Teknologia albisteak
5

Robert Caparen negatibo galduen artean, Euskal Herrikoak

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - Eibar.org
2008-01-29 : 09:01

Museo batera eraman berri dituzten Robert Caparen negatibo galduen artean, dozenaka eta agian ehundaka argazki daude Euskal Herrikoak. The New York Times egunkariak argitaratu dituen lehen irudietan, negatibo sorta batzuen etiketak ikusten dira: Zornotza, Bilbo, Elgeta, Eibar, Bermeo... Caparen argazkiez gain, Gerta Taro eta David Chim Seymourrenak ere badaude negatibo galduen artean, eta baliteke Euskal Herriko horiek, etiketengatik, Seymourrenak izatea.

Negatiboak 1995. urtean aurkitu zituzten Mexikoko etxalde batean. Haien jabe edo zaintzaile zen familiak Caparen ondorengoekin negoziatu du, eta berriki New York hirira eraman dituzte 3.000 negatibo inguru. International Center of Photography (ICP) erakundera joan dira orain, eta horri buruzko erreportaia atera du The New York Times egunkariak.

Testuez gain, irudiak ere badakartza The New York Times-ek, flash aplikazio batean. Lehenbizikoan, negatiboen kutxetako bat ikusten ahal da, eta zoom eginez gero, bakoitzari dagozkion etiketak irakurtzen dira. Hemen dago hortik ateratako irudi bat. 14.ean Eibar, Elorrio eta Elgeta ageri dira, 4., 5. eta 6. Zornotza, Bilbo eta Bermeo beste batzuetan, pertsonaien artean Jose Aguirre (Jose Antonio Agirre lehendakaria izan daitekeela pentsa daiteke) eta Dolores Ibarruri Pasionaria eta gainera euskal eskolak, elizak, eta "kanpainako meza" bat (bi rollo oso).

Azken datu horrengatik pentsa daiteke Euskal Herriko fronteko hauek, Caparenak baizik, David Chim Seymour haren lankidearenak direla. Seymourrena da gerrako irudi ikoniko horietako bat, gudarien kapilaua soldaduei meza ematen ikurriñaren azpian (ez dugu aurkitu Interneten: inork laguntzerik bai?), ICPren beraren webgunean azaltzen den bezala, Seymourren gerrako argazkiak deskribatzean: (...) Basque soldiers enjoying moral support from monks at the Monastery of Amorabita (sic) and attending an outdoor mass before going into battle. Zornotza eta messe de campagne nahiko jarraian daude The New York Times-eko argazkian.

Euskal Herriko kontuez gain, Caparen argazki ezagunenaren kontua ere behingoz argitzea espero dute adituek. Miliziano eroriaren argazki famatua, bereziki. Benetakoa ala prestatutakoa ote den, oraindik ez ei dago argi.

Informazio gehiago euskaraz, Gara-n.

Uste dut egokia eta ederra litzatekeela ICP delakoak berriki Library of Congress amerikarrak egin duena errepikatuko balu: irudi sorta handi bat Flickr-era igo, denen artean etiketatu edo identifikatu ditzagun. Adibide horren ondoren, beste erakunde amerikar batzuek ere bide beretik jo dute, eta uste dut joera interesgarri bat dela argazkigintza eta historia maite dugunontzat.

Erantzunak

Sustatu
2008-01-29 : 12:45

Negatiboen etiketen irudia handiago jarri du Haritz Rodriguezek bere blogean. Eta etiketak transkribatu ditu, ahal den heinean.


gorka zabaleta
2008-01-29 : 12:59

Oker ez banago, hau da Luistxok aipatzen duen argazkia. Institut Valencia d'art Modernek argitaratutako monografian aurkitu dut. Argazkia helbide honetara igo dut.


Luistxo
2008-01-29 : 13:29

Hori da, bai, eskerrik asko!

Txopi
2008-01-29 : 20:13

Informazio gehiago dago euskaraz aipatutako Gerda Tarori buruz eta baita "Miliziano baten heriotza" argazkiari buruzko Amagoia Mujika argazkilariaren artikulu hauetan:
http://www.sahuar.com/text/text.html

gorka zabaleta
2008-01-30 : 13:21

Institut Valencia d'art Modernek argitaratutako monografia horretan Seymourrek Euskal Herrian egindako argazki gehiago daude. Tartean, Bermeoko portuan egindako bat, Pasionariaren erretratu bat eta arma fabrika batean egindako beste bat.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago