Itzuli orri nagusira Bidali hau

Txapela Ian McKellen buruan

© cc-by-sa  leire narbaiza ¦ 2009-09-28 ¦ 10:14 ¦ zer-erantzi

Kalean galdetuz gero zein den jantzitradizionaleen artean gure ikurra, zalantzarik gabe, ia jende guztiak txapela esango luke. Euskal Herrian zein kanpoan; izan ere, italieraz basco esaten zaio... Bitxia da, txapela Euskal Herrian XIX. mendearen erdi aldean zabaldu zelako, duela gutxi, esateko.


Promoziokoa: © Zinemaldia

Publizitatea

Gaur egun, txapela kirol irabazleek baino ez dute janzten. Tira, beroarena kendu behar zaio baieztapen honi, badakit; ertzantzak, herri batzuetako udaltzainek, armadako eta guardia zibileko eliteko kideek ere erabiltzen dute. Esan, bestela, gure kaleetan egun arrunt baten zenbat txapel ikusten diren?

Horregatik, argazki hauek ikusi nituenean harrituta gelditu nintzen, oraindik ere imajinario kolektiboan txapela gure (gizonezkoen) ezaugarria delako, Ian McKellen-ek keinu bat egin nahi zigula uste dut, gaueko ekitaldi batera traje eta gorbatarekin joanda txapela janztean. Ondo jantzita. gainera.


Promoziokoa: © Zinemaldia

Niri polita iruditu zitzaidan, hemen zein ondo jaten den esatea baino orijinalagoa eta ederragoa. Bestalde, esan beharra dago, oso ondo geratzen zitzaiola, ia gizon guztiei geratzen zaien moduan: ederto. Benetan diot, oso-oso guapo egoten dira ia gizonezko guztiak.. Askotan komentatu dugu hainbat lagunek sanandresetan, Euskal Jaixan edo horrelako okasio baterako gure ingurukoak baserritar janzten direnean. Oso erakargarri egiten zaigu, egiatan!

Inoiz ikusi dituzue bilbotar peto-peto horiek domeketan traje eta gorbataz jantzita eta txapela buruan (era berezi batean jarrita) Zazpi Kaleetan? Badago gauza dotoreagorik? Ez, horraittiok.

Uste dut txapela erdia ahaztuta dagoen janzkia dela, berreskuratu beharko litzatekeena. Babes handia ematen du, gizonak dotore daude, erosoa da, eta edonon erabil daiteke. Prezioa ere ez da txarra. dena abantaila, zergatik ez jarri berriro ere modan? Burusoil askok eskertuko lukete!

Badakizue: txapela buruan eta ibili munduan!

ian_eskuan.jpg 9KB (10175 byte)

Erantzunak

#1. Re: Txapela

iñaki olano ¦ 2009-09-28 ¦ 10:26

Euskal txapelaren dotoreziak Atlantikoa zeharkatu zuen aspaldi. Kontatu didate Argentinan bazela atzerriratu aberats bat, "de punta en blanko" jazten zena, traje ezin dotoreagoekin, dena luxuz plantxatua eta zaindua... gorbatarekin... eta txapela buruan.


#2. Re: Txapela Ian McKellen buruan

Elena L. ¦ 2009-09-28 ¦ 10:27

Txapelaren kale-erabilera koloreka:
Traje eta gorbatadun bilbotar petoek, txapel urdin iluna.
Txapel beltz "tradizionala", burura datozkit: Amatiño, Txillardegi, Mikel Aramendi kazetaria.
Eta koloretako txapelak: Rosa Diez Jaurlaritzaren sailburu izan zen bitartean.

#3. Basque beret, Vietnamen

xuriken ¦ 2009-09-28 ¦ 12:15

Italieraz "basco", eta frantsesez "basque beret".

Txapelak aspaldian zeharkatu zituen Euskal Herriko mugak.

Elosegui markak munduko Armada ezberdinentzat ekoitzi ditu txapelak, tartean, militar britainiarrentzat eta Espainiako boinas verdes delakoentzat (proveedores únicos del Ejército español), baita (webgune ofizialean agertzen denez) Angola, Kuba, Grezia,Turkia eta Venezuelako Armadentzat, besteak beste. Antza, baita Falangerentzat ere!

Berriki, Irakeko Armadarekin ere egin zuten negoziorik

Gainera, Un vikingo en Vietnam blogean azaltzen den bezala, Vietnamen ere oso zabaldua omen dago txapela.

Txapelaren historiaren inguruko informazio interesgarri asko dago sarean: 1 2 3 4 ...

#4. Re: Txapela Ian McKellen buruan

leire narbaiza ¦ 2009-09-28 ¦ 18:52

Elena, Juan Cruz Alliren txapela ere oso komentatua izan zen bere sasoian. Familian ere denok izan dugu norbait txapela beti jantzita erabiltzen zuena. Osaba bat geneukan, ia inoiz ez nuena txapel barik ikusi, duda daukat lotarako kentzen zuenik....

Paco Martinez Soria ere etorri zait burura :-) Baina haren txapela txikiagoa zen. Niri hemengo txapelak, eta hemengo jartzeko modua gustatzen zaizkit. Negu honetan txapelez bete dezagun kalea!

#5. Re: Txapela Ian McKellen buruan

Ian ez zen bakarra izan ¦ 2009-09-28 ¦ 21:17

Ni Arkaitz Basterrak eginiko Vojtech Jasny-ri buruzko filmaren aurkezpenean izan nintzen. Han Jansny txekiar zuzendariak, txapela jantzi zun. Berak esan zuenez New Yorken dagoenean ere janzten du. Hemen Arakitz Basterra eta Vojtech Jasnyren argazkiak.

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

Zer Erantzi

Zer erantzi: moda, estetika, estiloa... Estereotipoak borrokatzeko gogoz, hiru estilista: Elena Laka, Leire Narbaiza eta Amodio Jauna elastikoa.

Badakizu zuk ezer estiloaz edo estilo faltaz? Zure kamisetak, modak edo abarrak hemen agerrarazi nahi? Idatzi lotsa barik: erantzi@sustatu.com

 

Albiste gehiago

zer-erantzi gaia duten albiste gehiago