Teknologia albisteak
4

Euskal Herriko Ahotsak egitasmoa aurkeztu da

Erabiltzailearen aurpegia
Badihardugu Elkartea
2008-04-16 : 13:04

Gaur goizean aurkeztu da Donostian Euskal Herriko Ahotsak egitasmoa. Proiektu honen helburu nagusia da, Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea; hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu, eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea.

Egitasmo honen helburua da Euskal Herriko grabazio dialektologiko eta etnografikoak biltzea eta denon esku jartzea. Gaur aurkeztu da proiektua, baina Ahotsak 2004. urtean jaio zen. Denbora tarte honetan lan asko egin da.

Metodologia

Hauxe da proiektuan egiten den lana:

  • Jende nagusiari elkarrizketak egin bideoz, euskal herri guztietako hizkerak eta ahozko ondarea biltzeko. Gainera, lehendik ere herririk herri egin diren grabazio zaharrak berreskuratzen dira.
  • Materiala katalogatu, landu eta kodifikatu; datu-basean txertatu.
  • Grabazioak transkribatu eta editatu.
  • Informazio interesgarriena herritarren artean zabaldu, batez ere Internet bidez, ahotsak.com webgunean.

Ezaugarri nagusiak

Hauek dira proiektu honen ezaugarri azpimarragarrienak:

Zenbait datu

Une honetan hauxe da webgunean ikusi daitekeen informazioa:

  • Herriak: 62
  • Hizlariak: 986
  • Zintak: 1212
  • Pasarteak: 7722
  • Transkripzioak: 1572
  • Audioak: 1176
  • Bideoak: 1021

Hemendik aurrera ere proiektuak aurrera jarraituko du, etengabe ari baikara materiala biltzen, lantzen eta datu-basea eguneratzen. Helburua da, 2012. urterako euskal herri guztietako lekukotasunak jasotzea eta online jartzea.

Proiektuaren eta webgune honen ardura Badihardugu Euskara Elkartearena da. Hala ere, Euskal Herriko edozein elkartek eta ikerlarik har dezake parte Ahotsak.com-en, eta dagoeneko hainbat udal, elkarte eta ikerlari dira proiektuan parte hartzen ari direnak, denon artean ahalik eta proiektu sendo eta biziena lortu ahal izateko.

Egitasmo honek Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza eta babesa jaso du. Gaurko aurkezpena, Gipuzkoako Foru Aldundiarena den Donostiako Koldo Mitxelena Kulturenean izan da, eta bertan izango dira Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta proiektuaren arduradunak.

Horretaz gain, egitasmo honetan lanean ari garenok bereziki eskertu nahi dugu Bergarako udalaren, Antzuolako udalaren, Eskoriatzako udalaren eta Aretxabaletako udalaren babesa, proiektu hau hasiera-hasieratik bultzatu dutelako.

Erantzunak

Iñigo
2008-04-16 : 18:11

Halako lanak egiten dihardute Bizkaia osoan aspalditik. Ez nago erabat ziur, baina oraintxe Berriz, Uribe-Kosta eta Nerbioi ibar osoan dabiltzalakoan nago.

Pozgarria da halako lanak egiten direla ikustea. Animo!

Sustatu
2008-04-17 : 11:30

Lagun batek esan digu Bizkaiko lan hori egiten diharduena Labayru ikastegia dela.


Bestalde, aurkezpenaren kronika bat argazkiekin hemen, eta lan teknikoa egin duen Josu Azpillaga CodeSyntax-eko injineruaren azalpen informatikoa hemen.

Ahotsak.com
2008-04-17 : 13:41

bai, Bizkaian ere lan asko egin da, batez ere I�aki Gaminderen eskutik eta, azkenaldian, Labayruren eskutik. Nafarroan ere hainbat lagun ari dira lanean. Eta hortik kanpo ere, Euskal Herriko hainbat herritan ari dira lanean elkarteak, udalak, ikerlariak...


Orain arte bigarren mailako ekimenak ziren horrelakoak, baina badirudi hasi garela konturatzen horrelako proiektuek zein garrantzi duten. Espero dezagun denon artean ahalik eta lanik txukunena egin ahal izatea.


Bide batez, eskerrik asko azken orduetan animoak eta zorionak eman dizkiguzuen guztioi. Zuen mezu-zaparradak indarra ematen digute aurrera egiteko. Mila esker.


Ahotsak.com


oiartzundik
2008-04-18 : 19:35

Egia da bai, Euskal Herrian toki gehiagoetan ere bildu dela ahozko ondarea. Baina ahotsak.com proiektuak, herri askotako ahozko ondarea jasotzeaz gain, aurretik egin diren lanak bertan txertatzeko aukera ere ematen du. Eta hartara, nahi badugu, Euskal Herriko ahozko ondare guztia bat eginda, digitalizatua eta sailkatua edukiko dugu fonoteka berean.

Gainera, ematen duen aukera hori gutxi balitz, proiektu honen bitartez orain arte ondarea bildu ez den herri batzuk animatu gara horretara: Oiartzun esaterako.

Zorionak eta eskerrik asko, lan ederra eta ezinbestekoa egin duzue eta.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago