Teknologia albisteak
2

Hartza agertu da Zuberoan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-07-02 : 11:07

Azken egunotan 8 arkume hil ditu hartzak Santa Graziko mendi-larreetan. EITBko bideo honetan herriko abeltzain den Ambroise Burguburuk ematen ditu zenbait xehetasun, besteak beste, orain dela 43 urte gertaturikoa kontatuz.

Hartza aspaldi desagertu zen euskal mendietatik (tarteka Nafarroa-Zuberoa inguruan agertu bada ere). Hegoaldean XIX. mendean hil zen azkenengoa, 1871. urtean Urkiola inguruan (ez dago erabat garbi beste nonbaitetik ihes egindako aleren bat ote zen). Urte batzuk lehenago hil ziren Enkarterrietako azkena (1816an) eta Gorbeiakoa (1819an).

Zuberoan hildako azkenengo hartza, berriz, orain dela 43 urte izan zen. Ambroise Burguburu abeltzain urdaxtarra bertan izan zen eta bideoan kontatzen du orduan gertatutakoa, eta baita azken egunotakoa ere.

Izan ere, azken egunotan hartza agertu baita berriro Zuberoa aldean. Erronkarin sarriago ikusi izan da hartza azkenaldian, baina ez horrenbeste Zuberoan. Oraingoan Santa Grazi inguruan agertu da eta zenbait arkume hil ditu (4 gorpu agertu dira eta 4 arkume desagertu). Orain dela 43 urteko hartan ia 100 ardi hil omen zituen hartzak.

Hartza desagertzeko zorian

Gaur egun hartza desagertzeko zorian dago Pirinioetan eta kanpotik ekarritako aleei esker bizi da.

Pirinio mendebaldean 4 hartz bakarrik geratzen dira. Denak arrak (azkenengo emea, Cannelle, 2004an hil zuen ehiztari batek). Euskal Herrian, orain arte, batez ere Camille ezagutu dugu. 1984an jaiotako arra da, Biarnon jaioa baina azken urteak Huesca eta Nafarroa artean igaro dituena. 25 ute ditu eta gaixo dago. Ez dirudi luzaro iraungo duenik (bideoa).

Santa Grazi inguruan azaldu den azken hartza, antza, Aspe izenekoa da. 1998 inguruan jaio zen eta Hecho aranean igarotzen du denborarik gehiena. Nafarroan ere ikusi izan dute.

Pirinio mendebaldean geratzen diren beste bi hartzak Canelito eta Nere dira (azken hori eslobeniarra). Pirinio ekialdean beste 18 hartz inguru bizi dira, gehienak kanpotik ekarritakoak.

Erantzunak

Larra
2009-07-02 : 14:00

EITBren eguraldi-maparen arabera zein da hartzaren jardun-eremua .?



oier
2009-07-02 : 17:46

Melles inguruetan lau hartz elkarrekin ikusi eta bideoz grabatu dituzte egunotan. Hvala, bere bi harzkume eta laugarren gazte bat omen dira. Bideoko irudiak daude hemen.


Erantzun

Sartu