Itzuli orri nagusira Bidali hau Inprimatu
Photoshop eta Flickr, nor baino nor
Joxe Aranzabal ¦ HUHEZI ¦ 2008-03-31 ¦ 09:23 ¦ Internet
Adobek sarean jarri berri du Photoshop programaren doako bertsioa. Photoshop Express deritzo, eta nor bere nabigatzailetik sar daiteke bertan. Aplikazio ona da, baina Adobek hautsak harrotu ditu ezarri dion lizentziarekin. Bien bitartean, Flickr-ek ere aplikazio bat atera du, Picnik, hori ere doakoa, argazkiak sarean editatzeko.
Photoshop Express
Flash 9 behar da Photoshopen sareko aplikazioa erabiltzeko. Behin izena emanda, ezinbestekoa aplikazioa erabili nahi izanez gero, erabiltzaile bakoitzak 2GB jasotzen ditu bertan bere argazkiak gordetzeko.
Aplikazio berriak aukera ematen du Facebook eta antzeko sareekin bat egiteko, baita argazki zerbitzuekin. Oraingoz, JPG formatua darabil soilik. Adobek esan du eskaini nahi duela aplikazio hau off-line ere lan egin dezan. Nik erabili dut, eta iruditu zait erabilerraza dela, eta ondo dagoela berarekin oinarrizko edizioak egiteko.
Lizentzia makurra
Hala ere, eragozpen handi bat du aplikazio horrek, eta da lizentzia, Adobek erabiltzaile guztiei ezarri nahi diena, horren arabera Adobe egiten baita bere aplikazioaren zerbitzuetan gordetzen diren argazki guztien jabe, edozelan erabiltzeko eskubidearekin. Horrela dio lizentziaren letra txikiak:
- “You grant Adobe a worldwide, royalty-free, nonexclusive, perpetual, irrevocable, and fully sublicensable license to use, distribute, derive revenue or other remuneration from, reproduce, modify, adapt, publish, translate, publicly perform and publicly display such Content (in whole or in part) and to incorporate such Content into other Materials or works in any format or medium now known or later developed."
Horren aurrean, jende askok atzera egin eta protesta egin du, lizentzia hori gehiegikeriatzat iritzita. Adobek, berriz, jendearen erantzuna ikusita, agindu du berraztertuko duela lizentzia, eta zerbait egingo duela. Ikusi egin behar.
Flickr-en argazki editorea
Bien bitartean, Flickr ez dago besteek zer egingo zain. Dagoeneko, atera du argazki editore bat sarean lan egiteko, doakoa eta arazo bakoa lizentziari dagokionez.
Hori erabiltzeko, sartu Flickr-en, eta aukeratu argazki bat. Argazki bakoitzaren gainean hainbat ikono aurkituko dituzu, tartean, bat berria: “edit photo”. Egin klik hor, eta Picnik irekiko zaizu, argazki editore bat, zeinek eskaintzen baititu oinarrizko eragiketak: moztu, aldatu neurriak, doitu esposizioa eta koloreak, efektuak, gehitu testua, etab. Efektu bereziren bat izan ezik, gainerakoa doakoa da.
Erantzunak
Picnik-ekin geratzen naiz
Iban Arantzabal ¦ 2008-03-31 ¦ 10:29
Biak probatu ditut eta egia esan ondo daude, doan dira... baina Flickr-ena gehiago gustatu zait. Gainera, Flickr eta Picnik, biak lotuta erabiltzeko aukera dago eta aldaketak Flickr-en zein Picnik-en gordeta geratzen dira, Firefoxerako hainbat erreminta daude dagoeneko, bookmarletak ondo funtzionatzen dute... oso intuitiboak biak, baina Picnik errazago erabili dut, bizkorrago.
Bien arteko alde handia lizentziarena da zuk aipatu duzun moduan, Joxe. Baina badago beste bat: aplikazioa jaitsi behar da Express-en eta Picniken ez... hori ezberdintasun demasa da arrakastaren bidean. Erabiltzaileok nagi xamarrak gara edozer jaisten hasteko...
HTML kodigorik ez du sortzen
Faltan? ba blogera bidaltzeko sistemaren bat, html kodigoa ez du sortzen Picnik-ek, edo nik, behintzat, ez dut lortu. Moblog bidez bakarrik bidali daiteke eta hori atzera-edo geratu dela esango nuke ze ohituak gaude Youtube edo Flickr bera erabilita kodioekin kopipega egiten.
Erantzun honi
Re: Picnik-ekin geratzen naiz
Joxe Rojas ¦ 2008-03-31 ¦ 10:46
> Bien arteko alde handia lizentziarena da zuk aipatu duzun moduan, Joxe. Baina badago beste bat: aplikazioa jaitsi behar da Express-en eta Picniken ez... hori ezberdintasun demasa da arrakastaren bidean. Erabiltzaileok nagi xamarrak gara edozer jaisten hasteko...
Zerbait txarto egin duzu, Iban... Express hori erabiltzeko ez da ezer deskargatu behar... Flashen azken bertsioaz gain, noski. Baina bestela eragiketa guztiak web orrian egiten dira zuzenean.
Lizentziak neu ere botatzen nau atzera. Pena!Erantzun honi
Picnik Flickrena?
ibai ¦ 2008-03-31 ¦ 15:03
Baina Picnik Flickrek atera du? Nik ez dut inon horrelakorik ikusten Picniken webean behintzat.
Eta gainera argazkiak partekatzeko beste zerbitzu batzuekin, hala nola 23, ere erabil daiteke.Erantzun honi
Re: Picnik Flickrena?
Sustatu ¦ 2008-03-31 ¦ 16:09
Flickr-ek Picnik bidez integratu du bertan diren argazkien edizioa.
Sarean dauden argazki-ediziorako tresnen katalogo bat argitaratu zen duela aste batzuk IKTeroenean.
Erantzun honi
