Itzuli orri nagusira Bidali hau

Udako XXVIII. ikastaroetan, ikasten

© cc-by-sa  Iban Arantzabal ¦ 2009-06-22 ¦ 10:21 ¦ irakaskuntza

Udako ikastaroan nago gaur. Berba egin behar ez banu ez nintzen hemen izango ze eguneroko zirimolan ez da erraz tarte bat hartzea... baina hemen egonda, ikasi egiten da, merezi du egoteak eta Aitor Zuberogoitiarekin ikasi dugu gaur ere. Bigarren hizlaria izango da Elin Haf Gruffydd Jones eta erantzunetan jarriko dut laburpen txiki bat. Hemen laburpentxo pertsonal bat.

Publizitatea

Aitor Zuberogoitia berbetan ziharduela sartu naiz Udako Ikastaroetara. Inor ez molestatze aldera atzeko lerroetara joan naiz, ikasle txarrek egiten duten moduan eta jarri orduko GOIENA-k Ketxuekin egindako truke programako argazki bat ikusi dut pantailan. Hau da hau! Nire aurkezpenean ere sartuko dut aitorren argazki bat, (odolkiak ordainetan :-) . Oraintxe topatu behar dut Interneten argazkia. Ni pantailan ikustea baino askoz interesgarriagoa da aurkeztu digun mapa (akaso irakurriko du mezu hau eta egingo du berak loturaren bat).

Hedabideak Euskal Herrian da maparen izena eta argigarria da oso: irratiak, papera… telebistak ere aipatu ditu eta zulo beltza dela gaineratu. Ez da telebista askorik euskaraz eta kontsumora era murritza da euskaraz Zuberogoitiaren esanetan. Leku guztietan goraka doa ikus-entzunezkoa eta gurean ahulezia dagoela gaineratu du. Hemendik gutxira etxe guztietara helduko dira ehunka kate, eta lekua egin beharko dugu. Bai edo bai.

IMG_0833

Galesi begira ere jarri da ze demografikoki soziolinguistikoki… gure antz handia dute. Hango telebista ere ETB baino hilabete lehenago hasi zen… Galesen zer? Jaso dituzten eskumenen artean komunikazioarekin lotutakoa ere badute eta badute txosten bat osatuta. Txostenean dioenez arrakasta merkatu globalean identitate indartsuaren bidetik lortu daitekeela dute argi. Helburua litzateke marka bereizgarria jartzea eta horrek egitea lekua ehunka kateren artean.

Zelan lortzen da hori? Loughrey, BBC Wales-en aipu bat jarri du: Horrela eraikitzen duzu zure indarra munduan, identitatea eginda, izaera edo jatorrizko identitatea handituta. Hortik eratorritako autokonfiantzan. Denei zuzendu guran dabilen hori ez da inori zuzentzen azkenean. Kuriosoa da. Hau irakurrita bi galdera egin ditu Zuberogoitiak: Zergatik ez da errotu Aldaketa 16? edo Zabalik? Horren kontrara jarri ditu Mihiluze edo Wazemank. Arrakastatsuak dira ze komunitatean zentratutako produktuak dira, kultur ondarean zentratua egotea eta beste batzuk eskaintzen ez duten produktua eskaintzea ere aldeko izan dute. Kuriosoa, baina Mihiluzeren adibidea ere erabiliko dut nik aurkezpenean.

Galesetik ekarri du beste aipu bat: Ez dugu uste identitate marka neutral bat hartzea arrakastarako errezeta denik. Identitate lokal ondo errotutako bat da garrantzitsuena munduan arrakasta izateko.

Eduki fidagarria lantzea, multiplataforma izatea eta lehenengo aipatzen zutena komunitatea da. Facebook-en arrakasta ere hortik dator, antza. Hizkuntza ere engantxe oso potentea da" dio Zuberogoitiak. Ni saiatuko naiz hizkuntza bigarren mailara eraman behar dela esaten, kalitateko hedabideak egin behar ditugula, komunitatea kontuan hartuz, informazio komunitateari garrantzia emanez. Noski, euskaraz egiten dugu guk lan, baina hori baino gehiago egin behar dugu, euskaraz egitea gaindituta dago-eta gurean. (Zuberogoitiaren laburpena hemen).

Azkenengo hitzaldiaz

Eta nik esango dudanaz? ba ekarri dut prestatuta dena baina hauxe esateko: gertutasuna landu behar dela, emozionatu egin behar dugula gure ikus-entzun-irakurlea, gure hedabideetan lekua utzi behar diegula gure bezeroei, asmatu behar dugula igorlea gero eta aginte gutxiagorekin jardun eta erabiltzailea izaten gure jardunaren nondik norakoan zeresana izango duena. Nire hitzaldian esan gura nuena laburtuta bidali nuen, klaro, lehenengo laburpena egin eta gero osatu dut aurkezpena... aterako da zerbait. :-)

Erantzunak

#1. Zein hizkuntza hitz egiten du komunikazio gizarteak?

Sustatu ¦ 2009-06-22 ¦ 10:56

Iban Arantzabal gaur dagoen EHUko udako ikastaro honek izen hau da: Zein hizkuntza hitz egiten du komunikazio gizarteak?

Gaurdanik asteazkenera, hauxe da programa:

Ekainak 22

  • 9:15etan “Asaba zaharren baratzetik mundu arranora. Euskararen komunikazio-esparrua aro globalean” AITOR ZUBEROGOITIA. Mondragon Unibertsitatea. Eskoriatza
  • 10:45etan “Hizkuntzen aukerak komunikazio gizartean” ELIN HAF GRUFFYDD JONES. Mercator Minority Language Media Network. Aberystwyth. Gales.
  • 12:15etan “Informazio komunitatea” IBAN ARANTZABAL. Goiena Komunikazio Zerbitzuak. Arrasate.
  • 13:30etan Laburpen saioa / Bibliografiari buruzko saioa

Ekainak 23

  • 9:15etan “Erabilera gune berriak sarean” IGOR CALZADA.
  • 10:45etan “Galeserazko telebista Galesko komunikabideen eremuan” ELIN HAF GRUFFYDD JONES. Mercator Minority Language Media Network. Aberystwyth. Gales.
  • 12:15etan “Euskara digitalizazioaren garaian” JOSU AMEZAGA. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea. Leioa. UPV/EHU.
  • 13:30etan Laburpen saioa / Bibliografiari buruzko saioa

Ekainak 24

  • 9:15etan “Masa hedabideak eta talde nortasunen eraikuntza” JOSU AMEZAGA. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea. Leioa. UPV/EHU.
  • 10:45etan “Tokian tokikoa globalaren pare” IGOR CALZADA.
  • 12:15etan “Hizkuntzen industriaren erronka berriak” JOSU WALIŃO. Elhuyar fundazioa. Usurbil.
  • 13:30etan Laburpen saioa / Bibliografiari buruzko saioa
  • 16:30etan Mahaingurua: “Hizkuntza identitateak identitate berrien baitan” IGOR CALZADA, JOSU AMEZAGA, eta JON SARASUA (Mondragon Unibertsitatea)

Ikastaroaren helburuak

Komunikazio molde berrien sorrerak eta hazkundeak eragindako aldaketek leku berezia dute gaur egungo gizartean. Mugarik gabeko harremanak eta komunikazio masiborako aukeren aurrean, gizabanakoek eta komunitateek testuinguru honetan eroso egokitzeko ahalegina egin behar dute. Hizkuntza gutxituen komunitateen ikuspegitik ere, egungo baldintzetara egokitzea erronka nagusietako bat da.

Hori horrela izanda, honako helburu zehatzak ditu ikastaroak:

  • Komunikazio gizarte aroan euskal gizarteko jarrerak ezagutzea eta etorkizuneko jokaerak irudikatzea.
  • Kultur identitateen eraikuntzan komunikabideek duten papera aztertzea. Euskara, gaztelania, ingelesa eta besteak gaur.
  • Munduko joera homogeneizatzaileen aurrean tokian tokiko hizkuntzen lekuaz eztabaidatzea.

#2. Re: Udako XXVIII. ikastaroetan, ikasten

imanol ¦ 2009-06-22 ¦ 11:22

Interesgarria, benetan. Ikastarora joateko modurik izan ez dugunok estimatuko dugu, Sustaturen bidez, adibidez, bertan egosten denaren berri jasotzea. Erreparatu diot, gainetaik bada ere, Zuberogoitiaren jardunaren labupenari, eta gauza interesgarri asko dago. Ea gainontzeko komunikazioen berri ere izaten dugun. Eskerrik asko!

#3. Elin Haf Gruffydd Jones

Iban Arantzabal ¦ 2009-06-22 ¦ 11:49

Ez da ba hasi euskaraz? ze ondo! 15 eguneko barnetegi bat eta Euskal Herriko komunikabide batzuetako agintariak baino hobeto irakurri du euskaraz. Galesera pasatu da gero eta amaitu ingelesez. Esan duenaz...:

Hizkuntzak balio bikoitza duela: komunikatzeko tresna bezala kulturaren garraiatzaile gisa.

Zita bat:

Komunikabideak, alde batetik, gizarte batek sortuak dira eta bera islatzen dute; eta bestalde, gizarte hori sortzen lagundu dute. Denis McQuali Mass Communication Theory (1994:121)

Beste bat:

Ez dago zientifikoki frogatua bertako hizkuntzako komunikabide audiobisual bat abiarazteak delako hizkuntzaren erabilpena sustatzen edo berreskuratzen laguntzen duenik, baina hala izatea nahi eta espero du horrelako hizkuntza batean kopuru handiz igortzen duen edozein komunikabidek. Donald Browne Electronic Media and Indigenous Peoples: A Voice of Our Own? (1996:169)

Soziolingustikaren handietako batek esandako beste bat: Komunikabideen fetitxea zenbait hizkuntzeragileengan... badakigu jakin lotura bat egon dela hizkuntza aktibismoaren eta kominikabideen sorkuntzaren artean Joshua Fishman, Reversing Language Shift (2001)

Jürgen Habermans-en beste bat:

Eremu publikoa esatean zera esan nahi dugu: alegia, lehenik eta behin, iritzi publikoaren moduko zerbait sortzeko aukera dagoen lekuren bat gure bizitza sozialaren barruan. Herritar guztiek bertara iristeko ahalmena dutelarik. Hain zuzen ere, elkarrizketa bidez gizabanako batzuk entitate publikoren bat osatzera iristen diren bakoitzean, beti, sortzen dute komunitate bat .

Entitate publiko handi batean, komunikazio mota honek bitarteko berezi batzuk suposatzen ditu informazioa igorri eta jasotzaileei eragin ahal izateko. Gaur egun, egunkariak eta aldizkariak, irratia eta telebista dira eremu publikoko komunikabideak.

Hedabide zaharrak eta berriak identifikatu ditu Terry Few-k, Understanding Golobal Media liburuan (2007:24):

Analogikotik digitalera pasatu gara; Komunikabide sinpleetatik medioen bateratzera pasatzen gara; korporazioetatik sareetara; bizitako kulturetatik birtualetara, nazioetatik globalizaziora. Kazetaritza profesio bezala izatetik herritarren kazetaritzara.

Komunikabideen aldatzeak gure bizitza aldatzea ekarriko du: gure komunikatzeko modua, gure ikasteko modua... teknologia berriek uzten digute medioak prozesatzeko modu berri bat izaten eta gobernu, hezkuntza eta komertzioen arteko harremanak aldatu dira. http://web.mit.edu/cms/People/therry3/converge.html

Hitzaldi interesgarria, nahi besteko ondo jarraitzerik ez dut izan, baina interesgarria. Ez dakit hitzaldiok norbaitek grabatu dituen, bideoren baten jaso eta edozeinen eskura jarriko diren... ez dakit.

Informazio gehiago aurkituko duzue soziolinguistika.org gunean. IMG_0834

#4. Re: Udako XXVIII. ikastaroetan, ikasten

Iban Arantzabal ¦ 2009-06-22 ¦ 12:01

Imanol, ia ba hemen entzule dauden 50 lagun inguruko nork egin dezakeen jarraipena. Sustatuk aukera ematen du Zeuk idatzi eginda. Erantzunetan zein artikulu berrietan inor animatuko balitz kronikatxoak egitera Sustatuko irakurleak pozik, seguru. Niri orain tokatzen zait eta gero Goienera bilera batera. Ia inork jarraitzen duen. Animo!

#5. Re: Udako XXVIII. ikastaroetan, ikasten

Aitor Zuberogoitia ¦ 2009-06-22 ¦ 16:12

Aupa. Ibanek paraturiko laburpena ez da gaurkoa, Bat soziolinguistika aldizkarirako duela urte batzuk idatzitako artikulua baizik. Gaurkoari dagokionez, power pointa hemen ikus dezakezue. Astirik ez orain hori laburtzen hasteko... Dena dela, Bat aldizkariaren hurrengo zenbaki batean agertuko da idatziz, artikulu formatuan.

Aitor

#6. Re: Udako XXVIII. ikastaroetan, ikasten

Aitor Zuberogoitia ¦ 2009-06-22 ¦ 17:09

Bide batez: oso interesgarriak Ibanek eta Elinek esanikoak. Biharkoak ere itxura ona dauka...

Aitor

#7. Re: Udako XXVIII. ikastaroetan, ikasten

Belen Uranga ¦ 2009-06-22 ¦ 18:46

Beno, niri behintzat oso interesgarria iruditu zaizkit Aitor Zuberogoitiak esandakoak. Eta azpimarratu nahi nuke emandako abiapuntua.

Oker ulertu ez badiot: egungo aldaketak iraultza tamainakoak dira (globalizazio ekonomikoa eta iraultza teknologikoak eragindakoa, besteak beste) eta ondorioz, komunikazio sistema-modua eta giza harremanak aldatzen ari dira.

Baina, testuinguru historikoa erlatibizatu beharra azpimarratu du. Eta niri behintzat asko gustatu zait. Gogora ekarri du duela ez hainbeste denbora izan zela beste iraultza izugarri handia: industria iraultzaz aritu da, duela mende bat gertatutakoa. Ez da hainbeste denbora, oraindik orain iraultza hori ezagutu duen jendea ezagutu dugu… Eta ez gara hain zaharrak.

Adin bat dugunok, egunez egun kontzienteagoak gara iraultza sentsazio horretaz, askotan ulertu ere egiten ez dugun iraultza horretaz. Baina Zuberogoitiak egin duen bezala erlatibizatzea…

Industria iraultzari buruzko aipatu dituen ideia solte batzuk: aldaketa sozial eta politikoak, aduanen aldaketak, derrigorrezko soldadutza, migrazioak, urbanizazioa, komunikazioaren esparrua (telefonoa, telegrafoa,) argi indarra, garraioak (sarea eta bitartekoak) foruen galera….

Nola bizi izan zuten garaiko euskaldunek…? mehatxua. Nik apuntatu dudan hitza: oso gordin (Zuberogoitiak beste hitz bat erabili du baina ez dut gogoan)
Horren aurrean hizkuntza garatu eta zabaldu beharra… Lizardi eta abar.

Beno, dugun erronka ez da makala, baina testuinguru historikoak erlatibizatzea, nik behintzat izugarri eskertu dut.

#8. Re: Udako XXVIII. ikastaroetan, ikasten

icalzada ¦ 2009-06-22 ¦ 20:19

Gaurko ez galtzea nuen helburu.
Hala ere, Irlandatik hain xuxen, iritsi berritan, kideoi zuzenean entzun baino, sustatu-ren erreferentziarekin, konformatu beharko dut. Ordurarte,
Igor Calzada.

#9. Zein hizkuntza hitz egiten du komunikazio gizarteak: 2. eguna

Sustatu ¦ 2009-06-23 ¦ 07:27

Irakurri dugunez, "Maite Gońi IKTeroa Twitter bidez":http://twitter.com/euskaljakintza jarraitzen saiatuko da gaurko jardunaldia.

Beste inork bidaltzen badu kronikarik edo pentsakizunik, hemendik mesedez, eskertuko dizuegu.

#10. Re: Udako XXVIII. ikastaroetan, ikasten

Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak ¦ 2009-06-26 ¦ 23:44

Elhuyar Fundazioko Josu Walińok hitzaldia eman zuen asteazkenean “Hizkuntzen industriaren erronka berriak” izenburupean.

Hitzaldiko materiala hemen duzue ikusgai

Hizkuntzen Industriaren erronka berriakView more documents from Josu Walińo.

#11. Re: Udako XXVIII. ikastaroetan, ikasten

Maite Gońi ¦ 2009-06-30 ¦ 06:58

Bat baino gehiago ikastaroko kronikaren zain geratu zenez, hona hemen Soziolingustika Klusterrekoek denon eskura ipini dituzten, besteak beste, kronika eta aurkezpen zein laburpenak: Zein hizkuntza hitz egiten du komunikazio gizarteak?

#12. Re: Zein hizkuntza hitz egiten du komunikazio gizarteak?

Sustatu ¦ 2009-06-30 ¦ 08:37

Beste kronika batzuk.

Joxe Rojasek lehen egunekoa deskribatu du, hain zuzen ere goiko artikulu nagusian Iban Arantzabalek aipaturikoa: hemen.

Igor Calzadak bere testu bat hona igo du.

Eta Josu Amezagaren ekarpenez Argian idatzi dute.

#13. Re: Udako XXVIII. ikastaroetan, ikasten

Maite Gońi ¦ 2009-07-02 ¦ 05:25

Pixkanaka-pixkana gauza gehiago argitaratzen ari dira. Argia.com-ekoek Josu Amezagaren ponentzietako bat bideoz grabatu eta euren gunean ipini dute ikusgai: Amezaga: Masa hedabideak eta talde nortasunaren eraikuntza

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

 Nabigatu euskaraz