Teknologia albisteak
21

EGArako test digitalak kenarazi dituzte saretik

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - IKTeroak
2009-02-13 : 09:02

Maite Goñi Sei IKTeroak sekulako lana egin zuen duela gutxi: EGA mailarako paperean argitaraturiko azterketak informatizatu, eta sarean jarri, paperekoak jarraitu barik, galde-erantzunak sarean testeatu ahal izateko. Euskal administrazioarentzat, eta euskara maila hobetu eta zertifikatu nahi duten guztientzat, sekulako mesedea. Eta etorri da ordaina: Administrazioak esan dio azterketok saretik kentzeko. Agur, EGA ariketak online! Eguneraketa, 10.45: Irakurri, Teketenek bidalitako loturan, digitalizazio lana nola egin zen: zaila da ulertzen herri-administrazioaren jarrera hau.

Maite Goñik berak azaltzen du kasu harrigarria IKTeroak blogean. Hitzez hitz kopiatzen dugu.

Pixka bat es mucho bene benetan?

Gaur goizean zur eta lur geratu naiz Administraziotik dei bat jasotzean. EGAko 2008ko azterketak saretik kentzeko eskatu didate, hori bai, egindako lana eta materialen baliagarritasuna aitortu ondoren. Liburu argitaratu berriak “bere ibilbidea egin arte” ezin izango dut denon eskura ipini, hau da, hemendik urte bat edo bi igaro arte nire ordenagailuan gorde beharko dut egindako lana, eta EGAko azterketariek ezingo dute eredu berria ezagutu liburua erosi ezean.

Oihartzun handia izan du egunotan ariketak sareratzearen kontua (1, 2, 3…); agi denez, bati baino gehiagori ondo letorkioke materiala klik batera izatea. Beraz, baliabide horiek erabiltzeko asmoa zenutenoi adierazi nahi dizuet, jasotako eskaera eta argudioekin bat ez etorri arren, onartzea baino ez zaidala geratzen eta oraintxe bertan saretik kenduko ditudala, Administrazioak atzera sareratzea begi onez ikusi arte. Dena den, hausnarketarako hainbat puntu utzi nahi dut:

  • Administrazioarekin bat egiten dugu gure hizkuntza lau haizeetara zabaltzeko asmoan. Agian, ameslari hutsak izateagatik, guk ez ditugu zailtasunak ikusten partekatzen dugun xedea lortze aldera.
  • Egindako lana eta materialen baliagarritasuna aitortuta, ez al luke Administrazioak berak material hori denon eskura doan ipini behar?
  • Hainbeste ordu, lan, giza eta ekonomia baliabide gure herrian euskara eta teknologia berriak sustatzeko, eta trabak ipini behar al dizkiogu bi horiek uztartzen dituen egitasmo eskuzabal bati?

Amaitzeko, garrantzitsuena baliabide hauek denon eskura egotea iruditzen zaigunez, egindako lan guztia Adminsitrazioaren esku ipini nahi dugu. “Pixka bat es mucho“, guk gehiago nahi dugu.

IKT-eroen blogean: Pixka bat es mucho, bene-benetan?

Erantzunak

Gari
2009-02-13 : 09:38

Duela zenbait aste batzuk antzerako zerbait gertatu da Osakidetzako oposaketarako galdera liburuarekin. Liburua PDF babestuan eman zuten webgunean. Ezin zitekeen inprimatu. Arrazoia? Enpresa baten eskuetan zegoela haiek inprimatu eta saltzea.


Animo Sei. Soluzio erraza dago: P2P sareetan jarri, Emulen, BitTorrent edo dena delakoan.


Duela zenbait urte Euskaltzaindiari euskal klasikoen digitalizazioa liberatzeko eskatu zitzaionean, Euskaltzain batek "pirateoen beldur" zeudelako ez zirela horrela publikatu esan zuen.


Baina, zertarako argitaratzen dira guzti hauek? Dirua ateratzeko ala ahalik eta zabalkunde handiena izan dezaten?


Josu Lezameta (Jozulin)
2009-02-13 : 10:48



Bat: Administrazioak dirua “irabazi” behar al du materiale hau eskura jartzeagatik? Beste modurik ez zegoen garaian, tira, argitaratzeko modu bakarra izan zitekeen liburua… eta liburuak kostu batzuk dakartza, tira, onar dezagun olagarro etxabere bezala. Baina gaur egun nahikoa zen zorioneko azterketak sarean jartzea, liburua bera fisikoki argitaratu gabe. Kostua = 0. Eta ez dago aitzakiarik, kontuan hartuta EGArako matrikula Internet bidez SOILIK egin baitaiteke.



Bi: Liburua sarean jarri izan balute, esan nahi baita argitaratu ahal izateko zuhaitzik hil gabe, edozein momentutan zuzen zitzaketen paperean argitaratuz gero zuzendu ezin litezkeen akatsak.



Hiru: Oraindik ari gara “nirea neurea da eta ez dizut utziko kopiatzen”-ka? Ba, txarto goaz: Atzera doan herria.



Lau: Aupa IKTroak, aupa Maite!

ni
2009-02-13 : 11:07

Administrazioa beti euskaltzaleei laguntzen...

Teketen
2009-02-13 : 11:28

Maiteren lan bikaina zapuztu nahi dute, nEGArgura ematen didate.

Luistxo Fernandez
2009-02-13 : 11:58

Ahozabalik eta are indignazio handiagoarekin geratzen naiz, Teketenean irakurrita zein metodo eta bide erabili duen Maite Goñik lan hau egiteko. Herri-administrazio horretan erabaki hauen atzean daudenak lotsarazi beharko genituzke, ze disparate itsu eta estupido.


Teketenek dio, horrez gain: Garai hauek ezagutza zabaldu eta partekatu nahi dutenen eta berarekin negozioa bakarrik egin nahi dutenen arteko borroka garaiak dira. Nire ustez, ezagutza zabalduz eta partekatuz, aberastasuna lortu eta biderkatu daiteke, eta hori izan daiteke helburua eta negozioa, edo bederen bizibidea lortzeko modua, horrela irabazten saiatzea legitimoa da. Negozio onak logika ekonomikoa du, nire ustez, baina hemen ez dago logika ekonomikorik ez beste inolako efikazia merkantilista edo administratiborik: hau diru publikoa alferrik galtzea da, denon dirua. Hori ez da negozioa, hori estropizio bat da.


aupa Maite


Joxe Rojas
2009-02-13 : 12:08

Baten bat animatzen bada, hemen aurki daitezke lurraldeko Hezkuntza Ordezkaritzen kontaktu e-mailak: http://tinyurl.com/al49am

Teketen
2009-02-13 : 12:35

Logika merkantilista batetik ere hartu ezin daitekeen erabakia. Zurekin ados!

lerie narbaiza
2009-02-13 : 12:41

Kutre berba baino ez zait bururatzen. Elhuyar hiztegian begiratuz gero, 2. adierak "zuhur, zeken, zikoitz, zurkaitz, doilor" dio. Lehenengoak "utzi, zikin, narras". Hezkuntza sailaren jokaera definitzeko moduko adjektiboak dira, eta labur gelditu naizela uste dut.



Negozioa egin? EGA tituluarekin? Zelako tristea! Gero liburu salduenen zerrendan agertzeko! Gure kulturaren best-seller-ak! Anormalizatuta gauden seinale.



Eta IKTeroei esan lan handia egiten dutela, ikaragarria, eta horrela segitzeko. Eta Maiteri, besarkada bat.

Brx
2009-02-13 : 13:09

Egin dezagun kanpaina modukoren bat, e-mail horietara denok mezu bera bidaliz eta gertatutakoa zabalduz, edo horrelako zerbait...



Aupa Maite!

jolaus
2009-02-13 : 13:51

Benitok honen inguruan Euskara Irakasleak sarean egin duen analisia interesgarria iruditu zait. Merezi du bistazo bat botatzea.

Joxe Rojas
2009-02-13 : 15:38

Nahi izanez gero, auzolanean prestatu ahal dugu Hezkuntzara bidaltzeko gutuntxo bat... ...eta bid ebatez tresna berri batekin saltseatu:



http://mixedink.com/FreeEGA/EGA

Josu O.
2009-02-13 : 21:36



Horrela da mundua. Beraiek egin beharreko lana, Maitek egin du eta horrela "ordaintzen" diote.



Librezaleren moduan, gero Microsofti emoteko saria.



Lotsagarria da. Baina dena den niretzat larriena da ematen duela sareko mundua ez dutela batere ezagutzen. Eta hurbiltzen diren momentuan eskema oso zaharkituekin datozela elefante baten moduan.



Benito
2009-02-14 : 21:58

P2P sareetan edo era ezkutu edo pribatuan banatzea aspaldian funtzionatzen duen sistema da. Emulen adibidez, "EGA" bilatzen baduzue, aurkituko dituzue azterketa batzuk eta ariketa bildumaren bat ere bai.


Bestalde, jakin ez dakit, baina seguru nago epostaz edo pendrive-etan hara eta hona ibili direla materialak, azterketak eta liburuak. Horrez gain, euskaltegi batera inoiz arrimatu den edonork jakingo du ondo baino hobeto azterketa-liburu horiek fotokopiagailu eta eskanerretatik pasatzen direla behin eta berriz gupidarik gabe. Liburu horien atalak edo liburuak osorik hainbat ikastaro eta euskaltegitan banatzen (eta saltzen) diren fotokopia bildumetan aurki daitezke adibidez.


Bai, baina hori guztia ikasteko helburuarekin egiten da eta abar, eta abar.... Eta Maitek zertarako egin du ba?


Bekatua zein izan da orduan? Publiko egitea? Hau da, beretzat edo bere ikasle-lankide-lagunentzat ezkutuan gorde beharrean —batere arazo barik egin ahal zuena lehen aipatu ditudan metodoak erabilita, edo besterik gabe ikastolako intranet-ean edo interneteko gune babesturen batean kokakuta—, guztion eskura ipintzea?


P2P sareetatik, edo epostaz, edo halako era "klandestinoen" bidez zabaltzeko deiak egin dira. Ondo. Baina hori dagoeneko egiten da, eta banaketa ez da arazoa. Areago, esango nuke ikusten ez den bitartean inork ez duela atzamar bat ere mugituko. Ez, beste arazo bat dago hemen.


Arazoa batek lana egin, hura partekatu, erabiltzeko eta hobetzeko aukera eman, sozializatu eta ireki duenean mugak ipini zaizkiola nik neuk inongo mapan kokatzen ez dakidan "ibilbide" baten izenean. Batzuei ahoa betetzen dien "berrikuntzaren" ibilbideari ipini dioten horma ez bada.


Honek guztiak baten batek azaltzea behar duela uste dut, espero dezagun azalpenak eman behar dituenak hori Francoren sasoiko kontua dela ez pentsatzea.

Joxe Aranzabal
2009-02-14 : 22:14

Niri ere lotsagarria iruditzen zait Eusko Jaurlaritzaren jarrera Maite Goñik egindako lanarekin. Beste behin, adierazpen ofizialak alde batetik doaz —itxuraz biribilak, baikorrak eta aurrerakoiak—, eta ekintzak bestetik.



Uste sendoa dugunontzat Internet dela elkarrizketa gunerik zabalena, Eusko Jaurlaritzaren erabakia putakeria galanta da. Gor-mutu nahi gaituzte.



Maite zaituztegu, Maite eta konpainia. Eutsi goiari!

asier
2009-02-14 : 22:58

Ez gutun, ez kexa eta ez ezer. Har ditzagun test horiek eta jar ditzagun berriro sarean. Ez webgune batean, 100 webgune eta blogetan baizik. Eta kitto.

andonimo
2009-02-15 : 01:51

Aupa Maite!

Zutaz arro nago

ibon
2009-02-15 : 05:17

Eusko Jaurlaritzaren jarrera hori ageriago uzten duen beste datu bat. Nafarroako Gobernuak berak ditu sarean 2004 arteko azterketak, on-line egin ta zuzentzeko moduan: http://www.pnte.cfnavarra.es/eibz/ega/azt_zaharrak.htm

Banengoen ba ni, PNV UPN baino eskuinekoagoa zela.

Asierrek esan duen bezala, jar ditzagun sarean, guztion webguneetatik zintzilikatuta, megaupload, yousendit eta dena delakoetan, fotokopia ditzagun errukirik gabe.

Zelan azaldu astelehenean ikasleei, web gune hori gomendatu eta gero, ez dela esistitzen? Zelan motibatu ikas dezaten, oztopoak baino ez badute topatzen? Zelan azaldu sistema justua dela? Zelan azaldu zergatik diren azterketak urtetik urtera gero eta zorrotzagoak eta zailagoak -konparatu bestela 1992 azterketa bat eta 2008ko beste bat)? Zer erantzun ikasle guztiak zure aurrean sutan daudenean egunero sistema? Ba...esan egia, haiekin bat gatozela.

Mikel Iturria aka iturri
2009-02-15 : 20:11

Goiko komentarioetan ia-dena esanda dago, baina



@Hezkuntzakoei: asteburua ondo dago hausnarketa egiteko. Interneten garaian bizi garela komeni da kontutan hartzea. Eta Maite ez dago bakarrik, atzean komunitate txiki eta kaskagorra dago.



@Maite Zer nahi duzu esatea? Besarkada bat eta animo asko.

Sustatu
2009-02-17 : 10:02

EGA probarako sareko aplikazio abortatuak arrakasta izango zuela ez dago dudarik. Lastima da zerbitzu hori kenaraztea.


2008an Sustatuk izan zituen bisita guztien artean, ikustaldi gehien izan zituen albistea hauxe izan zen: EGAko atariko probak on-line.


Izatez, ez da ezta 2008ko albiste bat, 2005ekoa baizik... baina Googlen bilaketa eginez gero lehen emaitzen artean ageri denez izenburu erakargarri batekin, jendeak klik egiten du hor.


Karlos del Olmo
2009-02-19 : 12:06

Seguru asko Jaurlaritzako arduradun politiko eta teknikarien asmoa ez da dirua EGA liburuen lepotik irabaztea edo euskaltzaleen borondatezko lana oztopatzea, publizitatea eta etekin politikoa lortzea baino: "hainbeste gauza egin eta argiratzen dugu eta abar eta abar". Zalantzarik ez izan: Maitek web orrian gobernuaren zigilua eta gainerako bedeinkazio guztiak jarri izan balitu eta aurkezpena kargudun politikoen ondoan antolatu, etekin mediatikoa "kudeatu" ahal izateko, ez zen hainbesterainoko zaratarik sortuko. Ala bai? Dena dela, diru publikoz ordainduriko materialak herriarenak ei dira...

Mikel Goñi Larrea
2009-02-19 : 14:38

Iritzi "ausarta" emango dut. ausarta edo ausartegia, izan ere, ez dut auzia gehiegi jarraitu. Jarraitu, hala ere ikusi dudan gutxiagatik, politikari teknikari eta abarrekoen jarreraz gain, bada kritika merezi duen beste gune bat: hain zuzen ere, eredua. EGA gora edo behera, kontua da administrazioak egindako lanen jabetzaren inguruko eztabaida. Nire ustez, berez, lan horiek guztiak jabetza publikoko lanak beharko lirateke. Agian beharrezkoak lirateke salbuespenak, baina horixe beharko lirateke salbuespenak (eta beharrezkoak diren zalantzak ditut). Horrelako marko batek erraztuko luke Maite Goñi bezalako bolondresen lana esaterako.

horra eztabaidatxoa.

Erantzun

Sartu