Teknologia albisteak
2

Berlingo harresia 1989, memoria pertsonal bat

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2009-11-09 : 08:11

Duela 20 urte, 1989ko azaroan astebeteko opor batzuk moldatu nituen, eta lagun baten lagun baten etxera joateko aukera izanda, Berlinera joan nintzen bakarrik. Asteazken batean iritsi nintzen, eta ostegunean, 1989ko azaroaren 9an (nire anaia nagusi eta aitapontekoaren urtebetetzean) Berlingo Harresia behera etorri zen. Harrokeria izango da, baina gustatzen zait pentsatzea hiri batean barik, historiako abagune bitxi batean egin nituela opor txiki haiek.


Argazkiak.org | Berlin 1989, Brandenburg gate © cc-by-sa: frederik.ramm

Gogoan dudan irudietako bat, Brandenburgoko atean sekulako kamera eta satelite-plater despliegeak, telebista kate amerikarrek zuzenean historiaren aurrean jar zitzaten beren teleberri aurkezleak.

Kreuzberg auzoan (Kleine Istanbul edo Istanbul txikia ere esaten zioten) zegoen berlindar haren etxean eta, egia esanda, harresiaren irekiera izan zen egunean, ostegun hartako iluntzean, ez etxe-jabe aleman hura ez bere apopilo euskalduna ez ginen enteratu zer gertatu zen, harresiaren lerroa handik 300 metro eskasera igarotzen bazen ere.

Arte TV katean ikusi nuen duela gutxi iluntze hartako sekuentzia: krisi latz batean zegoen Ekialdeko Alemania, eta presioen pean, hartu zuten halako batean erabakia harresia ireki beharra zegoela. Baina iragarpen hura, ustez prozesu bat eta lege berrien ezarpenaren iragarpena izan behar zena, ministro batek zuzenean gauza egintzat eman zuen prentsaurreko batean, zuzenean telebistan. Alegia, Gobernuak mugak irekitze aldera neurri batzuk onartu zituen, baina ministroak azaldu zuen muga irekita zegoela jada. Gutxi gora-behera horrela izan zen. Arte TV-ren webgunean informazio ugari dago haren inguruan.

Ministroaren iragarpen okerrak, beraz, Berlingo jende mordoa harresira erakarri zuen, eta mugazainak, herritarrak bezain harrituak ministroaren iragarpenarekin, hasieran ez zekiten zer egin, alto ala aurrera, baina halako batean, kontsigna zabaldu zen, jendeari uzten pasatzeko. Eta gau hartan bertan izan ziren lehen gurutzatzeak, jendea trumilka muga kontroletan, eta baita punturen batzuetan harresira igota ere.

Ni, horretaz guztiaz biharamunean enteratu nintzen. Goiz jaiki, kalera irten, eta ea, Berlin ezagutzera. Kalean zeozer bazegoen arraroa... jende asko, eta zurrumurru moduko bat bazter guztietan. Eta egunkari baten portada ikusi nuen izkina batean, eta alemanez jakin barik, letra tipo potoloa eta beltz hartan zetorrena ulertu nuen: DIE MAUER IST WEG, BERLIN IST WIEDER BERLIN.

Gerra Hotzaren amaiera azaltzen

Hurrengo egunak oso dibertigarriak izan ziren niretzat. Martxa dexenteko hiria zen Berlin, eta asteburu hartan, bereziki egon zen martxa. Nire inpresioak ez du asko balio, baina esango nuke ekialdeko sistema komunistak asperdurak akabatu zuela. Mendebaldea, telebistatik Berlingo kate mendebaldarrek transmititzen zuten mendebaldea, ekialdeko kale grisetan bizi zirenentzat oso erakargarria zen. Eta neure ikuspegi partikularretik, esango nuke baietz, erakargarriagoa zela, ez bakarrik telebistako irudiagatik, baizik eta kaleko biziagatik, eguneroko kontu txikiengatik: Mendebaldeko Berlinek mila buelta ematen zizkiola Ekialdekoari. Txuloagoa zela, eta erakarpen horren kontra ezin izan zutela ezer egin.

Analisiak egongo dira hortik, Gerra Hotza garaipen okzidental erabatekoarekin zergatik amaitu zen azaltzeko. Afganistanen eta misilen karrera nuklearrean, Reaganek gogor eta garesti jokatu eta militarki gailendu izana izan daiteke bat. Desoreka ekonomiko gero eta nabarmenagoa: sistema zentralizatu komunistek baino hobeto zebiltzan akaso ongizate-estatu mendebaldarrak, Europako jokalekuan bederen. Herrien edo herritarren "askatasun gogoa" ere aipatuko dute batzuek. Nik uste dut, ostera, abantaila kultural eta estetiko ikaragarria zuela Mendebaldeak: hor ez zegoela lehia posiblerik. Analisi sinpleegi bat besterik ez, nire iritzia eta punto.

Oso hiri berezia zen Mendebaldeko Berlin. Harresi batek inguratuta, beste estatu baten mugen barruan zegoen irla bat zen. Ni trenez iritsi nintzen Euskal Herritik, eta bidaiaren azken tartea, Ekialdeko Alemanian zehar, geldialdirik gabe egiten zen tren zehatz hartan. Hala ere, harresia ez zen hiri hartan kaiolatuta bizi zirenak ez kanporatzeko egina. Kanpoan zeudenak hara barrura sar ez zitezen baizik.

Egun haietako inpresio bakan batzuk ditut... Argazkiak ere atera nituen, baina itzultzean, lan egiten nuen Egin egunkariaren Eibarko erredakzioaren errebelatzeko gela beltzean, hondatu egin ziren. Egun haietan han bueltaka ibili zen beste lagun honenak aurkitu ditut Interneten, ordea, eta horiek balio didate hau ilustratzeko. Frederik Ramm-en artxiboa da, sarean jarritako testigantza interesgarri bat, materiala berrargitaratzeko baimenarekin.

Irudipen solte batzuk

Inpresio horien artean, apunte solte batzuk:

  • Ekialdeko Berlindik etorritako guztiak, denak Coca-colak erosten eta edaten. Familia osoa zetozenak, baita amona zaharra ere Coca-cola latari eutsita, egarria ezin ase. Mendebaldeko amama batean irudikatuko ez nuen irudia...
  • MacDonalds eta halakoetan, sekulako ilarak. Aldiz, Doner kebab turkiarrak libre samar egoten ziren. Niretzat bazuten chic ikutu exotiko bat doner haiek (Iberiar penintsularen eta Euskal Herriaren inbasioa askoz geroagokoa da).
  • Turkiar eta beste kanpotar batzuekiko mespretxu adierazpenak ere ikusi nituen. Ekialdekoak Berlin askera sartu eta, kontxo, arraza eta kolore mordoxka bat zegoen han. Nonbait ez zuten espero Alemania hori topatzea.
  • Lehen egunean fruta-dendetan platanoak amaitu ziren. Ez omen zegoen Ekialdean, eta denek probatu gura, itxuraz. Hirugarren egunerako, gastatzen hasi zen fruta mandarina izan zen. Exotikotasunean agian ez platanoa bezainbestekoa, baina askoz merkeago zegoen.
  • Telefono kabinetan... batzuk kolapsatuta ekialdeko txanpon alferrikakoekin. Beste ba
  • Itxura aldetik, zelako erropa bakero espantosoak zeuzkaten. Auskalo jeans oihal haren suzedanoa edo simulakroa non egiten zen, baina denak harekin zetozen. Nik, ostera, sekula estilorik izan ez dudala, eta dirurik ere ez txukun jazteko, Mendebaldeko itxura nuen nonbait. Ekialdeko gazteak asko hurbiltzen zitzaizkidan hau eta bestea galdezka... Zaila zen ulertzea, baina martxa, dantza eta edana, non zegoen jakin nahi zutela iruditzen zitzaidan.

Ohar eta inpresio hauek eta beste batzuk bildu eta halako testu bat idatzi nuen. Saiatu nintzen bertako kronika bat transmititzen, telefonoz diktatzen, lan egiten nuen egunkarira, Eginera. Ez zen argitaratu. Ez zen testu ona izango, edizio lokal bateko kazetari gaztetxo bat besterik ez nintzen. Edo akaso doinua ez zitzaien gustatuko. Nik uste erresistentzia handiak daudela oraindik ere porrot ideologikoak eta estrategikoak onartzeko.

Argazki gehiago, Rammen artxibotik

Jende mordoa, plaza batean. Berlingo bazter guztiak ez zeuden hain beteak, baina inbasioa sekulakoa izan zen. Iru�ea Sanferminetan baino beteago egon zen Berlin egun batzuetan.


Argazkiak.org | Berlin 1989, people everywhere © cc-by-sa: frederik.ramm

Goiko argazki horretan bertan (handiago klik honetan) ikusten dira bi morroi, juxtu ezker-eskumako ertzetan, goraho aipatu dudan oihal sinestezinezko jaka bakero tipiko haiekin.


Argazkiak.org | Berlin 1989, people at night © cc-by-sa: frederik.ramm

Gauez jendea iturri batean ospatzen... Hotz egiten zuen, ez pentsa.


Argazkiak.org | Berlin 1989, the wall © cc-by-sa: frederik.ramm

Harresia apurtu guran, eta aldi berean, souvenir historiko txiki bat etxerako.

Erantzunak

Sustatu
2009-11-10 : 18:58

Beste ikuspegi bat, Joanes Apaolazaren blogean.


xuriken
2009-11-10 : 19:05

Vilaweb-eko zuzendari Vicent Partalen lekukotza irakur daiteke gaur "Berria"n.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago