bereziartuak Amaia Markuleta izenaren egiazkotasuna zalantzan jarri du eta bi galdera planteatu ditu:

  • Susmoak konfirmatuz gero, haren iritziak balioa galduko ote luke?
  • Zergatik hasi dira ugaritzen pseudonimoak euskal letretan?

Gorka Bereziartuaren gogoeta Boligrafo gorrian

#8. Re: Euskaltzaindiaren Erlea aldizkaria egin den modua salatu du Amaia Markuletak

Pruden Gartzia ¦ 2009-11-13 ¦ 21:10

Gorkaren lehen galdera txarto planteatuta dago, nire ustez.

Alegia, izena benetakoa izatean beti pentsa genezakeen gaxte ausart, sutsu eta desinformatu baten gogoeta dela; letren munduan ez litzateke arraroa izango, ez hemen, ez inon, inkluso esango nuke "gaztetako pekatu" tipiko horietakoa izan daitekeela (pour épater uste dut esaten dela/zela frantsesez, garai bateko Saint-Germain-des-Pres inguruetan).

Baina anonimoa izateak esan nahiko luke zitalkeria hutsa izateko aukerak dezente igotzen direla.

Zitalekin ez dago zertaz eztabaidatu. Zital ezezagunekin, gutxiago.

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea