Teknologia albisteak
23

Windows Vista eta Office 2007 euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - CodeSyntax
2008-06-25 : 17:06

Microsoft-ek Windows Vista sistema eragilearen eta Office pakete berrienaren euskarazko lokalizioak aurkeztu ditu gaur. Sarean daude jada deskargarako, language pack gisa: pakete arin batzuk dira, erraz instalatzekoak. Erabilpena sustatzeko, sariak dituen kanpaina biral bat jarri da martxan, eta ordenagailu ekoizle batzuen kolaborazioa ere lortu dute.

Miramongo Parke Teknologikoan egin den ekitaldi batean aurkeztu ditu Microsoftek bere produktu berriak.

Lokalizazioa osorik Microsoftek finantziatu du, Windows XP-ren kasuan gertatu zen bezala. Egin, Elhuyar Fundazioak egin du, nahiz eta gaurko ekitaldian ez duen inork aipatu. Eusko Jaurlaritzak hizkuntza-zuzentasunaren bermea eman du, ez dirulaguntzarik. Gaurko ekitaldia, HPSko lagun batek esan didanez, erdibana zegoen antolatua Microsoft eta Jaurlaritzaren artean. Horrez gain, HPSk bere irudia (Ukan birusa) erabiltzen utzi dio Microsofti lokalizazioaren zabalkunderako.

Zabalkunde hori ez omen da izan oso sakona Windows XP-ren kasuan. Rosa Garcia Microsoft Españako presidenteak esan du 50.000 deskarga egin zirela haren language pack-arena. Hortaz, orain hori gainditu nahi dute eta horregatik Egin klik euskarari kanpainari. Zera da kontua: deskargak sustatzeko, maratoiko partehartzaile gisa eman dezakezu izena, eta kode bat emango dizute. Beste batzuk deskarga egitera animatzen badituzu, kode hori emaiezu, eta haiek deskargatzen dutenean zure kodea eman ahal izango dute. Horrela, deskarga gehien nork eragin edo gomendatu dituen ikusi ahal izango da, eta sei saiatuenentzat sariak egongo omen dira.

Microsoft-en kanpainaren URLa hau da:

www.microsoft.es/eus

Eta deskargatu daitezkeen euskarazko lokalizazioen URL finalak hauek:

Promoziorako beste bidea da hiru enpresarekin lortu den akordioa: HP, Dell eta Inves/Investronica enpresek salduko dituzten ordenagailuetan euskarazko paketeak aurrez instalatuta egongo dira Windows Vistaren kasuan, erabiltzaileari lanak aurreratzeko. HP eta Dell munduko PC ekoizle handienetakoak dira, eta Inves enpresa espainiar bat, El Corte Ingles taldekoa.

Rosa Garciak esan du, Windows Vistaren legezko erabiltzaileek (usuarios legales) instalatu ahal izango dutela euskarazko lokalizazioa. Ez dakit zer gertatzen den bertsio pirata baduzu sistema eragilean edo Office ofimatika paketean. Windows Vista sistema eragileak ez du irudi onik, eta salmentetan ere ez dabil oso fuerte. Windows-en zaleen artean ere, XP aurreko sistemak prentsa hobea dauka.

Nik ez daukat eskura ditudan ordenagailuen artean Vista duen bat bera ere, eta hortaz, ezin dizuet esan nola geratzen den euskaraturik. Gaur erakutsi dizkiguten pantaila-irudietan, Word eta Excel oso txukun agertu dira euskaratuta, baina Outlook ireki duenean Microsofteko batek, datak gaztelaniaz agertzen ziren, eta beste zenbait gauza ere bai.

Argazki pare bat atera dizkiot pantaila handiari, eta bietan Outlook ageri da akats horietako batzuekin (ez dut nahita akatsen irudia atera nahi izan, kasualitatez, aukera izan dudanean hori zegoen, eta horrela gertatu da, gero konturatu naiz erroreez).

Windows erabiltzen baduzu, pakete hauek instalatzeko gomendatuko nuke. Interfaze euskaldun batekin, txukunago getratuko zara. Batik bat, gaur kanoiak-eta erabiltzen ditugularik, zenbat euskal ekitalditan ikusten dugu erdarazko INICIO itsusi hori gauza bat edo bestea aurkeztu behar zaigunean... Erraz zuzendu daiteke hori pakete hauek instalatuta.

Beste kontu bat da apostu estrategiko gisa Microsoftena baino, beste batzuk ez ote diren komeni gehiago. Nik pertsonalki uste dut Extremadurako politika teknologikoa, software librearen aldekoa, hemengo Jaurlaritzarena baino hobea dela. Microsoftek bere kasa bere sistemak euskaratzen baditu, ba bale, poztekoa da, instalatu eta erabil dezagun, eta egin biezaio txalo eta eskerron adierazpena Jaurlaritzak. Baina hau zergatik den honela ere ez dezagun ahantz: euskal administrazioek beren lizentziatara lotuta ikusi nahi ditu Microsoftek etorkizunean ere, orain arte bezala. Eta hor dago koxka, bai hizkuntzaren ikuspuntutik, zein teknologiaren edo ekonomi sustapenarenetik, administrazioaren software librearen aldeko apostu garbi bat hainbat hobe litzatekeela orain bizi dugun morrontza teknologiko eta ekonomiko garesti hau baino.

Erantzunak

Unai
2008-06-25 : 19:44

Nik etxean Vista daukat, etxera iristean instalatuko dut. Hemen lanean XPren bertsio euskalduna daukat.



Bulegora datozenean, bezero asko harrituta geratzen dira Windows-a euskaraz ikusten dutenean. "Hara, nola egin duzu hori?" "Eta den-dena daukazu euskaraz?"



pd: www.microsoft.es/eus Firefoxen gaizki ikusten da :D

Josu O.
2008-06-26 : 01:43

INICIO-ri buruz niri gehien txokatu zaidana NOAOA! programan ikustea izan da, benetan oso itsusia geratzen zen.



Gaurko asuntoari buruz aurrera pausu bat dela iruditzen zait baina ez Vista eta Office euskaratzea, Microsoftek bere boltsikotik ordainduta egitea baizik, ez aurreko euskeraketak bezala, haiek denon artean ordaindu bait genituen.



Joxe Rojas
2008-06-26 : 03:13

Nik dakidala, aurreko euskaraketa ere, Windows XP SP1ena, Microsoftek ordaindu zuen.


Beharbada oker nabil, eta zuzen diezadaa baten batek hala bada, baina Windows XP SP2 euskaraz jartzeko aukerarik ez da egon gaur arte. Aurkeztu duten orrian dagoen euskaraketa paketea SP2rako da, baina orain arte euskara.euskadi.net-en egon dena SP1erako soilik balio du.


Aurrerapausua bai, beharbada... Microsoftek aurrerantzean ateratzen dituen bertsioak ere euskaratuta mantentzeko konpromisoa hartuz gero behintzat. Bestela, betiko kopla: sistema eguneratuta eduki, ala euskaraz eduki, baina biak batera ezin.


Portzierto, oso-oso bitxiak deskarga orriko mezuak... euskarazko bertsioak galegozkoak direla jartzen du!


Mikel
2008-06-26 : 09:33

Euskarazkoa jaisteko, Microsoftek eskatzen dizun lehen gauza zera da: zure Windowsen bertsioa pirata ez dela baieztatzea. Bestela ezin jaitsi. Nik zalantzak ditut nirearekin, ordenagailua aski zaharra delako.



Ondorioak izan ditzaket Microsoften "benetakotasun testa" egiten badut eta nire Windows pirata dela ikusten badute?



Norbaitek al daki?

Unai
2008-06-26 : 11:04

Kaixo Joxe,


Service Pack 2-a euskaraz ere badago, neuk behintzat hala daukat.


Irudia.


Sustatu
2008-06-26 : 11:08

Maratoiaren funtzionamenduaz zalantzak azaldu dira Zabaldu.com-en. Izatez, gaur, ekainak 26, hasten da kanpaina hori, eta irailaren 1ean amaituko da. Inork gaur probatzen badu eta aklaratzen bada nola dabilen, esan dezala arren. Mila esker aldez aurretik.


Luistxo Fernandez
2008-06-26 : 12:51

Egia da webgunea ez dela zuzen ikusten Firefoxen. Kontagailuko zenbakiak lekuz kanpo daude. Atzo 14.30ak aldera, iragarpen publikoa bukatu eta berehala, 50 pasatxo ziren. Gaur goizekoa da hor lotuta utzi dudan pantaila irudia, eta 450 inguru deskarga doazela ikusten da.


Joxe Rojas
2008-06-26 : 13:41

Maratoia dela eta ez dela, ez diot arrakasta handirik aurreikusten. Duntzionamendua, atzo probatu ahal izan nuenagatik, oso-OSO-oso korapilatsua da:



-Lehenengo eta behin izena eman beharra dago, kode bat eskuratzeko. Izena emateko, derrigorra da Windows Live kontu bat aldez aurretik izatea, edo momentuan sortzea.



-Kodea eskuz apuntatu eta lagunei bidali ahal zaie e-mailez.



-Lagunek ere WIndows Live kontua sortu, izena eman eta orduan sar dezakete (eskuz) norberak bidalitako kodea.



Beharbada hobeto funtzionatuko du gaur, ez dakit, baina atzoko esperientzia oso etsigarria izan zen :/

Joxe Rojas
2008-06-26 : 14:01

Unai, baina SP2 hori noiz euskaldundu duzu?



Nik atzo lortu nuen laneko portatila, SP2duna, euskalduntzea, baina ordura arte, www.euskadi.net-en dagoen partxearekin ezin izan dut. Eta berdin portatilean zein laneko beste makina batzuetan. Baina ez dakit, agian ez dut ondo egin, Windowsekin ez naiz oso trebea...

Sustatu
2008-06-26 : 15:54

Atzoko aurkezpenean agertzen zen Outlook bertsioa ez zegoen guztiz txukun: ikusi pantaila irudia. Demo efektua ala akats estrukturala ote den jakin nahi genuke.


Inork jaitsi du Office 2007ri dagokion paketea, eta konprobatu du ea Outlook egoki euskaratua dagoen?


Josu Waliño
2008-06-26 : 16:34

WindowsXPren LIP desberdinak daude, ServicePack bakoitzerako. Egia da Jaurlaritzak Euskadi.net-en SP1erako LIPa bakarrik eskaintzen duela, baina Microsoft-ek WindowsXP SP2ren LIPa aspaldi eskaintzen du bere webgunean.


Hemen eskuratu daiteke: http://www.microsoft.com/spain/windowsxp/euskera.mspx


Sustatu
2008-06-26 : 18:26

Jaurlaritzaren prentsa oharra, atzoko aurkezpenaren berri ematen duena.


juan luis
2008-06-26 : 18:49

Microsoft joan zen astean ere albiste izan zen, Arrasateko Garaia Berrikuntza gunean teknologia txertatuetako zentroa aurkeztu zuelako.

Josu Waliño
2008-06-27 : 11:46

Kaixo,


Hor jarri duzuen Outlook-eko pantailaren "akatsena" ez da itzulpenaren akatsa, bestelakoa baizik:


  • Karpeten izenak: jatorrizkoak errespetatzen ditu LIPak. Hau da, Outlook gaztelaniaz bazegoen eta jada postako karpetak konfiguratuta (izenak gaztelaniaz zituztela), izen horiek errespetatzen ditu LIPak. Hori aurreko bertsiotan ere gertatzen zen.

  • Egitekoen datak gaztelaniaz: sistematik hartuak direla dirudi. Kasu honetan esango nuke Windows-a gaztelaniaz dagoela eta kate horiek sistematik hartu ditula Outlook-ek. Nik probatu det nire sisteman eta euskaraz agertzen dira, eta Elhuyarren zuzenketa fasean egin genituen proba guztietan ez zen horrelakorik agertzen.

Eneko
2008-06-27 : 20:09

Aste honetan bertan parlamentuan eskatu da Microsoft enpresari zenbait programa Frisiera
lengoaiara itzultzeko ematen zitzaien diru-laguntzak etetea, eta "diru hori software libreko programak itzultzeko erabiltzea".


Frisierara ekartzeko erabiltzen den diru publikoa, software publikoan, hau da software librean inbertitzeko eskatu da parlamentuan.


Gaur egun frisiera edo frasch hizkuntzak 400.000 hiztun inguru ditu.


Mikel
2008-06-28 : 09:34

Sustatuko irakurleen artean inork erantzun ez didanez, arriskatzea erabaki dut eta nire susmoa baieztatu da: nire windows-a pirata da!



Ordenagailuarekin zetorren aurretik instalatuta. Instatzaileak egingo zuen kopia, lizentzia aurrezteko. Beraz, ezin dut euskarazko paketeak jaitsi Microsoften gunetik.Noski, ez dut inongo asmorik Microsofti ezertxo ere ordaintzeko.



Nire ustez, Euskal Herrian milaka ordenagailu egongo dira nirea bezala. Norbaitek jar al dezake hizkuntza pakete horiek sarean, "ez ofizialki" jaisteko?



Eskerrik asko, eta ez esan ezer Bill Gatesi (beno, agian ez du axola; Gilito osaba badoala entzun dut).

Sustatu
2008-06-30 : 11:08

Eskerrik asko prozedura azaltzeagatik, Joxe. Hain zuzen ere, ikusi dugu Teknopata blogean aipatzen duzula gaia, eta zure kodea ere publiko egin duzula bertan.


Lagunok, 65-PTN7VW da Joxe Rojasen kodea, inork deskarga egitean hori ematen badu, zerbait etxeratzen lagunduko diogu blogari honi.


Joxe Rojas
2008-06-30 : 13:30

Aupa Mikel:


Aupa Mikel:


Zerbitzarira igo ditut nik erabilitakoak: Windows XP SP2 eta Office 2003.


Microsoften abokatuak Applerenak bezain eraginkorrak badira, berehala ezabatuko beharko ditut, beraz azkar ibili! :)


Mikel
2008-06-30 : 22:23

Eskerrik asko Joxe, benetan.



Dena den, ezin izan dut instalatu. Microsoftekoak azkarragoak dira (oraingoz)eta ezin da instalatu "benetakotasun testa" gainditu gabe.



Non dira txosten eta emendakina?



Non dira euskal hackerrak?





Joxe Rojas
2008-06-30 : 23:23

Ejem... egon badaude Windows Genuine Advance saltatzeko moduak, eta ez dira topatzen oso zailak. Google orojakileak eman diezazula argia...


Ander
2008-07-02 : 15:01

pasa zaitez software librera.



ez izan beldurrik ez da hain zaila, lagunduko dizun kriston komunitatea dago.



libre izango zara, euskaldun eta arro ibiliko zara gorde gabe.

Ibon
2008-07-25 : 18:07

Windows-en dauden argibide guztiak jarraitu ditut. "LIPSETUP.msi" jeitsi eta instalatzen saiatu naiz baina instalatzerakoan ondo ez dela instalatu esaten du. Nire windows sistema eragilea originala da, SP2 dauka. WGP plugin-a ere instalatu dut. Zer egin dezaket?

Zuriñe
2008-08-02 : 13:55

Egun on!

Ni ere saiatu naz Windows Vista euskaratzen, honako linketik programa bajatu eta ejekutatzen http://www.microsoft.com/downloads/details.aspx?displaylang=eu&FamilyID=0e21eb7b-e01a-4fcc-b7f1-30e419da7f5b.

Baina ejekutatzerako orduan honako mezu honek urten eta instalazioa bertan behera gelditzen jat: "Windows-en euskarazko interfazearen paketea Windows XP + Service Pack edo berriagoekin instalatzeko da".

:'(

Badaki batenbatek zer ein behar dan ondo instaletako?

Eskerrik asko!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago