|
Itzuli orri nagusira Bidali hau Tweet Ume eta une galduak© cc-by-sa xme ¦ 2009-09-25 ¦ 18:54 ¦ zinemaldiaAurtengo Donostiako Zinemaldia amaitzera doa. Sail ofizialean, bihar eskainiko dute Rodrigo García-ren "Mother and child", Samuel L. Jackson eta Naomi Watts agertzen diren film estatubatuarra, baina hori lehiaz kanpo emango da. Lehiaketan parte hartzen duten azken bi filmak gaur bota dituzte: Isaki Lacuesta espainiarraren Los condenados eta Jeon Soo-il korearraren Yeong-do Da-ri edo "I came from Busan", Busandik etorri nintzen: ez batak ez besteak ez dute alaitu azken egunotan nagusi izan den tonu grisa; altxatu ordez are gehiago hondoratu ote duten esango nuke.
Lagun izoztuakMartin (Daniel Fanego) eta Raul (Arturo Goetz) gerrillariak izan ziren, orain dela 30 urte. Non ez zaigu esaten, baina pertsonaien hizkera argentinarra da. Orain indusketa klandestino batean elkartu dira, beraiekin borrokan ibilitako Ezequielen hezurrak topatzeko. Hor daude halaber Ezequielen ama, andrea, beste zenbait lagun, gazte zirela borroka armatuan ibilitakoen belaunaldia, batetik, eta haien seme-alabena, bestetik. Badirudi Isaki Lacuestak aintzat hartu duela harakoak (Hemingway ote zen?) emandako aholkua, hots, ipuin batek iceberga bezalakoa izan behar zuela: zortziren bat agerian daukana, eta gainerako guztia ezkutuan. Hemen ere hasieratik sumatzen dugu hainbat istorio, harreman eta katramila daudela ostenduta, eta apurka aterako direla agerira, kaka zaharrak bere sundaz dena estali arte. (Gaur oso literario nabilenez, pedante jarrita Lacuestaren filmaren atzean beste argentinar baten ipuina dagoela esango nuke, Borgesek idatzitako "Heroiaren eta traidorearen gaia" ezaguna, baina ez dut gehiago aurreratuko). Okerrena da, planteamendu interesgarriarekin abiatutako filma arrankatu ezinik dabilela, eta martxan jartzerako iceberga Titanic bihurtzen dela, metaforen pilaketa barkatzen badidazue. Hondoratze horretan zerbait garbi ateratzekotan, gerrillarien seme-alabek haien gurasoekin daukaten kontu-garbiketaren beharra, belaunaldien arteko gerraren bariazio interesgarria izan zitekeena, hain asperturik bukatu ez bagenu. Herdoilaren tristeziaIn-hwa (Park Ha-seon) 18 urteko neska bat da, haur bat izan eta adopzioan eman duena. Hortik aurrera, hutsik sentitzen da, sorgorturik dabil batetik bestera, harik eta adopzio-agentziara itzuli eta haurra itzultzeko eskatzen duen arte: han, noski, ezinezkoa dela erantzungo diote. Ideia ez da berez txarra, eta zuzendariak badaki irudi eder eta indartsuak erakusten: portu baten inguruan dabiltza denbora gehienean, ontzi-krosko herdoildu eta txatar pilen artean; horrez gain, debaldeko biolentzia-irudiak pilatzen dira etengabe, mundu krudel eta gozotasunik gabeko batean bizi garela erakutsi nahian edo. Baina (beti dago baina bat, eta zinemaldi honetan are gehiago) narrazioak ez du euskarririk, ez elkarrizketarik, ez beste baliabiderik interesari eusteko. Hau ere, azken egunotan ikusi ditugun gehienak bezala, ahazteko hobea izango da beste ezertarako baino. Erantzunak#1. Re: Ume eta une galduakborthuzai ¦ 2009-09-26 ¦ 10:54Nik ere 'Yeong-do Da-ri' ikusi nuen atzo, eta zer nahi duzu esatea ba, dezente gustatu zitzaidan! :D #2. Re: Ume eta une galduakMarga ¦ 2009-09-29 ¦ 15:39Niri planteatzen didana, film honek zera da: Zergatik hain errez onartzen dugun mendebaldeko ongi izatetik, ekialdeko txirotasunean, sorturiko haurren adopzioa. Emakume pobreen drama, bitartekari eskrupulu gabeak aberastuz, eta heuren kultura ezabatuz, herri pobreetako hau adoptatueri. Zergatik ez da morala, dordokak, bere mediotik ateratzea, eta zigortzen dugu jokabide hori, eta gauza bera humanoen haurrekin egitea, joka molde onargarria? Nire iritziz, neskato korearraren angustia, ederki plasmatzen du filmak. Hitzak soberan daude Marga Erantzun (klik zabaltzeko)Itxi |
ZinemaldiaZinemaldia 2011. Xabier Mendiguren Elizegi idazle eta editoreak blogari akredituta bezala jardun izan du, Sustaturen izenean, Donostiako Zinemaldian azken urteotan. 2011ko edizioan ere bai.
Albiste gehiagozinemaldia gaia duten albiste gehiago Portadan orain
Pil-pilean!Erantzun gehien izan dituzten albisteak
|