Itzuli orri nagusira Bidali hau

Mozolo uluak

© cc-by-sa  Anjel Lertxundi ¦ 2009-09-18 ¦ 07:27 ¦ letrak-sare-kantoitik

1. Azken urteotan mozolo bat ibili zaigu —edo bi ziren?— ia gauero etxe inguruko arbola batetik bestera. Uuuu!, uuuu! sentitzen genuen, hurbil-hurbil, gauaren lehen ordutxikitan. Gauak aurrera egin ahala, gero eta urrutirago entzuten genuen, egunsenti aurreikusiren ihes bailebil bezala.

Publizitatea

Etxe aurreko parkean etxeak egiten hasi dira, ordutik, eta harrezkero ez dugu mozoloa —ez ote ziren bi?— sentitzen. Desagertu da gura bizitzatik.

Inori mozolo deitzea ere ia guztiz desagertu da gure jardunetatik. Ez luke behar, jende mozoloak lasai asko segitzen baitu bizitzan atzera eta aurrera. Kezkatxo bat dugu etxean: alde egin zuten mozolo lumadunen ordez ez dadila auzo mozolo hanka bidunik etorri etxe aurreko urbanizazio berrira. Etorriko balitzaigu, bagenekike nola deitu. Ez liguke, ordea, uuuu!, uuuu!, gaurik edertuko.

2.

Mozolo mochuelotik datorren edo alderantziz den, Larramendik garbi zeukan: hitzak euskalduna du jatorria. Hala dio bere hiztegian eman zigun etimologia paregabeak: "Viene de motz olloa".

Mozoloaz ari delarik, Mogelek Larramendiri segitzen dio beste hainbatetan bezala: “Mozolua edo motz-ollua da ollo-motza, ta agertuten dau bere motztasuna arpegijan”. Hori esan eta gero, mozoloari buruzko ipuin bat kontatzen digu Peru Abarka dontsuan.

3.

Antzina-antzina batean jaio zen mozoloa luma baga, motz-motzik edo biluzik. Zegoen lotsatuta, aurpegirik eman ezinda. Hasi zen uluka. Batu ziren uluetara txori asko. Inguratu eta itaundu zioten zer zuen.

Erantzun zien:

Zer izango dut? Ez nakutsu guzti hau moztuta, luma bat gabe? Hotzak igaro behar nau, eta ez daukat aurpegirik egunez irteteko; gau txori izan biharko dut neure bizitza guztian. Eman iezazkidazue arren bakoitzak lumatxo batzuk; jaioko zaizkizue berriak, eta ez zaizue igarriko gutxi batzuk kentzeagatik.

Errukitu ziren; eman zizkioten luma ahalik onenak eta ederrenak. Halako batean irten zen bere zulotik txit ederto jantzirik. Harrotu zen dena hain apainduta burua ikusirik, eta esan zuen beste hegazti eta txoriei:

—Ez dago zuen artean ni baizen ederrik. Begira nire luma bete eta ederrei.

Egin zuten beste txoriek euren batzarra, eta zioten:

—Zer? Lotsatuko gaituela guztiok zantar zaharrak? Ez dago bera baino itsusi eta ez ainagorik bere aurpegi eta gorputzean. Geurea da daukan luma jantzi ederra. Erantzi dezagun.

Esan zuen kurriloak:

—Hobe izango da lehenago mandatu bat bidaltzea gure aldetik, eskatzen zaizkiola atzera, eman zitzaizkion lumak, eta neu izango naiz mandatari.

Joan zitzaion kurriloa eta eman zion mandatua. Mozoloa larritu zen, eta damutu zitzaion harrotasuna hartu izanaz inoren mesedearekin. Ihes egin zuen ezer erantzun gabe.

Ordutik hona dabil ezkutuz, burua egunaz agertzen ez duela beste txorien beldurrez. Noizbait irteten bada, darraio txori asko euren lumak kendu gurarik, eta daroa bizitza bakar bat, eta hau, bere harrotasunaren dongekeriagatik.

4.

Larramendiren etimologiak ez du batere toki onean uzten luzaz bizi ahal izateko osasun-gomendio klasikoa: "luze bizi nahi duenak, oiloekin oheratu eta oiloekin jaiki" behar luke.

Oiloak ez bezala, mozoloak gau-txoriak dira, eta horregatik izango da gau-pasa egindako gau-txoriek mozolo aurpegia izatea… Ze mozolo hitzak, hainbat adierekin batera, esan nahi du "lokartua" ere Elexpuruk bere hiztegian dakarrenez. Esaera zaharrak ere argi erakusten duen kontua da: “gauez txori, egunez mozolo”.

Nago mozolo hitzaren lo azken silabak ez ote duen zerikusitxorik gauetik egunerako metamorfosian. Gau pasa egindakoa ez da ba egoten musu lo?.

Mozolok badu, halako hitz askorekin gertatzen den bezala, erabilera femeninoa ere: "Esna hadi, mozola!".

Inoiz erabili izan da mozorro gisa ere, baina bi hitzen arteko hots-hurbilketak eragindako nahasketa baten antza guztia du.

5.

Hiztegi batetik bestera nenbilela, mozolotegi perla bitxia aurkitu dut. Mozoloen habia omen da mozolotegi bat. Aplikazio asko izan ditzake: eskola aspergarriak ematen dituen irakaslearen klasea mozolotegi bat da; halatsu taberna bat ordu txikitan; edo futbol-zelaia; telebista; legebiltzarra...

Etxe aurreko parkean egiten ari diren urbanizazioa mozolotegi bat bihurtzen ez den bitartean, nagoen lasai...

Erantzunak

#1. Re: Mozolo uluak

Maite Gońi ¦ 2009-09-20 ¦ 20:03

Anjel, Ordizia aldean oraindik ere entzuten da "mozolo" hitza. Gure ikastolako irakasle batek, behinik behin, oso gustuko du (nik ere noizbehinka erabiltzen dut)eta ez dago egunik norbaiti mozolo deituko ez dionik!! ;-) Hori, bai; ez du inoiz "mozola" erabiltzen, bai gizonezkoentzat eta baita emakumezkoeentzat ere, forma maskulinoa erabiltzen du...

#2. Wazemank

Mikel Iturria ¦ 2009-09-20 ¦ 21:36

Kaixo bioi:

Iruditzen zait Maitek aipatutako zentzuan ari dela gailentzen "mozolo", nahiz eta Wazemank-eko amonak (Ińake Irastorzak) tonu oso karińosoan esan senarrari.

Segi letrak josten.

#3. Re: Mozolo uluak

H. Etxeberria ¦ 2009-09-20 ¦ 22:11

Elgoibarren *mosolua* eta *mosolia*, bixak, erabiltzen ditxugu. Oso arrunta da.

#4. Re: Mozolo uluak

asier ¦ 2009-09-20 ¦ 22:17

Eibarren mozolo askotxo egongo da, seguru asko, eta Eibarren "gaberdiko mozolua" esaten diogu hegazti begihandiari. Gainera, gaitzizen ezaguna ere bada, bai "mozolo" eta baita bere emazte "mozolosia" ere.

#5. Re: Mozolo uluak

Jozulin ¦ 2009-09-21 ¦ 08:20

Galdakoztarrak mozoiloak gara ingurukoentzako eta Lezamarrak, esaterako, zorriztoak.

#6. Re: Mozolo uluak

Luistxo Fernandez ¦ 2009-09-21 ¦ 13:41

Bitxia da gero nola mozoloa (eta baita hontza) tontoaren sinonimo diren geurean...

Grekoentzat jakinduriaren adierazgarri zen mozoloa nonbait. Eta ematen du Europako beste kultura batzuetan ere bai... Disney ikonografian, adibidez, basoan animalia jakintsu bat baldin bada, mozoloa dugu.

#7. Re: Mozolo uluak

Anjel Lertxundi Esnal ¦ 2009-09-21 ¦ 14:23

Mozoloak jakinduria barrenean du. Kanpoan, ordea, despistatu baten itxura. Horregatik-edo, mozolo eta aurpegia hitzak elkarrekin agertzen dira askotan (gehienetan). 'Mozolo aurpegiarekin gelditu zen', 'ken izu mozolo aurpegia hori', 'mozolo aurpegia du irakasle horrek'. Eta erabili hori oso usua izan arren euskaraz, beste hizkuntzetan ere agertzen da: 'cara de búho', cara de mochuelo'…

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

Letrak Sare Kantoitik

Letrak Sare Kantoitik Anjel Lertxundiren ideia bat da, 1996an idatzi zuen Letrak kale kantoitik liburuaren jarraipen digitala, jendearen ekarpenekin osatu nahi duena. Bere blogean ekin dio lan horri, eta hemen ere osatuko du. Baina sare kantoi honetan beste osagarri batzuk ere badira, Maite Gońi eta Markos Gimenorenak.

Gaurko Hitza: Maite Gońi irakaslearen blog-ideia, egunero euskarazko hitz bat aipagai. Ekarpenak: gaurkohitza@sustatu.com

#Hitzokei: Markos Gimenoren jokoa, asma ditzagun berbak denon artean. Ekarpenak: Twiterren #hitzokei etiketa jarrita edo hona idatzita: hitzokei@sustatu.com

 

 Nabigatu euskaraz