Teknologia albisteak
15

Tabacalera, den bezalakoa eta denontzat

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - Eibar.org
2007-10-17 : 10:10

Donostiako Tabacalera dela eta, gomendio bat eta bi eskaera. Bat: igandean amaitzen da Schnabel erakusketa; ez bazara igaro eta aukera baduzu, ikusi. Bi: Mesedez ez erreformatu eraikin hau, utzi dagoen bezala. Hiru: utzi herritarrei argazkiak ateratzen, edozein komunikabideri uzten zaion bezala.

Igandera arte (urriak 21) dago irekita Donostian, Tabacalera eraikinean, Julian Schnabelen erakusketa. Formatu erraldoieko eskultura eta margoak primeran geratzen dira eraikinean, eta bisita merezi du. Doan da, eta euskarazko bisita gidatuak ere badira egunero.

Hala ere, gauza pare bat esateko aprobetxatu nahi dut artikulu hau:

Mesedez, utzi Tabacalera eraikina bere horretan

Schnabelen erakusketa primeran geratzen da gela erraldoietan, orma biluzietan, hondakin industrialen oroiminezko aztarnen artean. Aurretik beste erakusketaren bat ere ikusi nuen, eta orduan ere espazio handi handiak primerako edukiontzia ziren artea erakusteko. Tabacalerak ez du erreforma handirik behar. Ederra da den bezala, espazio problemarik ez du, eta dagoenean gordetzea merkeagoa izango da erreformetan hasi baino lehenago. Gainera, uste honetan ez nago bakarrik:

  • Beste blogari bat ere topatu dut iritzi berarekin, eta seguru nago jende gehiagok berdin pentsatzen duela.
  • Julian Schnabelek ere gauza bera esan zuen. Elkarrizketa honetan zera esan zuen: Eraikin hau benetan ederra da. Gorrotatuko nuke baldin eta arkitektotxo berriren bat etorriko balitz hona hau alferrik galtzera.

Egin kaso eta aurreratu diru publiko apur bat: sarrerak orain arte bezala doan izan daitezen, adibidez.

Utzi herritarrei argazkiak ateratzen

Bisitarioi ez digute argazkirik egiten barruan gaudenean. Ezta flashik gabe ere. Zergatik? Euskal Telebista nahi duenean azaltzen dena nahi duena ateratzera. Eta egunkariak ere joaten dira, euskaldunak eta Espainiako prentsa monarkikoa ere bai, Richard Gere etorri dela, Joxe Ramon Antero donostiarra bere erretratuaren aurrean dagoela, subsailburuorde bat datorrela...

Horiek bai. Ados. Eta guk zergatik ez? Nik ere dibulgazioa egiten dut, ze demontre, estraperloan bada ere. Eta Flickr edo blogik izango ez banu ere, motibo gutxiago ezetzerako: ez da irudi hori asko zabalduko familia bilduma batetik harantzago...

Erantzunak

Aitor
2007-10-17 : 10:46

Tabacalera museo bat izango ez den neurrian, baizik eta sail ugari izango dituen kultur zentroa, erreforma beharrezkoa izango da, nahi ta nahiez...

haritz
2007-10-17 : 12:57

Argazkien kontuarekin, erabat ados.



Antzerakoa ikusi nuen Richard Gereri Kursaaleko auditorioan Donostia Saria eman ziotenean.



Jendeak bere argazkiak atera nahi zituen. Baina "segurtasun" lanetan ari zen gazte bat bere inguruan kamerarekin ikusten zuen jendeari argazkiak ateratzea debekatzen ibili zen.



Bere lana egiten ariko zen, baina inozokeria egiten ari zen. Ezinezkoa zen gela hartan zeuden ehunka kamera eta segapoto "zentsuratzea". Bera bezalako hamaika beharko lirateke. Gertuen zeudenak pairatu zuten langilearen griña.



Absurdoa da. Nire alboan bi pertsona zeuden eta, kazetari gisa akreditatua nengoenez nik BAI atera nitzakeenez, epostaz bidaliko nizkiela esan nien. Absurdoa beraz.



Gainera, argazki horiek flickr bezalako tokietan, blogetan eta abar zabaltzeak oihartzun gehiago emango lioke bai Tabacalerako erakustetari, baita Zinemaldiari ere. Itsututa daude batzuk.



Tontakeria da gauza horietan tematzea. Eta gehiegikeria iruditzen zait batez ere herritarren dirua tarteko antolatu den ekimen bat bada.

27zapata
2007-10-17 : 22:28

Argazkirik ezin dela atera? Ba atera zaindariak despistaturik dauden une batean... nik hala egin nuen. Ikusi nahi www.27zapata.com

Noski horrek ez duela kentzen argazkiak ateratzeko baimena eman behar luketela...

j.
2007-10-18 : 11:54

> Ba niri hainbat leku publikoetan debeku hori oso positiboa iruditzen zait (oro har ari naiz, oraindik ez naiz Tabakaleran izan). Domekan Cabarcenon (badakit aire zabalean dela eta ezin dela konparatu, baina tira) izan nintzen eta leku guztietan ehundaka pertsona zeuden argazkiak ataratzen eta detaile guztiak filmatzen. Panorama horrek pertsonalki izorratzen nau pila bat, erakustaldia edo dena delakoa kakazten du egoera horrek, alegia, ehundaka pertsona leloki argazkiak ataratzen egote horrek.



Sekula ikusi dudan espektakulurik handiena Costa Ricako hondartzan batean izan zen, gabez. Ehundaka dortoken "deshovea" benetan hunkigarria izan zen. Ba, debekatuta zegoen argazkiak ataratzea; inork ez zuen kamararik atara eta ez daukat momentu horren irudirik, nire oroimenean ez bada.

Tabakalera
2007-10-18 : 12:13

Kaixo Tabakalerako Komunikazio sailetik.


Argazkien inguruan planteatu duzun kezkarekin bat gatozela esateko idazten dugu : guk ere gustoko dugu erakusketetan bisitariek argazkiak atera ahal izatea. Gai honen aurreran politika ezberdinak daude kultur zentruetan eta gure asmoa bide horri heltzea da.


Schnabelen erakusketan artistaren nahia errespetatu dugu. Ezinbestekoa iruditu zaigu, halere, komunikabideen bidez behintzat irudiak zabaltzea.


Edozein kasutan hurrengo batean kontuan izango ditugu zuen iritziak. Ondo segi.


haritz
2007-10-18 : 12:55

Ados, egia da batzuetan egoera surrealista xamarrak gertatzen direla. Batzuetan gogaikarria ere izatera iritsi daitekeela kamera digitalen sozializazio masibo hau.



OK, nik ere garai batean nahiago nuen argazki gehiegi ez atera: "Nahiago dut nire oroimenean gorde. Horrekin nahikoa da", esaten nuen, romantiko romantiko. Bizitzako esperientzia bat ez duzu galduko argazkirik atera ez duzulako, seguru.



Egia da... Baina baliteke pertsona batzuek nahiago izatea oroimena berreskuratzen lagunduko dieten megabytetan gordetzea beren bizitzako irudiak. Askatasun kontua da, norberak erabakiko du nola jokatu. Nahi baduzu, ondo. Nahi ez baduzu, ez. Baina ez mugatu besteen aukerak.

Gari
2007-10-18 : 13:57

Oso pertsonala da, noski, baina niretzat aldiz, argazki artxiboa (jadanik 6000 argazki inguru) memoriari laguntzeko sistema ikaragarria da. Dordoken jaiotza edo beste munduko gauzarik ez: lagunekin txangoak, familiarteko bazkariak eta etxean ateratako argazki tontoak. Baina begira hasten naizen bakoitzean ia ahaztuta nituen hainbat egoera eta sentsazio etortzen zaizkit. Are gehiago, argazkia ateratako egunetaz akordatzen naiz argazkiei esker. Argazkirik atera ez banuen, zailagoa izaten da egun gogoangarri hartaz akordatzea.

Luistxo Fernandez
2007-10-18 : 13:57

Kalte posibleen araberako debekuak logikoak dira: naturgune batean inbasioa ebitatu, edo artelanak flash argietatik salbu izatea. Baina ez da kasua.


haritz
2007-10-18 : 14:44

Kaixo Gari:



Hori esan nahi nuen nik ere, nahiz eta agian ez dudan oso ondo azaldu.



Garai batean ikuspegi erromantiko hori "predikatu" nuen baina, egun, nik ere nahiago dut argazkiak atera, gero gogorarazten laguntzen didatelako.Bistan da, kamera digitalek lagundu didate ikuspegia aldatzen.



Argazki batek usaimena ere piztu dezake oroimenean. Eta niri, zuri bezala, hori gertatzen zait. Gehiago ere, maiz zehatz gogoratu nahi izango dudan esperientzia bat bizi eta kamerarik gabe banago, frustratuta sentitzen bainaiz. Urduri. Pena handia ematen dit.



Nahiko memoria txarra dut gainera...



j.
2007-10-18 : 17:16

interesgarria argazkilaritzaren masifikazioaren gaineko debate hau. Pertsonalki nahiago nuen argazkilaritza analogikoaren aroa, ikuspegi apur bat elitista izan daiteke. Orduan orain baino argazki gehiago ataratzen nituen eta digitalizazioarekin niretzako argazkilaritzak interes asko galdu du. Argazkiaren zentzua aldatu da, txarrerako, nire ustez. Jendeak ez ditu argazkiak ataratzen, gorde eta artxibatzeko (milaka) irudi baizik.



Jack Nickolsonen esaldi hau etortzen zait gogora: "Kokaina mundu guztiak hartzen duenetik, nik hartzeari utzi diot".

haritz
2007-10-18 : 18:32

Ona erantzuna. Nik uste dut normala dela kontraesan horiek izatea. Egia da nik ere inoiz kritkatu dudala jendea jotafuego izkina guztiei argazkiak ateratzen ikusi dudanean...



Eta, bestalde, digitalizazioaren inguruan bi aferatan asmatu duzula esango nuke. Batetik, garai analogikoetan elitistagoa zela kontua, eta orain sozializatu egin dela. Alde horretatik nahiago dut orainaldia... Bestetik, ateratzen diren argazki asko eta asko ez dira berriz ikusten. Baina hori ez da nire ustez kontuaren muina.



Argazki asko ateratzeak ez du derrigor esan nahi gero denak gordeko direnik. Atera diren guztietatik onenak edo gustokoenak aukeratu eta gordetzeko aukera dago. Hori, garai analogikoetan, argazkilari profesionalek ere egingo zuten. Tira, abantaila bat bazuen agian, paperera pasatakoak baino txikiago, merkeago eta arinago diren negatiboak gorde zitezkeen...

Gari
2007-10-18 : 20:18

Bai, eztabaida interesgarria da.



Lehengoan batek esan zidan ez duela Flickr-en argazkirik kargatzen argazki txarrak ateratzen dituelako. Izan ere jende askok argazki ikaragarri onak kargatzen ditu eta horrek beste asko lotsarazten ditu. Nik aldiz, Flickr erabiltzen dut nire edozein argazki kargatzeko, lagunek edo familiak ere ikus dezaten, baina normalean berdin zait kanporako ikuspegi hori.



Txarra edo ona, baina sortzaile sentitzen naiz digitalizazio garaian. Hemen eta nire blogean idazten ari naizen tontakeri hauei ere beraien momentuko garrantzia ematen diet (orokorrean gauza oso preszindibleak) baina kate osoak ematen du nire ibilbidea eta momentuan bizitzen ari naiz. Izan ere, orain arte ez gara benetakoak izan argazkiak ateratzean. Etorkizuneko behale batek agian pentsatuko luke gure garaian beti genbiltzala ezkontza, bataio, lagunarteko bazkari eta ospakizunetan. Izan ere orain arte argazki gutxi atera izan dira lantokian, etxerako bidean edo osasun zentruan txandaren zai.



Beste gauza bat da argazkia helburu artistikoez erabiltzea, baina seguru nago antzerako eztabaida izan zutela gure arbasoek, kobazuloetan margoak egitetik, makila batekin harezko lurrean mapa bat egiten hastera pasatu zirenean. ;-) Aupa Haritz eta J.!

j.
2007-10-19 : 11:17

laburbilduz, digitalizazioarekin argazkilaritza demokratizatu, masifikatu eta tribializatu egin da (tribializatu zentzu guztietan, zer, esaterako, gaur egun ez dira argazkiak bakarrik kamara batekin ataratzen, telefonoarekin ere bai).



Honek, guztia bezala, bere alde onak eta txarrak ditu, baina argazkiaren kontzeptu bera ere hankaz gora jarri du.



Oso polita Luistxok zabaldu duen debatea. Oso onak erantzunak.





j.
2007-10-19 : 11:20

Hala ere, eta salbuespenak salbuespen (lehen esan nuen bezala, oraindik ez dut Tabacalera ezagutzen) nik museotan, kultura guneetan eta horrelakoetan argazkiak ataratzea debekatuko nuke.

r.xalba garez
2007-10-25 : 15:54

Barkatu, ez dut sarkastikoegia izan nahi, baina ezin izan diot tentazioari eutsi... Begira, Consumer.es aldizkariaren arabera, zertarako balio dezakeen mobilaren kamerak... Errealitatea fikzioa baino dibertigarriago beste behin.





¿Para qué sirve la cámara del teléfono?



Inmortalizar a los amigos en situaciones embarazosas es uno de los usos más comunes de las cámaras de los teléfonos móviles. Pero hay muchas otras posibilidades:



* Recordar dónde está el coche en el aparcamiento. Una foto a la columna con el número y listo.

* Documentar los daños en un accidente de tráfico, tanto del coche contrario como del propio. Una foto de la matrícula del contrario tampoco viene mal.

* Tomar fotos de los platos en los restaurantes, bien sea para utilizar las ideas en una cena en casa, o para dar envidia a los que no estaban en el ágape.

* Tomarse fotos cuando se consigue el corte de pelo perfecto. En unas semanas se le podrá enseñar la foto al peluquero y decir "lo quiero otra vez así"

* En lugar de anotar los teléfonos de los carteles, por ejemplo, cuando se busca piso, fotografiarlos.

* Hacer una lista de la compra tomando fotos de lo que hace falta.

* Tomar una foto del sitio donde están las llaves para enseñársela a la persona que las tiene que recoger. Es más sencillo que explicar "en el aparador de la izquierda, al lado del jarrón..."

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago