Itzuli orri nagusira Bidali hau

Halloween jatorriz euskal festa bat da

© cc-by-sa  Sustatu ¦ 2009-11-02 ¦ 10:20 ¦ etnografia

Asteburuan Halloween izan dela-eta, Oier Araolazak duela bi urteko artikulu bat berreskuratu du Eibarko ...eta kitto! astekarian idatzi duen zutaberako.

Ba Halloween jatorriz euskal festa bat da. Euskalduna bakarrik? Ez, noski, ia Europa osoarena, baina baita Euskal Herrikoa ere. Europako etorkinek eraman zuten Ameriketara, eta hemen ihartzen joan zen neurrian joan zen han sendotzen.

Erref.: Halloween jatorriz euskal festa bat da (eibar.org)

Publizitatea

Erantzunak

#1. Baita Marmotaren Eguna ere!

Luistxo ¦ 2009-11-02 ¦ 11:56

Oier Araolaza antropologo dantzariak begi zorrotza du kontu hauetarako. Pensilvaniako (eta zinemaren historiako) Marmotaren Eguna ere, Kandelaria Eguna, jatorri europarreko ohitura bat zela deskubritu zigun bere garaian, eta hark ere bazuen adibiderik Euskal Herrian. Sustatun ere kontatu nuen.

#2. Re: Halloween jatorriz euskal festa bat da

arasanse ¦ 2009-11-03 ¦ 23:09

Arrazoi dauka Oierrek. Aian ere horrelako zerbait ospatzen zen orain dela 60-65 urte. Gaztetxoek, kalabazaren barruan kandela jarrita, etxez-etxe joaten ziren eskean eta baserritarrek hurrak eta intxaurrak eta halakoak ematen zizkieten arimen egunean.

Gaur eguneko gazte batzuk Hallowen ospatzen dute Estatu Batuetatik etortzen zaizkigun ohiturak kopiatu nahian, eta beste batzuk, alternatiboak, horri kontra egin nahian, antihallowen festak ospatzen hasita daude, jakin gabe ohitura hori gurea izan zela baita ere.

#3. Re: Halloween jatorriz euskal festa bat da

sapi ¦ 2009-11-05 ¦ 20:08

Nire herrian, arabako Errioxan, aiako errito bera egiten zen nire amaren garaian ( nire amak 65 ditu). Interesgarria zelan galdu den tradizioa leku guztietan hain denbora laburrean. elizaren esku-hartzea gertatu zen? (inolako daturik gabeko hipotesia da hauxe)

#4. Halloween jaiaren inguruko testigantzak Euskal Herrian

Sustatu ¦ 2009-11-09 ¦ 16:39

Oier Araolazak berriro atera du gaia bere blogean eta erreferentzia batzuk ere egin ditu, Creative commons aitortu-partekatu lizentziaz baliatuta hona ekarri ditugu Oierrek jasotako testigantzak:

  • Toribio Etxebarria (Eibar, 1887): “Animen egunian, oittura zarra zan Eibar-en, jan da eran tabernan eittia moskortu arte. Baita kaleko neska mutillak, alkarregaz, baserrixetan gastaña erriak jatia.” Orotariko Euskal Hiztegia
  • Juan Jose Araolaza (Zizurkil, 1943). Mutil koskorra zela Zizurkilen ezagutu zuen Arimen Egunaren inguruko festa. Kalabazak hustu, begi eta ahorako zuloak egin eta kandelak jartzen zizkioten barruan. Ilunpetan irudi ikaragarria eragiten omen zuen.
  • Joakina (Oiartzun). Joakina gogoratzen da kalabazu hustu, zuloak egin eta kandela barruan jartzen iotela, jendea beldurtzeko. Oiartzuarren baitan.
  • Herminia Lazpita (Berriz). "Gabean edo iluntzean ipinten zan kalabazea, begiak eta ahoa egin, barruan kandelea sartu isiotuta, kanpatorrean. Kalabazea hustu egiten zan, zuloa egin azpitik, haziak-eta kendu, eta gero ipinten jakon kandelea barruan eta begiak eta ahoa aterata ipinten jakozan, zein da buru baten formea. Eta sartzen jakon kandelea erdian, eta hareek begietatik eta surretik-eta, argia ikusi egiten zan. Ganera orduan ez egoan argirik kaleetan, dana ilunetan. Eta ha ba, izentazinoa kalaberearena izango zan, nik pentsau, gazteak gintzazan eta, baina hortxe ipinten zan kalaberearen..." ("Antxinako Berriz", Labayru-ren hustuketa).
  • Mutrikuko adinekoek. "Santu Guztien inguruko gauren batetan (...) herriko gaztetxoak alde batetik bestera ibiltzen omen ziren jendea beldurtzen. Egun batzuk lehenago inguruko baratzetan kalabazak lapurtzen zituzten, gero hustu eta barruan kandelak sartzeko. Kalabazak atarietan-eta jartzen zituzten. Kanta bat ere bazen horren inguruan: «Xesteron kontra, animen alde...» (Xestero Mutrikuko ehortzailearen izena zen). XX. mende hasierako urtetan egiten zela behintzat badakigu."(Argia aldizkarian jasoa). 
  • Arabako Errioxan. "Nire amak txikitan kalabazak hartu, hustu eta kandela bat sartuta bihurrikeriak egiten zituzten herrian. Nnire herria arabako Errioxan dago, eta tradizioa belaunaldi horretan galdu zen (duela 55 bat urte)." (Sapik erantzun batean utzitakoa).

 

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz