Itzuli orri nagusira Bidali hau Inprimatu

Euskaltube edo/eta Youtube?

© cc-by-sa  Sustatu ¦ 2007-10-03 ¦ 09:06 ¦ internet

The Indezents-eko blogariak alferlana deritzo Euskaltube antolatzeari, Youtube hor egonda: "Noiz ulertuko dugu askoz baliagarriagoa dela euskararentzat zirkuito normaletan txoko bat lortzea, gure zirkuito propio eta isolatuak sortzea baino?" Euskaltubeko Haritz Rodriguezek bestela pentsatzen du, noski, eta erantzun egin dio.

Erref.: Euskaltube edo/eta Youtube? (www.blogak.com)

Publizitatea

Erantzunak

#1. Basque Country 9.00 am

haritz ¦ 2007-10-03 ¦ 09:36

Joņo, ez da gaur egun onena hemen agertzeko. Arazoak daude Euskaltuben, berriz, eta konpondu nahian ari naiz ostalaritza zerbitzukoekin. Bideoak, mementuz, ezin ikus daitezke. Informazio gehiago hemen: Basque Country, 9.00 a.m. Euskaltube 0 / Youtube 1, beraz... :( Hala ere, eztabaida hau funtseskoa iruditzen zait. Banekien, edo espero nuen, eztabaida hau sortuko zela. Eta beharrezkoa ere iruditzen zait iritziak partekatzea. Horregatik bidali nuen atzo Zabaldu.com gunera.

#2. Re: Basque Country 9.00 am

Sustatu ¦ 2007-10-03 ¦ 10:16

Zabalduko horretan, lotura gehigarri interesgarriak ipini ditu Haritzek.

#3. Re: Euskaltube edo/eta Youtube?

indezent ¦ 2007-10-03 ¦ 10:25

Alferlana? Ez dut nik horrelakorik esan. Kontua da, helburu berdina lortzeko bi bide daudela eta niri bestea egokiagoa iruditzen zait. Hala ere, ados nago Haritzekin beharrezko eztabaida dela esaten dudenean baina nik ez nuke eztabaida hau internetera mugatuko...

#4. Re: Euskaltube edo/eta Youtube?

Luistxo ¦ 2007-10-03 ¦ 10:53

Nik uste badagoela Euskaltube batentzako lekua. Eta gehiagorako, agian. Googleren unibertsotik aparte, bideoa gordetzeko beste leku batzuek izan behar dute tokia, ekosistemarentzat ona da aniztasuna.

Gainera, Googlek asko dauka. Aaaaaasko. Eta ez du premiarik, batere ez, euskaldunok gure edukiekin gehiago puztu dezagun. Euskaldunon aportazio bihotz-onekoak, euskaldunen eskuetan hobeto ikusten ditut nik, eta ahal izanez gero eduki-banaketa librea posible den baldintzetan.

Zerbitzuan dago kakoa. Erabiltzaileak komunitatearen deia baino zerbait nabaritu behar duelakoan nago. Alderdi praktikotik begiratuta, egin nahi duten zerbait txukun egiten laguntzen badie zerbitzu batek, erabiliko dute.

Nik, nire bideo apurrak, ez ditut Youtuben kargatzen, hobea iruditzen zaidalako Google Video (tira, etxe beraren beste zerbitzu bat), eta hor nabil, asko duenari gehiago ematen. Haritz Rodriguez Google baino jatorragoa da, baina Euskaltubek ez dit Google Videoren kalitatea ematen, eta gauzak dauden bezala, nik kalitate eta zerbitzu extra hori nahiago dut orain.

Bideo streaming-a kontu gogorra da. Oso motel dabil Youtuberekin alderatuta Euskaltubetik pegatutako edozein bideo. Eta arrakasta apur bat izanez gero (euskarazko hainbeste Euskaltuben nola Youtuben), eskala arazoak biderkatuko zaizkio Haritzi. Hortxe dago Euskaltuberen erronka, ez des-erabiltzaileekin polemikan, baizik eta erabiltzaileei zerbitzua ematen, berriak ere biralki erakartzeko.

Interneteko euskarazko telebista oraindik asmatzeko edo forma hartzeko dago. Panorama oso erakargarria da, ondorioz.

#5. Re: Euskaltube edo/eta Youtube?

amaia ¦ 2007-10-03 ¦ 11:21

Batek ez du bestea kentzen.

