Teknologia albisteak

Iragarki Laburrak, ehun mila aleko tiradarekin

Erabiltzailearen aurpegia
Iban Arregi - Bertako Komunikabideak (EKT)
2008-06-12 : 13:06

Ostiral honetan martxan jarriko dute Bertako Hedabideek (EKT)Iragarki Laburrak proiektua, hainbat herri-komunikabiderekin elkarlanean. Izenak berak dioen moduan, iragarki klasifikatuen edo merkeen euskarazko ataria izango da, eta hasiera batean paperean ere argitaratuko dira iragarkiak, ostiralero 8 orrialdeko gehigarri batean, 100.000 ale inguruko tiradarekin. Zuzenketa: Iban Arregiren testua gaizki ulertuta, izenburuan errorea sartu du Sustatuk lehen, paperezko bertsioa ez da hilaren 13an irtengo, baizik eta ekainaren 18an. Barkatu gaizki-ulertuak.

Euskarazko prentsan aspaldiko erronketako bat izan da iragarki laburren edo merkeen euskarazko erreferentzia bat sortzea, arlo horretan euskaraz dugun hutsunea betetzea eta ahal den neurrian erdarazkoen klasifikatuen produktuei konpetentzia egitea. Bertako Hedabideak- EKT-n denbora dezente eman dugu gaiari bueltaka, eta garaiotan horrelako zerbait sortzekotan interneten sortu behar zela argi genuen, eta emaitza bihar jarriko da sarean.

Papera

Internetekoaz gain, hasieran papereko produktu bat ere banatuko da, ostiralero (uda aurretik 8 orrialdekoa), gaur egun negozio aukerak oraindik paperean daudelako. 100.000 ale inguru banatuko dira ostiralero (Berria-rekin, Hitzekin, Barren, Guaixe eta Txintxarri astekariekin eta hiriburuetan beste modu batean banatuta). Paperean zerbait saldu edo alokatu nahi duenak ordaindu egin beharko du, eta gainontzeko norbanakoek (lan bila, etxe bila dabilenak, adibidez) doan izango dute papereko edizioa ere.

Hitzarmenak

Epe batera diru iturri bat izatea da helburua, baina epe motzera euskarazko e-merkatu erreferentziala sortu nahi da. Hori lortzeko, Bertakok herri-komunikabideekin hitzarmenak sinatuko ditu. Hain justu, bi hitzarmen mota adostu ditu:

  • Hitzarmenak sinatuko dira herri-webguneak dituzten elkarteekin eta enpresekin, eta eskaini zaiena da beraien orritik saltzen duten partikularren iragarki laburren dirua beraientzat izango dela.
  • Hitzarmenak sinatuko dira astekariekin (Guaixe-rekin, Barren-ekin eta Txintxarri-rekin bai, gutxienez...).

Hitzarmen horien arabera, beren aldizkariekin banatuko dute iragarkilaburrak.com-en paperezko bertsioa, eta agente komertzial moduan lan egingo dute Iragarki Laburrak proiekturako publizitatea saltzen (saldutakoaren % 20 beraientzat izango da).

Lantzamendua

  • Interneteko orria(k) ekainaren 13an kalean
  • Papereko aurreneko edizioa ekainaren 20an.

Aurkezpena irailean egingo da, eta baita sustapen kanpainaren bigarren zatia ere (kanpaina sendoena, alegia).

Erantzun

Sartu