Teknologia albisteak
7

Kutxan nabigatzailea euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia
Mikel Irizar - Kutxa
2008-09-25 : 10:09

Sustatutik askotan etorri izan zaigu gonbita, ordenagailuek euskara lehenetsi zezaten nabigatzeko orduan. Gipuzkoa Donostia Kutxan kasu egin dizuegu, eta 3.000 ordenagailu konfiguratu ditugu.

Kutxako Hizkuntza Plangintzaren arduradun naizen aldetik, berotasun handiz eraman nuen gaia Alor Teknikora. Hizkuntza txikiek meta handiak behar dituzte sarean, handi agertzeko.

Alor Teknikoan zorrotz aztertu zuten, kontuan izanik gure erabiltzaileen heren bat euskararen lurraldetatik kanpo ari dela, bestelako hizkuntzetan. Baina haientzat ere aldaketa orokorrak ez zuen albo kalterik. Bilatzen ziharduten horrek orria euskaraz bazuen, horixe aterako zien, baina orriaren hizkuntza aldatzea beste lanik ez.

Eta sistema eragilearen migrazioa baliatuz, berriki burutu da jauzia: beste 3.000 ordenagailu inguru dabiltza sarean euskararen banderarekin. Enpresa eta erakundeetan euskararen erabilera bultzatzen ari den honetan, ekarpen polita izan daiteke zortzigarren probintziari.

Erantzunak

Sustatu.com
2008-09-25 : 10:46

Benetan pozten gaitu albisteak. Zorionak!


Hona hemen besteok ere, zuen etxean, ikastetxea, edo udaletxean nabigatzailearen hizkuntza lehenetsia euskaraz jartzeko informazioa:


Nabigatzailea euskaraz


MiKeL
2008-09-25 : 12:45

Zorionak eta mila esker!



Eroskiko euskara sustapen taldeko bati bidali diot berria... ea azkar animatzen diren ;)

Ander
2008-09-25 : 13:17

Aupa!



Nire esperientzia kutxarekin oso positiboa izan da. CSBnet zerbitzua euskaraz ez zebilenean abisatu eta nahiko azkar konpondu zuten. Firefox nabigatzailea integratzen lehenetakoak izan dira.



Izenpe txartela firefox nabigatzailean martxan duen gutxienetakoa da. (IZFE eta jaurlaritzak badaukate non ikasi)



Nire iritzian bankuen artean webgune hoberena du.



nire iritzi xumea da.

Sustatu
2008-09-25 : 13:50

Gure estatistikei begiratuz, Sustatu bisitatzen duten nabigatzaileetan lehenetsitako hizkuntza:



Euskaraz ekainean: %45

Euskaraz irailean: %48

Gaztelaniaz ekainean: %35

Gaztelaniaz irailean: %32



Nabari ote da hor Kutxaren aldaketa? Apurtxo bat bai, noski!

Iban Arantzabal
2008-09-26 : 13:15

Ekintza txiki handia da.



Enpresa gehiagok horrelako ekimenak bultzatuko balituzte... Esan bai, eta kasu honetan baita izan ere.



Zorionak erabaki hau hartu duzuenoi.

Joxe Aranzabal
2008-09-27 : 10:34

Zorionak Kutxari hartutako erabakiagatik. Berdin egin beharko lukete gure arteko enpresa handiek zein txikiek.

Luistxo Fernandez
2008-09-29 : 12:37

Zorionak Mikel. Eskerrik asko Kutxa. Uste dut oso notizia ona dela hau. Langile erdaldunen makinetan ere bai, noski: horrek ez du esan nahi horiek Firefox edo Windows euskaraz izango dutenik, ez, gaztelaniaz izan dezakete, baina beren konfigurazioan, nabigazio hizkuntza euskara dute, eta erdaldunak izanik ere horrek ez die trabarik egingo. Aldiz, Interneteko euskal presentzia areagotzeko orduan, sekulako eragina du horrek.


Microsoft-ek Klik Egin Euskarari kanpainan lortu duen datu estatistiko absoluto tristearekin konparatuz (apenas 1.700 ordenagailu euskaldun gehiago, hemen balorazio bat), egun batetik bestera, Googleren barne-estatistiketan 3.000 euskaldun gehiago ageri dira; Kutxako ordenagailu horietatik bakoitzak Googlen bilaketa bat egiten duen unean, haren erabiltzaile hizkuntza grabatua geratuko da estatistiketan, euskara.


Euskal erakundeek (administrazioek edo enpresek) sekulako eragina izan dezakete euskararen Interneteko presentzia indartzen Kutxak eman duen urratsa errepikatuko balute.


Zuk nola duzu nabigatzailea? Atxukalen sar zaitez, eta webgune horrek esango dizu. Euskaraz baduzu, ondo, bestela ekin aldatzeari. Hona instrukzioak Firefox (gomendatua), Internet Explorer edo Chrome berria erabiltzen baduzu.


Erantzun

Sartu