"Saroiak eta kortak" liburua argitaratua sarean
| Kultura | 2006-11-15 : 07:11
"Saroiak eta kortak" izeneko liburua argitaratu dut. Mendialdeko antzinako gizartearen oinordeak azpititulua duen lana Saroiaketakortak.com URLan eskura daiteke. Ms Word eta PDF formatuetan jaits daiteke Internetetik eta bakoitiak eta bikoitiak orri berean bateratuz inprimatzeko dago moldatua. Nornahik kopia, alda edota erabil dezake.
Argitalpenak berrehun eta hemezortzi orri ditu, Antxon Agirre Sorondoren hitzaurrea barne.
Saroiei buruz idazten dudan bigarren liburu honetan, historiaurreko eraikin biribil handiak, saroien eta megalitoen arteko lotura, saroiekin zerikusia duten lehen aipamen idatziak, garai bateko behi-azienda handiak, Iruñerriko sarioak eta Zuberoako olak aztertzen ditut, besteak beste. Horretarako, henge-ak, megalitoak, pardina-k, kubilareak, unamaizterrak, buruzagiak, eli-jaunak, idikorteak, gizabeteak, hamalau-oinak, gorabilak, ola-nagusiak, hausterretzak, artamugarriak eta kortarriak hartzen ditut kontuan.
Euskal Herriko alderdi batean ehunka saroi zeuden garai batean. Eremu zabal horretan saroiak eta kortak lurralde-antolaketaren oinarria izan ziren gizaldi askotan, baina gaur egun haien idatzizko aztarnak baizik ez dira ezagutzen eskuarki.
Erantzunak
| 2006-11-15 : 15:20 | #1
Gainera libreki banatua. Eskerrik asko!!
| 2006-11-16 : 08:54 | #2
Egia da, bai, saroiena nahiko gai ezezaguna dela. Ea guztion artean, ikertzea ez ezen, ondare hori babestea lortzen dugun.
Izan ongi,
LM Zaldua



