Teknologia albisteak
3

Hemen dago Firefox 3 euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2008-06-18 : 08:06

Inoiz sortu den Firefoxik onena. Firefox 3 inoiz baino bizkorragoa, seguruagoa eta adimentsuagoa da. Hemendik jaitsi daiteke. Adi helbide barra adimentsuari, benetan praktikoa da. Eta euskaraz bertsio osoa lehen egunetik, Librezale elkarteari esker. Eta gogoratu, euskarazko Firefox izateaz gain, inportantea dela nabigatzailearen hizkuntza lehenetsia euskara izatea, ez baita gauza bera!

Bai, izan ere, nabigatzailearen menuak hizkuntza batean edo bestean egon daitezke, eta, hala ere, hizkuntza hobespenetan beste bat egon daiteke. Izatez, Sustatu bisitatzen duten pertsonarik gehienek gaztelaniaz dute konfiguratuta nabigatzailea, dudarik gabe euskaldunak diren arren.

Kontu garrantzitsu hau aipatu zuen atzo Euskadi Irratiko tertulia batean Mikel Irizarrek, eta eskertzen diogu. Hortaz, zera da egin behar duzuna Firefox berria benetan euskaraz egokituta daukazula konprobatzeko.

  1. Behin instalaturik, goiko Tresnak menuan Aukerak aukeratu.
  2. Irekitzen den leihoan, Edukia aukeratu.
  3. Hizkuntzak dioen alorrean, Hautatu klikatu.
  4. Hizkuntza bat edo batzuk agertuko dira, ordena jakin batean. Euskara badago haietan lehena, ondo dago. Bestela, euskara Goruntz eraman lehena gera dadin. Agerian dauden hizkuntzen artean ez badago euskara, beheko menuan (Aukeratu nahi duzun hizkuntza) aurkitu eta gehitu, eta gero Goruntz eraman lehena geratu arte.
  5. Egina. Akaso pantaila irudi honek lagunduko dizu, hor agertzen direlako hemen goian azaldutako urratsak.

Errekor saioa

Gogoratu, atzoko gorabeheren ondoren, gaur 19.00ak arte da deskarga errekor hori egiteko aukera.

Informazio gehiago Spread Firefox webgunean.

Erantzunak

Txopi
2008-06-18 : 14:09

Argiketa txikitxo bat egitea guztatuko litzaidake. Librezale ez da elkarte bat. Ez dago ez presidenterik ez bazkiderik. Ez da inungo erroldan agertzen eta gure artean hitz egin dugunaren arabera, ezta beharrik ere.


Librezale lantalde ireki bat besterik ez da eta edonork hartu dezake parte Mozillaren softwarea euskaratzen, Debian euskaratzen, Wordpress euskaratzen edo nahi duen ekimena (dagoena edo berria) aurrera eramaten. Jende guztia da ongi etorria eta baldintza bakarra parte hartzeko gogoa izatea da. Besterik ez.


Euskaratua izatea nahi duzun programaren bat erabiltzen duzu? Euskaraketa hori egiten lagunduko dizutenen bila zabiltza? Software itzulpenetatik at euskara informatikaren munduan bultzatzeko ideia edo proposamenik daukazu? Nahi izanez gero, Librezalen zu bezalako euskaltzaleak aurkituko dituzu.

Ander
2008-06-18 : 16:17

Nabigatzaileaz gain mozillako webgunea ere euskaratu dute librezaleko lagunek.


Mozillak egin duen gehigarrien web berria benetan da ikusgarria eta EUSKARAZ daukagu!!


Baina kontuz, Firefox 3 probatzen baduzu gero ezingo duzu erabiltzeari utzi, zu ere harrapatuko zaitu.


Jurgi
2008-06-19 : 02:03

Kaixo Txopi



Asko izango gara librezale elkar..., barka, lantaldeak prestatutako euskarazko firefoxa jaitsiko dugunak, eta segurki gutxik emango dizkizue eskerrak. Ba hori: mila esker zuen lanagatik eta segi horrela



Osasun!

Erantzun

Sartu