Interneteko albistegia

Android eta mugikorretarako aplikazioak

Josu Azpillaga - CodeSyntax | Telefonoa | 2008-05-22 : 08:05

Mugikorretarako 50 ideia/aplikazio saritu dituzte bukatu berri den Android Developer Challenge lehiaketako lehen fasean. Urte gutxi barru mobiletan ikusiko diren aplikazioak irudikatu daitezke zerrenda ikusita.

Open Handset aliantza eta Andoid

Open Handset aliantza eta Andoid

Iaz sortu zen Open Handset aliantza, mobiletarako aplikazio berrien garapena bultzatzeko helburuarekin. Konpainia indartsuak batu ziren aliantza honetan, batez ere Googleren inguruan: operadoreak, software konpainiak eta mugikorren fabrikatzaileak, besteak beste.

Aliantza berri horrek emaitza behinena Android da: mobiletarako aplikazioak sortzeko plataforma irekia, software librean egina eta doakoa. Mobilaren ohiko funtzioetara (deiak jaso, egin; gps-eko datuak; musika reproduktorea, Internetera irteera, kontaktuak...) iritsi daiteke Androiden bidez, API estandarretara egindako deien bidez. Beraz, defektuz mobilak berak dakartzan programen parekoak egin daitezke plataforma honen gainean eta telefonoaren baitan programa berri hoiek instalatu.

Android Developer Challenge

Open Handset eta Android anuntziatu ziren egun berdinean, Googlek lehiaketa bat jarri zuen abian, Android Developer Challenge. Androiden gainean egindako programak/ideiak saritzeko 10 milioi dolar jarri zituen, bi ediziotan banatzeko. Plataforma berriari bultzada eman nahi diote honekin guztiarekin.

Oraintxe bukatu da lehen edizioaren lehen fasea: 1700 ideiatik gora jaso dituzte eta, horietatik guztietatik, 50 aukeratu dituzte; horien egile bakoitzak 25000 dolar eraman ditu. Bigarren fase bat egongo da orain: 50 lagun horiek euren ideia eta programa gehiago garatu beharko dute eta berriro egingo dute aukeraketa. Lehen 10 partehartzailerentzat 275000 dolar; hurrengo 10 lagun edo enpresentzat 100000.

Etorkizuneko aplikazioak

Irabazleen zerrenda kuriosoa da (ideia bakoitzari buruzko informazio gehiago pdf honetan jaso daiteke).

Aipagarriak iruditu zaizkidan kontu batzuk:

  • Asko eta asko mapekin zerikusia duten aplikazioak dira: zure lagunak inguruan al dauden jakin, inguruko elementu geografikoen berri jaso, eta abar. Mobilak eta GPSa nahasten dituzten aplikazioak.
  • Argazki kamerarekin lan egiten dute batzuk: denda bateko produktuaren kodebarrari argazkia atera eta kontsultatu Interneten produktu hori non saltzen den eta ze preziotan; zure begiko irisari argazkia atera segurtasun klabe modura, eta abar.
  • Jolasak eta afizioak. Golfeko caddy lana egiten duen mobila, fisikoki inguruan dauden lagunekin online jolastea...
  • Aplikazio sozialak: zure lagunak, zure familia, zure ingurukoen informazioa. Eta hauekin guztiekin mezu bidezko komunikazioa, SMS arrakastatsuen ildotik.
  • Ekologia. Kotxea konpartitu nahi duzula? Inguruan hori eskaintzen duten kotxe-jabeak eta bidaiariak lotzen dituen aplikazioa. Kotxeen karbono emisioa simulatzen duten aplikazioak...

Nahi baduzue, bota bistazo bat jasotako ideiei eta prestatu zuen ideia lehiaketako bigarren ediziorako.

Erantzun

Twitter ikonoa   Facebook ikonoa  Sartu