Teknologia albisteak

Herriaren ekipamendu beharrak aztertzeko parte-hartze prozesua Hernanin

Erabiltzailearen aurpegia
Hernaniko Udala
2009-05-26 : 19:05

Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Kudeatuz” egitasmoaren baitako proiektua da Hernanin martxan jarri duten parte-hartze prozesua; amaieran herri kontsulta egingo da Udal ekipamendurik beharrezkoena zein den hautatzeko.

Hernanik behar duen udal ekipamendua zein den erabakitzeko prozesu parte-hartzailea abian da dagoeneko. Hernaniko Udalak “Kudeatuz” egitasmoan parte hartzeko akordioa sinatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin 2008ko azaroaren 10ean, eta programa hori erabiliko da datozen urteetan Hernaniko Udalak bultzatu beharreko udal ekipamendua lehenesteko.

Kudeatuz egitasmoak bi helburu ditu. Alde batetik gure udalerrietako gobernu-sistemak hobetzeko hausnarketa egitea, eta bestetik Gipuzkoako herrietan herritarren partaidetzako prozesuak bultzatzea. Azken finean, lortu nahi dena Gipuzkoako Gobernantza sistema hobetzea da, erakundeen eta herritarren arteko komunikazioa bultzatuz eta herritarren partaidetzarako hainbat programa abian jarriz.

Hernaniko parte-hartze zinegotzi Juan Ignacio Arrietak gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundian Hernaniko alkate Marian Beitialarrangotia eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko diputatu Edurne Egañarekin batera egindako prentsaurrekoan adierazi duenez, herritarren artean antzematen da zenbait ekipamenduren beharra, baina batzuen eta besteen beharrak zein nahiak desberdinak dira: “Herritarren iritzia garrantzitsua da guretzat, eta era berean, egitasmo hau ere garrantzitsua da. Horregatik, proiektu hau herritarren iritzi, ekarpen, eta lehentasunak kontuan harturik bideratu nahi da”.

Arrietaren esanetan, aipatutako parte-hartze prozesuak bi fase izango ditu. Lehen fasean, ekipamendu beharren gaineko diagnosia egingo da. Diagnosia maiatzetik irailera artean egingo da hiru bileraren bidez, eta bilera horietan edozein hernaniarrek hartu ahalko du parte. Lehen bilera maiatzaren 28an, ostegunean, 19:30etan egingo da biteri Kultur Etxean. Bilera horretan, aurrera eramango den parte hartze prozesu osoari buruzko argibideak emango dira eta bertaratzen direnek herriko ekipamendu beharrei buruz dituzten iritzi eta ekarpenak egiteko aukera izango dute. Lehen bilera horren ondotik gutxienez beste bi bilera egitea aurrikusten da. Bigarren fasean, jada udal ekipamenduen inguruan herritarren lehentasunak zein diren jakitean, herri kontsulta egingo du Udalak.

Herriaren ekipamendu beharrak aztertzeko parte-hartze prozesuaren berri emateko micrositea ere martxan jarri du Hernaniko Udalak: "www.hernanipolis.net". Arrietak aurkeztu du microsite-a eta prozesu guztian zehar unean uneko informazioa eskainiz elikatuko dutela azaldu du. Horrez gain, bestelako komunikazio kanpainak ere egingo ditu Hernaniko Udalak parte-hartzea bultzatzeko.

Egitasmo hau Hernaniko Udalak daraman parte-hartze ildo orokorrago baten baitan ulertu behar da. Azken bi urteetan Hernaniko Udalak herritarren iritzi eta proposamenak biltzeko dinamikak jarri ditu martxan hainbat erabaki hartzeko; besteak beste, diru-laguntzak banatzeko araudiak berritzeko, Udal aurrekontuak zehazteko edota Topagune Berdea abiatzeko. Hernaniko alkate Marian Beitialarrangoitiaren iritziz, Hernanik etorkizuneko erronkei erantzungo badie, lana egiteko modua berritu behar du: “Alde batetik, erabaki prozesuetan herritarrak aintzat hartuko dituen ordezkari politikoak behar dira; bestetik berriz, kexaren kulturaren mugak gaindituta, ongizate komunaren bila ariko diren herritarrak”.

Hernani ez ezik, Gipuzkoako beste hamar herri ere “Kudeatuz” egitasmoaren lehen edizioan ari dira parte hartzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak 100.000 euro jarri ditu proiektua aurrera eramateko, izan ere Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko diputatu Edurne Egañak azpimarratu duenez, “Kudeatuz” egitasmoa garrantzitsua da herritarren parte-hartzea bultzatzera bideratuta dagoelako, eta horrek herritarren eta instituzioen artean dagoen urruntasuna murrizteko balio dezakeelako: “Gure gizartean parte-hartzea beti egon den zerbait da, baina garaiaren arabera era bateko edo besteko forma hartu du, gaur egungo gizarteari dagokion parte-hartze eredua sustatzeko beharrezko baliabideetan inbertitu behar dugu”.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago