Teknologia albisteak
12

Patxi Lopezen "Euskara askatasunez" manifestua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Patxilopez.com
2008-10-03 : 08:10

PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakaritzarako hautagai Patxi Lopezek "Euskara askatasunez" manifestua aurkeztu zuen atzo Donostiako Miramar Jauregian egindako ekitaldi batean.

Felipe Juaristi idazleak eta Lourdes Auzmendi EHUko irakasleak egin zuten irakurraldia, eta Ramon Etxezarreta PSE-EEko zinegotzi ohiak hitz egin zuen. Patxi Lopezek ere bai noski. Kronikak daude euskaraz Berrian eta Eitb24n.

Manifestua Patxi Lopezen blogean dago, euskaraz (bideoarekin) eta gaztelaniaz. Euskarazko testua hona ekarri dugu.

Euskara askatasunez

1. Abiapuntua

Haize berriak dabiltza Euskadin. Erregenerazio haizeak gizartean, kulturan eta politikan. Gure eguneroko bizitza zamatzen jarraitzen duten iraganeko presentziak gorabehera, gauza asko ari dira aldatzen partekatzen dugun errealitate honetan. Besteak beste, Euskadin hizkuntzaren gaia ulertzeko moldea ari da aldatzen, eta aldi berean antzeman egiten da beharrezkoa dela formula berriak proposatzea elkarbizitza harmoniatsu eta emankorra lortzeko euskararen eta gaztelaniaren artean. Horregatik, eta “Euskara askatasunez” izenarekin, adierazpide kritiko, anitz, demokratiko eta integratzaile bat sustatu eta bultzatu nahi dugu euskarazko kulturari buruz ikuspegi moderno eta irekia duten pertsona guztiak biltzeko.

Gehiegitan jasan dugu euskal gizarteak dituen hizkuntzekiko erabilera politizatu eta gehiegikeria politikoez jositako giroa. Egoera horren aurrean, defendatu nahi dugun politika euskaltzaleak ezaugarri berezi zenbait izango ditu: oinarri identitario edo historizistarik gabea izango da, gaur egungo euskal gizartearen elebitasunean oinarrituta egongo da eta, ondorioz, akordioan sustengatutako elebitasuna bultzatuko du. Honen ildotik proposatzen dugu enplegu publikorako sarbideak euskal gizartearen izaera anitz eta elebiduna islatu behar duela, hizkuntzaren gaiak ezin dituela euskal hiritarren aukera pertsonalak modu erabakigarrian baldintzatu. Hausnarketa orokor bat egin behar dela uste dugu akordio berri bat lortzeko hizkuntza politikari buruz, bi hizkuntzen hiztunen artean bizikidetza librea ahalbideratzeko.. Izan ere, gure iritzirako, euskarazko kultura moderno eta inolako sektakeria ideologikorik gabea sendotzeko bidea neurri eta ekintza berriak bultzatzetik etorriko da. Neurri eta ekintza horiek, hizkuntzaren erabileraren kasu zehatzean, benetan eraginkorrak izan beharko dute sustatze eta bultzatzeari dagokionez, eta gaztelaniaz bakarrik mintzatzen diren euskal hiritarrak baztertzea ekar lezakeen inposaketazko ezein politikatik urrunduak.

2. Ikuspuntuak

Euskal gizartea prestatua dago, demokrazian hainbat hamarkada egin ondoren, gobernuan aldaketa eta alternantzia burutzeko. Garaia da alternatiba bat eratzeko Euskadiko kudeaketa politikoan, besteak beste norabide aldaketa sendo bat bultzatuko duena kulturari buruzko politika ulertzeko moduan eta mamian. Kultura-eredua benetan aldatu ahal izateko nahiatezkoa da Eusko Jaurlaritza ere aldatzea.

Ikuspegi horren aurrean, euskararentzako kultura berri bat defendatzen dugunok elkargune bat bilatu nahian gabiltza, kultura eta hizkuntza politikei beste norabide bat eman beharra dagoela pentsatzen duten pertsonak elkartzeko, politika horiei ikusmolde alderdikoi eta sektarioak, are nabarmen diskriminagarriak ere, kentzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza mintzatzen dira, komuna horietako bat bakarrik den arren. Biak ere hartu behar dira erakunde publikoek babestu eta sustatu beharreko ondare sozial eta kultural gisa. Gobernatzeko ardura daukatenek ezin dute baztertu ez euskara ez gaztelania. Hori dela eta, uste dugu lehentasunezkoa dela hizkuntza hiritarren zerbitzura jartzea eta ez alderantziz. Erakunde publikoek hizkuntza-arloan bultzatu beharreko ekintzak ez du bakar-bakarrik euskal gizartearen zati baten irizpideetan oinarritu behar; aitzitik, eredu libreago bat erdietsi behar du, Euskadiko hiritarren hizkuntza-errealitatea errespetatu eta gizarte-kohesioa indartuko duena. Erabat sinetsita gaude euskararen oraingo osasuna eta haren erabileraren geroa hertsi-hertsiki loturik daudela behar bezalako sustatze politika bati, besteak beste, euskara ikastea hurbilerraza eta erakargarria izan dadin.

Nahitaezkoa da, halaber, euskaltzaletasuna ikusmolde abertzale edo nazionalistatik erantsi ohi izan zaizkion edukietatik bereiztea. Euskara lantzea eta ikertzea ez daude berez halako ideologia jakin bati loturik, arlo horietan aritu eta ari direnen perfil politiko denetarikoak erakusten duen bezala.

Eta helburu horien guztien gainetik, eta hizkuntza-faktore soiletik haratago, bada eginkizun premiazko eta oinarrizko bat, hau da, bultzatzea euskarazko kultura bat guztiz demokratikoa eta inolako oniritzi, tolerantzia edo hurbiltasun intelektualik azalduko ez duena ETAren eta haren inguruaren oinarri ideologiko eta xede totalitarioekiko, horrek, bestalde, pertsona askok euskara eta euskal kulturarekiko duten atxikimendurik eza ekarri baitu.

3. Proposamenak

Euskararentzat proposatzen dugun politika berriak euskal gizartea integratu egin nahi du bizikidetza demokratikoko proiektu komun batean non euskarak bere leku propioa aurkituko baitu gaztelaniarekin batera. Jakitun gara zer aberastasuna eta zer komunikazio ahalmen ikaragarria ematen dion Euskadiri bi hizkuntzaren jabe izateak, eta horregatik aurrerantzean hizkuntzen arteko kohesio eta bizikidetzarako politika bultzatu nahi dugu, ezein liskarretik urrunduta.

Euskal hiritarrek kultura arloan behar eta eskatzen duten norabide berria guk uste zenbait zutabe estrategikotan oinarritu daitekeela, horiek baitira euskararentzako politikaren gaineko ikuskera berri baten ondoriozko erreforma-proposamenak.

a) Euskaraz egindako jarduera kulturalen finantzaketa publikoari eustea, konpromiso garbi-garbia hartuz ez dela haien hornidura ekonomikoa gutxituko, eta gaztelaniaz gauzatzen den euskal kultura babesteari kalterik ekarri gabe.

b) EITB eraberritzea informazio-zerbitzu publiko anitz eta demokratikoa, eta kalitateko eduki kulturalekin, eskaintze aldera. ETB-1en moldeak, edukiak eta aurrekontua aztertzea kultura euskaldun moderno eta askotarikoa garatzeko tresna baliagarri eta eraginkorra izan dadin.

c) Aniztasunean oinarritutako hizkuntza-eredu bat defendatzea: eredu horrek hezkuntza-sisteman bere isla izango du euskara belaunaldi berriei helaraztea bermatzeko, eta erdaldunak euskararen mundura erakartzeko, euskaraz ez dakiten horiek uxatzeke edo eta nahitaez ikastera behartu gabe, izan ere emaitzak etsigarriak izan dira-eta gehiegitan.

d) Kultura-proiektu euskaldun demokratiko eta askotarikoa garatzea, nola euskara hala euskarazko kultura erabilera politikotik kanpo utziko duena.

e) Euskarazko kulturaren prestigio demokratikoa hiritarren artean lehenbailehen berreskuratzea, oinarritzat hartuz aniztasun eta sormen irizpideak, hiritartasunari lehentasuna emanez identitatearen eta etnikotasunaren gainetik, eta argi eta garbi salatuz nazionalismo biolentoak −euskaldun askoren urruntasuna eraginez− sortarazten duen identifikazioa.

Uste dugu gutxienezko proposamen-multzo honen gainean adostasun batzuk sor daitezkeela hurrengo urteetan euskal kultura ireki eta libre bat eraikitzen laguntzeko, Euskadiko autonomia erkidego guztiaren aniztasuna ordezkatzeko gauza dena eta, beraz, hemengo hiritarren isla duintzat ere har litekeena.

Erantzunak

Ander
2008-10-03 : 11:27

"proposatzen dugu enplegu publikorako sarbideak euskal gizartearen izaera anitz eta elebiduna islatu behar duela, hizkuntzaren gaiak ezin dituela euskal hiritarren aukera pertsonalak modu erabakigarrian baldintzatu."



Argi dago hizkuntza eskakizunak murrizteko proposamena dagoela. Beraiei euskara ulertzeko gaitasuna eskatzea "diskriminatzailea" iruditzen zaie eta herritarrei bere hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea zapaltzea "demokratiko eta integratzaile"....



Honen atzean elektoralismoa besterik ez dago. Badakite PPren 'frentismoak' indarra ematen diola PNV-EAri eta hau itxurak egitea besterik ez da. PSOEk boterea hartuz gero, boterean mantentzeko estrategia erabiliko du, euskara ahal duen neurrian zapalduz. Zeri begira daude Nafarroan euskara legea aldatzeko?



Patxi ez gaituzu engainatzen!

Unai
2008-10-03 : 11:33

Euskara eta libertadea (sic). Oso ondo Patxi, hori da euskarari begirunea edukitzea....



Igor
2008-10-03 : 12:38

Euskara ta Askatasuna jartzen ez zen ausartko...

Larra
2008-10-03 : 15:43

Hitz hutsak.Propaganda besterik ez.



Agintean dagoeanarentzako akulua, hobetze aldera.

Aitor
2008-10-04 : 00:53

. Erabat ados osteguneko ekitaldiak zuen hauteskunde-zundarekin eta oportunismo-kutsuarekin.

Hori argi uttzita, ez dakit "euskara guztiona" dela diogunean, benetan hala sentitzen edo sinisten dugun. Benetan prest gaude euskararen ardura euskaltzale-abertzale ez direnekin konpartitzeko? "Euskara guztiona" hori noraino gaude prest asumitzeko?



joseba
2008-10-04 : 01:51

Prest egon, zertarako ?

Euskara ez da abertzaleena, ezta euskaltzaleena ere. Euskaraz egiten dena (kultura, politika, pornografia edo kakazaharra), euskaraz egiten da eta kitto. Euskara territorio aske bat da, erabili nahi duen ororentzat, edozein pentsakera politiko, joera sexual edo jatorri duelarik.



Euskal sozialistek, askatasunez, euskara hutsaren hurrengotzat hartzea erabaki duten euren eguneroko jardunean. Bizpahiru salbuespen gorabehera. Nafarroan, UPNren hizkuntza politika babestu dute, gutxi asko.



Eta euskara ez da abertzaleena, bai zera. Alderdi abertzaleetan bada erdaldun elebakarrik, euskaraz sozialista askok baino gutxiago dakienik. Edo Azkuna eta Ramon Etxezarreta konparatu beharra dago?



Euskara ez da euskal hiztunena baizik eta euskal hiztunok egiten dugun erabilerak kutsu bat edo beste eman diezaioken arren, sozialistak ez dira inoiz euskararekin gehiegi arduratu.



Kendu euskara hitza hitzarmen horretan, jarri katalana. Eta itzuli guztia, katalanera. Ea zer nolako harrera izango luken testu horrek katalunian.



Gertatzen dena da, sozialista katalanek katalana eurenganatu dutela eta euskal sozialistek, aldiz, euskara ez. Baina horrek ez du euskararen ezer adierazten; euskal sozialisten izatea bera baino.

Aitor
2008-10-04 : 14:38

Ados nago zure irakurketarekin, Joseba. Kontua da sozialista euskaldunek pausu hau eman bezain pronto hasi direla inguruan oportunismoa ikusten duten kritikak barra-barra zabaltzen. Agian arrazoia izango dute, baina emaiegun aukera bat apostu hau benetakoa den ala ez demostratzeko. Eta etor bitez orduan kritikak orduan, etorri behar badute.



Bestalde, manifestuan badira kritikatu beharreko ideiak, baina horiek hobeto beste leku batean, ez baitut uste hemen idatzita hartzaileari helduko zaizkionik.

JJ
2008-10-06 : 13:10

Patxilopezek ez du inor engainatu nahi.

Anderrek jaso bezala, hara zer argi hitz egin duen:

"proposatzen dugu enplegu publikorako sarbideak euskal gizartearen izaera anitz eta elebiduna islatu behar duela, hizkuntzaren gaiak ezin dituela euskal hiritarren aukera pertsonalak modu erabakigarrian baldintzatu."

Hots, EUSKARAZ EZ JAKITEKO ESKUBIDEA aldarrikatu eta zerbitzu publikoetan euskaraz hitz egiteko eskubidearen gainetik jarri.

ERDARAZ EZ JAKITEKO ESKUBIDEA defendatzen ote dute "libertadearen zaindariok"?



Argi adierazi dute ere, beren ustez gizarte elebiduna zer den: egungo gizarte erdaldun diglosikoa.

Ez du euskaldunen eta erdaldunen elkarbizitza armonikoaz hitz egin, euskararen eta gaztelaniaren elkarbizitzaz baizik, elkarbizitza arazoak hizkuntzenak balira legez, eta ez hiztunenak.

PSE-k euskaldunoi bizkarra emanda darri aurrera, kolonoaren jarreran eroso. PSNz hobe hitz egin ez.

Ulertzen ez dudana Auzmendiren edota Etxezarretaren jarrera da. Benetan uste dute Hizkuntza Politika "berri" horrekin euskaldunok inongo aukerarik badugula?



Pax Castellanan oinarritutako hizkuntza politika euskararen erabilera lehen bai lehen lurperatzeko proposamen disdiratsua. PSNren libertatearen azpian...

Eta zer esan euskara ETAri lotzeko saiakera maltzurraz? Hori sinatzen dute PSNko euskaldunek ere?

Non daude orduan gaztelaniaren erabilera partidista, inperialista eta zapaltzailearen salaketak? Gaztelania zer da ba? Frankisten ondorengoen eta torturatzaile espainiarren hizkuntza? Inkisizioarena edota Ynestrillasen kumeena?

Besterik espero genuen Etxezarretaz, Auzmendiz edo Lopez Basagurenez. Patxi Lopez, Montalban edo Celaaren goardia autoktonoarenak egin ordez, euskaldunon errealitatera hurbiltzen laguntzea, adibidez. Lastimagarria.







P
2008-10-06 : 16:01



>

> Bestalde, manifestuan badira kritikatu beharreko ideiak, baina horiek hobeto beste leku batean, ez baitut uste hemen idatzita hartzaileari helduko zaizkionik.





Zer esan nahi duzu? Ez dut ondo ulertzen. Esan nahi ote duzu, akaso, sozialistek ez dutela euskaraz idatzitako ezer irakurtzen? Hutsaren hurrengoa dela beraientzat euskaraz idatzitako oro?



Kezkagarria, ezta?







Porrot
2008-10-06 : 16:23

Nik gehiago ere esango nuke.

Uste dut PSOEtar GEHIENAK euskararen alde daudela... inondik ere ez badie eragiten, hau da ez badie inongo deserosotasunik ekarriko, eta dagoen zulotik aterako ez bada.

Askori jasanezin egiten zaie euskara ikusi edo entzun beharra bera. Uste osoa dut PSOEtar gehienek euskara gorroto dutela...

Ez dut oraindik ezagutu PSOEk bultzatutako euskararen sustapenerako proposamenik. Lopez jaunarena atzera egiteko proposamen bat gehiago da. Horien ondoan, Azcuna euskalitzain.

Aitor
2008-10-07 : 12:45



>

>



Esan nahi ote duzu, akaso, sozialistek ez dutela euskaraz idatzitako ezer irakurtzen? Hutsaren hurrengoa dela beraientzat euskaraz idatzitako oro?

>

> Kezkagarria, ezta?





Ez nuke esango horrenbeste. Gainera, "euskaraz idatzitako oro" ez da Sustatun agertzen dena (eskerrak!) Eta Sustatun idatzitakoa ez irakurtzeak ez du suposatzen, "sozialistek ez dutela euskaraz idatzitako ezer irakurtzen".



Kontua sinpleagoa da.

Sustatu
2008-10-07 : 17:27

Hitza.info-ri elkarrizketa digitala eskainiko dio
Ramon Etxezarreta PSE-EEko zinegotzi ohiak urriaren 14an, eta manifestu hau izango omen da gaia. Aldez aurretik bidal daitezke galderak hemendik.


Erantzun

Sartu