Teknologia albisteak
3

Campanella gizajoa (2009ko palmaresaren balantzea)

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2009-09-26 : 21:09

Larunbat arratsaldean jakinarazi dituzte Donostiako Zinemaldiko sariak, eta egunez egun lehian zebiltzan filmak aipatzen eta epaitzen ibili garenez gero, gisakoa izango da –halaxe adierazi didate Sustatuko arduradunek behintzat– sariak zer iruditu zaizkidan esatea.


Promoziokoa. Cao Yu txinatarraren Biziaren eta Heriotzaren Hiria, Urrezko Maskorra 2009an.

Nik, printzipioz eta elkartasun korporatiboz, errespetua diot bere iritzia eman behar duenari eta ez naiz gehiegi sartzen besteren hautuetan. Lelo zaharra da gustuen eta koloreen hura, ezta?

Alabaina, aurten badira sari batzuk itxurazkoak, eta beste batzuk itxuragabeak. Itxurazkoen artean, film onenaren urrezko maskorra, Lu Chuan zuzendari txinatarraren City of Life and Death edo "Biziaren eta Heriotzaren Hiria"ri eman diotena, japoniarrek 1938an Nanjing hirian egindako sarraskia modu gordin bezain ikusgarrian erakusteagatik. Film horrek bezainbeste meritu (edo gehiago) zituen Juan José Campanellaren El secreto de sus ojos (Bere begien sekretua) argentinarrak kritikari guztien aburuz, eta, aho bateko iritzia ez bazen ere, Ana Kokkinos-en Blessed (Bedeinkatuak) australiarrak irabazi balu ere ni pozik eta gustura geratuko nintzen.

Txinatarra izan da irabazlea, beraz, eta sari nagusiaz gainera argazki onenarena ere eman diote, Cao Yu-ren lanari esker (egia esanda, zuri-beltzezko irudiak, gran angularrean, zirraragarriak ziren). Film australiarrak izan du beste sari txiki bat, kontsolamendu gisa-edo, gidoi onenari dagokiona; lau dira zehazki istorio gurutzatuz osaturiko film eder eta mingarri honen gidoilariak: Andrews Bowell, Melissa Reeves, Patricia Cornelius eta Christos Tsiolkas.

Hortik aurrera, nire desadostasunak: epaimahaiaren sari berezia François Ozon frantziarraren Le réfuge (Babeslekua) filmari eman diote, eta zuzendari onenaren zilarrezko maskorra Javier Rebollori La mujer sin piano (Pianorik gabeko emakumea) lanagatik. Biak ere zinema intimista eta minimalistaren ordezkariak dira, eta beharbada nire akatsa da, historia bat kontatzen ez duten pelikulak ez jasateagatik; bizitza bera ere jitoan dabilen kamera bat izan liteke eta noraez hori oso maitea dute batzuek "nouvelle vague" mugimenduaz geroztik, baina niri, gehienetan, irudien pilatze fundamenturik gabea iruditzen zait. Eta bi hauek ez dira Godard eta Truffaut, inondik ere. Dena dela, zorionak irabazleei, eta zinema mota honen aldekoei.

Gizonezko eta emakumezko aktore onenen zilarrezko maskorrak Pablo Pinedak eta Lola Dueñasek irabazi dituzte, Alvaro Pastor eta Antonio Naharrok zuzendutako "Yo, también" (Nik ere bai) film espainiarrean egindako lanagatik. Pinedak Down sindromea du, eta bere bizikizunetan oinarritu da filma, nola maitemintzen den neska "normal" batekin, eta hortik aurrerakoak. Film hau ikusi ezinik geratu nintzen eta beraz ezin iruzkinik egin. Aktoreen merituaz gain, baliteke gaiaren sentimentalismoak eraginen bat izatea erabakian (onkeria deitu ohi zaion hori), edo zinema espainiarra esku-hutsik utzi nahi ez izatea.

Dena dela, Campanellaren tokian jartzen naiz: film biribil bat aurkeztu oro har erdipurdikoa izan den zinemaldi batera, eta esker txar hau jasotzea... Eskerrak zinemalekuetan ere emango duten, eta jendeak bertatik bertara ikusi ahalko duen. Hemendik aurrera, zuek denok epaile.

Erantzunak

pipi langstrumpf
2009-09-27 : 12:02

Harrigarria da zein ongi antolatzen diren txinatar hauek: filma dagoeneko sarean jarri dute jaisteko:


The Pirate Bay


Eta, gainera, azpitituluak ere eskura jarri dituzte (gazteleraz, oraingoz):


Solosubtitulos


Ormo
2009-09-28 : 11:22

Tamalgarria benetan Campanella sarietan horrela baztertzea. Zer joera da hau, azkenaldian artelanei bizkarra ematen diena?



Tamalgarria, baita, Zinemaldiaren inaugurazioan eta klausuran euskaraz piperrik ez dakiten aurkezleek euskara kaskar-kaskar-kaskarrean hiru hitz egiteko ahalegina. Edo ondo ahoskatu edo batez.



Tamalgarria, baita, saria irabazi zuen filmeko aktoresak txineraz eskerrak emateko unean bertakoek agertutako errespetu falta. Barre algaraka eskerrak ematen ari zen bitartean. Zer da hori? Hezkuntzarik ez al dugu ala?

Luistxo eta Eli
2009-10-02 : 17:08

Bi lagunen artean euskaratu egin ditugu jada film honen azpitituluak.


Pirate Bayko torrent honetan dagoen bi CD/fitxategiko bertsioarekin daude sinkronizatuta azpituluak.


Pipik gorago proposatzen dituen gaztelaniazko azpitituluak baino dexente hobeak dira euskarazko geureak.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago