Teknologia albisteak
5

Gatzatu naturala egiteko behar den legez kanpoko materiala

Erabiltzailearen aurpegia
Outlaw
2009-04-15 : 11:04

Jende gehienak uste du Euskal Herrian gatzatua edo mamia egiten dela botika batzuekin. Ba bai. Baina ez da beti horrela egin. Gatzatua egin izan da gatzagi edo ligarrarekin. Arkume baten urdaila da ligarra, edo bertako enzima eta bakteriak, zehatzago. Gertatzen dena da gaur egunean legez kanpokoa dela ligarra, barrunbe hauen prozesamendua eta ligarraren merkaturatzea elikagaien industriaren monopolioa da. Hala ere, kontrabandoan lortu dugu ligarra, eta gatzatu naturala egiten erakutsiko dizuegu.

Errapeetatik elikatu den arkume baten urdaila, lehortzen jarria, bere harrikoxkor, ile eta abar guztiekin, eta enzima eta bakteriaz betea. Horixe da ligarra, eta enzima horiek fermentatzen (gatzatzen) dute ardi-esnea gatzatua egiteko.

Baina, esan bezala, ligarra legez kanporatua dago. Ez da saltzen inon. Animalien zenbait barrunbe, hiltegietan bakarrik prozesatzen ahal dira, eta ez dira iristen harategietara. Ez dago modu legalik gatzatu naturala egiteko gaur egunean.

Baina kontrabandoko ligarra lortu genuen, eta gatzatu naturala egin. Hemen dokumentatuta utzi dut. Adin txikiko boluntario anonimo batzuk erreklutatu nituen, erantzukizun legalik gabeak, baina badaezpada ez dugu identitaterik zabalduko. Hor goian ageri da ligarra boluntarioaren eskuetan.

Horixe da, beraz, parterik zailena. Ligarra lortzea, hortik aurrera...

Prestaketa

Enzimak prestatzeko, hartu kikara batean ur beroa kanillatik. Zabaldu ligarra beldur barik, eta hartu koilaratxoarekin zati batzuk. Uretan txiki-txiki egin.

 

Igaro likidoa iragazki batetik beste kikara batera. Ileak eta puska gogorrak egoten dira, eta horiek kentzeko.

 

Bigarren osagaia ardi-esnea da. Ultzama markakoa da hemen erabilitakoa. Eroski batzuetako sekzio aborijenean saltzen da.

Ultzamak ardi-esne azukretua edo azukrerik gabea saltzen du. Gatzato zuzena egiteko, azukre bakoa, bote urdina, litro bat eta biko ontzietan saltzen du Ultzamak.

Jarri berotzen esnea eta bota kanela zotza. Ez da irakin behar. Giza-gorputzaren tenperaturara iristean, bapo. Biberoiekin bezala.

 

Bota orduan ardi-esne beroa prest dituzun katiluetara. Ligar-ura hartu, eta katilu bakoitzean, goilaradatxo bana. Apur bat nahastu eta laga.

 

Kieto laga katiluak pare bat ordurako. Handik bi ordura, enzimek egin dute beren lana eta gogortu da gatzatua. Bertikalean jarri eta ez da jausten.

 

Jateko, azukrea bota gainetik, eta ez nahastu. Lehen kapa janda, azukre gehiago bota diezaiokezu. Eztiarekin ere balio du.

 

On egin. Mesedez ez jarri salaketarik.

Erantzunak

Jei-ki Jei-ki
2009-04-15 : 13:56

Hau dok hau!

Elikagaixen industrian konfiantzaik ez eta gatzatu "naturala" eitteko gatzagixa kontrabanduen lortu izan biherra... Gero marka komertzial konkretua dauken esnia Eroskin erosteko (elikagaixen industriatik mundu osoko distantziara jakina danez)

Errezetan falta dien datuak: Kanela zotza Ceyland farme's s. coop-ek ekoiztutakoa, azukrea barriz Ebro markakoa eta azkenik eztia Granja San Francisco-koa. ;-)

Bromak alde batera itxitta, gatzatua gustetan jaten modu berien (ixa) gustau jat esplikaziñua. Alabaiña puntualizaziño bat: bateonbatek ardi esne naturala lortuko balau -gatzagi naturala lortzia baiño errexaua- ez ahaztu esnia berotzia ez dala nahikua: egosi ein biher da, eta gero hozten itxi Outlaw-k aittautako tenperaturararte.







iñaki olano
2009-04-15 : 15:38

A ze oroitzapenak... amonak mami edo gatzatu natural goxo-goxoa etxean egiten zuenean haragi zatitxo itsusi eta lehor bat eukitzen zuen neberan, gatzagia... Itsusia bai itxura, baina huraxe genuen "la madre del cordero" esnea mamitzeko. Mamia, open source, bejondeizuela!!!

Outlaw
2009-04-15 : 17:32

Sua ere... Repsol Butano!


Arrazoia, Jei-ki. Baserritar edo artzainaren ardi-esnea bada, irakin, eta hozten laga puntu zehatz horretara arte.


Izatez, istorio guztia kontatuko dizut: zita jarrita zegoen ume horien aititaren etxean egun jakin batean gatzatua egiteko. Iritsi ginen umeekin eta Ultzama markako esnearekin eta, hara, gatzatu sorta konpleto bat eginda, protagonistei eta erreportariari itxoin barik. Harakin bati enkargatutako ardi-esne benetakoarekin egin zuen aititak, itxura ez zen asko fiatzen potekoarekin. Gainera, laguntzearren edo aurreratzearren edo, umeei erakutsi beharrean, berak egin!


Enfin, berriro egin behar botilakoarekin umeekin eta kameren aurrean. Doble gatzatu. Hobeto. Dena jan zen. Zihetz katiluak.


legezkanpo
2009-04-15 : 18:34

Outlaw, gatzagi naturala estraperloan lortu eta esnea Ultzamakoei erosi? Hobe zenuen esnea gatzagia eman dizun artzainari erostea, aipatzen duzun elikagai industriaren monopolioa ardi-esnearaino iristen baita, gogoratu!!


Outlaw, gatzagi naturala estraperloan lortu eta esnea Ultzamakoei erosi? Hobe zenuen esnea gatzagia eman dizun artzainari erostea, aipatzen duzun elikagai industriaren monopolioa ardi-esnearaino iristen baita, gogoratu!!


Gomendio bat emango dizut: gatzagi naturala bilatzerakoan saiatu zaitez ahalik eta mami txuri gehiena eduki dezan (argazkikoak baino gehiago behintzat).


Gatzagia erabiltzeko, eta hobeto aprobetxatezeko, modu egokiagoa proposatuko dizut:


-Gatzagia ireki eta laban baten puntarekin ile, belar eta zikin guztiak bereizi eta mami txuri guztia beste ontzi batera pasa. Garrantzitsua da zikin guztiak ongi bereiztea, agian mamia egiteko ez horrenbeste, bainan gazta egiteko bai, bestela zapore txarrak agertu baitaitezke.


-Lortu duzun txuria pisatu, beste horrenbeste gatza bota eta nahasi. Gatzagi on batetik agian 100gr txuri lortuko dituzu, beraz 200gr izango dituzu.


-Horrela prestatutako gatzagi naturala izozkailuan nahi adina gorde ahalko duzu eta behar duzunean goilara batekin gramo batzuk atera. Gatzagi guztiek ez dute indar berdina, bainan gutxi gora behera jo ezazu horrela prestatutako gramo bakoitzarekin bost litro mami inguru egingo dituzula.


-Mamia egiteko garaian gatzagia ur epeletan disolbatu, koladore batean iragazi eta esneari nahasi. Garrantzitsua da disolbatzeko garaian ura ez beroegia egotea, bestela gatzagiaren entzimak deuseztuko bailirateke.


Gatzagi naturala ona lortzea legez kanpokoa izateaz gain, zaila da. Gatzagia ona izateko arkume gazte batena izan behar du, 14 egunekoa bada 20 egunekoa baino hobe, beti ere haragitarako hiltzen direnak baino gazteagoak. Arkumea hil aurretik ordu batzuk amarengandik bereizi behar da, eta hil aurreko azkeneko momentuan amarekin elkartu esnez asetu dadin. Horrela arkumea hiltzen denean gatzagia esnez ( eta entzimez) beteta egongo da gero lehortutakoan txuri txuri agertuko da. Arkume guztien gatzagiak ez dira balekoak izaten eta onaren itxura dutenak ere lehortutakoan txarrak atera daitezke.


Prozesu guztia ongi egiteko arkumea etxean hil beharra dago, bainan hori legez kanpokoa da.


Horregatik zenbait gaztagilek hiltegietatik lortutako gatzagiak erosten dituzte, estraperloan eta urrearen prezioan.


Kontuan izan gatzagi naturala ona izatea dela Idiazabalgo gazta on baten sekretuaren parte handi bat.


Guk momentuz legezkanpo hiltzen ditugu arkumeak eta legez kanpo saltzen dugu gazta, azken batean legezkanpo bizitzera behartu gaituzte.


Edorta Agirre
2009-04-15 : 20:32

Gatzatua ez da ligarrarekin egiten, ez da egiten, erosi egiten da, behi edo,aurki, soja esnezkoa, ontzi distirante batean saltzen badigu Erosclik (Erosclik.es-ek).



Eskerrik asko: gizakiaren kezka ia bakarra izan da betidanik (exageratu gabe) hazkurria lortzea. Orain, guk "balio dugulako" nonbait, eskulan horiek baztertu egin ditugu. Kontsumitzaile itsu, gor, anosmiko,isil eta akritikoak gara. Doble haziko da Eromen-es hori, gure axolagabekeriari esker.



Eman egurra gaztetxo, eragin malatsari eta esan gurasoei, Ulzama bataiatuaren ordez, Orexako ardi esnea eros dezaten, hura hobea delako. Eta artzainik baldin baduzue gertu (asteburuan Euskal Herri osoa dugu bertan), erosi berari, engainatzen utzi gabe. Etxerakoan egosi esnea eta, "erre-usaina" eman nahi badiozue, sartu bertan burdina gori-gori, horrek laktosa karamelizatu eta halako zapore ahantziaz janzten baitu mamia, khailatua, etc.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago