Teknologia albisteak
12

BiscayTIK eta Microsoft, detaileak eta kritikak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2008-06-13 : 12:06

BiscayTIK ("Biscay, Technologies of Information and Knowledge" edo "Bizkaia, Informazioaren eta Ezagutzaren Teknologiak") proiektua Microsoft enpresari esleitu dio Bizkaiko Foru Aldundiak. 45 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta Microsoftek 17.4 milioi jasoko ditu. Kritikak azaleratzen hasi dira jada proiektuaren inguruan.

Lantik foru enpresaren bidez, Aldundiak 17.4 milioi euro ordainduko dizkio Microsoft-i. Aurreikuspenen arabera guztira 45 miloi euro inbertituko dira eta 30 edo 40 enplegu berri sortuko dira hurrengo hiru urteetan. Lanpostuko milioi bat euro baino gehiago da hori, azkar kalkula daitekeenez.

Aurkezpenean erabili ziren aurreikuspenen arabera (adi pdf-a, gazteleraz), honakoak dira

Aurreikusitako inbertsioa: 45 milioi euro

  • Proiektuaren garapena: 20 milioi euro
  • Zentro teknologikoa: 15 milioi euro
  • Gune teknologikoa: 10 milioi euro

Aurreikusitako enplegua

  • enplegu berriak: 30 edo 40 (lehen hiru urteetan)
  • eragindako enpleguak: 150 (gauzak ondo joanda)

Foru Aldundiaren arabera, honako hauek dira proiektuaren helburu nagusiak:

  • administrazioa herritarrengana hurbiltzea, komunikazio bide berri baten bidez, Internet bidez (hala, herritarren eta administrazioaren arteko elkarreragina errazten da);
  • Bizkaiko udalen informatika-tresnak homogeneizatzea, udal horien barne-kudeaketa eta herritarrekiko harremanak hobetzeko, eta
  • Bizkaia nazioarteko erreferente bihurtzea udal administrazioan informazio eta ezagutza teknologien aplikazioari dagokionez.

Hiru ardatz ditu: bizkaia.eu posta elektronikoko zerbitzua herritarrentzat 2009 urterako, udaletarako informatika-programak eta herritarrek izapideak egiteko web ataria eta nazioarte mailan erreferente izango den zentro teknologiko bat sortzea.

Doako "bizkaia.eu" posta elektronikoa

Bizkaiko Foru Aldundiak "bizkaia.eu" domeinua gaituko du, eta bizkaitar guztien esku jarriko du doako postontzi bat. Edozein nabigatzailetatik sartu ahal izango da postontzi horretara; postontziaren edukiera 5 GBkoa izango da eta administrazioarekin zuzenean harremanetan jartzeko balio izango du.

Aurreikuspenaren arabera, 2009. urtearen hasieran gutun bat bidaliko zaie bizkaitar guztiei, eskatzen duten guztiei posta-kontua esleitzeko.

Udaletarako informatika-programak eta herritarrek izapideak egiteko web ataria

Proiektuaren bigarren jarduera udaletarako informatika-sistema bat abiaraztea da. Sistemak barne-kudeaketarako soluzio informatikoak emango dizkie udalei hainbat arlotan: erregistroan, erroldan, kontabilitatean, giza baliabideetan, aurrekontuan, ondare eta inbentarioan, zergen kudeaketan eta bilketan, mendekotasunaren zerbitzuan.

Bizkaiko Foru Aldundiak proiektua probatzeko saio bat egingo du Abanto Zierbena, Balmaseda, Basauri, Galdakao eta Mundakako udaletan eta Arratiako Udalen Mankomunitatean.

Kritikak

Esleipena gertatu den moduaz kritikan azaleratzen hasi dira. Cybereuskadi blogean agertu da informazioa, lizitaziora Google eta IBM ere aurkeztu zirela.

Software librearen bultzatzaile bizkaitar ezagun batek, Deustuko Unibertsitateko Pablo Garaizar Txipik puntu batzuk azpimarratu ditu blog sarrera honetan:

  • Postontzi bat guztientzat, edozein herritarrentzat aukera doakoak daudenean, zertarako balio duen proiektua ote? Gainera, zerbitzu hori eskaintzeko hemen gaitasuna luketen enpresak egon badaudenean.
  • Microsoft azpiegitura ofizialtzen bada herritarren eta administrazioaren arteko harremanetan, ze ziurtasun izango dugu beste produktu batzuen erabiltzaileek?
  • Microsoften ebanjelizazio eta marketing ondo probatuen arrakasta da hau, baina posta eta super-ataria konbinatzen duen ideia batek gehiago dirudi 1990eko hamarkadakoa, gerorako proposamena baino.

Erantzunak

Josu Azpillaga
2008-06-13 : 15:58

E-postarena, mundiala da. Gaur egun herrietarrei e-posta doan agintzea eta horretan diru mordoa gastatzea, txiste bat da. Ni, behintzat, deskojonatu egin naiz e-posta zerbitzu horrek izango dituen ezaugarriak leitu ditudanean. "E-postak zerbitzu hauek eskainiko ditu: mezuak jaso eta bidali, bilaketa, dokumentu atxikiak, artxiboa..." Inpresionantea.


Neure iritzia osatu dut neure blogeko artikulu honetan.


Inaki Irazabalbeitia
2008-06-13 : 16:39

Gure herriaren eta lurraldearen erreferentziltasunaren kontu horrek grazia egiten dit sarritan. Informazioaren teknologian erreferentzialtasuna lortu nahi badugu, BiscayTIK (ingeles hibrido horietako beste bat, bide batez), beste esparru batzuetan lortzeko lehengai hobeak ditugu proiektu horretan aipatzen direnak baino, nik uste. Euskal Herrian hiru hizkuntza nagusi mintzatzen dira eta horrek sekulako oinarriak ematen digu hizkuntzaren teknologien alorrean erreferentzialtasun hori bilatzeko. Kanadarrek, bi hizkuntzekin, argi ikusi dute hori eta ahalegin handia egiten ari dira helburua lortze aldera.
Gure artean, berriz, bakan batzuk predikuan ari bagara ere, basamortuan dihardugula ematen du. Leitu Andoni Sagarnaren Iparrortzan dioena, adibidez.

Jon Garate
2008-06-13 : 18:10

"...Bizkaiko udalen informatika-tresnak homogeneizatzea, udal horien barne-kudeaketa eta herritarrekiko harremanak hobetzeko, eta..."



Homogeneizatze horrek Microsoft-en magalean jardutea ekarriko badu, gure besoetan kate berri bat lotzea besterik ez dugu lortuko. Ingurune erabat bateragarri eta aske batean teknologien mundua gizarteratu baino, otsoaren eskutik haren pentzua jaten jarraituko dugu.



Bestalde, Txipi-ren ideiarekin bat etorriz, dagoeneko dohainik lor daitezkeen zerbitzuetan horrelako dirutza uzteak ez du ez hanka ez buru.

Josu O.
2008-06-14 : 01:50

Niri ere izugarri berritzailea iruditu zait asunto hau. Txipi eta besteokin bat nator baina Iñakiren iradokizuna oso garrantzitsua iruditzen zait. Ea arduradun politikoren batek irakurtzen duen eta aurrerapausuren bat ematen dugun.

Nik ere nire iritzia plazaratu dut gazteleraz hemen

Josu O.
2008-06-14 : 01:52

Parkatu lehen esaldian modu ironikoa aktibatzea ahaztu zait ;-)

xabier bilbao
2008-06-14 : 03:52

Nik arrazoi hauek ere aipatuko nituzke egitasmo horren aurka:


-Europako administrazio arloetan hedatuz doa, gutxinaka bada ere, software irekiaren erabilera. Gure administrazio batek herritarrekiko harremanak software pribatuaren eredu indartsuenaren lanabesetan oinarrituz, bizkarra ematen die software irekiaren abantaila ekonomikoei bai eta giza balioei.


-Microsoft ez da enpresa eredugarria. Behin eta berriz da harrapatua eta zigortua monopolio gosez eta nagusikeriaz jarduteagatik.


-Herri identifikazio eta harremanen aldetik akatsa iruditzen zait bizkaia.eu moduko email helbideak "probintziaka" banatzen hastea. Eta are akats handiagoa herrialde batean bai eta besteetan halakorik ez izanda. Erreferentzia nahiko eta sobera dauzkagu probintziaka (ez naiz aipatzen hasiko), eta uste dut ez dietela on handirik egiten euskaldunen arteko harremanei eta loturei.


Ander
2008-06-16 : 15:08

Microsoft enpresaren mitoei buruz blogari batek idatzitakoa bisitatu beharko lukete kontratatzaile hauek. Gaztelerazko testua


Microsoft enpresak ez ditu ISO internazionalak errespetatzen, beraz administrazioak zuzenean baztertu beharreko enpresa da.


Internet Explorer nabigatzaileak urteetan ez du errespetatu, Microsoft office 2007 ez du ODF errespetatzen eta ez da gai ISO erakundean aurkeztu duten OOXML betetzeko ere. Ez badira beraiek publikatutako estandarrak betetzeko gai nora goaz hauekin?


Hauek zein txapuxero diren eta izan nahi duten egiaztatzeko "beste adibide bat": http://feeds.feedburner.com/~r/inquirerESRss/~3/312335988/microsoft_advierte_a_los_sitios_web_que_se_preparen_para_ie8.html


asier
2008-06-17 : 12:39

Josu Orbek ere kritikatu du erabaki hau bere blogean eta gaztelaniazko blogosferan izandako beste zenbait artikulu ere zerrendatu ditu.


josu
2008-06-19 : 01:43

Primeran! Norberaren diruakin norberaren esklabutza sinatzea modukorik ez da. Konturatu al dira Microsoft-ek erabiltzen dituen "estandarrak" herritarrei inpostatuko dizkiela? Norbaitek ziurtatuko al du Microsoft-en baliabideak erabiltzen ez ditugunok administrazioarekin erlazioak mantendu ahal izatea? Edo...agiri bat eskatzeko Office delakoa 300 euro ordaindu beharko al ditut? Ez al daukagu hemen nahikoa gaitasun horiek egindakoa egiteko? Benetan, ezezkotan bagaude, hobe denok "berrikuntza" delako moda hau alde batera uztea eta dirua lehengaietan gastatzea, gosea pasatuko dugu eta. 20 miloi euro, 45 miloi euro...ba al dakizue hainbeste dirurekin zer egiteko gai garen? Berrikuntza predikatzeaz gain bultzatu egin behar da! Baina beno, ulerkorra da beste izenen bat jarriz gero horrenbeste boto ez ematea. Hori bai dela epe motzeko ikuspegia, zotz!

Eta gehiago esango nuke. Ez dut software munduan lan egiten, baina konpetentzia ez-leiala iruditzen zait kontu hau. Software munduko enpresentzat izugarrizko ipurdikoa.

Azkenik, proiektu hau bultzatu duzuen "burmuinei" zuzenduta...Ea nola konpontzen duzuen hau! Zuek daukazue zuek ondo jarritako bi p...!



PD: posta zerbitzuari buruz...komentariorik ez...baina non bizi garela uste duzue? Gainera, izugarrizko berrikuntza ote da...barkatu, agian inuxenteak izango gara, baina horrenbeste...aurpegira barrerik ez behintzat!

BG
2008-06-19 : 12:58

ESLE, Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteak idatzia kaleratu du gaiari buruz.


vizcayatik bilbaora
2009-07-08 : 17:00

Lotsagarria, auzo lotsa, negargarria,...hamaika halako jar nitzake Bilbao aldeko ultramodernoen plan honen aurrean. Herria gora eta herria behera ari diren diputatu txik ohoregarri horien buruan zer ote zebilen/dabilen asmatu nahian pare bat burutazio: Nola arraio jarriko dugu lau tximaluzeren esku gurea bezalako instituzio serio eta izen handikoa?Zer uste dute etengabe kritikatzen gaituzten kaskajo horiek? haien proiektu experimental eta badaezpadakoetan sartuko garela? Ez,gure herriari izena eta ohorea emango dion munduko enpresarik handienarekin lan egingo dugu.



Konplejo aldeanoa gainetik kendu ezinik dabiltzan gorbatadun hauekin gureak egin du.



xuriken
2009-07-09 : 04:10

Tamalgarria.
Gisa honetako erabakien aurrean, iaz idatzitako artikulu bat berretsi besterik ez, Irazabalbeitiak aipatutakoaren harira.


Ah, Wikia bilatzailearekin ez nuen asmatu eh?! ;)


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago