Teknologia albisteak

Egunkariaren auziak 300.000 euroko kostua izan dezake

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2008-02-12 : 17:02

Egunkariaren kontrako prozesua estutzen doan honetan, euskalgintzako hainbat lagunek agerraldia egin dute gaur Bilboko hotel batean. Akusazioaren paperetan, Egunkaria baino gehiago, euskalgintzako hainbat erakunde aipatzen direla jakinarazi dute. Lehengoan, langile ohiei deitu ziguten, eta han ere eman zitzaigun datu kezkagarririk; prozesuan eta defentsan gastatu beharko den dirutza, adibidez. 300.000 euro inguruko kalkulua egin dute Egunkariaren Alde elkartekoek.

Gaurko agerraldian, honakoa irakurri dute Bilbon bildutakoek:

"Hirurehundik gorako folio kopuruan lehen hamalauak irakurtzean kizkurtu egin zaigu azala. Bertan behin bakarrik aipatzen da Egunkaria. Beste erakunde batzuk, beste jardun batzuk, euskara eta kulturarekin lotutakoak, euskalgintzakoak alegia, dira aipagai nagusi. Eta horixe jartzen da epaileen jomugan: Euskalgintza, oro har hartuta".

Horren atzean dagoen tesia zera litzateke:

"Espainiako Erresumako Konstituzioak babesten du euskara; bere Gobernuak, Nafarroa eta EAEko autonomi estatutuek, administrazio autonomikoek, babesten eta sustatzen dute euskara. Hortik kanpora geratzen den guztia ETA da. Zertara dator, beraz, erakunde sozialak euskara eta euskal kulturaz arduratzea, manipulatu eta ETAren helburuetara jartzeko ez bada. Ba al dakigu zein egoeratan sartuko ginatekeen akusazioaren tesi hori jurisprudentzia bihurtuko balitz epai zigortzaile baten bidetik? (...) Egunkaria-rekin batera euskalgintza osoa ere akusatuen aulkian bailegoke".

Laguntza ekonomikoa

Aurre egiteko modu desberdinak egon daitezke. Bat da auziaren karga ekonomikoa arintzen saiatzea. Diruz laguntzeko modu bat da norberak baimena ematea, kontu korrontetik hilero 10 euroko kontribuzioa egiteko. Gaur egunean Berria editatzen duen EKT enpresako hainbat langile honela inplikatu da jada, eta larunbatean langile ohiei ere eskatu zitzaigun honela laguntzea.

Hilean 10 euro emateko prest badago inor, erraza da, jaitsi PDF hau, inprimatu, bete datuak paperean; sinatu, eta ondoren postaz (nahi baduzu, zertifikatua, iritsiko dela ziurtatzeko) bidali hona:

Egunkariaren Alde elkartea
Martin Ugalde Kultur Parkea
Andoain 20140 (Gipuzkoa)

Egunkariaren Alde elkarteak egunkaria.info webgunea aktibatu du, blog eran (RSS jarioarekin) auziaz informatzeko. Datorren astean, otsailaren 20an, beteko dira 5 urte Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago