Itzuli orri nagusira Bidali hau Inprimatu

Gotzon Garate idazle eta euskalaria hil da

Sustatu ¦ 2008-10-08 ¦ 09:13 ¦ Kultura

Gotzon Garate (1934-2008) gaur hil da. Minbizia izan du eta gogor borrokatu du azken hilabeteetan, ebakuntza eta abarrekin baina azkenean gaur hil da.

Publizitatea

Idazle, apaiz eta euskalari, Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologiako ikasketak abiatu zituen 1976an.

Bere jaioterrian, Elgoibarren, Barren aldizkariak ale berezia atera zuen Garateren ibilbideaz, eta hemen dago, PDF formatuan (tamalez, PDF enkriptatua, ezin testurik erauzi bertatik).

Bibliografia zabaleko gizona, Interneten ikusi eta kontsultatu daiteke bere lan marduletako bat, Atsotitzak. Esamolde tradizionalen bilduma eleanitza. Hainbat bider trabatzen gara, latinezko edo gaztelaniazko topiko bat ez dakigula nola esan euskaraz. Horraxe jo, eta hor duzu erantzuna.

Erantzunak

  • Re: Gotzon Garate idazle eta euskalaria hil da

    Iñigo ¦ 2008-10-08 ¦ 09:23

    Lasai, Gotzon, hemen gaude gazteok zeure bidean -alor guztietan- aurrera egiteko. Bihotzetik harakoa senitartekoei.

    Erantzun honi
  • Agur eta ohore;

    Ainhoa Lendinez Garate ¦ 2008-10-08 ¦ 09:24

    Bart ez dut lo sakonik egin. Atzo ezkila hotsak nituen buruan. Jira eta buelta izara artean. Esnatu naiz, inoiz lorik hartu badut. Eta ezkila hotsek zugana eraman naute. Joan zara. Ikaragarri sufrituta. Ezin esango dizut orain, lehen esan ez dizudanik. Baina paperak zuriz uztea baino gauza gogorragorik gutxi da.

    Uda aurretik joan behar omen zenuen, eta uda ostean joan zara. Negua baino gogokoago zenuelako uda, seguru. Negu gorriari ihes egin nahi izan diozula pentsatuko dut beti, eta udaberriko lore artean imajinatuko zaitut zure bide berrian. Izan dadila loretsua hemen izan duzunaren pare. Liburu bat besapean, eta irribarrea aurpegian, gazteekin solasean.

    Euskal Literaturaren urrezko orrietan geratuko zara betiko. Hedabideek lau haizetara zabalduko dute zure izena. Baina ororen gainetik, gertu izan zaitugunok lagun, aholkulari eta osaba izango dugu gogoan beti. Zenbat on jaso dugun zugandik, zenbat oroitzapen utzi diguzun.

    Izan zaitez beti zu, osaba Gotzon laguna.

    Elgoibarren, 2008ko urriaren 8an.

    Erantzun honi
  • Re: Gotzon Garate idazle eta euskalaria hil da

    emonbiarjako ¦ 2008-10-08 ¦ 09:29

    Gotzon Garateren izaera eta pentsamendua ulertzeko, JAKIN aldizkariaren 149. alean dago argitaratuta, Hasier Etxeberriak eginiko elkarrizketa luzea.

    Erantzun honi
  • Re: Gotzon Garate idazle eta euskalaria hil da

    Joxe Aranzabal ¦ 2008-10-08 ¦ 10:09

    Nik ere irakasle izan nuen Gotzon Garate, 70. hamarraldian. Gizon ona zen, eskuzabala, eta euskaltzale sutsua. Nik, behintzat, horrela gogoratzen dut. Harrezkero, herri prentsan nenbilela edo berripaperak argitaratzen, behin baino gehiagotan erakutsi zidan babesa egindako lanagatik. Azkenengoz, Deustuko Unibertsitatean ikusi nuen, han parte hartu nuen mahai inguru batean. Mila esker guztiagatik, Gotzon!

    Erantzun honi
  • Re: Gotzon Garate idazle eta euskalaria hil da

    Janire Rodríguez ¦ 2008-10-08 ¦ 10:34

    Betiko gure bihotzean, Gotzon. Ez dut hitzik gizon hau deskribatzeko... maitagarria agian.

    Erantzun honi
    • Re: Gotzon Garate idazle eta euskalaria hil da

      Iñigo ¦ 2008-10-09 ¦ 16:37

      > Gotzon Garate (1934-2008) gaur hil da. Minbizia izan du eta gogor borrokatu du azken hilabeteetan, ebakuntza eta abarrekin baina azkenean gaur hil da.
      > Betiko gure bihotzean, Gotzon. Ez dut hitzik gizon hau deskribatzeko... maitagarria agian.

      Agian ez, maitagarria ZINEZ. Gure bihotzeTan, atzo, gaur eta beti.

      Erantzun honi
  • Re: Gotzon Garate idazle eta euskalaria hil da

    imurua ¦ 2008-10-08 ¦ 11:14

    Duela hamabi urte Egunkaria-ko Kate Motzean sailean elkarrizketa egin nionean (1996ko abenduaren 22an argitaratua), heriotzari buruz galdetu nion Gotzon Garateri.

    Galdera.- Zer sentimendurekin begiratzen diozu zuk heriotzari?

    Erantzuna.- Egia esaten dizut: beldurrik gabe. Oso ekologista naiz eta uste dut beharrezkoa dela hiltzea. Neure tokia beste bati lagatzeak poz ematen dit.


    Erantzun honi
  • Re: Gotzon Garate idazle eta euskalaria hil da

    xemein ¦ 2008-10-08 ¦ 17:21

    Nik ere izan dut Gotzon ezagutzeko zorte handia. Beti alai, beti irribarretsu eta euskararen zirrikitu guztiak ezagutzeko prest. Testuen prestaketa lanetan batera lanean aritu garenean ere maisu apala agertu izan da, bere jakituria handia aldarrikatu beharrean.
    Zure falta somatuko dugun arren, izan gaitezen euskara zuk bezainbeste maitatzeko kapaz. Horixe izango da egin diezazukegun oparirik ederrena.

    Erantzun honi
  • Gotzon Garateren ehorzketa eta hileta

    Sustatu ¦ 2008-10-09 ¦ 08:30

    Gotzon Garate Loiolako basilikan lurperatuko dute gaur eguerdian, 12.00etan.

    Hileta elizkizuna 19.00etan izango da Deustuko Unibertsitateko kaperan.

    Erantzun honi
  • Gotzon Garate dela-eta

    Eneko Zuloaga ¦ 2008-10-09 ¦ 08:32

    Denboralditxoa gaixorik egin ostean utzi gaitu Gotzon Garatek: ez dugu berriro ere ikusiko Euskal Filologiako ikasleei pastak eramaten gabon denboran ez eta goizean goiz, anoraka soinean, eguneroko osteratxoa egin beharrean.

    Artean Euskal Filologia hasi berria geneukala, unibertsitateko igarobide baten ikusi genuen lehenengoz. Nor zen jakinda, bere atzetik abiatu ginen korridorean barrena eta, euskaraz genbiltzala entzunda, agudo eman zuen buelta agurtu eta ezer behar genuen galdetzeko. Zer esan jakin ez eta galduta geundela esan genion, hainbeste ate eta eskilara artean ez genekiela nondik jaitsi. Pausu arinez, hogei urteko baten gastetasunaz mugitzen zen, irribarrea ahoan eta kortesia hutsetik haratagoko atsegintasunez. Inguruan euskara entzuteaz –are gehiago Bilbon, esango nuke nik- pozten zen; baten baino gehiagotan atzetik agertu eta "eutsi Bizkaiko euskeriari!" animatzen gintuen irribarretsu.

    Liburu berria aurkezten zuen bakoitzean ikasle zein irakaslez lepo uzten zituen gelak. Eta hala hasi ginen bere liburuak irakurtzen: polizia-eleberriak, hiztegiak, saiakerak... "Karmel" aldizkarira ere harpidetu ginen bere artikuluak irakurtzearren. Honetan lizentziatu, horretan doktore eta hartan katedradun, ezer izatekotan, Gotzon euskararen sustatzaile petoa zen. Bere istorio, gertakizun eta azalpenak entzunez euskaltzaletasuna kutsatzen zuen. Edozertan laguntzeko beti gertu, baten baino gehiagotan hartu gintuen bere bizilekuan eta txokolatea edaten genuen artean entzuten genituen Indian, New Yorken, Suitzan edo Zeanurin jazotakoak.

    Minez gogoratzen dira orain, baina, azken bisita egin genionean esaniko hitzak: “hartu liburu bana apaletik eta sinatu egingo dizuet, idazlea hil ostean liburu sinatuek balio handiagoa hartzen dute”. Lasai, baina, Gotzon: katea ez da apurtu.

    Basaurin, 2008/10/08

    Erantzun honi
  • Re: Gotzon Garate idazle eta euskalaria hil da

    Aitor ¦ 2008-10-09 ¦ 10:22

    Nik ere Gotzon hurbiletik ezagbutzeko aukera izan nuen. Hemen besteok esandako gauza guztiak neure egiten ditut. Ezer gaineratzekotan, ezaugarri hauek nabarmenduko nituzke Gotzonengan:

    - Entusiasmoa. Egiten zuena gustuko zuen, bizi zuen; egiten zuenarekiko baikortasuna eta zaletasuna kutsatu egiten zituen.

    - Txikiaren goratzarrea. Han-hemenka urte luzez aritu ondoren, atzerrian zein herrian, unibertsitate eta enparauetan; lizentziatu, doktore zein katedradunekin... baserria eta bertako jende xumea eta apala zituen miresgarrien, beraren burua haien aurrean makurtzeraino.

    Behean eta behekoekin ibili zaren hori, zaude goian, Gotzon!

    Erantzun honi
    • Re: Gotzon Garate idazle eta euskalaria hil da

      miren ¦ 2008-10-09 ¦ 22:03

      -Zure ikasle ohia naiz, izan dituzun horietako beste bat baino ez; baina nik ere, zuk ereindakoa nigan sustrai sendoak dituela, esateko beharra sentitu dut. Adiorik ez.

      Erantzun honi
  • Bere liburuak osorik sarean

    susanews | armiarma.com ¦ 2008-10-09 ¦ 12:50

    Saiakerak, ipuinak, nobelak idatzi zituen, baita kronika ederrak ere, New York, New York (1988) gogoangarria bezalakoak. Gotzon Garateren gomutan, bere hiru nobela eta bi ipuin liburu eskaintzen dizkizugu osorik:

    Saiakerak, ipuinak, nobelak idatzi zituen, baita kronika ederrak ere, New York, New York (1988) gogoangarria bezalakoak. Gotzon Garateren gomutan, bere hiru nobela eta bi ipuin liburu eskaintzen dizkizugu osorik:

    Erantzun honi
  • Gotzon Garate gogoan (eta bihotzean)

    Jexux Mari ¦ 2008-10-10 ¦ 18:42

    Gotzon, mezu honen bidez, omenaldi xume bat egin nahi nizuke. Horretarako, zure atsotitzen liburu zoragarrira jo dut (beste behin ere!), bitxien bila. Ezagutzen zintudan neurrian, zure izaera eta jokaera deskribatzen laguntzen dute zuk, hainbat nekeren ostean, bazter guztietako baserrietan bildutako atsotitz eta esamoldeek. Hona ba, primeran egokitzen zaizkizun atsotitz batzuk.

    ZINTZOA
    Zintzoa, beti pozik.
    Zintzuek gezurre baño errexago botako du aotik ortza.
    Euskalduna, berbakoa.

    GOXOA
    Hitz goxoak ate guztiak zabaldu.

    EUSKALTZALEA
    Euskalduna euskaldunago, arrotzek estimatuago.
    Euskara, bestela ez gara.
    Euskara plazara, bestela galduak gara.

    HIZKUNTZALARIA
    Hitza da gizona.

    BIDAIARIA
    Euskal Herritik ostean zer ikusi asko da.

    BASERRIZALEA
    Baserria euskeraren gordelekua.

    JAKINZALEA
    Gizona ez da ogiz bakarrik bizi.

    LANGILEA
    Gizona lanerako eta txoria hegan egiteko.

    EMANKORRA
    Gizonetan eta arboletan batzuek bakarrik fruturik ematen.

    FEDEDUNA
    Euskaldun, fededun.
    Fedea, bizitzako argia.
    Jainkoak digula hillean eta bizian argia!

    Hara bada, Gotzon, une hits honetan zuretzako atsotiz egokia, azken hau: “bizian” eman dizu, bai, argia, eta “hillean” ere halatsu izango ahal da.

    Erantzun honi
Erantzun artikulu nagusiari