Teknologia albisteak
1

Mendebaldeko txepelkeriak, Ekialdeko izugarrikeriak

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2009-09-21 : 17:09

Astelehen goiz honetan, Zinemaldiko sail ofizialean, bi film eskaini dizkigute, bi zinema-mota desberdin baino gehiago, bi unibertso diferenteetatik sortuak ziruditenak: Christophe Honoré frantziarraren: Non ma fille tu n'iras pas danser ("Ez, alaba, ez zara dantzara joango", "Making plans for Léna" izenburuaz zabaldu dena), eta Lu Chuan txinatarraren "City of Life and Death" (edo Biziaren eta Heriotzaren Hiria, jatorrizko izenburu ez zaigu eman).

Making plans for Léna

Making plans for Léna

Honoré-ren filma, esango nuke harreman sentimentalen generoko bi azpisailen artean igeri dabilela, nora jo zalantzan bezala: batetik, familia-erretratua; bestetik, dibortziatu eta gero bere bizitza berregin nahi duen emakumearen zailtasunak. Léna (Chiara Mastroianni) Nigel-engandik (Jean-Marc Barr) banatu da eta seme-alabak hartuta gurasoenera doa egun batzuetarako, Bretainiara. Lénaren ahizpa Frédérique ere apartatzekotan dela sumatzen dugu, neba Gulven aldiz ezkondu nahian, eta gurasoak beren gorabeherekin. Film koral bat ikusiko dugula ematen du, eta tarteka hala da, baina Lénarengan zentratzen da beste tarte batzuetan.

Pertsonaia konplexua eta aberatsa da Léna: beste batekin joan den senar on itxurakoaren biktima, hala ikusi nahi izanez gero, edo bere burua ez ezik umeak ere erotu behar dituen andre histerikoa, beste ikuspegi batetik (andre-gizonen auzien aurreko aurreiritziek baldintzatu dezakete norberaren hautua). Nolanahi epaitzen dugula ere, atzera-aurrera dabil, nora ezean, zer egin ez dakiela. Erretratu interesgarria da, eta Chiara Mastroiannik ederki biribiltzen du. Okerrena da, nire iritzian, zuzendariak ere protagonistak bezala dirudiela: nora ezean eta zer nahi duen ez dakiela. Filmaren beste berezitasun bat da, erdian herri-ipuin bretainiar bat antzezten zaigula, niri behintzat soberako sinbolismo merkea iruditu zaidana. Gustuak, nonbait.

Krudelkeriaz gainezka

Bigarren Mundu-Gerra ofizialki hasi baino lehen ere, Txina eta Japonia gerran zeuden: Japoniak Txina inbaditzean egindako genozidioa auzigai historiografiko eta politikoa da oraindik ere (Armeniakoa bezala, adibide hurbilago bat aipatzearren). Nanking hiriburua hartzen dutenekoa kontatzen digu Lu Chuanek, oinarri historikoa duen film gogor eta gordin, eder baina luzetxo batean.

Pelikularen hasierak azkenaldiko film beliko handiak gogorarazten ditu ("Stalingrad", "Save Private Ryan"), irudien epikotasun eta ikusgarritasunagatik. Tiro asko, gehiegi aukeran, eta soldadu masetan protagonista humanoak bereizteko zailtasunak. Gero, berriz, hiria hartu eta gero, gizonezkoak akabatu eta emakumeak "kontsolamendurako" erabiltzen hasten direnean japoniarrak, Liliana Cavani-ren "La pelle" zetorkidan niri gogora, baina ekialdetarren bertsioa are ankerragoa da, errealitatean ere gogorragoa izango zen seguru asko.

Zuri-beltzean eta angular handian filmatuta, irudiek indar berezia dute, estetikoki, baina ikuslea durduzatuta uzten dute, moralki. Hala ere, hainbestekoa denez krudelkeria, saturazioaren arriskua dakar bortxaketen pilaketa izugarri horrek. Ez da arima sentiberentzako modukoa, baina gizakiok zertara iristeko gauza garen gogorarazten digun neurrian, badu alegato antibelizistaren balio etikoa.

Erantzunak

Sustatu
2009-09-22 : 11:57

Txinako filmaren jatorrizko izenburua ez zizueten emango, baina ez du misterio handirik: 南京! 南京! Nanjing! Nanjing!, hiriaren izena errepikatua, hala nola New York, New York. Hiri horretan 1937-1938 urteetan izandako sarraskia da gaia.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago