Teknologia albisteak
1

Euskararen jatorriaren 3. biltzarra, Oka-Iruñan maiatzean

Erabiltzailearen aurpegia
Patxi Alaña - Euskararen jatorriaren biltzarra
2008-04-10 : 10:04

Euskararen Jatorriak gure hizkuntzaren jatorriaz 3. Biltzarra antolatu du Oka-Iruñean. Udalerri honetan aurkitutako idazkunek euskararen jatorria argitzen laguntza handia eskainiko dutelakoan gaude.

Elkarteak egindako gai honi buruzko adierazpenean gure proposamenak bildu dira: Oka-Iruña deitzea eta ez Iruña-Veleia, ikerketa talde zabal bat egitea (dagoeneko sortu dute baina lehen zeuden hizkuntzalari berberak daude), indusketekin jarraitzeko laguntza ekonomiko gehiago izatea, etab. Biltzar honekin, idazkun hauek euskararen jatorriaren argitze prozesuan duten balioa azpimarratu nahi dugu, bereziki, indarrean dauden teoria batzuk zalantzan jarri dituztelako.

Hirugarren biltzar honetan Josu Naberen euskara sortzeko gure arbasoek erabili ziztuzten erroez arituko da, gutxien ezagutzen direnei tarte gehiago eskainiz. Alfontso Martinez Lizarduikoak euskaldunen migrazioek Europa osora zabaldutako protoeuskara aztertu du, besteak beste, populazioen genetika, paleohizkuntzalaritza eta paleoantropologia erabiliz.

Ondoren, Oka-Iruñeko indusketen balioaz arituko da Patxi Alaña, orain arte hedabideetan agertutako informazioa oinarritzat hartuta. Arratsaldean, indusketak bisitatuko dira eta, ondoren, euskararen zazpi erroei buruzko mahai ingurua izango da, aurreko biltzarretan parte hartu duten adituek bideratuta. Ondoren Komunikazioen atala izango da, zenbait aurkezpen laburrekin. Egitarautik kanpo, gauean afaria izango da, eguneko ezken jatorkinak komentatzeko.

Egitaraua

10:00 Aurkezpena
10:15 Josu Naberan Naberan: "Toponimiaren ekarpena aitzin euskarari"
11:30 Alfontso Martinez Lizarduikoa: "Euskara historiaurreko Europaren hizkuntza"
12:45 Patxi Alaña Arrinda: "Oka-Iruñeko idazkunen balioa"
14:00 Bazkaria (Rosa jatetxea)
16.00 Bisita: Oka-Iruñeko indusketak

17:15 Mahai ingurua:
Euskararen oinarrizko 12 hitzen etimologia, gaur egun dauden teorien interpretaziotik:
- ur: lur, elur
- iz: izen, piztu
- in: egin, eragin
- aba: neba, izeba
- egu: eguzki, eguna
- eusk/erd: euskera, erdera

Hizlariak: Bittor Kapanaga, Jesus Segurola, Felix Zubiaga, Josu Naberan, Antonio Arnaiz, Antonio Mendizabal, etab.

19:15 Komunikazioak
19:45 Amaiera
21:00 Afari-kolokioa (nahi dutenentzat, Rosa jatetxean)

Izen-ematea

- Noiz: 2008 maiatzaren 17an larunbata
- Biltzarraren lekua: Oka-Iruñeko udalerrian, Langraitz herrian (Gasteiztik 8 km-tara)
- Ekarpena: 45 euro (bazkaria barne). Ikasle, langabetu edo familia bereko 3 kide: 30 euro.
- Euskadiko Kutxa: 3035 0057 97 0570056962 (jarri izen abizena + eposta)
- Izena emateko: euskararenjatorria@gmail.com Tel. 946 004101

Aurreko biltzarrei buruzko informazioa: http://www.euskararenjatorria.eu


Erantzunak

Patxi Alaña
2008-04-23 : 15:19

Iberiar penintsulako iparraldetik Bretainia Handira Londreseko metroan aldizkari bat banatzen dute doan, hemen bezala. Gaurko albiste nagusienetako bat hauxe da: Britainia Handiko biztanleak, jatorriz, iberiar penintsulatik datozela frogatu duen ikerketa sakona eta horren liburua: "The Origins of the British", Stephen Oppenheimer-rena. Telebistan eta irratietan gaia ere azaldu da, berri horri garrantzia eman diotelako. Horri esker, eskoziar, britainiar eta galestar gehienek albiste hau entzun eta irakurtzeko aukera izan dute. Emaitza hauek bi uharteetako 10.000 biztanleei ADN aztertu ondoren atera dituzte. Inork ez du zalantzan jarri egindako ikerketa hau.


Albiste bera, estatu espainiarreko telebista eta irratietan ez da azaldu. Soilik egunkari gutxi batzuetan eta albiste labur gisa, ez modu sakon eta zabal batez. Gure herrietako jendeari galdetuko bagenie, %5ek baino gutxiagok honen berri entzun duela ikusiko genuke.


Albistea Bretainia Handiko eta Irlandako biztanleentzat bezainbeste garrantzitsua zen Iberiar penintsulako iparraldeko biztanleentzat. Baina hemen tabu gehiegi eta ez-jakintasuna nagusi ditugu.


Oxford-eko Unibertsitateak egindako ikerketa hau ez da bakarra izan honelako zerbait adierazi duena. Azken hamarkada hauetan, antzeko azterketa asko plazaratu dira eta ia denak norabide berean doaz, Theo Vennemann eta Jhon Bengtson esaterako. Ikerketa guzti hauek ez dute eragin handirik izan unibertsitate mailan, ezta hizkuntzalaritzan ere ez, nahiz eta izugarria izan, orain arte euskara hizkuntza isolatua aldarrikatu izan duten teoria guztiak hankaz gora jartzen dituztelako. Baina, ikerketa horien garrantzia antzeman eta, gutxi batzuek eman dute honen berri gure artean: Alfontso Lizarduikoa, Antonio Arnaiz…Maila partikularrean egindako ekarpenak izan dira (ekonomikoki eta lanaren aldetik) baina, ipuinean bezala, Erregea biluzik zegoela beste guztioi ikustarazteko balio izan dute.


Iruña Oka eta ez Iruña-Veleia Ikerketa genetiko hauei beste bat gehitu zaie: Iruña Okakoa. Guk horrela deitzen diogu. Ez diogu Veleia deitzen, erromatarrek aurretik zegoen hiriari izena aldatu nahi izan bazioten ere eta eurek agintean zeudela asko handitu bazen ere, erromatarrekin hiria eta Veleia izena desagertu zirelako. Guk nahiago izan dugu herritarrek, nahiz eta euskara Arabako eskualde honetan orain 200 urte inguru galdu, betidanik erabili izan duten izendapen bera erabili: Iruña.


Izendapen honek 3.000 urte baino gehiago du, eta herriak betidanik erabili izan duen izena da, herriak inoiz ez diolako Veleia deitu (ez azken 1.000 urte hauetan behintzat). Gainera, udalerriaren izen ofiziala Iruña Oka da, Nafarroako beste hiriburutik bereizteko. Guk horrela izan behar dela aldarrikatu dugu, Euskararen Jatorriak egindako Iruña Okako Adierazpenean ikus daitekeen moduan. Edo Arabako Iruña ere izan liteke, herrialde honetako eta, seguruenik, esparru zabalago bateko hirihandia izan zelako.


Lehenengo eta bigarren Biltzarretan izan ditugun adituetako batzuk ez dira harritu Iruña Okako idazkunekin. Ez behintzat Azterketa Batzordean parte hartzen duten hizkuntzalarietako batzuk harritu diren moduan. Ez dira harritu, haiek aspaldi proposatu izan dutelako euskara ez dela asko aldatu. Arkeologo guztiek frogatu duten moduan, euskarak inguruko hizkuntza guztiekin etengabeko harremana izan duela pentsatzen dute. Eta, ez hori bakarrik, batzuek zera aldarrikatzen dute, Euskal Herria zentroa izanik eta penintsulako iparralde osoa, Ebro, Akitania… barne hartuz, agian kultura sorleku eta zabaltzaile zentroa izan dela.


Horretan datza Iruña Okan aurkitutako idazkunen garrantzia, aspaldian hasitako zalantzak handitzen lagundu izana. Ikerketa taldeak prentsaurrean eman dituen datazioak egiazkoak badira, datu guztiak ezagutzera ematen dituztenean, orain arte indarrean egon den euskararen isolazionismoaren teoriaren heriotzaren data izan liteke. Horregatik egin dugu aurtengo III. Biltzarra herri honetan, idazkun hauen garrantzia hobeto zabaltzeko.


Hizkuntzalariek, beste arloetako profesionalekin alderatuta, aurrerapen gutxi eman dituzte hizkuntzen jatorriaren azterketetan eta hizkuntzen bilakaeretan. Gogoratu Koldo Zuazoren artikulua non esaten duen euskalkiak desberdindu direla 1200.eko Gasteizko konkistaren ostean, Iruña Oka duela 1.700 urteko euskararen eta gaur egungoaren antza justifikatuz, Mitxelenaren iritziaren aurka. Agian, ordua da, hizkuntzalariek, genetistekin, arkeologoekin, eta beste hainbat arlotako profesionalekin estu-estu ikertzen hasteko ordua. Iruña Okako indusketetan horrelako talde bat jarri da martxan zorionez, baina, gehiago ireki beharko litzateke, hizkuntzalaritzan batez ere.


Agian, historian agindu duten zibilizazioei (erromatarrak,…) garrantzi gutxiago eman eta gauzak beste era batera ikusten hasteko ordua heldu da. Agian konplexu politikoetatik alde egin eta hizkuntzen alderdi guztiak, aurreiritzi gabe, aurreiritzi politikorik gabe batez ere, aztertzeko orena da.


Hori da eskatzen duguna, Ikerketa Batzordea, Iruña Okako idazkunez bestelako ikuspuntuak eduki ahal dituztenei zabaltzea. Eta, horrez gain, Iruña hiriak izan zuen zabaleraren %1 arakatu ondoren guzti hau aurkitu badute, indusketa plan handigura bat abiatzea, hiri guztia epe egoki batean (10-15 urte) aztertzeko.


Euskal Herriko hiririk handiena izan omen zen (10.000 biztanle izan ei zuen orain 2.000 urte, adibidez Donostiak 5.000 biztanle izan zuen duela 200 urte) baina epe labur-laburrean desagertu zen. Agian gure historiako gako garrantzitsuenetako gordetzen du eta orain arte ezikusiarena egin dugu. Hau da, hizkuntzalaritzaz gain, hiri honek zeresan gehiago du, historia alorrean batez ere.


Hirugarren Biltzarra Maiatzaren 17an ospatuko dugun Euskararen Jatorriaren III. Biltzarrean Iruña Okako idazkunez gain beste zenbait gai landuko dira. Josu Naberan euskara sortzeko gure arbasoek erabili zituzten erroez arituko da, gutxien ezagutzen direnei tarte gehiago eskainiz. Naberanek idatzitako Hitzen Koba liburuan, Bittor Kapanagak orain 30 urte zabaldu zuen teorian sakondu eta ildo berri asko ireki ditu. Bere ustean, ere, euskaran iberiar, mediterraniar eta piriniar erroak daude elkartuta, baina Kapanagaren lanaren haratago doa erro gehiago proposatuz eta berauek sakonago aztertuz.


Ondoren Alfontso Martinez Lizarduikoak hizkuntzen bilakaerak ulertzeko gaur egun dauden ikerketak sakonki aztertuko ditu. Euskaldunen migrazioek, ustez, Europa osora zabaldu zuten aitzineuskara aztertuko du, disziplinarteko ikerketak erabiliz: populazioen genetika, paleohizkuntzalaritza, paleontropologia, etab.


Hitzaldien ostean indusketak bisitatuko dira eta, arratsaldez, euskararen zazpi erroei buruzko mahai ingurua izango da, aurreko biltzarretan parte hartu duten adituek bideratuta: Kapanaga, Segurola, Arnaiz, Naberan, Mendizabal... Helburua, apurka-apurka euskararen hiztegi etimologikoa osatzea da, dauden teoria eta proposamen guztiak elkartuta eta alderatuta.


Euskararen Hiztegi Etimologikoari hasiera emateko, Biltzarrean honako erro eta hitzak landuko dituzte ikerleek: ur (lur, elur…), iz (izen, piztu…), in (egin, eragin…), aba (neba, izeba…), egu (eguzki, eguna…), hats eta eusk/erd (euskera, erdera).


Jendeak parte hartzeko aukera ere izango du arratsaldean, Komunikazioen atalean. Gaia, noski, euskararen jatorriari buruzkoa. Horrez gain, goizeko hiru hitzaldi eta arratsaldeko mahai inguruan ere parte hartze zabala espero da.


Gai hauetan sakontzeko, aitzinako herria ikusteko eta euskararen jatorriaren auzolanean laguntzeko, maiatzaren 17an, Euskararen Jatorriaren III. Biltzarra egingo dugu Iruña Okako udalerriko Kultur Aretoan, Langraitz herrian. Informazio gehiago, euskararenjatorria@gmail.com, 946 004 101, www.euskararenjatorria.eu.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago