Teknologia albisteak
6

Euskara ez sexista erabil ezank!

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2008-05-27 : 17:05

"Hitanoaren erabilpen desegokia saiheste aldera, aukera aitzindari bat aipatu ahal dugu: femeninoa era maskulinoaren atzizkiak elkartzea", proposatzen du Emakunderen liburu berriak, Euskararen Erabilera Ez Sexista delakoak (sarean dago eskuragarri). Adibidez, "Bestela, amaitu ondoren jasoko dunk fruiturik lehorrena".

Antton Olariagaren Zakilixut tira eta ETB1eko Wazemank zena aipatzen ditu gidaliburuak. Baina, errealismoz, gehitzen du: "Estrategia horren erabilpena murritza da; denborak esango du zein hedapen lortzen duen". Horrez gain, hitanoaren erabilpen nagusiki maskulinoaz dokumentatua dago liburua: animaliei horrela egin zaiela, edo nork bere buruari, emakumeen kasuan ere, maskulinoz egin izan dela. Horretaz argitaratu diren iritzi batzuk ageri dira liburuan, eta gehiago ikertu daitekeela azpimarratzen da.

Berria egunkariak aipatu du kontua gaur artikulu batean, eta blogosferan ere ikusi dugu aipurik.

Gidaliburua sarean dago eskuragarri, PDF eran. Amelia Barquinek idatzitako lana. Duela 20 urte ere argitaratu zuen Emakundek hizkuntza ez-sexista sustatzeko beste gidaliburu bat (PDF), eta hura ere sarean dago.

Erantzunak

W. Oskoz
2008-05-27 : 18:51

Bestela, berorika


Amelia Barquín
2008-05-28 : 10:38

Kontxo! Ni ere harrituta geratu naiz! Zeren hori ez da nire proposamena (liburu horren egilea naiz), nahiz eta norbaitek horrela ulertu duen eta Berrian horrela argitaratu den.



Izan ere, ez dut estrategia hori aldarrikatu liburuan. Bertan egin dudan gauza bakarra da aipatzea gutxi batzuk alternatiba hori erabiltzen ari direla. Ikusiko da zein ibilbide egingo duen.



Hitanoaren erabilpen desegokia ekiditeko beste bide batzuk proposatzen ditut, hedatuagoak eta errealistagoak (diot nik). SUSTATUk eskura jarri duen PDFan ikus daitezke.

Sustatu
2008-05-28 : 11:12

Sustatuk ez du PDF hori eskura jarri, Emakundek baizik. Dena den, erdizka jarri du eskura: enkriptatuta dauka testua, ezin da parraforik kopiatu eta beste nonbait eraitsi, ezin da dokumentutik testurik erreskatatu.


Testu kopiarako aukera horien faltan, PDFan irakurritako eskuz tekleatu baizik ezin genuen egin, eta oso aipu murritza geratu zen albistean ondorioz.


Zuk Amelia, egile bezala, testu kopiagarria duen beste bertsioren bat bazenu, animatzen zaitugu hura hedatzera. Helburuaren zabalkundeak lagunduko luke horrek, eta gomendioen funtsa hobeto ulertuko litzateke.


Amelia Barquín
2008-05-28 : 14:39



Bai, ideia ona da. Zoritxarrez ez daukat testuaren azkeneko bertsioa “modu kopiagarrian”. Saiatzen ari naiz lortzen (abisatuko dut).

Jozulin
2008-05-28 : 15:30

Ba ez zait iruditzen. Ematen dit horrelako jarrerekin erridikuluaren mugetatik hurbilegi gabiltzala, eta gaztelaniaren atzetik segika. Bestalde, ez dut ulertzen zergatik den hitanoa baztertzailea, arrak eta emeak bereizten dituelako? "Mutil dantza"-ri "Pertsona dantza" deitu beharko diogu? "Emeki" aditzondoa erabil dezakegu? Eta "gizonki"?

Berdintasun erabatekoaren alde, hona beste proposamen berritzailea: Askatasun osoa izan dezala norberak, edozein sexu aukera edo adskripzio duelarik, nahi duen izena aukeratzeko; horrela gizon batek Pantxike edo Vanessa aukera lezake eta emakumezko batek, hala nahi balu, Mariano edo Unai.

Sustatu
2008-05-28 : 19:19

Anjel Lertxundik sexu-biribilguneak izeneko artikulua argitaratu du gaur kontu honetaz.


Erantzun

Sartu