Teknologia albisteak
3

Geni.com, genealogia 2.0

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - Eibar.org
2008-04-04 : 11:04

Geni.com izeneko tresna polita aurkitu berri dut sarean. Arbola genealogikoak sortzeko gauza bat da. Erabilterraza eta oso birala.

Ingelesez dago, baina oso intuitiboa da, zeure buruarekin eta zeure gurasoekin hasi, eta hortik, gehitu neba-arrebak, ezkontideak, eta abar. Hasieran, izenekin gehitu eta nahikoa, gero osatu dezakezu informazioa: jaiotza datak, tokiak, argazkiak, eta baita e-postak ere.

Horrela, zure zuhaitza hedatu baduzu lehengusu batenganaino, eta haren e-posta jartzen baduzu, berak gonbidapena jasoko du, eta zuhaitza ere osatu ahal izango du horrela, bere adar propioekin. Berez da tresna birala. Interneteko biraltasunaren adibide argi eta garbi bat, eta ez, hemen Euskal Herrian biraltasunari eman zaion beste adiera horretan (gezurrak esan sarean, ea bolo-bolo jendea bisitan datorkizun edo zure web proiektua aipatzen duen).

Nork bere zuhaitza, eta bere senideena bakarrik ikusten du. Lagun gisa identifika ditzakezu beste pertsona batzuk, eta haiek zure profila ikus dezakete, baina ez dirudi zuhaitz grafikoa ikusterik dutenik. Galesko lagun baten pantaila-irudi honetan, bere arbola nola ikusten duen berak.

Baimen eta pribazitate kontuak nahiko zuhurrak dira, ematen duenez, eta ez dakit noraino iristen diren, ea urrutiko konexio batek zure zuhaitza ikusterik (eta editatzerik) baduen ala ez... Konplikazioak handiak dira webgunea antolatu dutenentzat: dibortzioak, agertu nahi ez duten pertsonak (eta hortaz, zure zuhaitzean hutsuneak eragin ditzaketenak), auskalo zenbat kontu.

Babesle inportanteak ditu Geni.com-ek. Zein ote da negozioaren koxka? beste sare sozial bat? ala genetikarekin lotutako zerbait ote? Gaztelaniaz idatzi dut beste nonbait, genomika pertsonala negozio bihurtzen ari dela, sarean bertan sortzen ari diren zerbitzu batzuen bidez. Nik uste dut kontua hortik doala gehiago.

Erantzunak

xa2
2008-04-04 : 15:55

Aspaldian erabiltzen dut eta benetan erakargarria eta erabilerraza, argazki albumak gehitzeko aukera, urtebetetzeak gogoratu, mezularitza sistema, egutegia, ...

Sustatu
2008-04-08 : 15:37

Antzeko tresna batez iruzkina dakarte gaur IKTeroek: Genoom, nonbait Katalunian sortutako tresna.


jolaus
2008-07-16 : 00:42

Hementxe antzeko beste aplikazio bat. GRAMPS izena du eta berezitasunik nagusiena Linux eta beste Unix sistemetarako soilik balio duen proiektu askea izatea da.


Erantzun

Sartu