Itzuli orri nagusira Bidali hau

Lekeitiokale, nazioarteko jaialdiaren webgunea

Xut Kultur Elkartea - Lekeitio ¦ 2008-06-26 ¦ 08:23 ¦ antzerkia

Lekeitiko Kale Antzerki Nazioarteko jaialdiak web berria plazaratu du. Lekeitio dugu KALE-ARTEEN udako hiriburua. Orain sormenezko kale horietatik errazago ibiltzeko WEB berri bat plazaratu dugu.

Publizitatea

Hau da webgunea: www.lekeitiokale.net

Web berriaren atalak:

  • Nazioarteko Jaialdiaren historia. Festibalaren edizioetan zehar egiten dugun bidaia non argazki bilduma bikain bat eskura dagoen.
  • Euskal Kale-Antzerkiaren katalogoa. Ekarpen hau ezinbestekoa da ondo aztertzeko Euskal Herriko kale antzerkigintza.
  • Hainbat antzerki-gairi buruzko hausnartzeko idazkiak.
  • Jaialdiak plazaratutako argitalpenak.
  • Diseinua berrizturik dakar.

Honez gain, aurtengo egitaraua ere eskaintzen du. Eta jakina, Jaialdiaren Blogarekin harremanetan jartzeko bidea.

Aurrerantzean Web berriak eguneratzen eta hobetzen joango gara. Hemen da Euskal Kale-Antzerkiaren Interneteko aterperik garrantzitsuena.

Erantzunak

#1. Zuberoan Sortua, Lekeitioko Kale-Antzerki Jaialdiaren eremu berria

Xut Kultur Elkartea ¦ 2008-06-27 ¦ 08:30

ZUBEROAN SORTUA

Euskal Herriko ekialdean, Zuberoan, bada sormen-gune emankor eta nabarmena. Lur haietan bizirik diraute gure era parateatralik zaharrenak: Maskaradak eta Pastoralak. Nonbait euskal kale-antzerkiaren aitzindariak. Baina begi bistan da azken urte hauetan Zuberoko kultur eragileak buru belarri aritu direla sustraiturik dauden iraganeko sormen horiek eguneratzen eta gaurko garaietara ekartzen. Hamaika ekimen abangoardista plazaratu dute. Erroetatik sortuak geroari begira. Zuberoan bada etengabeko sorkuntza garaikidea. Zuberoan bada sortzaile talde ausarta eta biziki interesgarria.

Lekeitioko Kale-Antzerki Nazioarteko Jaialdiak Zuberoari begira jarri da behin baino gehiagotan. Horren bidetik Zuberoako Maskaradak behin baino gehiagotan izan dira Lekeitioko plazan. Honez gainera, Mixel Etxekopar eta Beñat Axeari bezalako kultur sortzaileak ere gure jaialdian izan dira eta gogora ekarri behar Tokia antzerki taldearen “Kautera” antzezlanaren estreinaldia, 2005ean. Orain arte eginiko lanari jarraiki, aurten ZUBEROAN SORTUA izeneko eremua zabaldu dugu.

Zuberoan Sortua eremuak ekialdeko lur horietan sortzen diren ekimen nabarmen eta garaikideak bildu nahi ditu. Hori dela eta, 19. edizio honetan AMARAREN ALABAK eta MIXEL ETXEKOPAR-PIERRE VISSLER sortzaileen lanak ikusgai izango dira.
Amaren Alabak, sei gazte dira, sei boza. Eszena gainean duten jarrera teatrala nabarmena da. Sustraietatik abiatzen dira eta eskaintzen duten ikuskaria gaur gaurkoa da. Bozaren indarra moldatzen ondorio zirraragarriak eskuratzen dituzte.
Bestaldetik, Mixel Etxekopar-Pierre Vissler bikotearen antzezlana sormen bide anitzetik abiatzen da. Mixel Etxekopar musikaren unibertsoan ikerlari amorratua da eta txirula eskuan duela sekulako emaitza abangoardistak lortu ditu. Pierre Vissler, berriz, clowna da eta umorea du lan egiteko tresna. Txirulari eta Clowna, biak ala biak, ezustez beteriko ikuskari bat plazaratzen dute. Taulen gainean musika, poesia eta batez ere inprobisazioa ikuslearen arreta bereganatzen arituko dira. Ikuskari bitxia, berria eta ohiko sormenetatik haratago.

#2. Arte Eszenikoetara Hurbiltzeko Udalekua

Xut Kultur Elkartea ¦ 2008-06-27 ¦ 20:12

Arte Eszenikoetara Hurbiltzeko Udalekua aurkezten du

Iazko jaialdian Arte Eszenikoetara Hurbiltzeko Udalekuaren arrakastari jarraiki, aurten ere ekimen bera izango da Kale-Antzerkiaren itzalean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen eta EIDABE kultur enpresak kudeatzen duen udaleku honek gazteak arte eszenikoetara hurbiltzea du xedea. 14-17 urte bitarteko Gipuzkoako 25 gazte Lekeitioko aterpetxean izango dira uztailaren 6tik 14ra.

Lekeitioko Kale-Antzerki Nazioarteko Jaialdiarekin bat egiten du udalekuko gazte taldeak. Antolakuntza eta ekimen artistikoak hurbiletik jarraituko dituzte eta jaialdiaren zuzendariarekin eta hainbat antzerki-sortzailerekin harremanetan izateko aukera izango dute.

Honez gain, udalekuan zinema, makillaje, idazteko teknikak ikasteko eta hankapaluetan ibiltzeko tailerrak eskainiko dira. Beti ere arte eszenikoen hainbat gai aztertzeko aukera paregabea.

Informazio gehiago:

EIDABE ekimen kulturalak

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea