Itzuli orri nagusira Bidali hau Inprimatu
Elhuyar Fundazioaren hizkuntza-zerbitzuak on line
Rakel Lopez ¦ Elhuyar Fundazioa ¦ 2008-07-16 ¦ 15:02 ¦ Hizkuntza
Elhuyar Fundazioak hizkuntza-baliabideak eta -tresnak on line jarri ditu www.elhuyar.org/hizkuntza-zerbitzuak web gunean. Gaur goizean aurkeztu den web gune berri horren bidez, hizkuntzalariek, irakasleek, teknikariek eta, oro har, gizarteak Internet bidez ikusgai izango dute Elhuyar Fundazioak hizkuntza-zerbitzuen arloan lantzen dituen proiektu, zerbitzu eta produktuak.
Elhuyarrek eskaintzen dituen zenbait zerbitzu eskuratu ahal izango ditu erabiltzaileak www.elhuyar.org/hizkuntza-zerbitzuak web gune berriaren bidez, besteak beste, hauek: hiztegi-kontsulta eleaniztuna, hiztegien plugin-ak deskargatu, telefono mugikorrerako euskara-gaztelaniazko hiztegi murriztua eskuratu, hizkuntza-kontsultak egin… Erabiltzaileek parte hartzeko modua ere izango dute, Hizkuntza Zerbitzuen blog-aren bitartez.
Josu Aztiria Elhuyar Fundazioko Hizkuntza Zerbitzuak saileko arduradunak adierazi duenez, helburua da hizkuntzalari profesionalentzat zein gizartearentzat, oro har, web gune bakar batean biltzea Elhuyarrek eskaintzen dituen hizkuntza-baliabideak eta –tresnak. Baliabide eta tresna horiek, gainera, Elhuyarren hogeita hamasei urteko ibilbide profesionalaren fruitu dira, bai eta hogeita hamabost lagunek osatzen duten lantaldearen lanaren isla ere.
Elhuyar Fundazioko I+G+B sailean egiten diren ikerketek ere leku berezia izango dute web gunean. Martxan jarritako ikerketa-ildo eta proiektuen informazioa emango du web guneak, eta argitaratutako artikulu guztiak kontsultagai jarri dira. Horrez gain, ikerketa-proiektuen emaitza diren baliabide eta tresnetara sarbide zuzena egongo da atari honetan:
- Zientzia eta Teknologiaren Corpusa berriki handitu da, eta kontsulta-aukera zabalagoa eskaintzen du
- CorpEus Internet euskarazko corpus gisa kontsultatu eta ustiatzeko tresna.
- OpenTrad kode irekiko itzultzaile automatikoa
- Elebila euskarazko bilatzailea
Laster, gainera, lexiko- eta terminologia-erauzketarako web zerbitzu bat jarriko da martxan: ItzulTerm.
Azkenik, Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak aurreratu duenez, Elhuyar Fundazioaren web gune korporatibo berri bat jarriko du Elhuyarrek urte honetan bertan, eta, han, Elhuyar Fundazioaren beste ardatza den Zientziaren Komunikazioaren jarduna ere sareratuko da. Horixe baita, hizkuntzaren normalizazioaz gain, Elhuyar Fundazioaren xedea.
Proiektu hau Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak diru lagundu du, eta web gunean eskaintzen diren hainbat baliabide eta tresnak ere diruz lagundu izan ditu.
Erantzunak
Re: Elhuyar Fundazioaren hizkuntza-zerbitzuak on line
Mikel ¦ 2008-07-16 ¦ 22:21
Beharrezkoa al zen 12 aldiz lotura jartzea Elhuyar-en webgunera testu osoan? Gehiegi jartzea ez da ona. Gogoratu baita ere loturak ondo egiteko Sustatun agertutakoa.
Erantzun honi
Re: Elhuyar Fundazioaren hizkuntza-zerbitzuak on line
Iñaki ¦ 2008-07-17 ¦ 12:10
Hemen Elhuyarren I+G+B saila interesa duzuenontzat.
Erantzun honi