The Indezents-en argumentuari buelta emanda, gure hizkuntzak besteen pare egoteko besteek erabiltzen dituzten tresnak (alor guztietan) behar dituela uste dut, eta horiek garatzeko eta erabiltzeko gai izan behar duela. Deitu normalizazioa edo nahi duzuen bezala...

Gure hizkuntza "etxeko su epelean" zokoratuta uzten badugu, orduan bai, kobazuloan galduko zaigu. Beraz, munduko hoberenak garela ez, baina zeozer bagarela eta sinistu beharra daukagula bai, bestela jai dugu!

Eta aurrekoak arrazoi du, Haritz Google baino askoz jatorragoa da (desastreagoa ere bai, baina tira...)

#6. Re: Euskaltube edo/eta Youtube?

Eneko Astigarraga ¦ 2007-10-03 ¦ 12:14

Youtube izango da nagusi lurralde batzuetan baina ez guztietan, Iparraldeko blogariek, Frantzia osoan bezala, Dailymotion erabiltzen dute gehienbat.

Esate baterako, ikus Dailymotion gainean Martin-Halty blogariaren Ezpeleta tv , edo ikus Arnoren bideoetan euskara tag edo etiketan klikatuz lortutako emaitzak , edo beste erabiltzaile askok Dailymotion plataformara igotako bideo batzuk etiketen arabera: basque ; euskara ; euskal ; Baiona ; Ezpeleta , maskaradak , etabar

Ondo guztiak, erabiltzaileak edukiak gehitzean eta plataforma aldetik zerbitzu ona ematean dago erronka.

#7. Re: Euskaltube edo/eta Youtube?

azpi ¦ 2007-10-03 ¦ 13:01

Eztabaida interesgarria da, bai. Ziklikoki errepikatzen dena, nik uste, ņabardura desberdinekin bada ere.

  • Web bidezko postak indartu zirenean, euskalerria.org sortu zen hemen.
  • Blog plataformekin, idem. Zein erabili behar dugu?
  • Flickr, fotolog... edo nirudia?
  • del.icio.us edo bildu?
  • YouTube edo EuskalTube?

Euskarazko menua, euskarazko jana edo euskarazko menua eta euskarazko jana horrekin badu zerikusirik, neurri batean. Zer indartu behar dugu?

Nik uste badela tokirik bertako aplikazioentzat, badela euskaltuberentzat tokia, dalealplay edo dailymotion-entzat dagoen bezala. Zergatik ez, ba? Kalitatean dago koxka.

Erabiltzaile paperean jarrita: neuretzat onena dena erabiltzen dut. Eta onena zein den erabakitzerakoan, menuen hizkuntza bada kontuan hartzen dudan kriterio bat, ez bakarra, ordea. Eta, uste dut, gehintsuenak horixe egiten duela: gustokoen huraxe erabili, militantzia puntuaz harago.

Beste kontu bat da, euskarazko bideo apurrak YouTuben egotea ere komeni dela, horrek ikusgarritasun gehiago ematen digun neurrian. Vilaweb telebistako bideo guztiak, vilaweb.tv-en erakusteaz gain, YouTubera igotzen dituzte eta kanal propioa dute han (baita GoogleVideora ere, uste dut. Zenbat eta jende gehiagok ikusi, hobe, ezta?

(Honen harira okurritzen zaidana, boteprontoan, EuskalTube-rentzat: bertara igotako bideo guztiak, automatikoki igo YouTubera ere, bideoaren jabeak nahi badu, noski. Beno, ez dakit YouTubeko APIak hori baimentzen duen... Lan gehiago Haritzentzat ;-))

#8. Euskaltube berriz martxan

haritz ¦ 2007-10-04 ¦ 11:06

Azken 24 ordutan izandako arazo teknikoen ondoren, bueltan da Euskaltube.com

Blogeanaurkituko duzue azalpen gehiago.

Eskerrik asko denei gunearen inguruko iritziak (nola aldekoak ala kontrakoak) partekatzeagatik. Eta bereziki aurrera egitera animatu nauzuenoi. Siatuko naiz hasitako erronkari indarrez heltzen. Etengabeko hobekuntzan ari gara (mila esker batez ere teknikoki zuen laguntza eskaini didazuenei) eta jarraitzeko asmoa dugu.

Erantzun (klik zabaltzeko)

Facebook bidez erantzun